Deserrotuak
Pertsonei euren lurraldeetan bizitzea galarazten dieten eta planeta suntsitzen duten politiken aurka gaude. Kanporatzeak eragiten dituzten arrazoietan erantzukizunak hartzeko garaia da, bai eta leku seguru bat zein nazioarteko babesa bermatuko dituen mekanismoak martxan jartzekoa ere.
Léelo en castellano.
Bizitzarako ezinbestekoak diren lurraldeak eta habitatak suntsitzea onartzen duen eredu ekonomiko, politiko eta sozial batean bizi gara; eta, aldi berean, praktika hauen ondorioz ihes egin behar duten pertsonen lekualdatzeak deslegitimatzen eta kriminalizatzen dituena. Gainera, egoera hauek salatzen dituztenek indarkeria jasaten dute ordainetan.
Nekropolitika hitza giza bizitzaren jarraitutasuna eragozten duten politikak eta dinamikak definitzeko erabili izan da. Alde batetik, munduko leku askotan pertsonen eta komunitateen bizimoduak izugarri zailtzen dituztelako; eta, bestetik, migratzaile eta errefuxiatuek leku seguru bat lortzea galarazten dutelako, horietako asko bidean hiltzera kondenatuz.
Kapital metaketaren mende dauden estatuek, erakunde multilateralek eta multinazional handiek hartu dituzten erabakiek eragin dute ingurumenaren suntsipena eta horren parte den klima-aldaketa. 1880 eta 2010. urteen artean, 90 karbono-ekoizle industrial handienen emisio jarraituek atmosferako CO2 % 57 igotzea eragin zuten, munduko batez besteko tenperatura % 42 igotzea eta itsas maila % 26 igotzea. Horietako batzuek, orain, ustezko trantsizio energetikoaren buru izan nahi dute, euren jardueren ondorioak ezkutatzeko, baina dagoeneko ez dago horretarako lehengai nahikorik.
Suntsiketa hori pertsona eta erakunde publiko zein pribatuen erabaki indibidual eta kolektiboen emaitza da. Gure metaketa- eta kontsumo-ohiturak ondasun naturalak merkantzia bihurtu eta leku batetik bestera mugitzen dituen katearen azken katebegia dira. Mundu globalizatu honetan, kolonialismo klasikoak botere-harreman arrazistei, klasistei eta matxistei eman die bide, pertsona askoren bizitzak beste batzuen zerbitzura jartzearekin batera.
Gure elikadura-eredu globalizatuak ere rol garrantzitsua jokatzen du ingurumenaren degradazioan: berotegi-efektuko gasen isurketen % 30 agronegozioa delakoak sortzen ditu. Herrien elikadura-subiranotasuna errespetatzeak populazioa bere lurraldeetan gera dadin laguntzen du, baina, baita lurzoruko karbono-xurgapenean ere eta, ondorioz, planetaren hoztean.
2000. urteaz geroztik, Land Matrixek inbertitzaileek nazioarteko merkatuetarako erositako 36 milioi hektarea erregistratu ditu. Horrela, ekoizpen txikiko lur komunitarioak, tokiko elikadurarako eta ekosistemetarako garrantzitsuak direnak, salgai gisa erabiltzen dira. Gutxienez, horien erdia ez dute erabiltzen eta, beste erdia, nekazaritza-ekoizpenerako, baso-erauzketarako, karbonoaren merkataritzarako, industriarako eta energia berriztagarrietarako erabiltzen dute, besteak beste. Eraginen artean aipagarriak dira uraren ustiapen handia, basogabetzea, biodibertsitatearen galera eta komunitateen lekualdatze behartuak.
Sistema honek metaketarako guneak eta sakrifikatu beharrekoak bereizi ditu. Energia-ekoizpeneko proiektu handiek (petrolio- eta meatze-erauzketak, megapoligono eolikoak, presak) eta nekazaritza zein abeltzaintza intentsiboak (elikagai-sistema globalizatu baten erakusle) pertsonak eta komunitateak lekualdarazten ditu, etengabe hazi ahal izateko eta merkatu-hobi berriak bilatzeko.
Planetako lekurik anitzenetan antzeko patroiak errepikatzen dira: ondasun komunak pribatizatu eta bereganatzea, elikadura-subiranotasuna eta biodibertsitatea kaltetzea, kutsadura eta ingurumenaren degradazioa… Hauek, pertsonen eta komunitateen bizimoduak desagerrarazten dituzte eta prekarizaziora kondenatzen dituzte eta, ondorioz, bizilekua aldatu behar izaten dute.
Behartutako desplazamendu horiek ondorio bat dira, baina baita ondasunak eta lurraldeak bereganatzeko estrategia bat ere: pertsonek eta komunitateek kontsulta manipulatuei, desinformazioari, negoziazio desabantailatsuei, jazarpenari, derrigortzeei eta indarkeriari aurre egin behar izaten diete. Askotan, horiek oharkabean igarotzen dira gatazka armatua, militarizazioa eta paramilitarizazioa nagusi den lurraldeetan.
Herrialde desberdinetan aurre egiteko antolatzen direnek indarkeria bera pairatzen dute. Ekintzaileak, lider indigenak eta komunitarioak, kazetariak eta giza eskubideen defendatzaileak mehatxatuak, kriminalizatuak, desplazatuak eta, kasu batzuetan, erailak izaten ari dira. Beldurra eragiteko eta erakunde zein komunitateak isilarazteko tresna da. Gainera, indarkeria-mekanismo guztiz patriarkalak erabiltzen dituzte.
Eredu horretan generoak eragina du eta bereziki emakumeei eragiten die. Korporazioak lehendik zeuden botere-harreman patriarkalez baliatzen dira, eta harreman horiek areagotu egiten dira haien etorrerarekin: emakume gehienek ez dute lurraren titulartasuna, nahiz eta legitimoki eurena izan eta haiek lantzen duten; negoziazio-espazioak eta tokiko aginteekin ezartzen diren estrategiak eta aliantzak askotan gizonei mugatuta daude; soldatapeko ekonomia maskulinizatuarekiko mendekotasuna areagotzen da; ondasun komunen eta elikadura-subiranotasunaren galera areagotu egiten da, emakumeek ordezten dutena euren lan eta denborarekin; lurraldeak militarizatu eta gainmaskulinizatu egiten dira; eta gorputz feminizatuen aurkako indarkeria erabiltzen da lurraldea kontrolatzeko.
Kapitalismoaren metabolismoak lekualdatzeak eragiten dituzten ondasunak behar ditu, edozein sektorekoak izanda ere. Korporazioek neurriz kanpoko boterea dute, eta eragin sendoa dute bizitzaren iraunkortasunerako funtsezkoak diren gaietan. Opakutasunak, nazioarteko jardueraren desarautzeak eta lurraldez kanpoko araudi loteslerik ez izateak horretan laguntzen du. Ingurumenaren eta giza eskubideen estandarrak betetzea borondatezkotasun printzipioaren mende geratzen da. Desplazamendu horiei aurre egiteko tresna loteslerik ere ez dute garatu, ‘klima-aldaketaren’, ‘garapen iraunkorraren’ eta ‘migrazio ordenatuaren’ jomugak arautzen dituzten nazioarteko eta bertako agendetatik kanpo utziz, nahiz eta Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak nazioarteko babesa sustatzeko ebazpenak eman baditu ere.
Kontrara, migratzen edo ihes egiten duten pertsonen bizitzen aurkako neurriak ezarri dituzte. 2014tik, 4.000 heriotza baino gehiago izan dira urtean mundu osoko migrazio-bideetan. 48.432 pertsona hil dira, erdiak Mediterraneoan, Europara iritsi nahian. Horiek zenbatu diren heriotzak baino ez dira.
Herrialde aberastuen muga-politikek kanporatze, militarizatze eta indarkeria ereduak jarraitzen dituzte. Horietan, estatu-eragileek eta estatuz kanpoko eragileek –talde paramilitarrak barne– parte hartzen dute, estatuen baimenarekin, babesarekin edo onespenarekin.
EBk gogortu eta legitimatu egin ditu pertsonen irteera, bidaiaren jarraipena eta lehorreratzea eragozten duten dinamikak eta akordioak, itzulketa sumarioak eta kolektiboak erraztu bitartean. 2017ko akordioak lortu zirenetik, azken bost urteetan 82.000 errefuxiatu eta migratzaile baino gehiago atzeman dituzte itsasoan eta Libiara itzularazi. Tarte horretan, Alemaniak, Espainiak, Greziak, Italiak, Maltak eta Herbehereek 50 prozedura penal edo administratibo abiarazi dituzte bilaketa eta salbamendu lanetan parte hartu duten GKEen itsasontzien eta tripulazioaren aurka.
EBk, gainera, atzerritarrak barneratzeko 90 zentro inguru ditu eta urtero 500.000 pertsona kanporatzea agintzen du, nahiz eta itzulketen % 29 baino ez diren exekutatzen. Espainian, gutxienez 77.500 pertsona itzularazi edo kanporatu dituzte 2013 eta 2019 artean, jatorrizko eta igarotze herrialdeekin egindako berronarpen-akordioen bidez. Espainiako Gobernuak mugetan eta legez kanpoko itzulketetan indarkeria neurriz kanpo erabiltzea defendatzen du, eta berriro babestu du Melillako sarraskian segurtasun-indarrek izandako jarrera.
Informazio partzialak, desinformazioak, zurrumurru faltsuek, diskurtso arrazistek eta gorroto-diskurtsoek funtsezko eginkizuna dute marko legal, juridiko eta polizialaren bideragarritasunean eta legitimazioan, zeinak ihesa eragozten duen, itxialdia legeztatzen duen eta pertsona arrazializatuen aurkako indarkeria eta kriminalizazioa legitimatzen duen. Mugak kanporatzeko eta militarizatzeko politikak beste bizitza batzuei balioa kenduta baino ezin dira legitimatu.
Ondasunen kontrolaren gaineko lehia ez ezik, kontakizunaren kontrolari buruzkoa ere bizi dugu, pertsonak beren jatorrizko lekuetatik alde egitera behartzen dituzten kausen interpretazioari buruzkoa, hain zuzen. Eremu politiko, akademiko eta sozialetan, migrazio klimatikoei buruz eta atzean dauden kausei buruz eztabaidatzen dute, eta katastrofe naturalekin, ingurumenaren degradazioarekin eta, batzuetan, megaproiektu estraktibisten inpaktuarekin lotzen dira. Baina, begi bistatik galtzen ari dira larriki urratzen ari diren ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-eskubideak (EESK) eta eskubide horiek bermatzeko eta babesteko hartu beharreko erantzukizunak.
Giza eskubideen urraketa larri, sistematiko edo iraunkor baten ondorioz pertsonek beren jatorrizko lekuetatik ihes egiten dutenean, BEHARTUTAKO LEKUALDATZEAK, dira. Bada garaia desplazamendu horiek eragiten dituzten arrazoiak geldiarazteko eta Europara, Espainiako estatura eta Euskadira iristen diren pertsonen harreran, errespetuan, nazioarteko babesean eta bizikidetzaren sustapenean dugun erantzukizuna onartzeko.
Horregatik guztiagatik, honako hau aldarrikatzen dugu
Jatorrizko herrialdeetan ingurumenaren degradazioari eta EESKen urraketari dagokienez:
- Energia-horniduraren segurtasunaren gainean ikaratzen gaituen ofentsiba politiko eta informatibo baten aurrean gaude, eta metaketa kapitalistaren eredua zalantzan jartzen ez duena. Trantsizio energetikoa ezin da oinarritu indarkerian, desjabetzean eta giza bizitzarako ezinbestekoak diren ondasunen gehiegizko ustiapenean, eta ezin du lurraldearen defendatzaileen aurkako jazarpena sustatu ezta horretaz baliatu ere.
Premiazkoa da giza eskubideen arloan legez loteslea izango den nazioarteko tresna bat lantzea enpresa transnazionalentzako (26/9 Ebazpena, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak 2014ko ekainean emana). Honek, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen nagusitasun hierarkikoa bermatu beharko du merkataritza- eta inbertsio-itunen gainetik, ETNentzako betebehar juridiko zuzenak ezarri beharko ditu hornidura-katean zehar, eta Nazioarteko Gorte bat eta beste betetze-erakunde batzuk sortu beharko ditu. - Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak bultzatutako Enpresen eta Giza Eskubideen Euskal Zentroaren abian jartzea onartzea, borondatezko akordioen aurrean arau lotesleak bultzatzeko; galdagarritasunean, justiziagarritasunean eta gardentasunean aurrera egiteko; justizia eta erreparazioa lortzeko bideak hobetzeko; erregulazioaren sorreran, aplikazioan eta jarraipenean gizarte-eragile guztien parte-hartzea bultzatzeko; eta kanpoko ebaluazio-mekanismoak txertatzeko.
- Kontrol- eta kontu-emate-mekanismoak jasotzen dituen lege-esparru baten bidez, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek beren gain hartutako9 garapenerako politiken koherentzia-printzipioa bermatzea, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen errespetuan eta bermean aurrera egiteko eta ingurumena zaintzeko, bai kanpoan eta baita Euskadi barruan ere. Esparru honi dagokionez:
◦ Enpresak nazioartekotzeko politikak nahitaez bete beharreko konpromiso sozialak, lan arlokoak eta ekologikoak ezartzen dituela bermatzea, jarduerak giza eskubideen nazioarteko esparrura egokitzeko.
◦ Giza eskubideen nazioarteko esparrua urratzen duen enpresa edo erakunde oro kontratazio publikoko politiketatik kanpo geratzen dela bermatzea eta, aldi berean, nahitaez bete beharreko klausula sozialak, lan arlokoak eta ekologikoak ezartzea.
◦ Garapenerako laguntzen funts ofizialak irabazi asmoa duten enpresen artean banatzen ez direla bermatzea; izan ere, hauen helburua ondasunak eta kapitala metatzea da, soilik etekin ekonomikora bideratuta.
◦ Gure lurraldean megaproiektuak eragoztea, batez ere estrategia kontinental zabalagoetan txertatuta badaude (hidrogenoa, interkonexioak, eta abar). Izan ere, horiek Hegoalde Globaleko herrialdeetan megaproiektu berriak ugaritzea eragiten dute, marko politiko bigunagoak aprobetxatuz eta ekonomian, jendartean, kulturan eta ingurumenean inpaktu handia eraginez. - Giza eskubideen defendatzaileen lana jatorrizko lurraldeetan monitorizatzen eta babesten duten erakunde eta kolektiboekin aliantzak babestea eta indartzea, haien borroken jarraitutasuna arriskuan jartzen duten kriminalizazio-prozesuen alerta- eta ikuskapen-sistemak bultzatuz eta indartuz.
- 2030 Agendaren berariazko konpromisoak, ekintza zehatzak eta inplementazio-adierazleak garatzea eta bultzatzea, lekualdatze behartuek eragiten dituzten egoerei eta horiek pairatzen dituztenentzako nazioarteko harrera- eta babes-mekanismoei dagokienez.
Herrialde seguruetarako sarbideari eta Europara bidean milaka pertsona hiltzeari dagokionez:
- EBko Asilo eta Migrazio Itun berria mugen kanporatzean eta itzulera-mekanismoak indartzean oinarritzen da10. Pertsona askoren bizitza arrisku handiagoan jarriko du, hurrengoa lortzen ez bada:
◦ Lehorreratze segururako akordioa, nahitaezko birkokatze-kuotak zehaztearekin batera.
◦ Bisa humanitarioen figura arautzea, EESKen urraketarekin lotutako arrazoiak argudiatzeko aukera emateko.
◦ Prozeduraren bermea, eskabide bakoitza banan-banan aztertzea nazionalitate-irizpiderik aplikatu gabe, eta beharrezko bermeak eta ez itzultzeko printzipioa betetzea. - Igarotze-bisaren eskakizuna kentzea gatazkan dauden herrialdeetatik datozen pertsonei.
- Arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileentzako bisa berezi eta azkarreko prozesu bat sortzea eta ezartzea, EBn sarrera eta babesa bermatzeko.
- Mugen kanporatzea lehenbailehen geldiaraztea: jatorrian pertsonak disuaditzeak, igarobideetan atxikitzeak eta itzularazteak pertsona askoren heriotza eragiten du, eta de facto eragozten die herrialde seguru batera iristeko aukera.
Espainiako Estatura eta Euskadira iristen direnen giza eskubideen errespetuari, babesari eta bermeari dagokionez:
- Aldi Baterako Babesari buruzko Zuzentaraua mantentzea, ‘berehalako babeseko’ mekanismo batekin ordeztu nahi dutena. Zuzentarau hori urriaren 24ko 1325/2003 Errege Dekretuaren bidez aplikatzen da Espainian, eta giza eskubideen urraketa sistematiko edo orokorraren eraginpean egon diren edo egoteko arrisku larrian dauden pertsonak babesteko aukera ematen du. Orain arte behin baino ez da erabili, Errusiak Ukraina inbaditu zuenean.
- 1951ko Genevako Konbentzioan errefuxiatuari buruz jasotako definizioaren interpretazio inklusiboaren alde egitea, klima-aldaketaren, ingurumen-degradazioaren eta EESKen urraketaren ondorioz ihes egiten duten pertsonen babesa bermatzeko.
- Babes Subsidiarioaren defentsaren (Asilo Legea) eta arrazoi humanitarioengatik geratzeko baimenaren (LOEX) alde egitea, beren oinarrizko eskubideak urratzen ari direla ikusten dutenentzat.
- Premiazkoa da Espainiako estatuko migratzaileen aparteko erregularizazioa. Legegintzako Herri Ekimen baten bidez 380.000 pertsona baino gehiagok eskatu dute irregulartasunaren amaiera. Honek, lan-esplotazioa, instituzioen aurrean ikusezintasuna, lege-babesgabetasuna eta hezkuntza edo osasuna bezalako oinarrizko giza eskubideak eskuratzeko berezko esklusioa eragiten du.
Hainbat eta hainbat norbanako, komunitate, antolatutako pertsona, erakunde eta entitate pribatu bat gatoz paradigma berri baterantz aurrera egiteko erantzukizunarekin, ekonomia, justizia eta gizarte-antolaketa bizitzaren zaintzaren zerbitzura jarriko dituena.