“Antropologia oso akuilu ona da biologiaren ustezko objektibitatea eraikia dela demostratzeko”
Miren Guilló Arakistain antropologo eta ikasketa feministetan doktoreak 'Sangre y Resistencia, (Odola eta Erresistentzia, Bellaterra Ediciones, 2023) liburua kaleratu berri du. Berarekin adostutako hitzorduan hilerokoari bakarrik ez, beste hainbat gaiei heldu die: genero sistemari, arau bitarrari, kontsumo gizarteari eta praktika erresistenteei, besteak beste.
Mina, odola, zikloa… Asko esan daiteke hilerokoaz eta urteek aurrera egin ahala, gero eta toki gehiago hartzen ari da gaia. Baina badago antropologo bat, hilekoa akuilu hartuta hamar urteko ikerketa prozesu bat aurrera eraman duena, doktore tesi bat idatzi duena eta orain liburu bat argitaratu duena, azpimarratzen duena bere lana ez dela hilerokoari buruz. Ez zaio arrazoirik falta. Sangre y Resistencia (Odola eta Erresistentzia, Bellaterra Ediciones, 2023) liburua aitzakia hartuta kazetariarekin adostutako hitzorduan hilerokoari bakarrik ez, beste hainbat gaiei heldu die Miren Guilló Arakistain antropologo eta ikasketa feministetan doktoreak: genero sistemari, arau bitarrari, kontsumo gizarteari, praktika erresistenteei… Eta horrela osatu du hain intimo eta tabutzat jo den afera batetik abiatuta gaur egungo gizarte egiturei buruzko erradiografia xehe bat.
Sangre y Resistencia du izena liburuak, eta hilerokoa bada hari eroalea. Orduan, zergatik azpimarratu duzu hainbatetan ez dela hilerokoari buruzko liburu bat?
Ez da ez zaidala beharrezkoa eta interesgarria iruditzen, kontrakoa, baina nire ikergaia ez da hilerokoarekiko bizipenei buruzkoa, edo behintzat horri buruzkoa bakarrik. Ni une konkretu batean hasi nintzenean gai hau ikertzen 2008 eta 2009 artean, orduan ari nintzen hilerokoaren berrizendapenei buruz hausnartzen, eta hilekoari buruz aritzeko abiapuntu oso diferenteak zeudela konturatu nintzen, baita gai diferenteei buruz hitz egiteko balio zuela ere. Eta ohartu nintzen hilerokoari buruz hitz egiten zuten proposamen feminista horiek hitz egiten zutela gure kulturetan gorputzak, generoak, subjektu feministak, kontsumo gizarteak… esan dezakeen horri guztiari buruz eta horren denen eztabaida kritikoez. Gizarteko askotariko eztabaida material eta kulturaletara eramaten ninduen gaiak, eta antropologian askotan egiten den moduan, gai oso zehatz bat hautatu eta hortik gai orokorragoetara joan naiz ni ere. Beraz, aitzakia edo hari moduan interesatzen zait gaia beste auzi guztiak lantzeko, eta batez ere, une horretan gertatzen ari ziren aldaketa kultural eta sozialak lantzeko. Jakina, hilerokoa oso presente dago, eszenatokia da, baina ikergaia ez da hori. Hara non, “kasualitatez” gai konkretu batzuekin erredukzionismoa gertatzen da: unibertsaltzat hartzen ez diren gaiak dira, androzentrikoak ez direnak, exotikotzat hartutakoak, edo ertzetan daudenak. Horregatik uste dut erronka bat dela aldarrikatzea hilerokoaren ikerketa kritikoak deitzen zaion eremua oso anitza eta oso zabala dela, eta ezin dela murriztera jo.
2008an gaiari buruz hausnartzen hasi, 2010an tesia abiatu, 2020an doktore lana aurkeztu eta 2023an argitaratu duzu liburua. Nolakoa da hain arnas luzeko ikerketa prozesu bat egitea? Eta zein dira ikusi dituzun aldaketa nagusiak?
Ikerketek haien bizitza propioa hartzen dute, eta niri gertatu zitzaidan une batean hasi nintzela arreta jartzen proposamen hauen atzean zein praktika eta diskurtso feminista zeuden: osasunari eta kontsumoari buruzkoak, estrategia politiko eta estetikoak… urte gutxitan aldaketa asko izan dira, gorakada eta dibertsifikazioa egon da, eta antropologo bezala aldaketa horiei begiratzen aritu naiz. Bestalde, norberaren ibilbideak ere ez dira linealak, ezta ikerketa ibilbideak ere, beraz nire kasuan beste bizi proiektu, ikerketa lerro eta irakaskuntzarekin batera joan da hau ere. Joan etorri horiek aberastu dute ikerketa, eta ikergai desberdinen artean egon diren zeharkako gaiek ere bai.
“Odolaren kudeaketari lotutako teknologiak aztertuta bakarrik ikus daiteke nolako aldaketak egon diren feminismoaren eta kontsumo gizartearen arloan, esaterako”.
Aldaketei dagokienez, hainbat ageri dira liburuan. Teknologia feministetan esaterako adierazgarria da: duela 15 edo 10 urte zeuden iragarkiak eta gaur egungoak erabat diferenteak dira, eta bestelako dispositiboak are gehiago sozializatu dira: kopa lehen ez zuen jendeak horrenbeste ezagutzen. Baina era berean, merkatuak bere egin ditu feminismoaren diskurtsoak, korporazio handiak hasi dira dispositibo alternatibo horiek bereganatzen… odolaren kudeaketari lotutako teknologiak aztertuta bakarrik ikus daiteke nolako aldaketak egon diren feminismoaren eta kontsumo gizartearen arloan, esaterako.
Egin duzun hautu metodologikoak, gorputz ibilbideenak, eman dizu aldaketa horiek haragitzeko aukera.
Ikerlanean aldaketak erakusteko modua izan da gorputz-ibilbideena. Gorputz-etnografiaren marko teorikoaren barruan kokatzen naiz, eta Mari Luz Estebanen gorputz-ibilbideen lanean oinarritzen naiz batez ere. Baliagarria da pertsona horien gorputz praktika eta esperientzietan enfasia jartzea, ikusteko denboran zehar pertsona horiek bizitzarekiko eta gaiarekiko esperientzia nola aldatu duten. Subjektua kolektiboekin harremanean jartzeko modu bat da, bere marko sozialean kokatzeko. Subjektibitatea eta gizarte egituraren artean kontakizun bat osatzean datza.
“Interesatzen zitzaidan hilerokoa nola ikertu den, nolako diskurtso feministak egon diren, tabuak eduki duen bilakaera…”.
Lehen berriemaileak 2009-2011 inguruan kontaktatu nituen, eta denbora honetan une batean edo bestean elkarrizketatu ditut. Niretzat oso aberatsa da eszenak kontatzen dituztelako, eta eszena horiek gauza asko azaltzen dituztelako, hitzez harago. Bukaeran oso garrantzitsua izan zen haiekin dena irakurtzea. Gauza batzuk kendu ditut anonimotasunagatik, beste batzuetan hala gelditu da, baina parte hartzaileek sarri ohar egin dute, iritzia aldatu dutela edo. Gorputz-ibilbideek aukera ematen dute ikusteko testuinguruaren aldaketak nolako eragina izan duen subjektuarengan eta alderantziz. Jakina, esker ona daukat haiekiko, oso ariketa eskuzabala izan baita.
Lehenengo kapitulua antropologia feministaren eta osasunaren antropologiaren genealogia mardul bat da. Oro har tesiak modu akademikoan idazteko eta mundu akademikoan geratzeko arriskua dute, zuk liburu eskuragarriago batean eskaini duzu hori. Zergatik da baliagarria?
Tesi bat liburu batera eramateko prozesuan inportantea da ingurukoen begirada ere edukitzea, bata eta bestea ez direlako gauza bera. Kasu honetan oreka bat bilatu behar izan dut; nola kontatu modu arinago batean, eta era berean niretzat garrantzitsuak diren oinarri teoriko batzuk nola mantendu. Liburuak aukera ematen du norberaren interesen arabera kapitulu batetik bestera joateko, non gogoeta teorikoak emaitza enpirikoekin uztartzen diren, eta egia da lehenbiziko kapitulua teorikoa dela. Niretzat, ordea, oso garrantzitsua zen iraganeko ekarpenak jasotzea gaur egun gertatzen diren hainbat gauza ulertzeko. Beraz, interesatzen zitzaidan hilerokoa nola ikertu den, nolako diskurtso feministak egon diren, tabuak eduki duen bilakaera… Eta gero inportantea zen osasunaren aktibismo feministen genealogia egitea ere, horiek izan baitira ikuspegi biomedikoari erresistentzia jarri diotenak. Egungo gorputz politikak ulertzeko, gaurko garaia ulertu behar da, ados, baina iragana oso aberatsa izan daiteke eta eguneratu behar da, bai, baina garrantzitsua da presente edukitzea. Memoria sozialen beharraren aldarrikapen bat ere bada.
Liburuak segidan jasotzen ditu osasunari buruzko eta sexu-genero sistemari buruzko kapituluak. Niri neroniri, hileroko min handirako osasun etxean eman izan dizkidaten bi soluzio dira hormonen pilulak hartzea edo haurdun geratzea. Alegia, erabateko lotura duela hilerokoak medikalizazoarekin eta sexu-genero sisitema bitarrarekin.
Oinarrizko galdera da zergatik ez diren ikertzen minak, zergatik ez diren ematen beste aukera batzuk, zergatik farmazeutikei ez zaien interesatzen… Horregatik da garrantzitsua hitz egitea biomedikuntzaren paradigmei eta desberdinkeriei buruz. Frankismoko eskuliburu ginekologikoak aztertuta, oso gogorra da ikustea nola onartzen den emakumeek mina eduki behar dutela edo gaixo gisa agertzen diren. Ez dira hainbeste urte pasatu, eta nahiz eta osasun sisteman askotariko praktika pluralak dauden eta profesional feministak ere badauden, biomedikuntzaren paradigmak gutxi ikertu ditu gorputz batzuen minak. Are gutxiago hilekoarekin lotura dutenak. Ez ikertzearena erabat lotuta dago gure genero sistemarekin. Aldi berean honek guztiak zerikusia du baliabideen banaketa desorekatuarekin. Gu hemen ari gara gainmedikazioaz hizketan, baina beste toki batzuetan ez dute sendagaietara sarbiderik. Egia da azken urteetan dismenorreen eta endometriosien gaineko ikerketa gehiago egin direla eta politika publikoak ere abian jartzen ari direla, pobrezia menstruala, hezkuntza menstruala eta abarren inguruan. Hobeto edo okerrago, baina hasi dira. Horrekin itxaropentsu nago, nahiz eta halakoetarako ere garai ilunak diren, neoliberalismoaren, eskuinaren gorakadaren eta feminismoaren kontrako ofentsibengatik.
Bestalde, interesgarria da mina eta berau bizitzeko diskurtsoak nola aniztu diren. Endometriosiari buruzko elkarteen kanpainek argi diote: mina ez da zerbait normala. Badaude beste diskurtso batzuk mina modu positiboago batean bizitzeko, eta hori ere hala da, negatibotzat bizi den zerbaitek beti duelako karga bat, baina, esan dudan bezala, garrantzitsua da ardura hori norbanakoarena soilik ez izatea. Bizi gara sistema kapitalista batean non gorputz produktiboak izan behar garen eta beti ekoizten egon behar garen, eta ikuspegi neoliberalek ere horretara garamatzate: norberak bere gorputzaren, ongizatearen eta osasunaren ardura indibiduala hartzera, eta gainera kontsumoaren bidez lortuko dugula sinestarazten digute. Horregatik niretzako garrantzitsua da uneoro egituraren perspektiba ez galtzea: bereziki ingurugiro, lan baldintzen eta desberdinkerien pisua ilundu gabe. Gorputz guztiak aldakorrak dira, bizitzak une desberdinak ditu eta ekonomia feministak ere hala ohartarazi digu.
Sektore batzuetan polemika sortu da gorputz menstruanteak kontzeptuaren erabilerarekin, hilekoa duten subjektuetaz aritzeko. Zuk ere erabili duzu…
Esango nuke polemika ez dagoela horrenbeste hilekoa aztertzen dutenen artean, baizik eta egungo testuinguruan binarismoaren gainean ematen ari diren beste zenbait eztabaidatan. Hilekoaren ikerketa kritikoetan aspalditik datoz ziszentrismoaren gogoetak, eta hilekoa lantzeko proposamenetan ere azken hamarkadan areagotu dira gogoeta horiek: ulertzen da emakume askok ez dutela hilerokorik hainbat arrazoiengatik, hilekoa duten trans pertsonak eta ez bitarrak daudela… Hilekoa emakume zis gehienek bizitzako une batzuetan duten zerbait da eta hori loturik dago ondoriozko estigmarekin eta desberdinkerien testuinguru batekin. Baina, gure mendebaldeko iruditerian emakume guztiek beti, eta soilik emakumeek, hilerokoa dutenaren kontakizuna gailendu da, nahiz eta bai materialki, bai bizipenen aldetik eta baita maila identitarioan zein praktikoan askoz anitzagoa izan. Zikloaren biologiari begiratuta, agerikoa da zeinen aldakorra den eta zein nolako aniztasuna erakusten duen. Arauak dibertsitatea ezkutatzen du, eta antropologia oso akuilu ona da demostratzeko biologiaren ustezko objektibitatea eraikia dela. Beraz errealitatearen konplexutasuna erakusten saiatu naiz liburuan zehar.
Zeharka, baina etengabe ateratzen ari da klase begirada: lehen osasungintzari kritika alternatiboa egiten zioten gailuak estandarizatu eta dispositibo huts bezala merkaturatzen dira, denek ez dituzte baliabide berak minari aurre egiteko —ez pilula aldetik, eta ezta norbera zaintzeko denbora aldetik ere—, korporazio handiek diskurtso feministak bereganatu dituzte salerosketarako…
Egia da kontsumoan eta kontsumo eskaintzan aldaketa handia gertatu dela, baina niretzat oinarrizkoa da esatea hori gertatu dela aldarri feministen ondorioz ere. Borroka guzti horien ondorioz lortzen da korporazio handi batek kopa bat egitea. Ez hori bilatuz, baina horren ondorioa da, halaxe funtzionatzen dute hegemoniek. Alternatibak sortzea ere ezinbestekoa da, horrek egiten duelako osasun sistema aldatzea, eta nik horri balio handia ematen diot. Baina niretzat garrantzitsua da begirada ez galtzea: nola kontsumo gizarteak kooptatu duen eta gainera diskurtso feminista bat erabiltzen duen, nahiz bitartean etxegabeek, kartzeletan daudenek, geopolitiken ondorioz pobreturiko herrialdeetako pertsonek… ezin dituzten oinarrizko dispositiboak ere eduki beraien odolaren kudeaketarako. Aplikazio menstrualak dira beste adibide bat: norberaren autoezagutzaren izenean aplikazio horiek datu pila bat eskuratzen dituzte, eta kasu askotan hirugarrenei saltzen dizkiete: batzuetan ikerketak egiteko, nahiz eta ez dakigun ongi nolakoa den datu horien erabilera; besteetan, korporazio handientzako dira, kontsumo profilak sortzeko. Oinarria, ordea, norberak bere zikloaren kontrola edukitzeko dispositibo edo egutegi fisiko feministak ziren. Osasunarekin berdin. Osasunarekiko diskurtso alternatibo benetan interesgarriak daude, baina horrez gain neoliberalismoak exijitzen diguna da norbera bere ongizatearen kargu izateko, desberdinkeria sozialak areagotzen diren bitartean. Testuinguru horretan, niretzat kalitatezko osasungintza sistema publikoa exijitzea ezinbesteko erronka da.
Sumatu dut liburuak baduela atzeko teloi bat guztia biltzen duena. Azken urteetan bizi-bizi dago borroka identitario eta materialen arteko bereizketa eta eztabaida nahiz eta feminismoetatik askotan aldarrikatu biak elkarrekin aztertu behar direla. Bi bulkada horien artean aritu zara zu liburu osoan zehar. Nahita?
Ez ditut ulertzen bi gauzak banatuta, baizik eta gai batek eduki ditzakeen dimentsio desberdinak moduan, elkarreraginean. Antropologiak berak, adibidez, gizartea eta genero sistema ulertzeko aintzat hartzen ditu maila materiala, egiturazkoa eta sinbolikoa, preseski dikotomia hori oso mendebaldekoa delako, eta desberdinkeria sozialak begiratzeko begirada konplexuak eta pluralak behar direlako, klase begirada barne. Eta nik ere egiten dut ahalegina gauzak bere osotasunean aztertzeko.
“Hilekoaren kasuan ere badago nazkaren birjabetze hori”.
Subertsioa ere landu duzu, eta nazkaz eta plazeraz ari zara.
Afektuen teorietatik abiatuta landu ditut biak. Nazkarekin hastearren, interesgarria iruditzen zitzaidan ikustea nola proposamen batzuk birjabetzen diren nazkaz. Gorputz sozialaren ikuspegitik oso adierazgarria da ikustea zer sortzen duen hilerokoaren odolak eta horrek zein harreman duen genero sistemarekin. Eta nazka interesatzen zait banaketa bidegabe baten begiradatik: edertasun kanonak, gorputzak, arrazismoa, adina, heteroaraua… zapalkuntza diferenteekin lotuta dagoen prozesu bat da. Historikoki, nazka askotan erabili dute botere taldeek, azpiratutako horiek gutxiesteko. Adibidez, talde subalternoen kasuan naturaltzat hartu dira edo naturalizatu dira zikintasunari buruzko ideiak. Beraz, askotariko gorputz politika feministetan egiten den bezala, hilekoaren kasuan ere badago nazkaren birjabetze hori, eta aurrera eramandako ekintzak eztabaidagai izan dira. Haserrea, nekea, nazka… izan daitezke pizgarri bat transformazio politikorako. Eta hainbat adibide jartzen ditut liburuan, baina gero badator galdera bat: zein izan daiteke subertsiboa eta zein baldintza eman behar dira subertsiorako? Zer dugu transgresoretzat eta noiz bihurtzen da eraldatzailea?
Plazerari dagokionez, nik gaia landua nuen beste ikerketa batzuetan, afektu moduan politizazio prozesuetan duen lekua. Beraz, lan honetan, transkripzioetara jo nuen berriro, ez zehazki plazerari buruz zer esaten zuten jakiteko —ikerketa ez baita horri buruz—, baizik eta askotariko gaiei buruz hitz egiten didatenean plazera non dagoen ikusteko. Errepikatzen direnak ekarri ditut testura: gorputzaren autogestioren plazera, ezagutzen eraikuntza kolektiboa sortzearen plazera, eta subertsioak eragin dezakeen plazera. Alegia, plazera, beste afektu asko bezala, izan daiteke eraldaketa sozialerako bide bat.