Korrika badator… harrotu gaitezen!
Frikitzat gaituztenei azaldu ezinezko kontu bat da. Zirrara konpartitu bat. Zerbaiten parte izan eta egitearen poza. Martxoaren 8an edo azaroaren 30eko greban nekearen nekez etxera itzuli eta sare sozialetan bertze herrietan (edo zurean, jada ikusia baduzu ere) zer egin duten konpultsiboki begiratzea bezalakoa, adibidez.
Ahalduntzeak ezinbertzez gorputz-ekintza izan behar duela idatzi zuen Mari Luz Esteban jainkosak Antropología del cuerpo liburuan (2013, Bellaterra). Badu antropologo eta idazleak halako ahalmen iragarle bat, mugimendu feministaren hurrengo borrokak zein izanen diren asmatzekoa —argitaletxe berarekin 2011n kaleratutako Crítica del pensamiento amoroso errebelazio bat izan zen—; edo Amelingo txirulariarena, bertzela —irakurketa batzuek badute halako aktibazio gaitasun bat, oraindik ere, eta zorionez—. Gustatzen zait nola egiten duen hori dena xume, gainera, hala unibertsitate arloan nola sorkuntzan: bere jakintza eta gaitasuna hanpatu gabe. [Eta hala eginen balu? Emakumeoi egozten zaigun ezaugarrietako bat goresten hasi naiz oharkabe: apaltasunarena. Ez nuen horri buruz hitz egin nahi, dena den].
Ahalduntzeaz ari nintzen. Eta gorputz ekintzez. Badira urte batzuk kirol jarduerei gustua hartu niela, eta urtero saiatzen naiz, orain, bertze emakume batzuekin kirol-opor-planen bat antolatzen, uda aldera: hainbat egunetako mendi zeharkaldiren bat, bizikleta ibilbideren bat behar-beharrezkoak baino ez diren trasteak bazterreko zakutoetan sartuta. Leku eta jende berriak ezagutzeak ez ezik, emakumeok elkarrekin halako kirol erronka bat pentsatu, antolatu eta bururatzeak betetzen nau: egin egin dezakegula ikusteak, eta harekin gozatzeak.
Norbere urratsa ez litzateke posible sare baten babesik (txalorik, animorik, zilegitasunik) gabe.
Estebanek errandakoa da hau ere —ez naiz oroitzen liburuan dagoen ala ez—: ahalduntzea taldekoa izan behar dela ezinbertzez. Bakarrik egiteak ez lukeela zentzurik, edo ez horrenbertze. Pertsonala politikoa den arren politika taldean egiten baita; irabaztearen poza ez bailitzateke konpartitua, bertzela; eta norbere urratsa ez litzatekeelako posible sare baten babesik (txalorik, animorik, zilegitasunik) gabe. [Azken esaldiak nire baratzekoak dira, ustez —baina badakizue dena asmatuta dagoela—].
Zirrara konpartituak
Kirola egitearen bertze aitzakietako bat Korrikarena da, noski. Zenbat aldiz ez ote diogun gure buruari erran hemendik bi urtera baietz: “Entrenatuago etorriko naiz, bai edo bai!”. Buruarengatik balitz ibilbide osoa eginen baikenuke, egun eta gau, etenik gabe, martxoaren 14tik 24ra Irundik Baionara Euskal Herriko zazpi lurraldeen geografia marraztuta —eta gero errekuperatzeko garagardo fresko batzuk eta nork daki—. 2.700 kilometro, ez gutiago eta ez gehiago.
Frikitzat gaituztenei azaldu ezinezko kontu bat da. Zirrara konpartitu bat. Zerbaiten parte izan eta egitearen poza.
Baina gorputzak ezin du, eta horren ordezkagarri ia gauza bera egiten dugu baina baimenduko diguzuen tranpa batekin. Badira urte batzuk Korrikaren gibeletik ematen dugula asteburu bat, furgoneta propioan, eta lekukoa non, gu han. Herri eta ordu (guretzat) galduetan bada hobe, erran gabe doa. Asteburua bukatuta, zuzenekoa jarri ordenagailuan: [nori bururatu zitzaion ideia zoragarri hori?] gosaldu Korrikarekin, insomnioa areagotu Korrikarekin, bestondoko depresioa konpondu Korrikarekin, lanean despistatu Korrikarekin, egin negar elurragatik.
Frikitzat gaituztenei azaldu ezinezko kontu bat da. Zirrara konpartitu bat. Zerbaiten parte izan eta egitearen poza. Martxoaren 8an edo azaroaren 30eko greban nekearen nekez etxera itzuli eta sare sozialetan bertze herrietan (edo zurean, jada ikusia baduzu ere) zer egin duten konpultsiboki begiratzea bezalakoa, adibidez.
Kamiseta more bat
Aurten Azterketak Euskaraz kolektiboa izanen da omendua, zioen titularrak. BERRIAko argazki artxiboan lan egiteko pribilegioari minutu batzuk kendu dizkiot eta han dago; han nago: 2011ko apirilak 5, Baionako Bernat Etxepare lizeo zaharreko gaineko plazan (Gaskoien plaza du izena, paradoxikoki; ala elkartasunez?), Baxoa euskaraz dioen pankarta baten ondoan, Bordeleko errektoreari idatzitako gutun bat La Posteko gutunontzian sartzen, Orhi Barroso ikaskidearekin batera. Hortzetako aparatua eta kamiseta more marradun bat, garai hartako borroka estilo nabarmenean (Art zapata moreak oinetan, badakizue zein). Artean oraindik ez genituen hain famatu egin diren tixerta berdeak: hortik urte batera sortu genuen bat, gure ikaskide baten siluetari frantses bandera batek ahoa tapatzen ziona. Erradikalegia iruditu zitzaien batzuei, eta oraintxe konturatu naiz zentsuratu egin zigutela! Ikurrina koloreko boligrafo batekin idazten du siluetak kamisetan (nire memorian bertzea dago). Ba hori: ez zuen arrakastarik izan. Kolore berdeak bakarrik segitu zuen, eta lelo argiak.
Ikasle mugimendua izan da anitzentzat lehen militantzia esparrua, irakasleen botere –erraietan– injustuaren aurka errebelatzeko tresna; Seaskan irakasleak gure alde zeudenez (irakasleen gelan fotokopiatzen genuen lizeoko aldizkaria) feminismora eta euskalgintzara bideratu genuena, guk. Orduan ez nekien, baina Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek (Trikua esnatu da, 2019, Lisipe) erakutsiko zidaten gero funtsean gauza bera direla.
Bitxia da: argazkiak lotsa ematen dit (ez dizuet inondik ere erakutsiko) eta aldi berean harro sentitzen naiz. Oso harro.
“Ez harrotu”
Hala erraten ziguten zarata gehiegi ateratzen genuen umeoi –neskoi?–, helduek. Harrotzea espantuka ibiltzearen sinonimo baita; ez bakarrik fier izatearena, baizik eta hori hantustez erakustearena; are, beharbada norbere buruaz pozik egon gabe ere –edo ez du zertan–. Jarrera bat, finean. Gugandik espero den neurritasunaren [apaltasunaren, noski] aurkakoa.
Ez diezaiegun utzi, elkartzea bera transgresorea den garaiotan, elkarrekin laster egitearen plazera debekatzen: ezin dute-eta. Korrika badator… goza dezagun, eta harrotu gaitezen.
“Abanikoa jarrera kontua da, performancea, eta Señorak bilatzen du. Nire ustez, performance mamarratxo apur bat falta zaio bertsolaritzari”, zioen Oihana Arana bertsolari eta idazleak Mikel Elkoroberezibar Beloki kazetariak BERRIAn Señora bertso egunaz egin zion elkarrizketan. Gehi zekiokeen euskaldunari; euskalduntasunari.
Agian ez zen hori AEK-k buruan zuena, baina utzidazue istant batez harrotzen, ez da nire estiloa-eta. Euskararen kontrako epaiak hor egonen dira gero ere, administrazioak frantses segituko du Ipar Euskal Herria Frantzia den artean, eta abar luze bat. Baina ez diezaiegun utzi, elkartzea bera transgresorea den garaiotan, elkarrekin laster egitearen plazera debekatzen: ezin dute-eta. Korrika badator… goza dezagun, eta harrotu gaitezen.
Errepidean ikusiko dugu elkar.