“Estatuei dagokie indarkeriagatiko zorra ordaintzea”
Sexualitateari buruzko heziketa integralarekin lotura duen oro hezkuntza-sistematik ezabatzea lortu dute El Salvadorreko eskubideen aurkako taldeek, Vilma Vaqueranok, ORMUSA erakundeko emakumeen aurkako indarkeriaren behatokiko arduradunak, azaldu digunez.
Itzulpena: BELAXE KOOP. E.
Artikulua gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Indarkeria feminizida, fisikoa eta psikologikoa; indarkeria sexuala; familia barrukoa; soziala, eta ondarearen alorrekoa. Zazpi indarkeria-mota horiek ari da aztertzen Bakearen aldeko El Salvadorreko Emakumeen Erakundea (ORMUSA) 2006az geroztik. Emakumeen aurkako Indarkeriaren Behatokiko talde finkoko zortzi kideen burua da Vilma Vaquerano. Serioa du aurpegiera, ondo neurtuta erabiltzen ditu hitzak, eta lasaia du ahotsa. Hedabideak aztertzen ditu, ikerketa-lana egiten du, eta datu bila aritzen da erakundeetan, El Salvadorreko emakumeen aurkako indarkeriaren nondik norakoak zehaztearren. «Oso garrantzitsua da, indarkeria-adierazpen guztien irakurketa integrala egiteko eta legea zenbateraino betetzen den argitzeko», azaldu digu Vaqueranok.
Komunikazioan eta Kazetaritzan lizentziatua da Vilma, eta Komunikazioaren Kudeaketa Estrategikoan aditua; generoaren gaineko beste zenbait ikasketaren artean, hezkuntza ez-sexistako graduondokoa egin zuen. Hogeita zazpi urteko esperientzia profesionala du Vaqueranok —horietatik 17, ORMUSAn— alor hauetan: garapenerako komunikazioa, behatokien diseinua eta ikerketa- zein informazio-kanpainen prestaketa. Berriki Euskal Herrian egon da, Bakerako Lankidetza Batzarrak (ACPPk) gonbidatuta. ORMUSArekin lankidetzan diharduen erakundeetako bat da ACPP, emakumeen lidergoa indartzen, indarkeria prebenitzen eta indarkeria jasan duten emakumeei laguntzen.
Estatuak bere gain hartzen ez duen alor batean ari zarete lanean…
Erakunde feminista da ORMUSA, eta 38 urte daramatza emakumeen eskubideen alde borrokan eta emakumeen ahalak indartzen. Halaber, erreferentzia gara indarkeria pairatu duten zenbait emakumerentzat. Gure eginkizuna: genero-ikuspegiz hornitzea tokiko gobernuen udal-politikak, emakumeen beharren araberakoak izan daitezen.
Ia lau hamarkada daramazue lanean… Zergatik da beharrezkoa oraindik ere zuen jarduna?
Nire iritziz, funtsezkoa da erakunde feministen lana, emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak plazaratzeko, emakumeak ahalduntzeko eta, indarkeriaren prebentzio-eredu ekologiko bat abiapuntu hartuta, zer arreta-zerbitzu dituzten erabilgarri jakinarazteko. Bestalde, erreferentzia gara beste emakume batzuentzat ere, bakarrik senti ez daitezen: laguntza psikologikoa edo legala ematen diegu, bai prozesu judizialetan, bai indarkeria jasaten dutenean. Estatuko funtzionarioei dagokienez, berriz, laguntza teknikoa eskaintzen diegu, indarkeriaren irakurketa berezitua egiteko —generoaren araberakoa— eta, ahal dugun neurrian, erakunde publikoak eta tokikoak sendotzeko.
Eredu ekologikoa?
Esan nahi du aintzat hartzen dituztela emakumeen aurkako indarkeria eragin dezaketen alderdi guztiak —badagoen (ala ez) osasun-zerbitzurik, badagoen (ala ez) erakunde espezializatu eta sentikorrik…—, bai eta biktimen arretaz gain indarkeriaren prebentzioa, zehapena, ikerketa eta ordaina ere xede duten neurriak ere. Bestalde, indibiduala izan behar du ordainak (biktima bakoitza izan behar du kontuan), baina baita kolektiboa ere, estatuek behar diren neurriak aldez aurretik har ditzaten, halakorik berriro gerta ez dadin. Beraz, Belem do Paráko Konbentzioko zenbait kontzeptu berreskuratu behar ditugu; besteak beste, behar den prestasunez eskaintzea arreta emakumeei. Erasotzaile eta biktima bakoitza nola artatu adierazten dute kontzeptu horiek, eta alderdi sozialak ere kontuan hartu behar dira. Erakundeok behin eta berriro azpimarratzen dugu identifikatu egin behar direla bortxaketaren edo indarkeriaren kultura hori eta horren inguruko elementu guztiak, indarkeria edo bortxaketa legitimatzen eta justifikatzen dutenak eta, azken batean, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko bidea oztopatzen dutenak.
ORMUSAn lankide duzun Silvia Juárezek El Salvadorreko Alharaca hedabidean salatu duenez, «itxi egin dira indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko zenbait programa, eta gutxitu egin da beste batzuen aurrekontua; esate baterako, Ciudad Mujer programarena». Haren iritzian, emakumeak eta gizarte zibila «ari dira arduratzen berez Estatuari dagokion eginkizun horretaz, hots, El Salvadorreko emakumeen eskubideak bermatzeaz».
Erakunde guztiok aldarrikatzen dugu Estatuaren politiketan genero-ikuspegia aplikatzea. Horretarako, baina, emakumeen beharren eta berezitasunen araberako aurrekontuak onartu behar dira, indarkeriarik gabeko bizimodua bermatzen duen lege berezi eta integrala betearazi egin behar da, eta indartu lege horri jarraikiz sortutako zerbitzu instituzionalak; besteak beste, unitate espezializatuak eta udaletakoak. Halaber, emakumeen eskakizunak ase egin behar dira: indarkeriarik egon bada, arreta eman behar zaie; prebentzio- eta ordain-neurriak hartu behar dira… Estatuei dagokie neurri horiek hartzea, eta ez dituzte hartzen. Indarkeria-ekintzaren bat izaten denean, garrantzizkoena erasotzailea zigortzea da; baina, ez hori bakarrik, baita emakumeei eragindako kalteen ordaina bermatzen duten proiektuak eta jarduerak sustatzea ere. Behar diren neurriak hartu behar dituzte estatuek, indarkeria-ekintza gehiago izan ez dadin eta emakumeek euren bizi-proiektua sendotu edo sortu ahal dezaten, indarkeria jasan ondoren.
Baina, Nayib Bukeleren gobernuak murriztu egin al ditu alor horretako politikak eta aurrekontua?
Aurrekontuei dagokienez, ezin dizut erantzun, ez baitago informazio publiko askorik emakumeentzako programak edo zerbitzuak identifikatzeko. Oztopo dezente dago informazioa eskuratzeko. Programen gainean ere ez da dibulgazio-lan handirik egiten; hori dela eta, ez dut informaziorik. Komeni da, bestalde, etengabe egitea gomendioak programa guztiak bermatzeko, hau da, Indarkeriarik gabeko Bizitza baten aldeko Lege Berezi Integralaren eta Berdintasun Legaren arabera Estatuak eskaini behar dituenak.
Diozunez, ordainarena da gairik zailenetako bat.
Zaila da, ezen, esleitzen diren baliabideekin ez ezik, beste zerbaitekin ere lotura duelako, elementu tradizional batekin: justiziaren gaineko ikuspegiarekin, alegia. Normalean, honela ikusten da justiziaren prozesua: norbaitek bortxatu bazaitu, bortxatzailea atxilotuko dugu, eta zigortu, baina hortxe geratuko da dena. Ez da aztertzen kalteturik egon den, zer zerbitzu eskaini behar zaizkion kaltetuari, indarkeria-mota horrek eskola uztera behartu ote duen biktima, edo enplegu bat lortzeko aukerak uxatu dizkion… Bestalde, laguntza psikologiko eta legaleko zerbitzuak ere eskaini behar dira, egindako kaltearen ordaina jasotzeko baliabideak jarri (ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia abiapuntu harturik), euren bizitzak berregiteko aukera eman behar zaie indarkeriaren biktima izan diren emakumeei, edo bizi-proiektu bati ekiteko baliabideak eskaini: kredituak, hezkuntza-bekak, etxebizitza eta abar.
Egin al da aurrera ordainaren bidean?
Zaila da bidea, bai ikuspegiagatik, bai justizia errestauratibora jotzeko tradizio ezagatik; izan ere, indarkeriazko ekintzak zigortzea da ohitura.
Silvia Juárezek dioskunez, 60 urte egin du atzera sexu-heziketak El Salvadorren, Estatuaren eta erlijio-egituren arteko loturak direla medio.
Erakundeok behin eta berriro adierazi dugu sexualitatearen gaineko hezkuntza integral bat instituzionalizatzeko beharra. Inoiz ez da egon sexualitatea ikaskuntza-programetan txertaturik, baina ahaleginak egin izan dira, batez ere irakasleak trebatzeko, heziketa-programa batzuetan zeharkako ikuspegia ezartzeko… Dena dela, ez da egon sexualitatearen hezkuntza integrala instituzionalizatzeko prozesurik. Oro har, nazioarteko lankidetzak eta erakundeenak bultzatu izan dituzte instituzionalizazioa lortzeko ekintzak, bai Hezkuntza Idazkaritzari bai zuzenean biztanleriari (eskolatuari zein eskolatu gabeari) aurkeztuz. 2022ko urriaz geroztik, ordea, egin da ahaleginik hezkuntza-programetatik sexualitatearen heziketa integrala ezabatzeko, eta negatiboa gerta daiteke jokabide hori. Aurrera egin da neska nerabeen artean haurdunaldi-zifrak gutxitzeko ekinean, baina bere horretan dirau arazoak; garrantzizkoena da ahalik eta gehien atzeratzea neskatoak eta nerabeak haurdun geratzeko adina, eta hezkuntzak zeregin horretan duen esku-hartzea aztertzea. Erakundeok etengabe gogorarazi nahi izan dugu emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eredu integralek, biktimak artatzeaz ez ezik, beste zerbaitez ere arduratu behar dutela, indarkeria legitimatzen duten eredu kultural guztiak aldatzeaz.
Zergatik aipatu duzu 2022ko urria? Zer gertatu zen?
Telebista publikoan hezkuntza-programa batzuk ematen hasi, eta protestari ekin zioten eskubideen aurkako zenbait taldek: hezkuntza-programetan genero-ideologia —termino hori erabiliko dut— ari zirela txertatzen salatu zuten. Horrela hasi zen hezkuntza-programetatik sexualitatearen heziketa integrala ezabatzeko ahalegina.
Alegia, aurrerapenak aldatzeko edo atzerapausoak emanarazteko ahalmena dute presio-talde horiek…
Bai, badago halako atzerako mugimendu bat. Eta aipagarriena da Hego Amerikan sortu zela mugimendu hori: Twitterreko mezuak, aipatutako programak kentzeko presio-mezuak…, Hego Amerikako taldeek bultzatzen zituzten. Bistakoa da, beraz, nazioartean hedatutako taldeak direla, eta ondo antolatuta egiten dietela presio estatuei, gure gizarteentzat hain oinarrizkoak diren eduki horiek ezaba ditzaten.
Eliza jakin batez ari zarete?
Ez, ez behintzat oraingo honetan; batez ere eskubideen aurkako taldeak aritu ziren presio egiten. Iraganean, Elizak gogor egin zuen presio, sexualitatearen gaineko hezkuntza integraleko programa guztiak (Hezkuntza Ministerioak ezarriak) erretira zitzaten, eta bere horretan jarraitzen du egun ere. Aurkari, desinformazio eta aurreiritzi ugari dago mugimendu feministaren eta genero-berdintasuna indartzeko ahaleginen inguruan.
Abortua despenalizatzeko borroka izan da El Salvadorreko mugimendu feministaren ekimen ezagunena nazioartean. Zertan da arazoa gaur egun?
Lau arrazoiri jarraikiz haurdunaldiaren etena despenalizatzeko zenbait proposamen egin dira; baina, hamar urte eta gero, artxibatu egin dira ekimen horiek guztiak. Izan ere, edozein dela ere agintean dagoen indar politikoa, alderdiek ez dute begi onez ikusten abortuaren despenalizazioa, hauteskundeetan galerak eragingo dizkien gai bat dela uste baitute: feministen aldarrikapen batzuk boto gutxiago jasotzea edo irudi ona galtzea eragingo diela deritzote. Gaur egun, ez dago inongo aukerarik haurdunaldiaren etena eztabaidatzeko, eta nahita egindako abortu oro zigortu egiten du legeak. Haurdunaldia eteteko arrazoi batzuk bertan behera utzi zirenetik (1996an edo), ez da batere aldatu kode penala.
Bien bitartean, espetxean daude zenbait emakume…
Bai, oraindik ere kartzelan daude zenbait emakume. Emaitza onak ekarri zituzten emakume batzuk askatzearen eta indultuaren alde Colectiva Feministak antolatutako kanpainak eta bestelako ekimen batzuek, baina oraindik ere espetxean jarraitzen dute zenbait emakumek. Giza Eskubideen Amerika Arteko Auzitegiak epai bat plazaratu zuen Beatrizen kasua zela eta. Mugarri moduko bat izan zen kasu hura, garbi erakutsi baitzien herritar guztiei ondorio larriak dakarzkiela emakumeei ez ezik osasun-sistemei ere abortuaren erabateko penalizazioak, haurdunaldia eteteko eskubiderik ezak. Garrantzizkoena, berriz, hauxe da: abortuaren inguruan dauden aurreiritziak eta estigmatizazioa aztertzea (eragindako abortua edo berezkoa izan), eskubideen ikuspegitik begiratzea, baina osasunari eragiten dioten alderdiak ere aintzat hartuta. Izan ere, emakumeen osasunari kalte egin diezaioketen zenbait egoera izan behar dira kontuan: desnutrizioa, osasun-zerbitzuak erabiltzeko aukerarik eza, adina, ezjakintasuna eta abar.