Ikusezina ber bi2

Ikusezina ber bi2

30 bat urte behar izan ditut bisexual izendatzeko eta bide batez nire gorputz lodia (apur bat) maitatzeko. Ez dakit zer etorri den lehenengo baina elkarrekin etorri direla ziur.

28/02/2024

Ahots Lejardi Plaza. / Argazkia: Utzia

Tamaina bikoitza dut, edozein festatan arrakasta izaten duten Bi horien doblekoa.
Baina ez nauzue ikusten.
Bibolloa naiz, eta noski, bi bollo jaten irudikatzen nauzue, gorda on bat bezala.
Baina ez nauzue ikusten.
Ligatzen nago, dantzatzen, desiratzen, desiratua izaten, gozatzen eta bizitzen.
Baina ez nauzue ikusten.

Ze arraroa…

EHUN KILO HAUEK OKUPATZEN DUTEN GUZTIAREKIN ZEINEN LEKU GUTXI HARTZEN DUTEN!

Gauza batzuetarako gutxi,
besteetarako gehiegi,
antza,
inon ezin kabituta nabil eta.

Txaleko bisexualean ezin kabituta nabil.
Ez omen dago nire neurrikorik.
Ez dut neurria ematen Bi izateko.
Bi izateak ez du neurria ematen.

Ezin kabituta nabil txalekoan, kuadrillan, transmari(?)bollo mugimenduan, norman eta sis(zis)teman.

Behia, elefantea, txerria, foka eta balea naiz, hori esan didate beti. Gauza asko naiz, hori badakit, bisexuala naiz, baina aldi berean ez naiz inor, ez naiz Tinderreko Unikornioa, lodia naiz.

Nik, ordea, karakol baten antza hartzen diot neure buruari. Oskolean sartuta, barrurako, hauskor, zapaldua izateko beldurrez, zapaldua izanez. Hori bai, eguzki izpiekin suspertuz, aurrera, astiro, oooooso astiro, baina abante! Hain astiro 30 bat urte behar izan ditudala bisexual izendatzeko eta bide batez nire gorputz lodia (apur bat) maitatzeko. Ez dakit zer etorri den lehenengo baina elkarrekin etorri direla ziur.

Denbora askotxo tardatu dudala pentsa daiteke, zer nahi duzue esatea, ez da nire errua izan. Behinola GORDA deitu zidaten txikitan, oso txikitan, eta ordutik ez nuen gorputzik ere izan nahi, eta izan gabe, ezin izan/esan. Harrezkero, ez nau inork ikusi, ez banaiz, ez naiz. Ikusiezina egin naiz (naute, nauzue). Ikusezina ber BI2.

Baina hara, hainbeste urteren ostean, orain ez dut nahi gordeleku hau utzi, nire oskola, nire gorputza, nire etxea, nire aterpea. Gainean daramat eta BiZi egin nahi dut. Nire erritmoan, geldiro-geldiro, lodiok dena egiten dugun moduan, karakolek bezala; baina bizi. Ez dut gogorik kapitalismoaren erritmo azkar eta produktiboetara egokitzeko ere, astiro noa eta nator, etxea gainean hartuta. “Bideak ez leku, eta ez lekuak etxe”. Ez dakit praktikan nola gauzatzen den lelo polit hori, baina ezlekuetan mugitu naiz beti, gauza batengatik edo besteagatik edota gauza batengatik eta besteagatik, baina geraleku bat aukeratu badut, hauxe izango da, nire etxea:

nire gorputz lodia.

bia.

Eta ezingo dut txalekoa jantzi, (ez ditudan) lagun bi horiek identifika nazaten; ez dut nahi molde horretan sartu, apurtu egin nahi dut.

Kuadrillan lagunek pentsatuko dute bisexuala naizela ligatzen ez dudalako, lodia izanda, aukera gehiago izatearren…Nire gorputzak gainez egiten die, beti egin die.

Transmaribollo asanblean nire kideek esango dute bi izanda ez dudala heteroaraua zalantzan jartzen…Nire mitxelinek beraien ziurtasun guztiak kolokan jartzen dituzten artean.

Eta nire loditasunean beti hain eroso sentiarazi nauten nire lagun bollerek barre egingo didate bi izendatzegatik…Gure bizitzak inoren espektatibak betetzeko bizitzen ez ditugula aldarrikatzen gauden artean.

Dena kontran izango dut (edo dena kontraesan), orain arte bezala, baina dagoeneko ez dut kontorsionismorik egiteko asmorik nirekin batera hazten ez diren lekuetan kabitzeko. Nire Bi ipurmasailak ez dira kabitzen norman, eta ez dut kabitzerik nahi. Ez du inork aukeratuko zein den nire lekua, dagoeneko nik aukeratu dudalako, eta hauxe da, NI NEU NAIZ nire lekua, eta barkamen eta baimenik eskatu gabe, geratzeko nator.

NI NEU NAIZ.
Eta gauza asko naiz.
Baina ez naiz biziosa
ez naiz promiskua
ez naiz desleiala
ez naiz balizkoa
Eta ez banaiz,
banaizelako da.
LODIA.

 

 

Heteroarauak jarri ditu emakume bisexualen gainean izendapen horiek, bisexual batzuei, kabitzen direnei, ez niri. Ez dakit zer den niregan kabitzen ez dena, emakumetasuna edo (bi)sexualitatea; edozein kasutan lodia izateagatik izango da. Karga horietatik libratu naiz, edo pribilegio horietatik beharbada.

Baina beste hauetatik ez naiz eskapatu, eta eskerrak:

 

 

Aldakorra naiz
Zalantzatia naiz
Nahasia naiz
Kontraesana naiz
Intentsa naiz
eta
batez ere
batez ere
batez ere
MUTANTEA naiz.

Mutazio honekin gehiago lotzen da nire
gorputz izugarri eta munstrotikoa.
Ba zer nahi duzue esatea,
zeinen polita den
mutatzea!

 

Ahots Lejardi Plazari Bizi Bisexualitatea proiekturako egindako elkarrizketa.
Oharra: Bizi. Bisexualitatea eta Euskal Komunitatea fanzinerako idatzitako testua: http://zinegoak.com/EU/bizi/
Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba