“Zaintzen oinarria ezin da emakumeen esplotazioa izan”
Malen Etxeako bazkide eta fundatzaile Silvia Carrizok azpimarratu du etxeko eta zaintza langile egoiliarrek ez dutela “grebarako eskubiderik”, eta ez dutela “ezer”. “Prekarietate” hori ikusarazteko, azaroaren 30ean grebarik ez egitea erabaki dute.
Malen hitzak emakume esan nahi du maputxe hizkuntzan. Beraz, Malen Etxeak emakumearen etxea esan nahi du. “Eskubideak defendatzeko antolatu beharraren ondorioz sortu zen”, azaldu du Silvia Carrizo Malen Etxeako bazkide eta fundatzaileak. “Izenak espazio propioa aldarrikatzeko beharrari egiten dio erreferentzia; gure ustez, leku propioa funtsezkoa da erresistentzia antolatzeko”. Emakumeen giza eskubideen urraketa salatzeko egiten dute lan: praxi eta kultura feminista indartuz, andreen aurkako indarkeria eta diskriminazio mota guztiak desagerraraztea dute helburu.
Elkartea emakume migratzaileek osatzen dute; gehienak etxeko eta zaintza langile egoiliarrak dira. Izan ere, euren ardatz nagusietako bat da etxeko eta zaintza langile egoiliarren erregimena desagerraraztea. “Hirugarren gradu iraunkor batean dauden emakumeak dira”, salatu du Carrizok. Zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatzen duten arren, Malen Etxeak eta emakume arrazializatuen, migratuen eta ijitoen beste hainbat elkartek Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitu duen greba feminista orokorrarekin bat ez egitea erabaki dute. Malen Etxeako bazkide eta fundatzaileak azaldu duenez, grebarako arrazoiekin bat egiten dute, baina agerian utzi nahi dute “sektore honetan ez dagoela eskubiderik langile jakin batzuentzat”.
Malen Etxea elkarteko bazkide gehienak etxeko eta zaintza langile egoiliarrak dira. Zein da haien egoera?
Hain zuzen, bazkideen %80-90 etxeko eta zaintza langile egoiliarrak dira. Izan ere, erregimen horretan dauden langile gehienak migratuak dira. Esplotazioan egiten dute lan: egunean 24 ordu egon behar dira prest enplegatzaileari erantzuteko. Azkenaldian, entzuten ari gara nola ari diren 37 orduko lanaldia aldarrikatzen, hori baita justizia soziala, bizi kalitatea eta bizitzaren antolaketa arduratsua. Baina, aldi berean, emakume migratuen bizitzetan eta gorputzetan oinarritzen den zaintza sistema oso bat dago, zeinetan emakumeek 24 orduz enplegatzaileen premien menpe egon behar duten.
Txosten bat argitaratu zenuten 2017an, eta bertan salatu zenuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia 10.000 emakumek ez dutela oinarrizko eskubide bat: askatasunerako eskubidea. Aldatu da zerbait?
Ez. Egoerak berdin jarraitzen du. Esango nuke are okerrera egin duela. Gizarte honentzat, erraza da etxeko eta zaintza langile egoiliarrekin sistemari eustea. Gurea bezalako elkarteek lan handia egin dute egoiliarren egoera mahai gainean jartzeko. Hau da, orain dela gutxi arte etxeko eta zaintza langileez bakarrik hitz egin da, era oso orokor batean. Adjektibo hau falta zen: egoiliarra. Hala ere, egoiliarren erregimenean dauden beharginez hitz egiten dugunean, gizarteak ez du ulertzen hirugarren gradu iraunkor batean dauden emakumeak direla: sexualitaterako eskubiderik ez duten emakumeak dira, bizitza oso baterako eskubiderik ez duten andreak, zinemara joateko eskubiderik ez dutenak, kafe bat hartzeko eskubiderik ez dutenak… Baimen eske bizi dira. Langile hauek emakume helduak dira. Mugitzeko askatasuna mugatua dute, pobreak eta atzerritarrak izate hutsagatik. Hau astakeria bat da.
Etxeetan mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten milaka eta milaka emakumeak ez dituzte kontuan hartzen, ez dute haien ekarpen ekonomikoa aztertzen
Nola eragiten du lan horrek emakumeen bizitzan?
Osasun mentala eta fisikoa kaltetzen ditu. Gainera, pertsonaren autoestimua hondatuz doa. Guk lan handia egiten dugu kideekin, borrokarako eta erresistentziarako grina hori manten dezaten. Alegia, burutik kendu behar ditugu ideia hauek: ez dugula ezertarako balio edota lan hau dela guri dagokiguna. Ez. Lan egin behar dugu; langile izateko eskubide hori asko aldarrikatzen dugu guk. Ez gara etorri euskal gizartearen bizitza konpontzera: lan egitera etorri gara. Edozein pertsonak bezala, lanerako eskubidea eta langile izateko eskubidea aldarrikatzen ditugu.
Zein garrantzia ematen dio gizarteak lan honi eta langile horiei?
Oso balio gutxi ematen dio. Zaintza lanen egoera aztertzen denean, politika publikoetatik zein ezkerreko eta eskuineko diskurtsoetatik, zaintza ekosistemez hitz egiten da, esperientzia pilotuez… Ados, primeran. Hala ere, etxe barruan gertatzen dena ez da aztertzen. Hau da, etxeetan mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten milaka eta milaka emakumeak ez dituzte kontuan hartzen, ez dute haien ekarpen ekonomikoa aztertzen, eta ez dute ikertzen sistemak ateratzen duen probetxua. Hori ez dute ikusi nahi.
Zergatik ez dute ikusi nahi? Nork irabazten du guzti horrekin?
Gobernuak, jakina. Oso erraza da. Mendekotasunerako laguntzek esplotazioa finantzatzen dute beti. Pertsona bat kontratatzean, osasun zaintzailearen lanbide-prestakuntza eskatzen diote, baina mendekotasunerako laguntza etxeko langilearen kontratuari esleitzen zaio. Beraz, familiak diru kopuru bat jasotzen du, langile egoiliar bat du eta, gainera, Estatuak esplotazio horren %40-50 finantzatzen dio. Hau da zainketen errealitatea, hau da zaintzen sistema.
Pandemiak mahai gainean jarri zuen zaintza lanen garrantzia. Nahikoa izan al zen etxeko eta zaintza langile egoiliarren erregimena salatzeko eta behargin horien egoera ikusarazteko?
Ez. Pandemiarekin ikasiko genuela pentsatu genuen, baina ez da horrela izan. Ez du aldaketarik ekarri. Behintzat, ez du espero genuen aldaketa ekarri. Izan ere, pandemiaren ondorioz, etxeko eta zaintza langile egoiliarren eskaria handitu da, jendeak beldurra hartu dielako zahar etxeei. Zaila da jakitea une honetan zenbat langile dauden erregimen horretan, baina Euskal Herrian milaka dira.
Zer egin behar da lan hori eta langile horiek ikusarazteko?
Uste dugu hori ikusarazteko modu ona dela grebarekin bat ez egitea. Eta leloa Grebarako eskubiderik gabe izan dadila. Agerian utzi nahi dugu sektore honetan ez dagoela eskubiderik langile jakin batzuentzat.
Bestalde, lan handia egin behar dugu. Feminismoak aldarrikatzen duen bezala, sistema publikoa, unibertsala eta komunitarioa nahi dugu. Sistema publikotzat zer ulertzen dugun garatuta daukagu jada. Unibertsalaren ideia ez dakit hain garatua dugun. Eta ez gara eztabaidatzen ari nola artikulatu komunitarioa. Horregatik, uste dut hortik hasi behar garela lanean. Langile egoiliarren erregimena nola desagerrarazi ere pentsatu beharra dago. Badakigu ez dela egun batetik bestera desagertu daitekeen zerbait, baina agenda politikoan jarri behar dugu zaintzen oinarria ezin dela emakumeen esplotazioa izan. Ezin dugu utzi putre funtsak zaintzen ekonomian sar daitezen, sartzen ari diren moduan. Ekonomia sozial eta solidarioa sustatu behar dugu, zaintza sistema komunitario batean pentsatuz, zeinetan langileak euren herrietan eta auzoetan antolatu ahal izango diren, eta zaintza antolatu ahal izango duten. Hori da sistema komunitario batean pentsatzea; gizarte eraldaketaren ikuspegi batekin, ekonomia sozial eta solidarioa ardatz hartuta.
Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko, Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista orokorrera deitu du azaroaren 30erako. Larunbatean esan zenuten zuek ez duzuela greba egingo. Zergatik?
Beharrezkoa ikusi dugulako modu bat bilatzea emakume migratzaileen lan prekarietatea ikusarazteko, baita emakume ijitoen bizitzen prekarietatea salatzeko ere. Funtsean, hori da gure arrazoia. Izan ere, grebarako zergatiak babesten ditugu, baina modu bat bilatu behar genuen egoera hori islatzeko. Hori dela eta, grebarekin bat ez egitea erabaki dugu. Guk ez dugu grebarako eskubiderik. Sektore honek ez dauka edozein sektorerentzat normala den eskubide hori. Gure sektoreak ez dauka eskubide hori, ezta kontraturik ere, ezta gutxieneko soldatarik ere. Ez dauka ezer.
Mugimendu Feministak Herri Akordioa aurkeztu zuen urriaren hasieran Hernanin. Bertan, hainbat aldarrikapen jaso dituzte, epe labur zein luzerako. Aldarrikapenetako bat da etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.
Hala da. Grebarekin bat egin ez dugun elkarte batzuek lanuztea ekarri duen prozesuaren parte izan gara, baina gero ez gara egon greba erabakitzeko prozesuan. Aldarrikapenak babesten ditugu: langile egoiliarren erregimena desagerraraztea, Atzerritartasun legea bertan behera uztea… Horietako aldarrikapen asko babesten ditugu. Esaten duguna zera da: sektore hau ikusarazteko, eskubiderik ez dugula islatu behar dugu. Eskubiderik ez duen sektorea da, ez du grebarako eskubiderik, ez du soldata dezenterik, ez du etxebizitzarako eskubiderik, ez du justizia sozialik…
Grebarekin bat egin ez dugun elkarte batzuek lanuztea ekarri duen prozesuaren parte izan gara, baina gero ez gara egon greba erabakitzeko prozesuan.
Herri Akordioan agertzen ez diren zein aldarrikapen dituzue zuek?
Langile egoiliarren erregimena desagerrarazteaz gain, erregularizazioa eskatzen dugu, gaueko lana aitortzea… Zaintzak ez daitezela neurtu Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren arabera. Oinarrizko errenta unibertsala. Prestazioak gizarte osoan orokortzea. Pentsio politikak errealitateetara egokitzea, batez ere, ijitoen errealitatera. Gure aldarrikapenek zerikusia dute osasun sisteman eta hezkuntzan aldaketak sustatzearekin. Hainbat kontu saihestu nahi ditugu horrela. Esaterako, segregazioa.
Ezin daiteke greba tresna baliagarria izan, hain justu, agerian uzteko langile askok ez dutela grebarako eskubiderik, ezta beste eskubiderik ere?
Greba eskubide bermatua da lana duenarentzat. Greba egingo duen jendeak bere eskubidea bermatua izango du, bere sindikatuak haren alde egingo du lan eta bakoitzak bere lan hitzarmena izango du. Eskubide hori bermatuta dago laneko sektore batzuentzat, baina ez guretzat. Inolako babesik izango ez duten emakume migratuei greba egitea eskatzea, ez dagokien ekintza bat egitea eskatzea da.
Zein izango litzateke tresna egokia?
Sozialki eraikitzen ez bada, ez da tresnarik egongo.
Etxeko eta zaintza langileen beste entitate batzuek, ordea, greba babestu beharra ikusi dute, tresna erabilgarria izan daitekeelako orain arte aintzat hartu ez diren subjektuak eta borrokak barne hartzen dituelako.
Elkarte bakoitzak askatasuna eta eskubidea du egoera interpretatzeko. Bakoitzak bere irakurketa politikoa egiten du. Malen Etxearen oinarriak kontuan hartuta, ulertu dugu gauza asko egin ditugula jada: kalera atera gara, Ez gaude denak, langile egoiliarrak falta dira oihukatu dugu, Martxoaren 8 bakoitzean mobilizatu gara… Hau da, gauza asko egin ditugu geure burua ikusarazteko; mozorrotuta ere atera gara kalera. Horregatik, oraingoan ezetz esan dugu.