“Tentsioan dagoen soka dira lortzen ditugun eskubideak eta ezin dugu soltatu”
2022ko azaroan Anari Alberdi Santestebanek bere estreinako liburua atera zuen: 'Gari eta goroldiozko narrazio poetikoa'. Anari izan zitekeen, baden eta ez den 50 urte inguruko emakume baten bidaia kontatzen du, paisaiaren irakurketa politikoa eginez, irakurlea poesiak eskatzen duen tempoan murgiltzera gonbidatuz eta formarekin jolastuz.
1997an abesten hasi zenetik sei diska kaleratu ondoren, 2022ko azaroan atera zuen Anari Alberdi Santestebanek bere estreinako liburua: Gari eta goroldiozko narrazio poetikoa. Anari izan zitekeen, baden eta ez den 50 urte inguruko emakume baten bidaia kontatzen du, paisaiaren irakurketa politikoa eginez, irakurlea poesiak eskatzen duen tempoan murgiltzera gonbidatuz eta formarekin jolastuz. “Mundua bere begiradaren trituradoratik pasa eta gero errealitatea irakurgai itzultzen digu”, Durangoko azokan 2022an egindako aurkezpenean Eider Rodriguez idazleak esan bezala.
Udazkenean La Sinsorga Kulturgune Feministako “loreen gela” jendez lepo izan genuen Anari Alberdik Irakurketa txoko feministan parte hartu zuenean. Borobilean eseri eta poesia-liburua ez den liburu honen barruan dagoen poesiaz, egia ez den baina erreala den edo erreala ez den baina egia den istorioaz eta liburuaren barruan eta kanpoan dauden Anari desberdinen ahotsez mintzatu ginen, baita bere kantuen unibertsoan ere ikusi izan ditugun hainbat leku, elementu eta gairen inguruan; horien artean, arrainak, piztiak, eskubideak, politika, amatasuna, mediumak, erlijioa eta Erriberri.
Gari eta Goroldiozko da liburuaren izenburua. Zein puntutan zara bata eta zeinetan bestea?
Seguru asko galdera horren bila idatzitako liburua da erantzuna, bere osotasunean. Esango nuke, eta liburuan horrela aipatzen da, ni goroldiozkoa naizela, familiaren alde horretako lekuan hazi naizelako. Garia oinordetzan jasotako paisaia bat bezala azaltzen da liburuan; baina arroztasunetik ulertzera doan bideak, uste dut buelta bat ematen diola hasieran pentsatzen duzunari.
Animaltasunaren presentzia handia ikusten da liburuan. Zure abestietan ere ikusi ditugu arrainak, piztiak, oreinak, baleak… Portadan animalia agertzen da ohikoa ez duen leku batean. Zer adierazi nahi izan zenuen horrekin?
Animalia tren geltokian dago, egia da, baina ez da erreala. Argazki bat azalean jartzeko gustatu baino gehiago egin behar zaizu, identifikazio bat egon behar da. Liburuan egiantzekotasunaren eta egiaren arteko jolasa egiten dut eta azaletik bertatik hasten da jolas hori. Posible da, baina ez da. Egia da, baina ez da erreala. Eta hori da liburuan dagoenari bide ematen dion markoa.
Liburuaren formarekin ere jolastu duzu. Narrazio poetikoa, eragiketa matematikoa, ugaltze aparatoaren inguruko hausnarketa, Google bilaketa bat eta bestelakoak sartu dituzu testuan. Zelan joan zinen kollage hori ehuntzen?
Gustora entzuten ditut irakurketa talde batean formaren aldeko hitzak. Jende askok aipatu dit irakurtzen hasi zirenean narrazio lineala espero zutela, baina arrainen testura heltzean badela zailtasun bat irakurtzerako orduan, oso ohituta gaudelako narrazio lineal horietara. Hori esaten didatenei erantzuten diet idazteko ere zaila izan zela. Tempo poetikoa eskatu dit idazteak eta irakurtzeak ere hori eskatzen du: gelditzea. Alde batetik, arazo bat neukan: neuzkan distantzia desberdineko testuak, batzuk oso intimoak eta beste batzuk ez hain intimoak. Hori dana lotuko zuen istorioa erreala behar nuen, egia ez zena. Edo aldrebes: egitako istorio bat erreala ez dena. Hori kostatu zitzaidan gehien. Bidaia hori ez da existitzen nire bizitzan, baina bidaia hori egia da. Niretzat errazena zen testuak testuen atzean jartzea, abestiekin bezala, baina ni oso kontzeptuala naiz, diskoetan ere, behar dut lotura edo koherentzia eta niretzat koherentzia zen zintzotasuna testu batetik bestera joaterakoan. Abestiekin konparatuta, esango nuke abesti bat sortzea dela eraikin bat sortzea, bertikala, eta niretzat liburu bat idaztea horizontala da, paisaia bat, neurri gabea. Ez nekien liburu bat zen ala ez; Eider Rodriguezi eta Iñigo Aranbarri idazle eta lagunei galdetu eta baietz esan zidaten.
Abestiekin konparatuta, esango nuke abesti bat sortzea dela eraikin bat sortzea, bertikala, eta niretzat liburu bat idaztea horizontala da.
Kapa asko ditu testu honen irakurketak, bizitzaren zimurren barruan dagoena erakusten diguzu, gainazalean ikusten ez dena. Zer baloratzen duzu zuk testu bat irakurtzen duzunean? Zeintzuk lan izan dituzu oinarri liburu hau idazterakoan?
Nik uste dut munduari begiratzeko eran paisaiaren interpretazio politiko edo antropologikoa garrantzitsua dela. Eta formarekin jolastea. Behin ezagutu nuen Alejandro Zambraren liburu bat, Faksimil (2014), Txileko selektibitateko galderen formarekin jolastuz idatzita dagoena. Hemen antzekoa egin ahalko litzateke lehengo EGAko atariko proben lau aukerekin. Horrek eman zidan bidea, Google bilaketa hori testuan sartzeko.
Eta gero Poeta chileno (2020) nobela zoragarria ere. Beste gauza bat neukan idatzia, etorkinek garatzen dituzten hiru gaixotasunei buruzkoa. Hezurretako mina da bat eta imaginatzen duzu dela erauzitako arbola batek sentitzen duena jaioterritik askatzean eta ez, da guk nahi ez ditugun lanak egiten dituztelako, gogorrenak. Gero dago Ulisesen sindromea eta hirugarrena saturnismoa. Hirugarren horren esanahiak dezepzionatu ninduenez idatzi nuen: “Esanahiaren arruntasunak dezepzionatu egin ninduenez, ez dut idatziko”. Orduan, pentsatu nuen: “hau nork esan du? Zein Anarik?”. Poeta chileno (2020) eleberrian behin egiten du horrelako komentario bat narratzaileak eta horrek zabaldu zidan bidea esaldi hori liburuan uzteko.
Paisaiaren presentzia handia dago testuan, paisaia elementu politiko bezala. Zeintzuk paisaia izan dira zuretzat esanguratsu zure ikuspegi politikoa garatzeko?
Alde batetik, esango nuke ematen didala klabeetako bat Erriberriko paisaia horren oinordetzan jasotako herentzia horrek, gure aiton-amonen generazioan, Gerra Zibilean eta Errepublika garaian, horko garaipenetako bat izan zen lurrak banatzea jendearen artean. Eta orain Bonduellek eta halako markek holako lursail amaigabeak dituzte eta berriro ere latifundio bezala dago. Liburuan esaten dut “diferituan galdutako gerra bat” dela bertakoentzat. Esango nuke paisaia horrek bai eman zidala alerta bat paisaia analizatzeko orduan. Gu gatoz Lizardi eta tradizio horretatik: itsasoa, pagoa, paisaia poetiko horretatik eta beharrezkoa ikusi nuen intentzio politiko poetiko soziopolitiko soziopoetikoa. Horri begiratzean ere ez dut ikusten mendi ederrik baizik eta eolikoak edota eukaliptoa. Euskal Herria euskararen herri bezala ikusten dut, zazpi probintziekin eta horren kontziente idatzi eta politizatu dut paisaia, Nafarroa ez da paisaia exotikoa, baizik eta Euskal Herirko paisaia. Nik Erriberriko herentzia hori dena ez nuen euskaraz jaso, nere bertako familiak ez dakielako euskaraz, orain badaude gazte pila bat Tafallako ikastolan ikasitakoak eta kristona da euskarak egin duen bidea.
Atzeraka doan manifestazioa ere irudikatu duzu. Protagonista autobusean dago atzeraka eserita eta manifestazio bat ikusten du kristalaren beste aldean, bere kontrako norantzan oinez. Une batean ez daki autobusa mugitzen ari den edo jendea, baina iruditzen zaio jendea atzeraka ari dela ibiltzen. Zer adierazi nahi zenuen eszena horretan egiten duzun jokoaren bidez?
Familia nuklearraren aldeko manifestazio bat, ez dakit zenbat pertsona homosexualen eskubideen aurkako manifa batean Parisen edo Ferrazekoa atzeraka doazen manifestazioak dira. Manifestazioak aurreratzeko gauza bezala ikusi dira, baina batzuetan ez da horrela. Hor egin nuen efektu bat autobusarekin: geldi zaudenean eta bestea mugitzen hasten denean eta ez dakizu nor ari den mugitzen. Jolas hori aprobetxatu nuen, baina asmoa zen horrelakoak islatzea. Bai feminismoan, bai migranteen edo homosexualen eskubideen alde borrokatzean, badirudi eskubideak lortzen dituzula. Baina goma tenso bat dago eta ezin dugu soltatu, tensatutako soka izango dira eskubide horiek. Ez duzu imaginatzen aurrera doan gizarte batean jaioko direla atzera bueltatzearen aldeko manifestazioak egingo dituztenak.
Gure aiton-amonen generazioan, Gerra Zibilean eta Errepublika garaian, horko garaipenetako bat izan zen lurrak banatzea jendearen artean.
Mediuma ere agertzen da une batean. Epilogoa abestian ere ikusten dugu irudi hori. Gai politikoetan sartzen ez den mediuma, noski. Zer islatzen dute zuretzat mediumek?
Abestian azaltzen den mediumak hemen esplikatu dudana gordetzen zuen atzean. Prejuizio bat da esango dudana, seguro, baina epilogoaren diskoa eliza bateko abesti batekin hasten zen. Nik 52 urte ditut eta hazi naiz kuartoan kruzifijo bat gainean izanda, generazio berrientzat zientzia fikzioa dena. Ni konfesatu egin naiz, abade baten kabinan sartu, bekatuak asmatu eta hor hazi gara. Hori superatu genuen dekostrukzio politiko baten bidez, gure aurreko generazioak hori dekonstruitu zuen. Niretzat dago dagoena, lurra naiz, zero esoterikoa. Inguruan ikusten dut jende asko bere bizitzaren zenbait erantzun bilatu dituena karta astralean. Nire barnean lotzen dut despolitizazio batekin, eta agian ez da egia, ezagutzen dut ni baino politizatuagoa den jendea eta honetan sinesten duena. Lo que hay (2022) liburua irakurri dut, Sara Torresena eta aipatzen du hogei urteko batekin liatuz gero zein puntutan dauden astrologiaren menpe. Nirea dator nire esperientziatik, erilijioaren eraiste neurtutik. Beste bide batzuk ikusten ditut, eta errespetuz tratatzen ditut, baina ez ditut ulertzen. Medium bati galdetu ahal diozu: nork hil zituen Lasa eta Zabala? Mediuma bada mugitu dezala hor zerbait. Liburuan mediumak esaten dio gazteari, “Ez, ni politikan ez naiz sartzen”. Edadea esaten zaio horri, gauza bat bizi, pentsatu bide batetik goazela eta badirudi ezetz. Hori dena dago niretzat mediumaren atzean eta badakit mindu dala bat baino gehiago gai honekin. Baina errespetatzen dudala bakoitzak aukeratu dituen ihes egiteko moduak, Epilogoa kantan esaten dudan bezala, bakoitzak behar du behar duena.
Ugaltze-aparatuari ere eskaini diozu kapitulua.
Zor nion “Amua” abestia sortu eta gero amatasunari beste modu batean amaiera eman. Saiaketa hau ere baita forma aldetik jokoa, nere alferrikako organo bat gehiago bezala analizatuz ugaltze-aparatua. Desdramatizatzen dut, nik horrela bizi dudalako orain. Kritika bat dago, nik esaten dut ez daukadala argi; hau da, argi daukat ez dudala inoiz ezetz erabaki, ez erabakitzea ez dela ezezko bat. Nire kasuan ez da egon egun bat erabaki hori hartu dudana eta listo. Ez erabakitzeak eraman nau bide horretara. Neretzat testu hori zen amuaren kontrako ispilu bezalakoa. Bitalki amatasuna gertatzen zaizu lehen hain modan jartzen diren modazko hitz horietako bezala “sorpasoa”, amaren ama izatera bilakatzen zarenean. Badago adin bat mamografía bat egin eta ez diodula zure amari esaten, babesten duzu zutaz eta pasatzen zara beste aldera, berak bai esaten dizu gertatzen zaion dena. Hori interesgarria iruditu zitzaidan, amatasuna bi gauza direlako: amak eta alabak, zenbat literatura hain on idatzi den horren inguruan, ebatzi ezin den erlazioa.
Ama-alaben erlazioak oso konplikatuak dira, edo izan daitezke, inongo drama edo arazo handirik tartean egon gabe ere.
Eta zelakoa da erlazio hori?
Konplexua. Ama-alaben erlazioak oso konplikatuak dira, edo izan daitezke, inongo drama edo arazo handirik tartean egon gabe ere; existentziaren konplikazioa, esango nuke. Liburuan amaren erlazioa soka zahar baten irudiarekin lotzen dut, uste dut pasarte horretan hobeto esplikatzen dela ama- alaben arteko erlazioa. “Amua” idatzi nuenean inguruan lagunak nituen aborto bat beste baten atzean eta “lagunak ditut etsiraino jota borrokan jaio nahi ez duten umeen kontra” esaldia sortu nuen horrela bizi nuelako une hartan. Abesti hori egin nuen Zebra (2005) diskaren garaian eta ez nintzen abesteko kapaza izan Irla izan diska (2009) atera arte. Orain lasai hitz egiten dut, baina bizitzaren gai konplikatua da. Orain izebatasunari egingo diot abestia.