“Autodefentsa feminista gure burua despatriarkalizatzeko tresna politikoa da”

MAITENA MONROY

“Autodefentsa feminista gure burua despatriarkalizatzeko tresna politikoa da”

Maitena Monroyk autodefentsa feminista irakasten du 1987tik eta genero-indarkerian aditua den fisioterapeuta ere bada. 'Autodefensa Feminista: más allá de aprender a decir no' liburua argitaratu berri du.

08/11/2023

Maitena Monroy. | Foto: cedida.

Maitena Monroy 1987an hasi zen autodefentsa feministako tailerrak ematen Bizkaiko Emakumeen Asanbladan. Ia 40 urte daramatza erakunde feministetatik norbanakoak eta kolektiboak ahalduntzeko estrategia lantzen, emakumeei indarkeria matxista agerikoa zein ikusezina identifikatzen, eta zelan aurre egin erakusten laguntzen.  Udazken honetan, Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no liburua argitaratu du, bizi garen eta bizi gaituen mundua generoaren araugintzaren zutabeetan nola oinarritzen den azaltzeko. Monroyk jokabide matxistak identifikatzen eta emakumeen eskubideak urratzen edo gutxiesten  dituen edozein egoeraren aurrean jarduteko gakoez jabetzea du helburu.

Zer adierazi nahi duzu “Mas allá de aprender a decir no” (ezetz esaten ikasteaz harago) esaldiarekin? 

Izenburua emakumeen autodefentsako eta autodefentsa feministako hezitzaile ohien arteko eztabaida batetik datorr. Bertan ziotenez, autodefentsa feminista bi premisatan oinarritzen data; bata, “ezetz” esaten ikastea dela. Iruditzen zait hori ez dela arazoa indarkeria patriarkalari aurre egiteko; izan ere, askotan “ezetz” esaten dugun arren, ez zaigu errespetatzen, erabateko erreakzio patriarkala emakumeen edozein defentsa legitimoren aurrean. Oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan autodefentsa feminista zer den definitzea, “ez” esaten ikasteaz harago. Despatriarkalizazio-prozesu batekin du zerikusia; izan ere, indarkeriarekin lotura zuzenik ez duten beste esparru askotan “ez” esan behar dugu. Autodefentsa feminista gure burua despatriarkalizatzeko tresna politikoa da.

Halaber, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea autodefentsa feministako tailer bat eta defentsa pertsonaleko tailer bat ez direla gauza bera. Kartel asko ikusten ditugu boxeoko irudiekin, kolpeak ematen ikasteko tailerrak irudikatzen dituztenak, edo autodefentsa feministako tailerrak ematen ari diren poliziak agertzen direnak. Ez da gauza bera prestakuntza-tailer bat ematea edo autodefentsa feminista egitea. Autodefentsa teoria feministarik gabe ulertzeak kezkatzen nau. Feminismotik lan egiteak esan nahi du dena hankaz gora jarri behar dela, eredu afektiboa, sexualitatea, desioa, dena benetan berdintasun-harremanak ezarri ahal izateko, harreman bakoitzean dugun boterea ikusi behar dugu, eta hortik aurrera nola kudeatu erabaki. 

1987an hasi zinen autodefentsa tailerrak ematen, Bizkaiko Asanbladaren barruan. Zer gogoratzen duzu hasiera horretatik eta zer aldatu da, zure iritziz, hogeita hamasei urte hauetan?

Mundua feminismotik eraldatzeko gogo handia dugu, beti izan dugun bezala, eta horrek indarra ematen digu. Amorruak eta pozak motibatzen gaituzte, presente egon behar duen konbinazio horrek, amorruak jan ez zaitzan. Amorru hori eraldaketarako poz bihurtu behar dugu. Eta horixe egiten genuen 87an. Indarkeria fisikora bideratuago egiten genuen lan eta, nire ustez, berehala konturatu ginen arazoa ez zela kolpe bat ematen ikastea, arazoa defendatzeko legitimatuta ez egotea zela, eta indarkeria ez ikustea. Badakigu emakumeok jasaten dugun indarkeria gehiena ez dela indarkeria fisikoa, baina sistemari asko interesatzen zaio sexuen arteko gerraren narrazio hori. Ez da arazo sinplea, baina sistemari sinplifikatzea interesatzen zaio. Indarkeriaz hitz egiten dugunean, ez gara borrokaz edo eztabaidaz ari, botere desorekan eta abusuan oinarritzen den sistema baten barruan indarkeria matxista erabiltzeaz ari gara.

Gaur egun, nahikoa da ordenagailua eta Interneteko konexioa izatea edozein emakumeren aurkako indarkeria gertatzeko, bere logelan egonda.

Patriarkatua aldatu egin da, moldagarria delako, Celia Amorosek esango lukeen bezala, eta emakumeen aurkako indarkeria adierazteko modua aldatu delako. Gaur egun, nahikoa da ordenagailua eta Interneteko konexioa izatea edozein emakumeren aurkako indarkeria gertatzeko, bere logelan egonda. Indarkeria-sare berriei aurre egin behar diegu, baina egunetik egunera gero eta gehiago gara emakume feministak. Hori ere aldatu da, baina sistemak oso ondo egiten du sortzen ari garen kontzeptuak onartzeko, zentzua aldatzeko. Etengabe egon behar dugu zer gertatzen ari den ikusten, proposamenak sortzen aurre egin nahi diogun errealitatera egokitzeko eta errealitatea eraldatzeko.

Une honetan, badirudi adierazpen-askatasuna gainerako eskubideen gainetik dagoen eskubidea dela, eskubide guztiak elkarren mendekoak direla jabetu gabe. Denak ez du balio. Adibidez, orain  Palestinan, Gazan, gertatzen ari dena sarraskia eta genozidioa da, eta Israelgo Estatuak bidezko defentsa  dela saltzen du. Adierazi behar dugu hori ez dela bidezko defentsa-ariketa bat, aldez aurreko zapalkuntza bat dagoela, lurraldeen inbasio bat. Errealitatea nola definitzen dugun erabakigarria izango da benetan despatriarkalizatu ahal izateko. 

Indarkeria sinbolikoa antzematearen garrantzia ere azpimarratzen duzu. Nola lantzen duzu puntu hori tailerretan?

Indarkeria sinbolikoari dagokionez, izu sexualaren kontzeptua dugu. Emakumeak berehala sentitzen dira identifikatuta kontzeptu honekin. Zehaztu gabeko mehatxua da, emakumeen erantzukizuna beti. Ez digute esaten zertaz defendatu behar dugun geure burua, zer egin behar dugun, eta, beraz, agentziarako gaitasuna kentzen digute. Horri erabateko babesgabetasuna deituko genioke, Elsa Dorlinek esaten duen bezala, bidezko defentsarako eskubidea ukatzea. Orduan planteatu behar dugu zenbateraino utzi diogun gauzak egiteari izu sexual horrengatik, edo zenbateraino ez garen autonomiatik proiektatu indarkeria jasateko beldur horrengatik, eta nola bideratu diguten arreta muturreko indarkeria horretara, eguneroko indarkeriari erantzuteko baliabideak eman beharrean. Eraso gehienak biktimen ezagunek egiten dituzte, baina ez digute esaten “kontuz ezagunekin”, ez digute esaten “zure gorputza zure lurraldea da”, ez digute esaten “zeure gorputzean gertatzen dena erabakitzeko eskubidea duzu”, ez digute esaten “zure funtzioa ez da besteen gustukoa izatea”. Emakumeon gain jartzen dute erantzukizuna, ez dituzte zalantzan jartzen ez indarkeria ez erasotzaileak, agertoki beldurgarriak jartzen dizkigute. Eta zerbait mugatu gabe egoteak sortzen du, hain zuzen ere, izurik handiena. Sinestarazten digute, kontuz ibiliz gero, indarkeriaren gaineko kontrola izango dugula, eta, kanpokoen babesari esker bakarrik lortuko dugula etxera onik heltzea. Beste kontu bat da zer gertatzen den etxe horietan.

Liburuan aipatu duzu emakumeok tailerretan adierazten dugun beldur handienetakoa muga jartzen dugunean erasotzaileak izango duen erreakzioa dela. 

Abusatzen duten gizon matxistek legitimitate patriarkala dute. Orduan, erasotzaile bati mugak jartzen dizkiogunean ematen digun beldurretako bat erantzuna zein izango den da; izan ere, esan digutena eta gure oroimenean dagoena da hobe dela ez haserretzea. Zerikusi handia du esklabuaren babesgabetasun erradikalaren ideiarekin, ezin baitzara nagusiarengandik defendatu. Abusuak egiteko legitimitatea zalantzan jarri behar dugu gizartean; erasotzaile batek badaki gaizki egiten ari dela. Nire ustez, oso esanguratsua izan da Rubiales kasua, agerian geratu baita zer gertatzen ari zen, eta jokalariek urteak zeramatzatela egoera salatzen. Agerian geratu zenez, jada ezin dute ezetz esan, nahiz eta, patriarkatuak egin ohi duen bezala, erasoaren erantzulea defendatzen saiatu diren, baina nabarmenegia zen tratu txarren emaile onaren eskuliburua jarraitu dutela. Muga horiek jartzen ditugunean, prest egon behar dugu gerta daitekeen erresistentzia patriarkalerako, erasotzaile matxista batek ez baitu gogo onez onartuko emakume batek “Honaino!” esatea.

Ahalduntzea lantzen dugunean bezala, lehenengo landu behar duguna da “zertan sentitzen naiz botere gabe?”. Indarkeriak eragin digun inpaktua aitortzea da erreparazioaren lehen ariketa.

Minari askotan ematen zaion irteera medikalizazioa dela ere aipatzen duzu. Zeintzuk estrategia lantzen dituzu min hori sendatzeko?

Nik fisioterapeuta eta autodefentsa feministako tailerretako hezitzaile egiten dut lan. Horrek lagundu egiten dit genero-ondoezak zer diren ikertzen. Izan ere, agerian uzten du ezberdintasunak nola eragiten duen emakumeen osasunean, eta medikuntzan bertan, askotan, arazo sozial bat medikalizatzen da. Indarkeria matxistaren biktima askori fibromialgia diagnostikatzen zaie, sintometan oinarritutako diagnostikoa egiten zaie, min iraunkor horren atzean zer dagoen ikertu beharrean. Badakigu min zorrotzak funtzio biologikoa duela, baina mantendutako minak ez. Horrek ez du esan nahi fibromialgia duten emakume guztiek atzean indarkeria-historia dutenik. Oso garrantzitsua da osasun-arloko profesionalek generoari buruzko prestakuntza izatea eta medikuntzak ikuspegi feminista izatea, soziala dena despatologizatu ahal izateko eta, horrela, indarkeriaren biktima diren emakumeei hobeto lagundu ahal izateko. Arlo emozionalean, psikologikoan, beti esaten da indarkeria jasan duen emakume bat betiko markatuta geratuko dela. Nik diot hori ez dela egia. Orbaina gera daiteke, baina indarkeriak ez du zertan gure bizitzak zehaztu. Osatze prozesu horretan, erreparazioaren lehen pausua izan behar da mina aitortzea, “Zer kendu dit indarkeriak?”. Ahalduntzea lantzen dugunean bezala, lehenengo landu behar duguna da “zertan sentitzen naiz botere gabe?”. Indarkeriak eragin digun inpaktua aitortzea da erreparazioaren lehen ariketa.

Eta haurrekin lan egiterakoan zein alderdi iruditzen zaizkizu funtsezkoak, harreman osasuntsu eta askeagoak bizi ditzaten?

Orain Emakunderekin ikastaro bat ematen ari naiz indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematen dieten profesionalentzat. Egiten diedan lehen galderetako bat da ea berdintasunean hezten dugula uste duten eta hezkuntzak berdintasunean oinarritutako hezkuntza izateko zer elementu izan beharko lituzkeen. Profesional gehienek elementu generikoekin erantzuten dute edo esaten didate: “bai, jakina, berdintasunean oinarritutako hezkuntza ematen diegu haurrei!”. Desioa eta errealitatea nahasten dituzte. Orduan, nik uste dut jende askok pentsatzen duela, berdintasunean hezi nahi izatearekin nahikoa dela, ahaztuta desberdintasuna eta berdintasuna ez direla berez edo hausnarketarik gabe sortzen. Berdintasunaren aldeko hezkuntza honetan oso garrantzitsua iruditzen zait desberdintasuna zein elementuk iraunarazten duten jakitea, eta hori ez da mahai gainean jartzen.

Duela aste batzuk, gure lankide Mª Ángeles Fernándezek haurren aurkako sexu-abusuei buruz idatzi zuen Pikara Magazinen. Save The Children-ek egindako azterlan batetik abiatuta, azaldu zuen 10 kasutatik 8tan erasotzailea ezaguna dela, edo familia-ingurunekoa. Zein da gizartearen erantzuna abusu horien aurrean?

Joan den astean Gasteizen ikastaro bat ematen aritu nintzen ama-alabentzat. Horietako asko indarkeriaren biktimak ziren. 12 eta 16 urte bitarteko alabek ziotenez, tailerrean gehien gustatzen zitzaiena zen tratu txarrak ematen dituen aita bat izateak sortutako bizipenak besteekin partekatzeko gune bat izatea. Txikitatik gezur bat kontatu digute: batez ere kanpokoek erasotuko gaituztela. Horregatik, epaitegietan ere zaila da indarkeria hori identifikatzea, ez baita bestearen indarkeria, arrotzarena. Hemen, espazio intimoan sortzen den indarkeriaz ari gara, eta erasoa jasaten duenak lotura afektiboa izaten du erasotzaileekin. Txosten horretan ere aipatzen da erasotzaileen % 99 gizonak direla. Gizon matxistak. Orduan, nola identifikatzen ditugu abusuak haurtzaroan? Emakumeek ez gaituzte sinesten, eta are gutxiago haurrek. Izan ere, guraso abusatzaileak gezurrezko Gurasoen Alienazio Sindromea (GAS, gaztelaniazko SAP siglekin ezaguna) erabiltzen ari dira emakumeak eta haurrak bortxatzeko. Badakigu nola identifika ditzakegun abusuak, oso puntu zehatzak daude horretarako, baina arazoa da estali egiten dela, ez zaiela sinisten edo, are gehiago, birbiktimizatu egiten direla eta haurrak erasotzaileen eskuetan babesgabe utzi.

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba