Motozerrak eta flekilloak ∞.0
Artikulu honen izenburua izan zitekeen 'Su zelai bat gorputzean' edo 'Gorputza jarri eta larrutu dituzte'. Gogoratu naiz, ordea, orain zazpi urte atzera Klitto agerkari digital feministan idatzitako artikulu batez, non salatzen nuen emakume politikari zenbaitek beraien itxuragatik indarkeria jasan zutela. Ohartu naiz 'Motozerrak eta flekilloak' artikulu horrek ez duela gaurkotasunik galdu.
Ia obsesiboki artikulu honi titulua bilatzen daramat hiruzpalau egun, aurreko astean Eusko Legebiltzarreko bozen harira hainbat hautagai emakumek jasandako indarkeriari hitzak bilatu nahi izan nizkion moduan. “Arrazakeria” irakurtzen nuen. “Matxismoa” entzuten nuen. “Faxismoa” salatzen zen. Eta, bai, jakina, EH Bilduko zerrendetako emakumeak aurkeztu ostean X sare sozialean egon diren erasoak erabat arrazista eta misoginoak izan dira, azal kolore, ile kopuru, adin, jatorri eta beste hamaika aitzakiaren atzean egiturazkoak diren dominazio sistemak birsortuz etengabe. Baina, eraso horien jatorria esfera publikoan eta eremu politikoan urrats bat aurrera eman duten emakumeen aurka egin da, eta, beraz, oinarri politikoa duen indarkeriaz hitz egin beharko genuke, biolentzia politikoaz, alegia. Horregatik, artikulu honen izenburua izan zitekeen Su zelai bat gorputzean edo Gorputza jarri eta larrutu dituzte. Gogoratu naiz, ordea, orain zazpi urte atzera Klitto agerkari digital feministan idatzitako artikulu batez, non salatzen nuen emakume politikari zenbaitek beraien itxuragatik indarkeria jasan zutela. Eta hemerotekan begira, asko direnez adibideak, ohartu naiz Motozerrak eta flekilloak artikulu horrek ez duela gaurkotasunik galdu eta gertatu dela 2.0 bat, 3.0, 4.0… eta horrela enegarrenez ailegatu direla aurreko asteko erasoak.
Prest al daude alderdiak lehen lerroan jartzeko pausua eman duten emakumeei sostengua —sinbolikoa eta materiala— emateko? Eta guk, kaleko iritzi emaileok, zenbateraino exijitu ahal diegu gorputza jar dezaten? Zenbateko babesa emateko prest gaude feministok?
Legebiltzarrerako azken hiru hauteskundeak kontuan hartuta inoizko lehendakarigai emakume gutxien dauden bozen testuinguruan jazo dira erasook. Eta, aldi beran, azken hamabi urteetan nabarmen hartu dute espazioa aldarri feministek, alderdi gehienek gizonezko lehendakarigai bat jartzea auzitan jartzeraino. Feminista askok egin diegu galdera: “Gaurko egunak kontuan hartuta eta feminismoari ustez abegikor begiratuta, nolaz irudikatu duzue bide luzea opa zaion politikari belaunaldi berri baten buru gizonezko bat?”. Arazoa ez baita –edo ez behintzat nagusia- hauteskunde puntual batzuen zerrendaburua gizonezkoa izatea. Azken bi legebiltzarreko bozetan, esaterako, ezker subiranistak eta sozialistek emakumeak baitzituzten hautagai nagusi, eta orain egin dute aldaketa. Eztabaidatu daiteke, halaber, lidergo partekatuez, eta nola bideratu duten hori EH Bildukoek hautagai garrantzitsuen boterea partekatzeko inguruan politikari feministak goi postuetan proposatuta. Kontua da alderdi nagusiek belaunaldi berri bat irudikatu nahi izan dutela, epe luzerako bidea egiteko prestatuta daudela argudiatuta, eta horren irudi ezagunenak gizonezkoak direla, politikaren maskulinizazioaren iruditeria hegemonikoa iraunaraziz. Eta horrek arrangura sortu duela jakinda ere, galdera pare bat datozkit burura: eskaini al diote emakumeren bati lehendakarigai joateko? Eta eskaini badiote… patriarkatuarekin lotura duen zein arrazoik eragotzi du azkenean baiezko hori? Are gehiago, zerrendaren amaieran doazen andre horiek jasandako eraso etengabeak ikusita, prest al daude alderdiak lehen lerroan jartzeko pausua eman duten emakumeei sostengua —sinbolikoa eta materiala— emateko? Eta guk, kaleko iritzi emaileok, zenbateraino exijitu ahal diegu gorputza jar dezaten? Zenbateko babesa emateko prest gaude feministok?
Izan ere gogoratzen naiz 2017ko artikulu horretan Maddalen Iriarteren flekilloari buruzko irainak zirela abiapuntua, artean EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaile zela. Eta testu berean aipatzen nuela Maria Solana Nafarroako Gobernuko garaiko bozeramaileari beste politikari kontserbadore batek esan ziola “itxuraz ederra zela”. Eta keinu sinbolikoak egon, egon ziren, asko emakume politikarien arteko elkartasunean oinarrituta, gainera. Baina ez ari ote garen gutxiesten etengabeko jazarpen hori, sentsazio hori ere badut. Begira bestela Irene Monteroren aurkako lintxamendua zenbateraino izan den, ezen politikako lehen lerrotik eta botereguneetatik botatzea lortu duten, edota gogoratu bestela Olvido Hormigosekin, nola bukatu zuen politikatik kanpo bideo pribatu batzuk zabaldu zirelako interneten.
Esan nahi dudana da kategoria politikoa eman behar diegula eraso horiei, gure gorputzak gudu-zelai bihurtu diren neurrian, eta jatorrian boterearen metaketa iraunarazteko egiturazko zapalkuntza sistemak dauden heinean.
Hormigosek une horretan intimitatearen aurkako delitu gisa salatu zuen gertatutakoa, gu orain eraso hauek matxista eta arrazistatzat salatzen ari garen moduan. Eta ez diot ez direnik, nola ba, ofentsiba ultraeskuindarra misoginoz eta arrazistaz beteta badago, baina Hormigosen bideo horien hedapenaren atzean, besteak beste inguruko herri bateko alkate bat zegoen, X sare sozialeko eraso hauen atzean antolatutako faxistak dauden moduan. Esan nahi dudana da kategoria politikoa eman behar diegula eraso horiei, gure gorputzak gudu-zelai bihurtu diren neurrian, eta jatorrian boterearen metaketa iraunarazteko egiturazko zapalkuntza sistemak dauden heinean. Aurkaria den politikari gizonezko bati terrorista deituko diotelako –dohaineko erasoa agian, baina konnotazio politikoa duena, inondik ere—, eta guri, aldiz, aurpegia zoom-eatuko digutelako bibotea dugun ala ez deliberatzeko eta horretaz irri egiteko. Edota ministerio bat aurrera eramateko titi handiegiak eta burmuin txikia dugula esango digutelako. Edota gure flekilloaz edo gaztetasunaz irri egingo dutelako parlamentuko hitzartzean guk esandakoari erantzun beharrean. Eta beraz, politika egiteko andre eta identitate disidenteen gorputzak hizketagai eta jopuntu badira, hala izendatu beharko genituzke eraso horiek ere: indarkeria politiko moduan, Rita Segatok esango lukeen bezala.
Badakit indarkeria matxista eta arrazista ere politikoak direla, hori da eta feminismoaren lehen ikasketetako bat: pertsonala politikoa dela eta beraz gure gorputzari egindakoek merezi dutela kategoria hori. Baina txio batean eraso matxistarik onartuko ez dugula esanda, eskuin erreakzionarioenak badaki segituan diluituko direla elkartasun keinu horiek, eta segituko dugula eremu publikora jauzi egiteko erreparo handiagoa edukitzen, eta jada frogatu den moduan lortutako botere kuota gutxi horiek ere galtzen. Alegia taktika politikoa dela haiena, botere metaketa hori auzitan ez jartzeko, hain zuzen, eta guk hala izendatu ezean gure gorputzetan garaipenak inskribatzen segituko dutela. Eskerrak badiren gorputza jartzera ausartzen direnak oraindik, ea gai garen gu tamainako sarea antolatzeko zauriak denen artean osatzeko eta bibotedun eta ez dun, ile motz eta luzedun, titi gabeko edo bakarreko eta titi handiko, arrazializatu, lodi eta bekain bakarrekoon existentziak botereguneetan ospatzeko.