Arraza-hierarkiarik gabeko feminismoa eraikitzea

Arraza-hierarkiarik gabeko feminismoa eraikitzea

Feminismo hegemoniko zuriari eta haren arraza-hierarkiei buruzko hausnarketa, emakume txinatar-ondorengo batentzat, Rafia Zakariaren ‘Against white feminism’ liburuan oinarrituta.

Texto: Quan Zhou

Argazkia: Rafia Zakariaren 'Against white feminism' (Feminismo zuriaren aurka) liburuaren euskarazko itzulpenaren (Eskafandra, 2023) azaletik moldatua.

15/05/2024
*Editorearen oharrak: testu hau ‘Construir un feminismo sin jerarquía racial’ testuaren itzulpena da, Garazi Basterretxea Bareak eta Uxune Iriondo Urbistazuk egina. Jatorrizkoa gure webgunean argitaratu zen 2022ko irailaren 7an. Txinatar-ondorengo: Itzultzaileek asmatutako hitza gaztelaniazko “sinodescendiente” hitza adierazteko

Duela aste batzuk, Montrealetik pasiatzen, ohiko liburudenda komertzial bat aurkitu nuen, liburuak eta Moleskinak saltzen dituzten horietako bat. Eta liburu denda horretan, Espainian horren pareko leku nabarmen batean youtuber edo influencerren liburuak leku nabarmenduetan aurkiko zenukeen arren, Montrealen askotariko feminismoen atala zegoen. Batek bereaganatu zuen nire arreta: Againts white feminism (feminismo zuriaren aurka), Estatu Batuetan bizi den Rafia Zakaria abokatu, aktibista eta idazle pakinstandarrarena.

Ez naiz orain arte ohartu feminismoaz nuen ikuspegia pribilejiatuen feminsimoarena zela, ni white feminista nintzela.

Liburu hori irakurtzea urdailean ostikoa jasatea bezala izan da, paradigma-aldaketa feminismoaz nuen ikuspegian. Beraz, ingelesa ulertzen baduzu, erabat gomendatzen dizut ebooka erosi eta irakutzea. Niretzat behinitzat orain artekoa eta ostekoa bereizi dituen marra bihurtu da, feminista intersekzional gisa iratzartzea edo. Zergatik? Herrialde arrazista batean jaio eta hazi naizelako, sistema horretan hezi nautelako, eta arrazakeriaren aurkako prestakuntza jaso eta ikerketa egin dudan arren, ez bainaiz orain arte ohartu feminismoaz nuen ikuspegia pribilejiatuen feminsimoarena zela, ni white feminista nintzela.

Rafia Zakariak idatzi duen liburuan bere esperientzia pertsonalak eta oso adibide historiko sendoak uztartzen ditu ideia eztabaidaezina defendatzeko: boterea eta pribiliejioa dituena ere badagoela diskurtso feminista sortzearen erantzuleen artean. Eta nor dira pertsona horiek? Klase ertain-altuko emakume zuriak, hain zuzen.

Horregatik, hortik sortzen den mugimendua ez da intersekzionala, arrazista eta pribilejiatua baizik; are okerrago, inperioak kultura ezartzen duenez, horixe bihurtzen du feminismoaren baremo unibertsal, eta hierarkia bat sortu: lehenengo mendebaldeko zuriak eta, gero, zu, emakume arrazializatu zapaldu hori, kontatzen diguzunari garrantzitsu baderitzogu.

Idazleak, gainera, beste bi ideia-gako azaltzen ditu. Lehenengoa, feminista pribilejiatuek entzungo dizutela, eta espazioa utziko dizutela, betiere kontatzen duzuna interesatzen bazaie, eta halaxe dio: “Feminista pakistandarrak deigarriak dira skate gainera zapiarekin igotzen direnean, edo sexuaz idazten dutenean”. Horrek bigarren ideia batera eroaten gaitu, hau da, hasieran guztiak garela aliatuak, baina arrazakeriaren aurkako konpromiso gehiago eskatzen diegunean, eta beren emakume erreferenteak desegiten hasten zaizkienean, bada…. gurditik jaisten direla.

Idazle pakistandarrak mito feminista zuriak ere eraisten ditu, adibidez, Simone de Beauvioir: “Ekialdeko gizonari, bere patuaz axolagabe, nahikoa zaio emakumea gozamenerako baino ez izatea; baina mendebaldeko gizonak, bere izaera bereziaren kontzientziara heldu eta gero, askatasun bitxi eta otzana aitor dakion amesten du”. (De Beavoir-en Bigarren sexua liburuaren zati bat).

Zakariak dio Beauvoir-ek emakume zuria teorizatzeko gai filosofikoa zela irudikatu zuela, baina pertsona arrazializatuen “bestetasuna” tartekatzea sustatuz; azkenean, izugarri arrazista zen arrazoibideetan. Bitxia da Espainiara diskurtso horiek beti berandu heltzen direla. Googlen “Simone de Beauvoir + racismo” bilatzen baduzu oso erantzun gutxi aurkituko dituzu, baina ingelesez bilatuz gero, emaitza ugari agertzen dira.

Estatu Batuen inguramenduan kokatutako diskurtso bat gogoetarik gabe barneratzea saihestu nahirik, asko hausnartu dut ea zerk izan lezakeen zentzurik Espainian zein nigan. Liburuan ez dira Asiako ekialdeko emakumeak agertzen, nahiz eta aitortu behar dudan hori ez dela berria. Mendebaldeko arrazakeriaren aurkako mugimenduaren zati handi bat zuria versus beltza dikotomian soilik oinarritzen da. Liburu honetan zuria versus marroia (Pakistan eta India), eta versus beltza, eta kolore-paleta horretan, ez naiz identifikatuta sentitzen, ez bainaiz zuria, ez eta horia ere. Zakariak lerro bat edo bi baino ez dio eskaintzen Hong Kongeko emakumeari britainiarren okupazioan, ahaztuz asiar emakumeari buruzko estereotipo askoren jatorria Estatu Batuen Japoniaren okupazioa direla, beste kontu batzuez gain.

Token bihurtu naute programetan eta ekitaldietan, txiste eta txantxa izan naiz, “ahotsa ere eman didate”, ahotsa berez badudan arren.

Hori guztia atzean utzita, erabat identifikatzen naiz arestian azaldutako hiru ideiekin; bere liburuan irakurri orduko ideia horiek baiesten zituzten topaketak etorri zaizkit gogora. Token bihurtu naute programetan eta ekitaldietan, txiste eta txantxa izan naiz, “ahotsa ere eman didate”, ahotsa berez badudan arren. Hedabide garrantzitsuetan hitz egin dut espainiar batek interesgarri iritzi dionean, eta abar eta abar. Txarrena da asmorik onenarekin izan dela. Ez dizuet gezurrik esango, suntsitzailea izan da, uste dut oraindik ez naizela neure onera itzuli.

#M8 eguneko lehen martxan, 2018an, greba egin eta espainiar lagunekin irten nintzen. Egun hartan Afrofeminas-eko kideek ez zutela bat egiten lanuzte haietan ez zirelako emakume arrazializatuen beharrak kontuan hartzen, baina “babes/token” delakoa eskatzen zen (argazkirako egotea baina benetako inolako botererik gabe). Une hartan, nire iritzia zen mugimedua abiarazi behar zela, zarata egiten hasi behar zela, eta bat egin nuen deialdiarekin. Itxaropenez atera nintzen manifestazioetara “This is it (hori da dena) esan nahi ez zuelako itxaropenaz. Ez dakit hurrengo urteetako grebetan Zakariak bere liburuan aipatzen duen hau kontuan hartu zen: “zu grebara joan ahal izateko atzean seme-alabak zaintzen edo martxaren ostean jango duzuna prestatzen ari den emakume arrazializatu bat dagoelako”.

Ingurura begiratu eta argi ikusten dut iragazki berri honek eman didana. Onarpena edo, pena sumatzen dut norbaitek berdin modura tratatzen ez zaituenean. Eta pertsona askorengan ikusten dut, nahiko nukeen baino gehiagorengan. Ikusten dut ez naizela feminismo hegemonikoan ordezkatuta sentitzen, ingurura begiratu, Tik_tok-etik Instragram-eraino, hedabideetatik parlamenturaino, eta emakume espainiar ez-arrazializatuentzat garrantzitsuak diren gaiak soilik lantzen dira, agintera heldu eta emakumea bazara zorra deitzen zaituzte, emakume txinatarrek eta haien ondorengoek galdetzen dioten bitartean ea inork kontratatuko dituen txinatar mundutik (txinaeraz edo Txinaz jakin behar den languneetatik harago); espainarriak ea ama izatea hauta daitekeen ala norbera errealizatzeko izan daitekeen eztabaidatzen ari direnean, Espainan dauden emakume txinatarrek ama izateko gizartearen eta familiaren onarpena izateko presiopean bizi diren bitartean, zaintzarako laguntzarik izateko bezain dirudunak izan gabe, seme-alabak beraien dendetan edo jatetxeetan izaten dituztela (zeren, erne!, Txinatik Espainiara etorritako migrazio gehiena Zhejang-ekoa da, Txinako baliabide gutxiko landa-eremukoa, alegia, “txinatar aberatsen” estereotipoaren kontra). Zu eta zure jatorrizko herrialdea aipatzen duen edozer ikusi edo jakin nahi baduzu, sarritan karitate-kuota ematen du eta, gainera, bilatu eta bilatu ibili behar duzu.

Panoraman Ekialdeko Asiako hain ahots gutxi izanik, etengabe didaktika egin behar dudala sentitzen dut. Lehenengo, sinofobia dagoela legitimatuz, espainiarren %99,9k uste baitu “Inork ez duela arazorik komunitate txinatarrarekin”. Bigarren, irakasten zelan eragiten dien horrek guztiak emakume txinatarrei eta haien ondorengoei. Eta, hirugarren, emakume sasi-aliatuen mezu arrazistak indargabetzen. Afari batean, hitzaldi baten ondoren, emakume espainiar batek komunitate txinatarren gaineko ondorio hauek aurpegiratu zizkidan: “Arrazistenak txinatarrak dira”, berak ezagutzen zituen arraza biko bikote baten haurrak hizpide. Eta ondoren, bota zidan nire ” familia diruduna izan behar zuela, gu zaintzeko neskamea hartu zuelako”. Imajinatu nire harridura. Ez dut inoiz nire jatorri apala legitimatu behar izan, eta ez nuen erantzuten jakin. Mahaiko beste emakume espainiar batek argitu zion lau haurride ginela eta, agian, merezi zigula.

Ohartu naiz pertsona ez-arrazializatu baten begietatik ikusi dudala nire pertsona. Haien beharrak neure egin ditut eta, gero, haien jarraibideetan oinarritu naizenean, emaitza ikustean, huts egin didatela, hutsik nagoela sentitu dut.

Azkenean ondorioztatu dut hainbeste energia jartzen dudala didaktikan, non gero ahituta egoten naizen ni bezalako norbaiti buruzko diskurtsoa pentsatzeko. Ohartu naiz pertsona ez-arrazializatu baten begietatik ikusi dudala nire pertsona. Haien beharrak neure egin ditut eta, gero, haien jarraibideetan oinarritu naizenean, emaitza ikustean, huts egin didatela, hutsik nagoela sentitu dut. Saiatu naiz ni beste izen batzuekin, beste aurpegi eta larru batzuekin ikusten, baina kokoteraino nago, ni neu naizena ikusi nahi dut, ispilu bat nahi dut.

Legezko eta zilegi bada pertsona ezberdinek behar ezberdinak izatea, horrek ez gaitu inor baino gutxiago egiten, feminismoan ez behintzat. Ea lortzen dugun arraza-hierarkiarik gabeko feminismoa, ea ez dugun guk bakarrik egin behar. Zeren, Zakariak bere liburuan dioenez, feminismoan hierarkia ezabatu ahal izateko denok egon beharko dugu, mendebaldeko zuriak barne.

* Testu hau 2023an argitaratutako ‘Antirracismo’ monografikoan topatuko duzue.

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba