‘Tupust’, bazterreko istorioak garatzeko plaza

‘Tupust’, bazterreko istorioak garatzeko plaza

Tupust kolektiboko kide dira Irati Eguren eta Ainara Azpiazu (Axpi) ilustratzaileak. “Tupustek saretu gaitu, galdetzeko, izan ez ditugun erreferenteak bilatzeko. Lan kontuez hitz egiteko eta kideen trebezia zein ahulguneetatik ikasteko txokoa da guretzat”.

20/12/2023

Ainara Azpiazuk ‘Zu’ libururako egindako lanaren zati bat.

Bazterretako istorioak garatzeko plaza bat behar zuten eta zer hobeto elkarrekin egitea baino. Ez zuten oso ondo jakin zertan gorpuztuko zen proiektua, baina biltzen hasi ziren eta hor jaio zen Tupust. Lehenengo bilera 2016an izan zen Donostian. Hortik aurrera, bileraz bilera, erabaki zuten taldea egituratu eta gutxienez liburu bat sortzea. Behin Irkus Zeberiok emandako euskal onomatopeien zerrenda batean oinarrituz, izena adostu zuten: “Tupust”, Euskal Herrian euskaraz ari diren emakumezko komikilariak badirela aldarrikatzeko, komikigintzan modu anitzak direla erakusteko eta orohar komikigintzan ezarritako eresu mainstreamarekin Tupust egitera zihoazela islatzeko.

Gaur egun, kolektiboko talde egonkorrean Irati Eguren, Ainara Azpiazu (Axpi), Maite Caballero, Paula Estebez, Maite Gurrutxaga, Loinaz Lekuona eta Maitane Gartziandia daude. Udazken honetan La Sinsorga kulturgune feministak antolatutako irakurketa txoko feministaren baitan lehen biak izan ziren eta taldearen ibilbideaz, egindako lanez eta komikigintzan emakumeen gorputzak adierazteko moduez aritu zitzaizkigun.

Ainara Axpiazu (Axpi) eta irati Eguren La Sinsorga Kulturgune Feministan.

Ainara Azpiazuren asmoa beti izan da bere errealitatea islatzea, baina berak umetan ezagutu zituen komikietan (Asterix, Tintin…), emakumearen presentzia oso urria zen eta mina sentitzen zuen emakumeak zelan adierazten zituzten ikustean. Irati Egurenentzat Tupust taldean sartzea komikiarekin harremantzeko modu bat izan zen, ilustrazioaren mundutik zetorren eta hor ere sentitzen zuen sarearen beharra, konpartitzeko eta babestuta sentitzeko. Bai Egurenek bai Axpik urteak zeramatzaten irakurtzen iraingarriak iruditzen zitzaizkien komikiak eta mundu ikuskera horri buelta eman nahi zioten. “Jendeak esaten zidan intimismoa zela, ea zergatik kontatzen nituen gauza horiek. Ez ziren gizon zuriak nire pertsonaiak, tira komikoa suposatzen da dela astean munduan gertatu denaren sintesia eta beti ziren gizon zuriak, ikuspegi mugatua mundua balitz bezala deskribatzen”, Axpik sentitzen zuen bere munduan gertatzen ziren gauza politiko asko ez zeudela hor islatuta.

Tupusteko kideek Alemaniako Spring Magazine kolektiboa ezagutzen zuten, talde lanari batasun estetikoa emateko gai baten inguruan tinta bitan lan egiten dutenak, eta eredu horri jarraitu diote argitaratu dituzten bi lanetan, Ni (2019) eta Zu (2021), baita 2024an argitaratuko duten Gu egiteko ere. Lehen lana Txalaparta argitaletxearekin argitaratu zuten eta bigarrena egiteko autoedizioaren bidea aukeratu zuten, prozesua hasieratik amaierara euren esku egotea ahalbidetu ziena. Beldurra ematen zien autoedizioak, argitaletxearen babesik gabe prozesu osoa egiteak, baina lehenengoa baino emaitza hobea izan zuten, jarraian saldu zen, bai aurresalmentan baita ondoren ere. Pausu hau ahalduntze ariketa garrantzitsua izan zen kolektiboarentzat, konturatu baitziren taldean bazirela hainbat esparrutan aditu eta arituak eta gai zirela liburu bat egitean hasieratik amaierara dauden pausu guztiak emateko.

‘Tupust’-eko kideek Alemaniako ‘Spring Magazine’ kolektiboa ezagutzen zuten eta eredu horri jarraitu diote argitaratu dituzten bi lanetan.

Esan bezala, Eguren ilustrazioaren mundutik dator, komikia egiteko bere zirrikitua izan da Tupust. Idazten eroso sentitzen ez denez komiki mutua egin zuen, bai Ni bai Zu liburuetan eta oraingoan ere, Gu lanean, bide bera jarraituko du. 2016an ama izan zen eta berarentzat zalantza handiz bizi izan duen esperientzia izan da, lehen aldia edo “pistinazoa”, Ni lana egin zutenean haurdun zegoen eta bide hori modu poetikoan islatu nahi izan zuen. Lehen aldia izan zuen amatasunean eta komikigintzan.  Zu atalean Mara alabari buruz idatzi zuen: “Nire gorputza zelan bere territorio zapalgarri eta ukigarri den, lurralde bilakatu nintzen berarentzat lehen bi urteetan”. Gorputza paisaia, oso iruditik eta poesiatik dauka lan honek, islatzeko ama izateak dakartzan ubeldu zein poztasunak.

‘Ni’ lana egin zutenean, Eguren haurdun zegoen eta bide hori modu poetikoan islatu nahi izan zuen.

Axpik bere ama zenaren inguruko istorioa sortu zuen Zu liburuan: “Etxekoandreak pertsonaia epikoak dira eta ez ditugu hala hartzen”. Usaimenaz aritu zen, urte horretan bertso txapelketa nagusiko gaietako bat izan zena; oso iradokitzailea iruditzen zitzaion, iraganeko oroitzapenak pizten dizkiolako. Istorioko etxekoandrea familiari janaria zerbitzatzen ari da, baina usaimenaren bidez garai bateko sorgin deitutako emakume jakintsuak eta inkisizioa ekartzen ditu gogora. Emakume horren nitasunaren atzean zenbat emakume dauden islatu nahi zuen: “Guak nigan dantzan”. Zu liburuan, ordea, lurra jarri du erdigunean, Euskal Herriko paisaiak, eta pertsonaia zu handi hartan murgiltzen da: “Nahi nuen gorputzarekin natura sentitzeko modu desberdinak islatu”, azaldu zigun Axpik.

Biek aipatu ziguten oso kontziente direla marrazten duten bitartean gorputz ereduak ere sortzen dituztela eta oso garrantzitsua dela hori presente izatea lanean aritzean. Eguren hasieran mugimendu feministarengandik ikasitakoa aplikatzen saiatzen zen, eta gorputz ez estereotipatuak sortzeari eta egunero ikusten ditugun gorputz horiek marrazteari arreta berezia jartzen zion. Gero pixkanaka berez ateratzen joan zitzaizkion. Axpik gaur egun gorpuzkera sendo samarrak egiten ditu eta aniztasuna islatzen saiatzen da. Bereziki erakargarri egiten zaio antiheroiak marraztea, atsoak, zelulitisa, gorputz errealak, estereotipo sexualizatuetan sartzen ez direnak edo errepresentatu nahi ez direnak, gorputzik gehienak horrelakoak izan arren: “Horretarako ere gara irudigile. Atso zahar purrustalaria oso pertsonaia polita da”. “Nire alaba Marak eta biok pila bat ipuin irakurtzen ditugu eta nahiz eta irudigile asko egon estereotipoekin apurtu nahi dutenak, oraindik ere oso urrun gaude. Ni saiatzen naiz tatxatzen “neska” eta “mutila” jartzen duenean eta “ume” esaten dut, baina oraindik asko dugu aldatzeko, eta eredu zabalagoak egiteko”.

Irati Egurenek ‘Zu’ libururako egindako lanaren zati bat.

Tupusten ziklo honi itxiera emango dion Gu lana labean dago eta udaberrirako ateratzea espero dute. Autoediziora joko dute berriro ere: taldean aritu dira, patxadaz, bakoitzaren erritmo eta beharrak kontuan izanda.  Egurenek eta Axpik egin dituzte jada euren lanak eta bertan zer ikusiko dugun aurreratu ziguten. Egurenek sei urte bete dituen alabaren eta bere arteko harreman horren jarraipena egin du itxiera emateko: “Nor da noren etxe orain eta nork behar du nor gehiago? Nik gero eta dependentzia handiagoa dut berekiko berak nirekiko baino, niri ematen dit bertigoa”. Axpi, ordea, animalien inguruan aritu da, gizaki eta animalien arteko harremanaz.

Egurenek saioaren amaieran azpimarratu zuen Tupust taldeak sarea eskaini ziola, babesa bai lan egiteko, bai ilustrazioaz eta komikigintzaz ikasteko, bai galderak egiteko. Arnasgunea, alegia. Axpik gehitu zuen mundu berriak erakutsi diozkiola, eta orain lagunduta sentitzen dela interesatzen zaizkion gaien inguruan aritzeko eta konturatu dela badagoela mundurik komiki historikoa, kolonialismoa, gizonaren goraipamena eta bestelako eredu horietatik harago: “Tupustek saretu gaitu, galdetzeko, izan ez ditugun erreferenteak bilatzeko, lan kontuez hitz egiteko eta kideen trebezia zein ahulguneetatik ikasteko txokoa da guretzat”.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba