Emakume arrazializatu eta ijitook ez dugu greba egiteko eskubiderik

Emakume arrazializatu eta ijitook ez dugu greba egiteko eskubiderik

Emakume migratuen, arrazializatuen eta ijitoen hogei erakundek beren iritzia, diskurtsoa eta aldarrikapenak azaldu dituzte azaroaren 30erako Euskal Herrian deitutako greba orokor feministaren aurrean.

15/11/2023

Emakume migratuen, arrazializatuen eta ijitoen erakundeak Zumaian, azaroaren 30eko grebari buruz duten ikuspegiaren berri emateko agerraldian. | Argazkia: lagata.

Greba Feminista Orokorrerako prestatzen dabil Euskal Herria; datorren azaroaren 30ekoa, alegia. Komunikatu hau sinatzen dugun erakundeok (pertsona arrazializatu migratu eta ijitoenak) zaintzarako eskubide kolektiboaren diskurtsoa konpartitzen badugu ere, grebarekin bat ez egitea erabaki dugu, gutariko batzuk antolaketa prozesuan parte hartu genuen arren. Hurrengo mezua zabaldu nahi dugu: langile arrazializatu, migratu eta ijitook ez dugu grebarako eskubiderik!

Hona hemen gure arrazoiak:

  • Greba estrategia baztertzaile bat da, pertsona arrazializatu, migratu eta ijito gehienok sektore arautu gabeetan edota babes sindikalik gabekoetan lan egiten dugun heinean, hala nola etxeko lana eta kaleko salmenta.
  • Subjektu politiko gisa jardun ezin dugun tresna baten alde egiteak mendeko posizioan mantentzen gaitu: soldatapeko feministek greba egingo dute “besteen” eskubideak defendatzeko, guk ez baitugu grebarako eskubiderik. Mantalak balkoietan zintzilikatu edo kazolak joko dituzue gure omenez, 2018an bezala?
  • Hala, zaintzaren pisua daramaten kide arrazializatu, migratu, ijito eta baita euskaldun zuri asko ere kanpo geratuko gara, horretarako baldintzarik ez dugulako. Ondorioz, greba al da zaintza-krisia salatzeko tresnarik egokiena? Ezetz uste dugu!!!
  • Bazterketa deigarria da kontuan hartuta bereziki gordina dela barne zaintza-lanaren modalitatea. Zehazki, internen % 95a emakume migratu arrazializatuak dira, lan-eredu horrek praktika arrazista eta neokolonialak errepikatzen dituelako.
  • Espejismo bat iruditzen zaigu greba hau presio-neurri eraginkor gisa aurketzea. Ez dugu uste aipatutako langileon egoera prekarioa hobetzeko balio izango duenik.
  • Oro har zuria den mugimendu feministak gonbidatu gaitu bat egitera planteamendu itxi batekin. Berriro ere ez dituzte entzun ezta txertatu ere espazio desberdinetan plazaratu ditugun kuestionamenduak.

Hala eta guztiz ere, grebaren markoa hori aprobetxatu nahi dugu gure buruak ikusgai egiteko, aldaketarako eragile politiko garen neurrian. Azpimarratu nahi dugu logika arrazistak eta kolonialak genero-logikak bezain zentralak direla zaintza-sistemaren konfigurazioan.

Gogoan izan behar dugu Euskal Herrian arrazakeriak, antigitanismoak eta xenofobiak zehazten dituztela herritarrek prestakuntzara, enplegura eta parte-hartzera duten sarbidea, baita gure eskubideekiko errespetu maila, zaintzeko eta zainduak izateko eskubideena barne. Hala, justizia sozialean ardaztuta egon behar lukeen gizarte batean etengabe urratzen dira berdintasun eta parekidetasun printzipioak: hezkuntzan, osasun-arretan, gizarte-zerbitzuetan, gainerako baliabide instituzionaletan…

Bide batez, gogoratu nahi dugu zaintza- eta etxeko langile etorkinen erakundeek lortu dutela azken urteotan esparru horretako lan baldintza egoerak hobetzea: tinko mantendu dira gainerako soldatapeko langileen baldintzen paretzea dakarren errege-dekretua indarrean jarri arte, eta pandemia garaiko etxeko langile ez egoilarrei diru-laguntza ematea ere lortu zuten.

Emakume ijitoei dagokionez, salatu nahi dugu gehienok lan-merkatutik erabat baztertuak gaudela, baita sektore prekarizatuenetatik ere. Ondorioz, autokudeatutako jardueretan dihardugu, hala nola merkatu txikian edo txatarra batzen, baina ofizio horiek ez dute erakundeen arretarik jasotzen, ezta sindikatuena ere. Gainera, ijito feministok zalantzan jartzen dugu zaintza-lanen esternalizazioan oinarritzea proposamen feminista gehienak, haurren, adineko pertsonen zein mendekotasun-egoeran daudenen beharrak artatzeko.

Azkenik, gogora ekarri nahi dutugu emakume arrazializatu, migratu eta ijitook osatutako elkarte eta taldeek azken urteotan mahai-gaineratu ditugun aldarrikapenak:

  • Paperik gabeko etorkinen erregularizazioa; 500.000 pertsona dira Espainiako estatuan. Erregularizazioa orain kanpainari esker, 700 mila sinadura batu genituen Espainiako parlamentuan Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko. Egitasmoa ez da aintzat hartu Espainiako gobernuko inbestidura-akordioetan, eta euskal alderdi politikoek ez dute defendatu.
  • Udalek errolda erraztea, eskubideak eskuratzeko ezibesteko tresna delako.
  • Migratutako langileak diru publikoaz baliatuta esplotatzearekin bukatzea. Alegia, onartezina iruditzen zaigu Dependentzia Legeak laguntzaile pertsonalak kontratatzeko diru-laguntzek babesa ematea barne-etxeko langileen erregimenari. Hala, zaintza-sektoreko eta etxeko langileen kontratu-aitorpena eskatu dugu, funtzio bereiziak edo kategorizatuak dituztenak.
  • Barruko etxeko lana desagerraraztea YA
  • Gaueko etxeko-lana eta zaintza-lana ezagutzea.
  • Astean 35 ordura jaistea etxeko zainketen sektoreko lanaldia astean.
  • Etxeko zainketa-lanetako lanaldiak egoitzetan egiten duten bezala sailkatzea: goizeko, arratsaldeko eta gaueko lanaldia.
  • Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata ezin da maximoa izan mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzat. Hortaz, zaintza-ordua Euskal Herriko soldataren batez bestekoarekin parekatzea eskatzen dugu (13 euro orduko) etxeko zaintzaile guztientzat, haien administrazio-egoera edozein dela ere.
  • Pertsona guztientzako eskubide sozialak blindatzea, Oinarrizko Errenta Unibertsal baten bidez. Diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonekiko kriminalizazioaren, paternalismoaren eta hiperzaintzaren kulturarekin amaitzea.
  • Ordaindutako zainketen sektorean funts putreak partaidetza salatzea, eta gobernuei exijitzea sektore horretan ekonomia sozial eta solidarioa susta dezatela. Beharrezkoa da politika fiskal eta sozialekin blindatzea irabazi-asmorik gabeko ekonomia sozialeko enpresen garapena.
  • Pertsona arrazializatuen errealitateetara egokitzea pentsio-politikak eta mendekotasuna artatzeko politikak (adibidez, hirugarren adina 55 urtera jaistea ijitoon kasuan, gure bizi-itxaropen kontuan hartuta).
  • Eskola publikoa, doakoa eta kalitatezkoa exijitzea, eta auzo- eta eskola-segregazioarekin amaitzeko neurriak sustatzea.
  • Ekintza positiboko neurriak bultzatzea pertsona arrazializatu, migratu eta ijitoentzat, enplegura zein prestakuntzara sarbidea errazteko zaintza, osasun eta hezkuntza bezalako arloetan.
  • Arrazakeriaren aurkako prestakuntza sustatzea osasun eta hezkuntza sektoreen langileen artean, eta zerbitzu publikoetan arrazismoa, xenofobia eta antigitanismoa eragozteko mekanismoak ezartzea.
  • Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea. Etxebizitza eskuratzeko irizpideak logika arrazista eta klasistetan oinarritzen dira.
  • Arrazakeriak eragindako ondoezak artatzea, gutxiengoen estresa eta belaunaldiz belaunaldiko trauma barne.
  • Euskal Herria osatzen duten herrien kultura-aniztasuna aitortzea eta babestea.

Azkenik, arrazakeriaren aurkako feminista eta deskolonialak garen aldetik, gure kolektiboen aitortza eskatzen dugu, baita guk geuk gure borrokei buruz hitz egiteko dugun gaitasuna aitortzea ere. Ez da nahikoa egun bateko ekintza sinbolikoekin edo gure aldarriak zuen manifestuetan idaztearekin. Entzun behar gaituzue, zuen agendak eta estrategiak berrikusi ikuspegi antiarrazistarekin. Ezinbestekoa da arrazakeria kolonialaren aurkako erreparazio historikoan aurrera egiteko.

Emakume Arrazializatu, etorkin eta ijitoak  #GrebaEskubiderikGabe #FeminismoaDeskolonizatu

Sinatzaileen zerrenda
  • Malen Etxea, mujeres inmigrantes.
  • Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias.
  • AMUGE – Asociación de Mujeres Gitanas de Euskadi.
  • Red de Mujeres Migradas y Racializadas de Euskal Herria.
  • Comisión de Mujeres Gitanas pertenecientes al Consejo del Pueblo Gitano Vasco
  • Feministas por Nicaragua.
  • Famek Elkartea.
  • Comunidad Negra Africana y Afrodescendiente de Euskadi.
  • Asociación Socio-Cultural Abya Yala.
  • Romi Berriak – jóvenes gitanas.
  • Asociación de Mujeres Musulmanas Bidaya.
  • Safa Elkartea
  • Asociación de Mujeres Wayra
  • Asociación Mujeres con Voz (adhesión sin unanimidad interna).
  • Grupo de trabajadoras de hogar y cuidados “Juntas Nos Cuidamos” de SOS Racismo Navarra.
  • Movimiento Estatal Regularización Ya.
  • Garaipen “Colectivo feminista antirracista”
  • Fundación Secretariado Gitano País Vaco
  • Colectivo de Peruanxs en Euskal Herria
  • Mujeres en la Diversidad Basauri
Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba