“Istorioak eskaini nahi ditugu, galderak sortzeko eta elkarrekin partekatzeko”

“Istorioak eskaini nahi ditugu, galderak sortzeko eta elkarrekin partekatzeko”

Miren Larrea Anita Maravillas titere taldeko sortzaileetako bat da, Valentina Raposo txiletarrarekin batera. Errepublika garaiko maistrak omentzen dituen Andereño antzezlana estreinatu berri dute.

Miren Larrea Kottondarrak antzezlana egiten. | Argazkia: Txelu Angoitia.

Miren Larreak beti izan zuen argi antzerkiaren mundua oso gustoko zuela. 18 urterekin ipuin kontalari lanean ari zela, titere konpainia batetik deitu zuten lan egiteko eta titere bat hartzean argi izan zuen artistikoki adierazteko bere bidea zela hori. 2005ean Pepe Otalen tailerrean, Bartzelonan, Valentina Raposo ezagutu eta Los sueños de Leonor helduentzako mahaiko ikuskizuna egin zuten, heriotzaren inguruan hitz egiten zuena. Orduan jaio zen Anita Maravillas taldea. Ondoren biak Euskal Herrira itzuli eta Portal 71 ekoizetxearekin batu ondoren hainbat antzezlan egin dituzte: Sarean Sun Sun, Bluebird, Pintto Pintto, Jon Braun, Kotondarrak eta Andereño. Orain, Ion Chavez, Ivan Alonso eta Maren Basterretxea ere badaude taldean eta antzezlan bakoitzean kolaboratzaile desberdinak izaten dituzte; hala nola, Fran Lasuen musikaria, Malen Amenabar ilustratzailea, Betitxe Saitua antzezleen jantzigintzan, Paulette San martin titereen jostuna eta Miren Amuriza bertsolari eta idazlea.

Zelan sortu da orain taularatzen ari zareten Andereño antzezlana?

Zintzoak izan nahi dugu gure narrazioan eta beti bilatzen dugu, gure barruan benetan motibatzen gaituen istorio bat. Andereño lanaren kasuan Gerra Zibilean barkuetan igotako ume horietaz hitz egin nahi genuen, Bizkaiko eta beste hainbat portutatik ihes beste herrialde batzuetara euren familiak eta euren bizitzak atzean utzita. Eta orduan pentsatu genuen: nola kontatu dezakegu irudi eta gertaera hori? Guk ez dugu umeentzako bakarrik lan egiten, baizik eta umeak ere dauden publiko batentzako. Komunitateak elkarrekin horrelako istorio bat gozatzea nahi dugu, horretaz elkarrekin hitz egitea eta, batez ere, galdera gehiago sortzea. Guk beti esaten dugu: entretenimendua bide bat izan behar du, baina gure kasuan ez da helburua, gure kasuan helburua galdera gehiago sorraraztea da. Barkuen irudiei begira, zera galdetu genion gure buruari: zer egiten zuten ume hoiek gerra hasi aurretik? Orduan konturatu ginen eskolan kokatu behar genuela istorioa, Errepublikan ikasteko doako eskubide unibertsalaren proiektua zegoen. Hortik tiraka heltzen gara errepublikako maistra edo andereñoengana eta eurek egindako lan guztia aztertzen hasten gara, bai aportazio pedagogikoa, espazioaren erabileran, baita herrietan egindako lana ere herritarrekin. Umeak libreki eta bakean garatzeko eta hazteko eskubideaz hitz egin nahi genuen. Gerra batek guzti hori hautsi zuen erditik, eta hori ere kontatzen dugu. Hori gertatu da Euskal Herrian, baina etengabe ematen da helduek gerra bat hasten dutenean, gertatzen ari da orain Palestinako genozidioan edo beste hainbeste lekutan.

Oso titere bereziak erabiltzen dituzue; begien eta mugimenduen bidez egiazkoak dirudite. Zer hartu behar da kontuan hori lortzeko?

Valentina Raposo da horretan artista. Ibilbide luzea du eta beti planteatzen ditu erronka berriak konstrukzioan. Oraingoan Andereño antzezlanean hain gurea den istorioa kontatzeko fabula iruditegian oinarritu gara, animaliak pertsonifikatu ditu. Ez da erabaki erreza, oso estetika zaindua eduki behar du umeak goxo eta hurbil sentitzeko pertsonaia horiek. Valentinaren panpinek espresio eta diseño zoragarria dute, haien begiek kontaktua egiten dutenean Ionek egiten dituen argiekin, disdira berezia sortzen da. Begia eta disdira beti dira berdinak, baina gure interpretazioak edo antzezpen horiek adieraziko dute pertsonaiaren emozioa, guk interpretatuko dugu. Pertsonaiek milaka geruza dituzte, eta bakoitzari gauza batzuk gurutzatzen zaizkio. Hori gertatu izan zaigu Koton antzezlanean etengabe, umeek oso arin ikusten dituzte gurutzatzen dieten geruza hoiek, enpatia sortuz. Adibidez, Koton ama ezin zen etxera joan lanean zegoelako fabrikan eta Madrilen behin neskato batek amaieran esan zigun “Niri berdina gertatzen zitzaidan. Gure amak kanpoan egiten zuen lan, andra zahar bat zaintzen, gau eta egun, eta ezin zuen gu zaintzera etorri”, protagonistaren egoerarekin enpatizatuz. Konparazioak egiten dituzte gurutzatzen dituzten gauzekin eta bizi dituzten egoerekin.

Andereño antzezlana. | Argazkia: Txelu Angoitia.

Eta zergatik zuen antzezlanetan maltzurrak ez dituzue panpinen bidez adierazten, baizik eta elementu edo itzalen bidez? Kontzienteki egindako hautua da?

Beste dimentsio batera eramaten ditugulako. Aspaldi erabaki genuen argi jartzea zein den gaiztoa eta ez ditugu zentzuratu nahi, izan daitezela txar. Gaiztotasunaren dimentsioa, besteengandik urrun egotea nahi dugu, Kotonen goitik agertzen da (boteretsu), itzalen bidez ere. Andereño antzezlanean ere Gaiztoak buru bat dauka, argi bat, musika bat eta bi antzezleek jolasten dute buruarekin, gaiztoaren dimentsioa guzti horrekin eraikitzen da, itzalekin ere. Gaiztoei guk ematen diegun boterea irudikatu nahi dugu, itzalekin batzuetan oso handiak dira, edo argi eta irudi zehatzez handiago ikusarazi egiten ditugu,  baina bakarrik irudipena da, gaiztoak ez dira beti hain handiak, gure beldurrek egiten dute handi eta boteretsu, guk ematen diegu boterea. Simbolismo horrekin bisualki jolastea gustatzen zaigu.

2017 urtean Jon Braun egin zenuten. Zuen ibilbidean esan daiteke hemen hasi zinetela istorioari pisu handiagoa ematen. Zelan heldu zen Jon eta Malintxeren istorioa zuengana?

Wensterraren kontrako irakurketa egitea erabaki genuen, antiwensterra. Hegoamerikako feministek, adibidez, Shakespearen La Tempestad obran kontrako irakurketa bat eginda zeukaten, bertan kolonizazio zuriaz hitz egiten zuten Caliban delakoa irlako azken gizakia zelarik. Jon Braun, gure kaliban txikia bilakatu zen, Sykoraxen oinarritu ginen Muma sortzeko eta irakurketa ondo eraikitzeko Malintxe ere gehitu genuen, kolonizatzaileen aurrean emakumeek egindako erresistentzia irudikatzeko. Gero kontzeptu “heldu” edo konplexu hauek, ipuin bilakatzen ditugu, kolore eta mugimendua ematen diegu, familia osoak gozatuko duen istorioa eraikiz. Zuriek ekarritako gerra batek banandutako neba arreben abentura bat kontatu genuen.

Ondoren, 2020. urtean, Kotondarrak lana estreinatu zenuten, ehungintzako fabriketan lan egiten zuten emakumeen istorioa kontatzen duena. Feten saria irabazi zenuten titereen emanaldi onenari eta Max sarietan finalista izan zineten. Nondik jaso zenituzten bertan entzuten ditugun abestiak?

Kotondarrak lanean oso argi eduki genuen estetika eta iruditeria. Metala, ehungintza, industri iraultza kontestu bezala, protestak, eskubideak… Hori zen kontatu nahi genuen istorioa. Istorioa testu batzuek inspiratu zuten, gure iruditegi sozialean Martxoaren 8aren sorrerarekin oso lotuta zeudenak. Testuek kontatzen zuten New Yorken ehungintzako emakumeek egiten zituzten grebak eta protestak oso ezagunak eta zaratatsuak zirela, boteretsuek beldurrez bizi zituztela eta prentsan presentzia handia zutela. Haien ausardia eta determinazioa sendo irudikatzen zituen. Eta guk garai hartako emakume haiek irudikatu genituen. Horrela sortu genuen Koton familia, ama eta bi alabak. Nekazal mundutik hirirako bidaia egingo dute. Otso itxura eman genion ihesaldia eragin zuen sorterriko arriskuari. Hiria eta lana irudikatzeko, istorio lokalagoak bilatu genituen, emakumeen, lantegien eta greben inguruko hainbat istorio; esaterako, Bilboko cigarrera deitutakoak, edo Ondarruko konserberak. Euskal Herri mailako protesta txiki horiek jaso eta gero erabaki genuen ehungintzan kokatzea, unibertsalagoa delako.

Fran Lasuenekin hitz egitean oso argi ikusi zuen lehen kanta Linuaren penak izan behar zuela, XXV. mendean kantatzen zen abesti bat, emakumeek linua mozten zuten bitartean. Hori oinarri bezala joan zen musika guztia egiten eta Miren Amurizari eskatu genion Linuaren pozak, amaiera kanta egiteko, aurrekoa oinarri hartuta. Greba eszenako Forjarien kanta ere moldatu zuen eta beste batzuk sortu ditu antzezlanerako. Mirenen lana oso borobila izan zen Kotondarrak lanean, espazio handiagoa zuten kanten letrek eta lan sakona egin zuen. Gaztelaniara eta katalanera itzuli dugu eta jende askok azpimarratzen du amaierako kanta, kuriosoa da nola markatzen duten publikoa bere kantak. Kanta zahar bat hartu eta horren gainean errespetu guztiz beste bertsioa egitea ez da erraza. Forjarien kanta oso ezaguna da Euskal Herrian eta Jostunei adaptazioa egin zuen tentu, kariño eta errespetu handiz.

Miren Larrea eta Valentina Raposo Kottondarrak antzezlana egiten. | Argazkia: Txelu Angoitia.

Oraingo lana, Andereño, une konkretu batean kokatzen duzue, baina izan daiteke edozein leku eta une, munduan egon diren eta gaur egun ere dauden sarraskiak isla daitezke bertan. Zelakoa ari da izaten publikoaren harrera?

Sorkuntzan guretzat oso lotuta zegoen Errepublikako maistrei egin nahi genien omenaldi horrekin eta barku horietan ihesean ikusi genituen ume horiekin, gure aitite-amama izandakoak. Oso argi geneukan unibertsala izango zela eta bertako hainbat eszenatoki edo irudi unibertsalak zirela, baina bat batean udazkenean estreinatu zen eta Palestinan egiten ari diren sarraskia dugu buruan uneoro. Gainera, lanean hitz egiten dugu umeek duten bakerako eskubideaz, umea ez da etsaia eta eskenatoki gainean horretaz hitz egiten ari zara eta eszenatokira igotzen zaren ordu horretan presente egoten da eta hainbat istorio gurutzatzen dira. Valentina txiletarra izanda, Txilera eramaten du bere bizipena eta publikoan egon daitekeen edozein jatorrizko beste pertsona batek bere herrira ere eraman dezake. Oso hunkigarriak izaten ari dira emanaldiak. Umearen eskubide hori aldarrikatu nahi dugu: aske bizitzeko, hazteko, biolentziarik gabeko espazio batean garatzeko. Hausnarketa edo galdera hori sortu bada eta guzti hori transmititu bada, balio izan du lan guztiak. Andereño lanean ere umeen hezkuntza eta kulturarako eskubidea aldarrikatu nahi da helduek sortutako gerren aurrean.

Gauza guztiez hitz egin dezakegu haurrekin?

Guk uste dugu umeekin gauza guztiez hitz egin behar dela, modu zaindu eta ulergarrian. Gakoa, “nola azaldu” izango litzake, eta horretan datza antzezlan bat eraikitzea. Umea izanda, nola azalduko dizut hau zuri ere bai? Azkenaldian jende askok antzerkia edo arte eszenikoak entretenimenduan bakarrik jarri du eta izan daiteke hori ere bai, duda barik, baina gure ustez galderak sortarazi behar ditu. Umeek guztia ulertu behar dutela pentsatzen dugu nagusiok, eta gero guk antzezlanetan, poesian edo artean askotan ez dugu guztia ulertzen, baina zerbait mugiarazi du zure baitan. Guk umea helduari galdetzea nahi dugu eta ematen da. Antzerkia zerbait kolektiboa da. Umeek guk uste baino gehiago ulertzen dute, helduok are gehiago infantilizatzen ditugu, hitz egiteko forma bat sortzen dugu eurentzat eta umeek berez, badaukate txiki txikitatik poesia modu intrinsekoan. Zoragarria da umeentzat nagusiak hunkitzen ikustea. Antzokian antzezlana haur eta helduok konpartitzen dugun zerbait da eta umeek beraien mundutik ikusten ari direna badakite euren era eta mundura itzultzen. Batzuetan haurrentzat ez dela esaten dugunean, helduok horretaz hitz egin nahi ez dugulako izaten da eta zilegi da, baina guk uste dugu gerraren inguruan hitz egin behar dela Andereño lanean, edo Kotondarrak antzezlanean zergatik umeak bakarrik dauden etxean, amak milaka ordu ematen dituelako lanean kapitalismoaren funtzionamendua x delako.

Hala ere, zuen antzezlanak behin baino gehiagotan haurrentzako programazioetan kokatzen dituzte, zergatik uste duzue gertatzen dela hori?

Hor egon beharko litzateke kontzeptuen aldaketa bat, berdefinizioa. Ni txikitan Markeliñe ikustera esertzen nintzen, ni Zornotzarra naiz eta oraindik ez zegoen aretorik. Eta Markeliñek kaleko zeozer egiten zuenean guztiontzako egiten zuten, ume zein nagusi. Kalean zen eta ez dakit gogoratzen dudan zer kontatzen zuten, baina baditut eszena batzuk nire buruan grabatuta eta horren harira gaur egun arte eszenikoetan ari naiz lanean, horrek asko eragin zuen nire bizitzan. Aspaldi komikoak herrietara heltzen zirenean helduak eta txikiak joaten ziren elkarrekin, kontzeptu hori galdu da. Guk 5-6 urtetik aurrera jartzen dugu. Titereen antzerkia infantilizatua izan da aspalditik, baina behin baino gehiagotan ikusi dugu publiko helduarekin zein ondo funtzionatzen duen panpinen ilusioan sartzen direnean, umeekin eskutik helduta egiten dute bidaia.

Zuek izan dituzue emakume sortzaileen eredurik titereen munduan?

Gu Bartzelonara heldu ginenean erreferente gehienak gizonak ziren, gure irakaslea eta bere kintako denak. Baina gero barrurago begiratzen hasten zara eta guztiek zituzten emakumeak euren konpainietan, oso lan garrantzitsuak egiten, bai eskena gainean, zein behean. Baina betikoa, inbisibilizatuago zegoen, itzalean lanean. Baina gu emakumeak izanda beti emakume konpainiekin mugitu izan gara: Mimaya Teatro eta Trastán, esaterako.  Justo gure kintan atara ziren hainbat konpainia Bartzelonan emakumez osatuta zeudenak. Arte eszenikoetan ibilbide luzea egitea batzuetan ez da hain erreza, emakumeengan erori delako hainbeste karga eta horrek moztu izan ditu hainbat karrera. Baina egon badaude, bilatu behar dira. Askotan gizonek kontratatzen zituzten emakume pila bat, baina oso emakume gutxi ikusten genituen zuzendaritzan edo goiko esparruetan, animatu nahi ditugu emakumeak euren istorioak sortzera. Garrantzitsua da gure proiektu eta kontaketak eraikitzea, gure bizipenetatik, gure begiradatik.

Ze ekarpen egin nahiko zeniokete euskal kulturari zuen lanen bidez?

Sortzen ari garenean, hizkuntza gutxi erabili arren, beti daukagu arlo lokala oso presente. Iruditeria guztien hasiera hortik ematen delako, arlo lokaletik. Adibidez, kantak egitean Iurretako Linuaren penak abestea guretzat oso garrantzitsua izan da, beste lekuetan (espainiar estatu mailan) galdetu digutenean, oso polita izan da nondik datorren azaltzea eta orijinalak euskaraz direla azaltzea. Andereño istorioa gure herrian oinarrituta eta kokatuta dago, eta poesiarekin lotu dugu. Argi daukagu zerbait lokala ari garela egiten, eta hortik posible bada beste leku batera joatea eta hango publikoa ere identifikatzea ba itzel, lokala dena unibertsal bilakatu dela esan nahi du, lokal eta unibertsal izaten saiatzen gara aldi berean.

Era berean, sorkuntza niretzat beharra da eta sortzen bizi nahi dut. Andereño lana pendiente geneukan, hor zegoen kajoian itxoiten bueltaka, ume hauen istorioa kontatu nahi genuen modu ezberdin batean eta behar hori handituz joan zen. Bat batean kontatzeko prest geundela ikusi genuen orain publikoak esan beharko du ea kapazak izan garen. Beldur askorekin hasieran, baina egin dugu.  Guretzat artea espresatzeko modu bat da, guretzat garrantzitsua dena kontatzeko bidea. Istorioak eskaini nahi ditugu, guretzat beharrezkoak direnak, geure begietatik eta geure moduetatik, jendeari galderak sortzeko eta galdera eta bizipen hoiek elkarrekin partekatzeko.

Download PDF
Etiquetas: ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba