Futbola: (des)eraikitzeko eremu bat
Futbolak egitura maskulinizatua du, eta maskulinitate eredu hegemonikoak erreproduzitzen dira: gizontasuna, nagusitasuna, lidergoa, boteretsua izatea… Eredu horrek egiten du futbola eremu baztertzailea izatea, eta femeninoarekin lotutako oro arbuiatzea; horrek areagotzen du ere batez ere gizonezkoen futbola inguratzen duen muturreko LGTBQIA+fobia.
Futbola eta indarkeria lotuta eta korapilatuta dauden bi kontzeptu dira. Futbola izan zitekeen gune eta espazio apropos bat inklusiorako, harreman sareak sortzeko, balioak sustatzeko, kohesiorako eta heziketarako. Eta neurri batean, hori ere bada. Baina, gaur egun, guztiz kontrako joera gailentzen da: indarkeriaz jositako eremu maskulino bat da futbola.
Eta indarkeriaz ari garenean, ez gara soilik indarkeria fisikoaz ari. Hor dago indarkeria matxista, arrazista, sexista, LGTBIfobikoa… Hori guztia ere bada futbola, eta futbolaren egunerokoaren parte dira klubetako egitura eta kudeaketa matxista, genero arrakala, komentario sexistak, oihu arrazistak, diskriminazioa, elkar zapaltzea, gutxiestea, presioa…
Indarkeria guztiz normalizatuta eta naturalizatuta dago futbolean, eta, ikusita zer-nolako dimentsioa, indarra eta eragina duen kirol honek gizartean, badaude kezkatzeko motiboak. Egiturazkoa da arazoa, eta beharrezkoa hari heltzea. Izan ere, beste hainbat sektoretan dauden arazo eta gaitz berberak badira ere, muturrera eramaten dira futbolean, eta jokamolde horiek zabaldu eta indartu egiten dira inguruan. Zilegitasuna ematen zaie, futbolaren joko eremuan ‘denak balio du’ araua onartuta balego bezala. Gizonezkoek gobernatzen duten eredu elitistaz kutsatuta dago futbola, oinarrizkotik hasi, eta eliteraino.
Baina, futbola aipatzean, zertaz ari gara? Kirola, eta kasu honetan futbola, modu unibertsalean izendatuta, gizonezkoena balitz bezala ulertzen dugu. Kirol munduak, bere alor guztietan, egitura maskulinizatua du, eta, salbuespenak salbuespen, agerikoa da nolako presentzia txikia duten emakumeek kluben zuzendaritzan eta kudeaketan, baita zer gutxi ikusten diren ere emakumezko kirolariak hedabideetan –nahiz eta azken urteetan urratsak egin diren, emakume futbolarien borrokari esker–.
Hala, futbola eremu maskulinoa izanik, maskulinitate eredu hegemonikoak erreproduzitzen dira: gizontasuna, nagusitasuna, lidergoa, sendotasuna, lehiakortasuna, boteretsua izatea… Eredu horrek egiten du futbola eremu baztertzailea izatea, eta femeninoarekin lotutako oro arbuiatzea. Emakumeak bigarren mailan kokatzen dira, eta gizonezkoak dira nagusi, dominatzaile. Esango nuke horrek ere indartzen eta areagotzen duela futbola inguratzen duen muturreko LGTBIfobia, eta gizonezkoen futbolaren errealitatearen eta emakumezkoen futbolarenaren artean dagoen aldea.
Gizonezkoen futbolean tabu handi bat da homosexualitatea, eta espazio arrotz bat da futbola LGTBIQA+ komunitatearentzat. Elite mailan, jokalariek kasu bakan batzuetan baino ez dute argitara atera beren orientazio sexuala, eta indarkeria bortitza dago horren inguruan. Hona hemen datu argigarri bat: elite mailan ari diren pare bat jokalarik bakarrik esan dute jendaurrean gay direla. Josh Cavallo Australiako Adelaide Unitedeko erdilariak egin zuen aitortza 2021ean, eta onartu zuen “lotsa” ematen ziola homosexuala dela esateak, eta “beldurra” zuela beharbada ezingo zuela hori futbol profesionalarekin uztartu. Aurten, berriz, Jakub Jankto Italiako Cagliari taldean aritzen den jokalariak jakinarazi du. Hala esan zuen: “Beste guztiek bezala, nire indarguneak eta ahuldadeak ditut. Familia bat dut, lagunak, eta lan bat. Lan hori ahalik eta ondoen egiten ahalegintzen naiz: pasioz, profesionaltasunez eta seriotasunez. Nik ere nire bizitza bizi nahi dut. Beldurrik eta aurreiritzirik gabe. Indarkeriarik gabe, maitasunez. Homosexuala naiz, eta ez dut ezkutuan ibili nahi”.
Horren aurretik eta hortik aurrera, isiltasuna da nagusi. Tabua eta estigmak. Beldurra. Lotsa. Aurreiritziak. Gizonezkoen futbol profesionalean bakanak dira armairutik ateratzeko pausoa ematera ausartu direnak, eta ikusgaitasun eta babes falta horrek ondorioak ditu gainerako mailetan. Argi dago LGTBIQA+ komunitatearentzat futbola ez dela espazio seguru bat, eta baliabideak eta konpromisoa falta direla barrutik horri aurre egiteko.
Gainera, ohikoak dira zaleen arteko oihu homofoboak, eta normalizatuta daude ‘no seas maricón’ bezalako komentarioak. Gay izatea feminitatearekin lotzen delako, eta futbolean ‘emakumeek bezala jokatzea’ irain gisa katalogatzen delako. Gizonezkoena da futbola, eta gizontasunaren nolakotasun diren ezaugarriak baloratzen dira gehien, hala nola indarra eta boterea. Futbolaren eta gay izatearen inguruan estigma asko daude, eta futbolaren mundua inguratzen duten askoren iruditegian ez dira bateragarriak. Futbola heteropatriarkatuan oinarrituta dago.
Hori horrela, beharrezkoa da gaur egungo egoera landu eta ikusgaitasuna ematea; baliabideak eta babesa eskaintzea; formakuntzak egitea; egoerari aurre egiteko erremintak bilatzea, eta egungo lidergo maskulinotik aldendutako ereduak ezartzea. Eta ezinbestekoa da ikuspegi feministarekin egitea egoera iraultzeko lanketa hori.
Alta, guztiz bestelakoa da errealitatea emakumezkoen futbolean. Lesbiana eta bollera askorentzat, beren sexu orientazioa adierazteko espazio seguru bat izan da futbola, eta harremanak eraikitzeko eremu aske eta eroso bat. Ordea, estigma eta aurreiritzi asko daude horren atzean ere, eta estereotipoak indartzen dira. Futbola gizonezkoen kirol gisa ulertuta, futbolean aritzen diren emakumeak sarritan izendatu dira ‘marimutil’. Eta hortik, ‘onartu’ edo ‘normalizatu’ izan da futbola bollerentzako eremu bat izatea. Hala ulertu da. Ezagunak dira ‘el fútbol femenino ni es fútbol ni es femenino’ bezalako komentarioak ere, ikuspuntu heteropatriarkal maskulino batetik egindako iruzkinak horiek ere.
Ordea, bollera askorentzat eremu erosoa izateak ez du esan nahi emakumezkoen futbolean bestelako indarkeriarik ez dagoenik, ezta LGTBIfobiarik ez dagoenik ere. Kontrara, indarkeria kasu asko daude egunerokoan: komentario eta jokabide matxistak, zapalkuntza, gutxiestea, baliabide faltak… Irene Paredes euskal jokalariak orain gutxi esandako hitzek argi adieraztendute: “Futbola gurea ez den toki bat dela pentsatuz hazi gara. Trabak jarri dizkigute, ordutegirik txarrenak, ia prestatu gabe dagoen jendeak entrenatu gaitu… Urteak pasatu diren heinean, mailaz igo eta baldintza horiek eman dizkigute, baina badakigu futbol amateurrean oraindik ez dela hala gertatzen. Toki hau gurea ere bada”.
Funtsean, errealitate eta eredu desberdinak daude, baina oinarri bera. Indarkeriak zeharkatzen du futbola, goitik behera. Gogoeta egin beharko genuke zer futbol eredu nahi dugun; hausnartu zer-nolako futbola nahi den. Eredua birplanteatu, eta, tartean, ikusgaitasuna eta baliabideak eman LGTBIQA+ komunitateari futbola eremu arrotza izan ez dadin. Gaur egun oinarri duen gizontasun ereduarekin, ezinezkoa da hori bermatzea, eta futbolak, izatez, ez du generorik.
Garbi diot: futbola izan daiteke balio positiboak transmititzeko eremu bat, baina, gaur egun, lehiakortasuna, arrakasta, erreferentzialtasuna… nagusitzen dira, eta horrek indarkeria sustatu besterik ez du egiten. Eraldaketarako bide horretan, hedabideek ere parte aktiboa izan behar
dute, eta horretarako apustua egin. Indarkeria salatu, arduraz jokatu, eta pedagogia egin. Inplikazioa behar da, alde guztietatik. Indarkeriarik gabeko futbol eredu baten alde egin behar dugu.