Bozen endreduak: sugegorriez eta indarkeriaz
Indarkeria politikoari ez zaio soilik aurre egiten elkartasunarekin, baizik eta, batez ere, estrategia politikoarekin eta feminismoarekin.
Javier de Andres (PP), Eneko Andueza (PSE), Miren Gorrotxategi (Podemos/AhalDugu), Alba García Martín (Sumar), Pello Otxandiano (EHBildu) e Imanol Pradales (EAJ-PNV) / Argazkia: hauteskunde kanpainako irudiak
Hemen dira Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak. Asmatu nola izendatuko dituzten Eusko Legebiltzarrera ailegatzeko lasterketan dauden emakumeak: bibotedunak, lodiak, putak, oso, lesbianak, malfolladak, edo folla etarrak — ezin aurkitu euskaraz gaztelaniaz idatzi dituzten irain horien karga osoa duen itzulpenik, zehazki eraso horiek nondiko datozen ideia bat egin dezakegu— . Baina euskaraz gutxietsita ere, estrategiaz ezer ez dakiten komunikatzaile eskasak eta kudeatzaile mediokreak izango dira: gazteak edo atsozaharrak. Pentsalarien eta etorkizuneko agintarien lorontziak, edota Lehendakaritzara ailegatzeko obsesioa duten izaki zitalak. Zer eta anbizio politikoa omen dute emakume hauek!
Horietako baten bat neskato zintzoa izango da, eta egoten utziko diogu. Gainontzekoak, urrunegi joango dira. Eskatzea libre denez, komeni da elkarri haginka aritu nahi izatea. Eta aktibista, kazetari edo aditu feministekin loturarik badute, hobe ibaira bota, ito daitezen itxaron eta garaipena demokraziaren festan ospatzea.
Demokraziaren festa hori Euskal Herriko hiru lurraldetan apirilaren 21ean izango da, emakumeen aurkako biolentzia politikoaren eta nagusi diren bi alderdien arteko lehia estuaren testuinguruan. EH Bildu indartsu dago, eta irabazteko aukera du. EAJk, berriz, bere historiako enbido handienari aurre egin beharko dio. A zer nolako saltsa! Gainera, boto emaileen %30ak azken unean erabakiko du bere hautua, beraz, dibertsioa segurua da. Egon… nabari den misoginia mailarekin, dibertsioa ote da hitzik egokiena?
Zorroztu dezagun begirada. Akaso ziurgabetasuna da hitza. Kanpaina honetan, batez ere ziurgabetasuna izango da nagusi. Nahiz eta, egia esan, badakizkigun bi gauza seguru dagoeneko: Lehendakaria —bizitza osoan bezala— gizonezkoa izango da, eta hautagai emakumeek lehertuta amaituko dute, indarkeria jasango dute eta politikoki ez da ia ezer egingo horri aurre egiteko.
Emakumeen aurkako indarkeria politikoaren lehen zantzuak jada agertu ziren aurrekanpainan EH Bilduko hainbat hautagaien aurka. Bereziki hautagai arrazializatu, gazte eta feminista baten kontra, eta datozen egunetan presente egongo denaren zalantza izpirik ez dago. Modu zuzenean, sinbolikoan, ekonomikoak edo estetikoan egongo da, eta askotariko espazioetan: digitalean, kanpaina ekitaldietan, hedabideetako analisietan edo alderdi barrukoetan, eta abar. Ez genuke nahi horrela izatea, baina ziur dakigu hauteskunde hauen kanpaina ez dela leku segurua emakumeentzat. Eta haiek, halere, hor daude.
Jakina, hau ez da berria, eta ez gaitu harritzen. Baina ahal bezain azkar askatu behar ditugu ondorengo korapiloak: Prest al gaude indarkeria politiko horri erantzuteko? Ba al dakigu nola eta nork egin behar duen? Ba al dituzte alderdiek eraso horiek “leuntzeko”, eusteko, bideratzeko, babesteko eta salatzeko mekanismoak? Hauteskundeetako lege eta araudiak erregulatu eta zigortu ditzake? Zigortu beharko litzateke? Ba al dakigu nor diren erasotzaileak eta nola funtzionatzen duten? Euren kasara doaz ala alderdietako estoldetan diseinatutako eraso-estrategiak dira? Galdera horiei denei erantzuna bilatzeak denbora, lasaitasuna eta estrategia feminista asko behar du. Bozak, aldiz, sekulako abiaduran doaz eta taktizismo politikoa da nagusi. Gainera… manatzen duten horiek, orohar, feminismoarekiko kezka handiegirik ez duten gizonak izaten dira. Zorte txarra gure hautagaientzat.
Indarkeria politikoa da. Kezagarriena da erabat normalizatzen ari garela agora publikoan egoteko ordain bezala onartu behar dela biolentzia hori.
Politikan dauden emakumeen aurkako indarkeria politikoak kalteak eragiten ditu, eta sekulako eragina du. Ez dira hauteskundeetako anekdotak ezta unean uneko momentu txarrak ere. Gizartean, instituzioetan, alderdietan eta hori jasan behar dutenen bizitza propioetan barneratzen den bortxa forma bat da. Indarkeria politikoa da. Kezagarriena da erabat normalizatzen ari garela agora publikoan egoteko ordain bezala onartu behar dela biolentzia hori. Gure gorputzetako DNAan txertatzen da eta diziplinatu egiten gaitu. Gomendatuko al zenioke lagun bati politikara jauzi egitea? “Behar duenerako” haren ondoan zaudela esan gabe ez. Behar duen hori, ziurrenik, izango da eguneroko misoginia horren aurrean sostengatzea, eta sarritan hautsita, agortuta, zalantzati eta txiki dagoela ikustea.
Zenbait politikari emakumek dimisioa ematen dute —Sturgeon eskozesak edota Zelanda Berriko presidente ohi Ardernek, adibidez—. Beste batzuk kanporatu egiten dituzte beren lana ongi egin ez dutelakoan —zer edo zer badakite honi buruz Irene Monterok eta Ixkia Sichesek—; eta badira muntaia maltzurren biktima perfektuak ere, Monica Oltra kasurako. Terapian dirutza xahutzea eta inoiz agortzen ez den babes feminista dira, sarri desesperatuta ez bukatzeko heldulekuak, nahiz eta, batzuetan, indarkeria politiko horrek osasun mentala ahuldu dien. Zenbatek utzi dute politika diskretuki edota atzeko atetik, eta ondoren kazetarioi off the record kontatu haien osasun mentala ukituta geratu dela? Eraso bat jasan ostean jasotzen duten babes, eta alderdiko ahizpen leialtasun eta mimoak atera ditu asko traumaosteko shocketik eta gorabehera emozionaletatik, eta batez ere, batailiatzen segitzeko indarra eman die. Ze bai, politikan ari diren emakumeak etengabeko gudan daude!
Une delikatuak
Hautagaien erregistroa eta emaitzen osteko ardura banaketa indarkeria politikoa ernatzeko une delikatuenak izaten dira. Momentu horietan alderdiaren marka lausotu eta berau gorpuzten duten pertsonek, haien balio pertsonalak, kurrikulumak eta berezitasunek hartzen dute garrantzia. Haien lidergoak, alegia. Hara! ez ote da hori arazoa izango: nola ausartu dira andreok lider izan daitezkeela amestera?
Erasoak salatu eta erantzun behar al ditugu, ala enbatari eutsi eta fokua kontu garrantzitsuetan jarriko dugu? Zer dira kontu garrantzitsuak?
Modu horretan sortzen dira komunikazio estrategia arduradunak askatu beharreko korapilo nagusietako batzuk: aupatzen ditugu harrikatu ditzaten, ala hobe isilean pasatu daitezen eta hala indarkeria arindu dadila? Horrek, baina, buelta eman dezake haien kaltean: inork ez ezagutu eta ahanzturan eror daitezke. Erasoak salatu eta erantzun behar al ditugu, ala enbatari eutsi eta fokua kontu garrantzitsuetan jarriko dugu? Zer dira kontu garrantzitsuak? Hain justu, bi une horietan alderdiek ongi eutsi eta akonpainatu beharko lituzkete hautagaiak, eta erantzuteko eta enbatari aurre egiteko neurri guztietarako prest egon beharko lukete hala eremu politikoan nola komunikatiboan. Indarkeria politikoari ez zaio soilik aurre egiten elkartasunarekin, baizik eta, batez ere, estrategia politikoarekin eta feminismoarekin. Egia da, ezin dugu ekidin, baina pentsa dezakegu zer egin gertatzen denean. Eta bai, datozen egunotan, gertatu gertatuko da.
Egiaztatzea, itunak eta salaketa
Zaila dela argudiatu dezaketen arren, egia esan askotariko aukerak daude egoera honi aurre egiteko: indarkerietan aditua den psikologo bat kontratatu dezakete andre hautagaiei babesa eman eta kanpainan zehar ekipoak laguntzeko; kanpainan rol protagonista duen zuzendaritza feminista bat sortu dezakete, hauteskundeen estrategia diseinatzeaz arduratuko dena; jazarpenen aurkako bete beharrezko protokoloak sortu ditzakete, kanpainako staff guztiak onartu behar duena; baliabide ekonomikoak bideratu daitezke indarkeria politikoaren monitorizazio bat egiteko eta Hauteskunde Batzordera kexak bidaltzeko, baita emakumeen eskubideen defentsarako instituzio publikoetara ere. Kazetari feministekin gosari informatiboak antolatu daitezke, indarkeria politikoaren kobertura mediatikoa antolatu eta agenda komun bat eratzeko. Amaigabea den zerrenda hau —oraingoz— ixteko, zaintza eremuak eta arnasgune kolektiboak sor daitezke andreok kanpainan zehar hala behar izatekotan. Eta bai, erraz xamar martxan jartzeko moduko neurriak dira.
Gainera, berehalakoa behar luke indarkeria hauek arbuiatzeko alderdien arteko itun batek, zein hautagaik sufritzen duen kontuan hartu gabe. Mitin hasieretan, kanpainiako mezuetan eta hautagai nagusien sare sozialetan aurkitu ahalko den salaketa komun bat. Itun bat bortizkeria hori erabiltzen duten afiliatuen aurka neurriak hartuaraziko dituena, argi gera dadila aurkari politikoari ezin zaiola horrela egin markajea. Gutxiengoen tratatu bat da, joko arauak gaurkotzea eskatzen duena eta… tira, jada lugorria den delako zoru etiko hori eraberritzen duena. Emango diogu ongarri pixka bat?
Zergatik kubritzen dugu hautagai baten mendiko txangoa, eta ez sare sozialetan jasotako indarkeria politikoa?
Akordio hori hedabideen erredakzioetara ere zabaldu daiteke. Zergatik kubritzen dugu hautagai baten mendiko txangoa, eta ez sare sozialetan jasotako indarkeria politikoa? Zergatik da gure hauteskunde agenda horren patriarkala? Eta, zenbatuko bagenitu erasoak? Baloratu egiten dugu hautagai bat herritarren artean zein ezaguna den, baina ez jasaten duen indarkeria politikoa. Datuak falta zaizkigu, eta horretarako kontrol, monitoreo eta egiaztatze adierazleak tresna demoskopikoetan txertatzea oso baliagarria izan daiteke fenomeno honen konplexutasuna ulertzeko.
Gure politikari emakume puta, bibotedun, lodi, malfollada, histeriko eta suuuuuperlesbianek adrenalina eta misoginiaz betetako asteak dituzte aurretik. Batzuek hauteskundeak irabaziko dituzte, besteak oposizio indartsua izango dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapatik desagertuko diren batzuk ere izango ditugu. Gizonezko batek gobernatuko gaitu andreek gorputza jartzen duten bitartean; eta, eskerrak horretara ausartzen diren! Hori ospatzen segituko dugu gure gorputza den gudu-zelai honetatik kanpo borrokatzea ahalbidetzen diguten tresnak sortzen ditugun bitartean. Has daitezela bozak!