Chuecatik San Blasera dagoen distantzia
La Mala Costumbre Alana S. Porteroren lehen liburua da. Bertan neska trans baten bizitza kontatzen digu. Neska hori Madrilgo San Blas auzo langilean bizi da eta horri esker, idazleak 80. hamarkada bertan nolakoa izan zen azaltzen digu. Liburuan zehar protagonistaren beldurrak ezagutuko ditugu.
Alana S. Porteroren liburua irakurtzeko gogo handia nuen, baina hasiera batean ez nekien oso ondo zergatik. Liburuaren berri izan nuenean ez nuen idazlea ia ezagutzen. Bere artikuluren bat irakurri nuen aurretik, baina ez nekien zein zen. La mala costumbre liburuaren sinopsia irakurri ostean, hura erosteko Madrilgo Liburu Azokara gerturatu nintzen. Bertako postu batzuetan liburua agortua zegoen, baina azkenean ale bat lortu nuen. Alana S. Porterok Madrilgo San Blas auzotik idatzi du eleberri hau eta 80. hamarkadatik ezagutzen duen auzoa modu oso pertsonalean deskribatzen du bertan. Bere liburua irakurri ostean, idazlearen lanak interesa piztu dit eta bere hitz egiteko modua oso beharrezkoa iruditzen zait. Kulturaren bitartez, LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko aktibismoa egiten du eta La mala costumbre liburua idatzi baino lehenago, poesiazko liburu batzuk eta antzerkia idatzi du. Bere lehen eleberriak arrakasta handia izan zuen Frankfurteko liburu azokan eta liburua argitaratu baino lehen munduko txoko desberdinetan plazaratuko zela jakin zen.
Periferietatik datozen istorioak oso beharrezkoak dira. Madril bezalako hiri batean pentsatzerakoan, bere erdiguneko edozein eraikin handi etorriko zaigu burura, baina Madrilgo erdigunetik haratago jende asko bizi da eta oso errealitate desberdinak ikus daitezke. Askotan azpimarratzen dut periferien garrantzia; izan ere, espazio hauek, literaturan edota bestelako arteetan leku handia eskaintzen ez zaien arren, pertsona askoren istorioak gordetzen dituzte barnean. Gainera, periferietan aurkitzen diren arkitektura eta ikonografia oso bereziak direla uste dut. San Blaseko auzoa Madrilgo ekialdean dago eta hiriaren muga markatzen du zonalde batzuetan. Auzo langilea izan da eta 80. hamarkadan droga oso presente egon zen auzoko gazteen artean. Alanak bertatik idazten du, bere familia langilearen bizipenetatik eta kalean ikusten zuen biolentzia normalizatutik. Bere bizipenetan oinarritua dagoen fikzio honetan auzoan ezagututakoa modu oso pertsonalean azaltzen du.
San Blaseko auzoa zentrotik 40 minututara dago metroz eta oinez ordu t´erdira, erritmo onean joanez. Distantzia hori mundu bat izan daiteke auzoko askorentzat eta liburuaren protagonistari distantzia horrek mundu desberdinak izateko aukera ematen dio. Liburuan ez dugu bere izena aurkituko eta berak ere ez du jakingo zein den. Izena ez da garrantzitsua bere bizitza erreala dela aldarrikatzeko, kanpokoek hori ikusi ez arren, neska dela barruan argi izateko. Auzokoek mutiko bat ikusten duten bitartean, protagonistak bere barrukoa baino ez du ikusten.
San Blasen intimitatea lortzeko une gutxi daude. Etxean izanda ere, zaila izaten da. Bizilagunen zalaparta etxetik entzuten da, batez ere etxe ondoko bikotearena.
San Blasen intimitatea lortzeko une gutxi daude. Etxean izanda ere, zaila izaten da. Bizilagunen zalaparta etxetik entzuten da, batez ere etxe ondoko bikotearena. Gizona oso bortitza da eta emaztea jipoitzen du askotan. Auzoan guztiek dute egoera horren berri, baina ezin dute ezer egin / baina inork ez du ezer egiten. Biolentzia matxistaren aurkako protokolorik ez zegoen 80. hamarkadan eta etxe barruan gertatzen zena, bertan geratu behar zuen. Hori bai, auzo honetan indibidualismoa ez zen existitzen. Auzoan gaizki zeudenak, besteen laguntza jasotzen zuten eta senarraren tratu txarrak jaso ostean, protagonistaren bizilaguna bakarrik geratzen zela somatzen zenean, auzoko emakumeak biktimaren etxera joaten ziren bera laguntzeko. Auzoak sortzen zuen intimitate falta horrek, auzoaren elkartasuna derrigortzen zuen. Emakume hauek agian ez zuten feminismoaren inguran ezer jakingo, baina elkar laguntzen zuten. Teoriarik gabe, sororitatea praktikatzen zuten.
Baina auzoan begiradak eta kritikak ere izaten ziren eta bakarrik sentitzeko aukera ere bazegoen. Auzoan bazegoen protagonistari jakin-mina pizten zion emakume bat, baina gutxitan izan zuen berarekin hitz egiteko aukera. Margarita emakume transa da eta bizitzan aurrera egiteko denetarik egin du. Prostituzioan urte askotan lan egin ostean, bere amarekin bizi da. Ama zaintzen du eta garbiketan lana bilatzen dabil beti. Auzoko toki batzuetan begirada txarrak jasotzen ditu, baina gertuko bizilagunek ahal duten bezala lagundu egiten diote. Neska trans baten begiradatik, Margaritaren bizitza beldurgarria izan daiteke, berak ez du Margaritaren islada izan nahi. Protagonista barneko gatazka horrekin bizi da eta haurtzarotik nerabezarora pasatzerakoan gatazka hori du uneoro bere barruan.
Bere gorputza ez du maite eta bere gizon itxurak ematen dizkion rolak bete behar ditu. Horrek karate egitera eramango du. Kirol horrekiko interes gutxi du protagonistak, baina bertan bere lehen maitasuna aurkituko du. Jay mutiko atzerritarra da eta bere aita militarra da. Beraien arteko maitasuna azaltzerakoan, Alana S. Porterok klandestinitatea maisuki deskribatzen digu. Lehen musua, inork ikusteko beldurra, beti ezkutuan egoteko behar hori eta maitasun hori edozein momentuan desagertzeko beldurra islatzen du idazleak. Nerabe askok sentitu dute maitasuna ezkutatzeko beharra, baina LGTBIQA+ kolektiboko kideok beti izan dugu presente harrapatuak izateko beldur hori. Bi hauen arteko maitasunak zailtasun handiagoak zituen, 90. hamarkadan gertatu baitzen. Madrilen zeuden, baina San Blas auzotik Chueca auzora zegoen distantzia nabaria zen. Marikoien auzoa sortzen ari zen garai hartan eta hara gerturatzeko lehen aukera Jayrekin du protagonistak. Kafe batera gerturatzen dira eta bertan pasatako arratsaldea protagonistaren bizitza guztiz aldatuko du. Gauza onek gutxi irauten dute batzuetan eta Jayren konpainia egun batetik bestera eskutik kendu zioten. Protagonistak bere identitatea kalera ateratzeko bidea aurkitzen ari zen Jayren bitartez. Karateko irakasleak muxu bat ematen harrapatu zituen eta beraien erlazioa zapuztu egin zuen.
Behartutako banaketaren ostean, Malasaña eta Chueca auzoetako kaleen artean bere identitatea kanpora ateratzen hasi zen. Hilabetean behin barruan zuen emakumea kalera atera zuen. Bi munduen artean bizitzea zaila da, baina bi munduak ondo banatzen zituen. Goizean mutiko langilea zen eta auzoan zehar lana aurkitzen zuen. Hilabetean behin aldiz, gaua erabiltzen zuen, auzotik aldentzen zen bere munduan gozatzeko. Bertan, maitale desberdinak izan zituen eta plazerra sentitzeko aukera aurkitzen zuen.
Badirudi Alana S. Porterorentzat liburu hau minak ateratzeko bidea izan dela, bere idazkeraren bidez gizartearen islada gordina eginez.
Zure etxeko familiak ezagutzen edo ulertzen ez zaituenean, aukeratutako familia oso beharrezkoa da. Horren inguruan oso modu hunkigarrian idazten digu Alana S. Porterok. Protagonistak Madrilgo erdialdeko auzoetan ematen zituen paseoetan Moraita ezagutu zuen. Emakume transa da eta hortik aurrera bere trans amaren rola hartuko du. Erlazio honen beharraz asko idazten da liburuan zehar eta protagonistaren bizitzaren bidearen inguruan galdera oso onak egiten dizkio Moraitak protagonistari. Etxetik kanpoko familiaren garrantzia ezinbestekoa da protagonistarentzat. Familian maitasuna aurkitzen badu, maitasun hori bortitza eta gogorra da. Bere gaueko mundua ez dute ezagutzen eta ez daki ulertuko duten ere. Langile familia batean sentimenduak daude, baina askotan ez dago denborarik sentimendu horiek adierazteko. Lanean ordu asko eman ostean, etxean egoten diren denbora etxeko lanak egiteko izaten da eta ez dago denborarik sentimenduak azaltzeko edota azaleratzeko. Maitasuna etxea zainduz eta bazkaria eginez adierazten da.
Heldutasunak ez dizkio beldurrak kenduko protagonistari. Umetatik sortutako beldur askok bere barnean jarraitzen dute eta barneko guda handiagoa egin da adinean aurrera joan ahala. Emakume bezala auzoan agertzea ez du posible ikusten eta auzotik distantzia hartzen saiatzen da. Etxera itzultzeko beldur handia sentitzen du, bertan iraganeko pertsona eta oroitzapenekin egingo baitu topo. Beldur horretara gerturatzeko momentua modu bikainean azaltzen du idazleak. Liburuaren amaieran bere beldurrekin topo egiten du protagonistak eta ezin ditu alde batera utzi.
Badirudi Alana S. Porterorentzat liburu hau minak ateratzeko bidea izan dela, bere idazkeraren bidez gizartearen islada gordina eginez. Zaila egingo zait La mala costumbre liburutik urruntzea, irakurtzen nuen bitartean emozio asko sentitu ditudalako. Azken urteetan irakurri dudan libururik onenetarikoa dela iruditzen zait. Liburu honi esker, Alana S. Porteroren mundura gerturatzeko aukera izan dut eta zalantzarik gabe bere lanaren jarraitzaile bihurtu naiz.