“Ni bezalakoak direnen ahotsa izan nahi dut”
Sirens dokumentalaren protagonistetako bat da Lilas Mayassi musikaria. Rita Baghdadiren lan horrek Slave to Sirens thrash metal talde libanoarraren bidea erakusten du: musika-genero horren barruan osorik emakumez osatuta dagoen lehendabiziko taldea izan zen herrialde horretan.
Sirens dokumentalaren protagonistetako bat da Lilas Mayassi musikaria. Rita Baghdadiren lan horrek Slave to Sirens thrash metal talde libanoarraren bidea erakusten du: musika-genero horren barruan osorik emakumez osatuta dagoen lehendabiziko taldea izan zen herrialde horretan. Zinegoak jaialdiaren sari nagusia jaso du filmak aurten, eta proiekzioaren aurretik hitz egin genuen Mayassirekin, Bilboko La Sinsorga espazio ederrean.
Nola iritsi zinen metal musikara?
Erabateko kasualitatea izan zen. Hamalau urte nituela, aitak musika-aparatu bat erosi zuen, eta dendakoek CD bat ahaztu zuten aparatuaren barruan. Bilduma bat zen, hainbat artistaren kantuekin: Beyonce, Tina Turner, Enrique Iglesias… Oso randoma, bai. Tartean, distortsiozko kantu bat ere entzun nuen, eta Evanescence zela jakin nuen.
Eta gustatu egin zitzaizun.
Bai. Abeslaria, Amy Lee, pila bat gustatzen zitzaidan, crush bat neukan berarekin egia esan [barreak]. Denborarekin, metalaren beste azpi-genero batzuk aztertzen hasi nintzen: heavy metala, alternatiboa… Unibertsitatera iristean ezagutu nuen thrash metala. Esan daiteke nire gustua muturrekoa bilakatu zela: death metala eta extreme metala entzuten nituen. Estilo horiek erronka handia ziren niretzat, gitarra jotzeko teknika bikaina behar da eta.
Zure kabuz ikasi zenuen gitarra jotzen, ezta?
Bai. Nerabetan, gitarra bat erosi, eta nire kabuz ikasten hasi nintzen. Ez neukan internetik etxean, eta astiro ikasi nuen. Zenbait adiskidek lagundu zidaten prozesuarekin, baina musikari autodidakta naiz oro har. Ondoren, unibertsitatean, musika-hezkuntza ikasi nuen, baina ohartu nintzen hori ez zela nik nahi nuena.
Zuk musika-talde bat nahi zenuen.
Bai, betidanik. 2015ean, Shery [Bechara] ezagutu nuen protesta batean, Beiruten. Lagun baten bidez ezagutu genuen elkar, eta hark esan zidan Sheryk gitarra jotzen zuela eta agian zerbait egin genezakeela. Beste talde batzuetan jo izan nuen lehenago ere, baina ez zen ondo joan, batez ere tipoekin. Ez zegoen kimikarik, ez zen nik nahi nuena. Beraz, pentsatu nuen, «izorrai, nik nahi dudan musika joko dut».
Eta hori thrash metala da.
Bai. Eta hara non Sheryk ere musika hori gogoko duen. Aurrera egitea erabaki genuen, eta taldekideak bilatzen hasi ginen.
Nola?
Alma [Doumani], baxu-jolea, Facebook bidez aurkitu genuen, adibidez. Facebookera sartzen nintzen, eta argazkietan baxu batekin edo mikrofono batekin edo bateria-makil batekin agertzen zen neska orori mezu bat bidaltzen nion, ea dena emakumez osatutako talde batean parte hartu nahi zuen. Zerbait desberdina egin nahi nuen.
Argi zeneukan hori, dena emakumez osatutako talde bat nahi zenuela?
Hasieran ez. Ni bezala pentsatzen duten eta nire moduko gustu musikala duten pertsonentzako kantuak egin nahi nituen, baina Shery ezagutu nuenean, pentsatu nuen: hauxe da. Eta niretzat inspirazio-iturri handia izan zen Joan Jett musikaria eta The Runaways taldeari buruzko filma. Erreferentzia hori hor zegoen. Nire barneko txokoren batean pentsatzen nuen egunen batean Joan Jett bezalakoa izango nintzela, antzeko istorio bat biziko nuela. Uste dut horrek ekarpen handia egin zidala taldea osatzeko garaian.
Eta behin taldea osatuta?
Lau abestiko EP bat kaleratu eta hainbat lekutan jo genuen: Alemanian, Glastonburyn, Marokon eta Los Angelesen, adibidez. Baina gero pandemia etorri zen, eta geratu egin zen dena. Birtual bihurtu zen guztia. Hori izan da gure bidea, labur azalduta.
Gitarra jotzeko teknika handia behar dela aipatu duzu lehen, baina thrash metalaren zer beste ezaugarrik erakartzen zaituzte? Letrek, adibidez?
Letrak, normalean, politikari eta beste gai batzuei buruzkoak izaten dira; adibidez, beste talde batzuk zapalkuntzaz, gerraz edo bazterketaz kantatzen dute. Horregatik ere interesatzen zitzaidan genero honen parte izatea. Gainera, thrash metalaren erritmoa oso bizia da, eta ni neu ere erritmo biziko pertsona naiz [barreak].
Zeuk idazten dituzu letrak?
Poesia idazten dut 12 urte nituenetik. Barrenak husteko eta nire sentimenduak adierazteko modu bat izan zen nerabezaroan. Nerabea nintzenean oso-oso haserre nengoen.
Zerekin?
Gertatzen zen guztiarekin. Sistema, gizartea, familia… Gurasoak banandu egin ziren, eta horrek ere gorabehera emozional handiak eragin zizkidan. Idazketarekin, nire barrukoak adierazten nituen, eta osatzen lagundu zidan. Beraz, bide bat egina dut poesian, horrek lagundu dit letrak idazten, baina nerabezaroan baino gai helduagoei buruz aritzen naiz. Orain, gizartean eragiten didaten gauzei buruz idazten dut nire letretan: zapalkuntza, zentsura, gerra…
Esango zenuke zure sexu-identitatearekin ere lagundu dizula musikak?
Galdera ona. Egia esan, musikak bizitzan nabigatzen lagundu dit, orokorrean. Eta osatzen. Nire ahotsa deskubritzen lagundu dit, eta taldearekin egindako bide honetan hazi egin naiz. Asko aldatu naiz azken bospasei urtean, elkarrekin gaudenetik. Nire identitateari eta bizitzan desio dudan horri dagokionez, oraindik ere bidaiatzen ari naizela sentitzen dut. Baina, bai, seguru sentitzen lagundu dit musikak. Ihesbide bat izan da niretzat.
Zuen musikak izan duen harrerari buruz galdetu nahi dizut.
Metal musikaren eszena oso txikia da Libanon, komunitate txiki bat. Eta lehen aldiz oholtzara igo ginenean, babes handia erakutsi ziguten. Talde guztien lagunak egin ginen, eta hori lagungarria izan zen aurrera egiteko, erronka mordo bati aurre egiteko. Oso eskertuta nago gure bizitzaren parte izan ziren pertsona horiekin, baina metalaren eszenatik kanpo, kontzertuak bukatzen direnean, babes hori eten egiten da, eta inork ez du ulertzen musika-mota hau. Eta ondo dago, baina kontua da gorroto-mezuak eta mehatxuak jaso izan ditugula, eta ez dut uste beharrezkoa denik. Beldurraren eta ezjakintasunaren ondorioa da hori.
Gauza larriagoak ere gertatu dira.
Bai, metal musikako kontzertuak debekatzen hasi ziren Libanon, eta musika-genero horren kontrako kanpainak antolatu zituzten: satanismoa zela esaten zuten, eta metalaren zaleoi sataniko deitzen ziguten. Propaganda pila bat zabaldu zen komunikabideetan, eta klandestinitatera jo genuen. Orain, krisi politikoarekin eta ekonomikoarekin, iraultzarekin eta leherketekin, eszena desagertu egin da. Kanpoan ibili garenean, aldiz, oso ondo hartu gaituzte, eta garen modukoak izateko aukera izan dugu, osoki.
Erreakzio horretan genero-aldagairen bat sumatu duzue? Hau da, zuen taldea are «doilorragotzat» hartu dute beharbada, dena emakumeak zinetelako?
Bueno, puta deitu ziguten. Baina, metala orokorrean gaitzetsi egiten da, jendeak ez du onartzen normalean. Gu emakumeak izanik, are zailagoa da; ez dute ulertzen zer egiten dugun, eta gure musika zaborra dela ere esan izan dute, nahiz eta taldekide guztiok musikaren esparrutik gatozen.
Hitz egin dezagun Sirens dokumentalaz. Nola abiatu zen proiektu hori?
Ritak mezu bat bidali zigun Facebook bidez 2018an. Hasieran, film labur bat egin nahi zuen, ez genekien zer bide hartuko zuen. Guri oso interesgarria iruditu zitzaigun, eta Ritari asko gustatzen zitzaion taldea. Beraz, Libanora etorri zen, eta nire etxean egon zen zenbait astez, beste taldekideak ezagutu zituen, eta grabatzeko prest geundela erabaki genuen, Ritak ulertu egiten gintuelako. Bera estatubatuarra da, baina aita marokoarra du, eta uste dut horrek batu gintuela: gure ahizpa nagusia zen, inoiz izan ez genuen ahizpa nagusia. Gainera, bere ekipoa bikaina zen, guztiak emakumeak, eta prozesua errazagoa izan zen horri esker. Handik aste batzuetara grabatzen hasi zen. Bidaia bat izan da, gorabehera askorekin. Guztiaren lekuko izan da Rita. Lau urtez grabatu gaitu.
Etxean?
Batzuetan baita komunean ere! Baina uste dut beharrezkoa zela, Ritak gure bizitzak bere gordinean erakutsi nahi zituelako, diren bezala. Eta horixe nahi nuen nik ere. Jakina, eztabaida asko izan genituen, desberdintasun kulturalak daudelako Ameriketako Estatu Batuen eta Libano/Ekialde Hurbilaren artean. Nire bizitza pertsonaleko gauza batzuk ez nituen erakutsi nahi.
Adibidez?
Une intimoak nire neska-lagun ohiarekin.
Filmaren edizio-prozesuan parte hartu duzu?
Bukaeran. Ritari esan nion azken emaitza ikusi nahi nuela. Bere lanean sinesten nuen, berarekin fidatzen nintzen, eta hori oso garrantzitsua zen halako film bat egiteko. Bestela Rita ez baitzen gure bizitzan sartuko.
Hainbat lekutan ibili zara filma aurkezten. Zer moduz?
Ia urtebete da filma aurkezten hasi ginela. Jende mordoa ezagutu dut, hainbat kultura, askotariko ikusleak, eta ikuspegi desberdinak jaso ditut. Asko erakutsi dit. Eta, nolabait ere, nire bizitzako gauza batzuk baloratzen hasi naiz. Uste dut bide honek asko lagundu didala helduagoa bilakatzen eta nire identitatearekin.
Gaur iluntzean Zinegoak jaialdian aurkeztuko duzue, LGTBIQA+ jaialdi batean. Filmean queer zarela azaltzen da, zer harreman duzu horrekin?
Uste dut LGBT komunitatea agertzeak eta gaia lantzeak geruzak eransten dizkiola filmari; aberastu egiten du. Taldekideek beti babestu naute, eta haiekin batera edozer egin nezakeela sentitzen nuen. Ez nuen beldurrik izan ni nor naizen erakusteko kameraren aurrean. Neskak hor egon dira, eta lagundu egin didate ni naizen modukoa izaten bide honetan. Azkenean, nire erabakia izan zen hori erakustea.
Erabaki ausarta da.
Hala uste dut. Filma ezin da Ekialde Hurbilean edo Libanon erakutsi LGBT gaiarengatik: debekatu egingo lukete eta kartzelara joan gintezke. Penagarria da, bai. Baina espero dut egunen batean nire herrialdeko beste pertsona batzuk adoretzea lortuko dugula, horixe baitzen filmaren xedea. Nire komunitatea adoretu nahi dut, nire jendea, askok eta askok ez daukate-eta ahotsik. Neurri batean zortekoa naizela sentitzen dut, musika daukadalako, taldea daukadalako, eta nire istorioa kontatu ahal izan dudalako. Ni bezalakoak direnen ahotsa izan nahi dut.
Libanoko queer komunitatea klandestinoa da orduan.
Erabat. Ez da leku segurua guretzat.
Paradoxa itzela da filmean argi agertzen dela zure sexualitatea eta aldi berean zure familian, zure herrialdean ezin duzula halakorik egin.
Beti iruditzen zait bizitza bikoitza dela nirea. Ezin dut naizen modukoa izan nire herrialdean eta gizartean. Denborarekin, onartu egin dut; hori da egoera. Ezin dut inor behartu. Baina ez dut nahi ni behartu nazaten. Beraz, gauzak neuretzat gordetzen ditut, ahal den neurrian.
Aske izateko zirrikituak topatzen dituzu guztiz aske izatea arriskutsua den tokian.
Oso arriskutsua da, bai. Baina uste dut sakrifizioak merezi duela [barreak].
Zer-nolako egoera daukazue Libanon gaur egun, orokorrean?
Libanon bizitzea gaur egun erronka handia da zentzu guztietan. 2019an iraultza izan zen, ondoren pandemia, eta 2020an portuko leherketa gertatu zen, munduko hirugarren leherketarik handiena, eta Beirut erabat txikituta geratu zen. Niretzat, pertsonalki, mugarria izan zen. Hortik aurrera, jada ez dut segurtasunik sentitu, mila puskatan zatitu zen. Jendeak lortu du, krisiak krisi eta zailtasunak zailtasun, berriro altxatzea eta bere bizitzarekin segitzea, nahiz eta oso triste daudela nabaritzen den. Ni ez naiz gai bizitza arrunt bat egiteko. Guztiz oinarrizko premiak asetzeko borrokan gabiltza egunerokoan: ura, argia… Oinarrizko beharrak bermatu gabe dauzkagu, eta gure gobernuari ez zaio piperrik axola. Gaztea izan arren, zaharra sentitzen naiz, baina ametsak eta asmoak ditut oraindik, eta bete nahi ditut.
Zein dira?
Ikasten jarraitu nahi dut, eta bekak eskatu ditut horretarako; master bat egin nahi dut Libanotik kanpo. Taldearen bigarren diskoa atera nahi dugun udan, eta agian datorren urtean kontzertu-birari ekin. Musikarekin segitu nahi dut oro har. Ni neu izan naitekeen leku batean bizi nahi dut, LGBT komunitatea onartuta dagoen toki batean. Seguru sentitu nahi dut, nire bizitza egin, oinarrizko giza eskubideak bermatuta izan, betiere besteak errespetatzen baditut, ez badiot inori kalterik egiten, eta inork ez badit niri kalterik egiten. Uste dut bizitza hori nahi dudala. Ez luke hain zaila izan behar.
Gehiago irakurri: