“Diskurtsoa lapurtu nahi diguzue”
Mugimendu feministak eta beste eragile sozio-sindikal batzuek salatu dute erakundeek eta arduradun politikoek zaintza-sistema publikoaren aldarrikapenei entzungor egiten jarraitzen dutela.
Euskal Herriko mugimendu feministaren manifestuaren irakurketa / Argazkia: utzia
Lau hilabete pasa dira Zaintza Sistema Publiko baten aldeko greba feminista orokorra egin genuenetik. Zaintza sistema publikoaren aldarria mahai gaineratzeko sekulako lana egiten ari gara mugimendu feministatik, zein bestelako eragile sozio-sindikaletatik. Agerraldiak, greba feminista orokorra, asanbladak, ikerketak, proposamen zehatzak, propaganda, Herri Akordioak… Eta antza denez ez da nahikoa. Ez da ezer aldatu gure aldarrikapenekiko. Erankundeek eta erantzule politikoek entzungor egiten jarraitzen duzue, egungo zaintza sistema geroz eta egoera latzago eta muturrekoetara eramanez.
Hori gutxi balitz, mugimendu feministaren aldarriak neutralizatzeko, EAEko Zainketa Ituna aurkeztu duzue Eusko Jaurlaritzan, Nafarroan Zaintzen Aldeko itunarekin inongo aurrerapausorik eman ez den bitartean.
Ez gaituzue inondik inora kontutan hartu. Kontrara. Askotariko eragileen artean adostasunak bilatzen eta neurri konkretuak planteatzen ari garen honetan, diskurtsoa lapurtu nahi diguzue, inolako planteamendu errealik egin gabe. Zaintza Itun hauekin Argi uzten dute euskal gehiengo sindikala elkarrizketatik kanpo uzteko asmoa eta Patronalaren etekinen alde egiten jarraitzeko asmoa. Onartezina da!
Hemen denok dakigu zein akordio EGIN diren, datuak eskuan baititugu, eta datuek diote zaintza sistemaren sektore guztiak ari zaretela pribatizatzen, Osakidetza eta Osasunbidetik hasi eta erresidentzia eta eguneko zentro guztietara, non enpresa pribatuetan baino ehun ordu gehiago egiten dugun lan eta %40-%60 gutxiago kobratu. Zuek, Euskal Gobernuek eta mota guztietako alderdiek, demokrazia parte hartzailea eta eztabaida partekatuetan oinarritua egiten ari omen zarete, eta gu bitartean geroz eta pobreagoak gara.
Zuen ustezko demokrazia parte hartzailean etxeko langileen elkarte edo subjektuen parte hartzerik gabeko mahai bat planteatu duzue. Kezkagarria, baina ohikoa. Horregatik ari gara eskubideak eta gure interesak ordezkatu eta negoziatzeko gaitasuna galtzen. Akordio publiko-pribatu bezala izendatu dituzue, finean, pribatuaren alde eta publikoaren kontra ari zaretenean.
Harrigarria da, integraltasunaz eta zeharkakotasunaz hitz egiteko ahoa betetzen duen itun batek zaintza-sistema publikoa gizarte-zerbitzuen sistemara murriztea: hau, zaintza-sistema publiko bat existitzen dela justifikatzeko erabiltzen ari zarete. Jakina, Gizarte Zerbitzuak ezinbestekoak dira, baina horiek ere pribatizatzen ari zarete, emakumeen lan ordaindugabean txertatuz zerbitzu horiek.
Nafarroako kasuan, 2022an jaso genuen paktu honen berri. Hasteko, sentsibilizaziora eta prebentziora bideratzen den ituna da soilik. Ez du zaintza krisiaren gaineko neurri zehatzik proposatzen. Eta hori gutxi balitz, itunaren gainean, ez dago inolako aurrekonturik, hau da, paperean idatzita geratu den proposamena da.
Guk, Herri Akordio bat egin eta adostu genuen. Horretan sakontzen jarraitzen dugu, urgentziazko egoerentzat erantzunak landuz eta aldi berean, behar dugun zaintza sistema publiko eta komunitariora bidean neurri zehatzak proposatuz. Sistema horrek, alor ezberdinak kontutan hartu beharko ditu gainera. Herri antolaketa feminista bat garatu beharko du, espazioen diseinua, denboraren erabilera eta hirigintza eraldatu, elikadura burujabetza bultzatu, eta horren bidez hirien eta landa eremuaren arteko harremanak eraldatuko dituena. Zaintza sistema publikoaren, zaintza langileen lan baldintza duinen eta bizitza duinen aldekoa.
Orain Apirilaren 21era begira gaude asko. Hauteskunde kanpainaren erdigunean, ahoa betetzen ari zaizue etorkizunean egiteko dituzuen asmoez, orain arte ardurarik izango ez bazenute bezala. Argi entzun: Neurri konkretuak, gurekin adostutakoak eta errealak behar ditugu.
Gure eskubideak saltzen ari zarete! Gure diskurtsoak lapurtzen! Gure bizitzekin negozioa egiten! Baina parean izango gaituzue, parean, atzean, kaleetan, esfera publikoan, etxeetan, lantokietan, toki guztietan. Hementxe gaude eta hasi besterik ez gara egin.
Aurrera begira ere mobilizatzen, interpelatzen eta gure bizitzen alde jarraituko dugu borrokan. Asanbladaz asanblada, herriz herri eta auzoz auzo. Gure bizitzak ez dira negozio, zaintza sistema publikoa orain!