Euskararen kontrako erasoen aurrean, ahizpatasuna

Euskararen kontrako erasoen aurrean, ahizpatasuna

Hitzaren desjabetze orokorrari erantzun diezaiogun ahizpatasunetik, intersekzionalitatetik, botere harremanen mataza korapilatsua elkarrekin eta denontzat askatzetik.

Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa Bilbon (2023ko azaroaren 4a) / Argazkia: Ekaitz Zillarmendi

08/05/2024

Iragan mendeko 70etan jaioak garenok uste dut oraindik erraz gogora ditzakegula tankera honetako pasadizoak: otorduan familia osorik mahaian jarrita -tira, ama-izebak mahaiaren inguruan zutik hara eta hona, eserita dauden gizonei eta, bidenabar, ume eta zaharrei, jatekoa zerbitzatzen-, eta aita edo aitona hitzaren jabe. Hau da, edo eurak hizketan, edo eurak elkarri hitza ematen -eta, noski, mahaiko gainerako gizon helduei-. Halaber, hizketagai zilegiak eta debekatuak zeintzuk diren ebazten, eta andrazko eta haurrei hizketarako baimena ematen -eta, horrenbestez, behin baino gehiagotan, isiltzeko agintzen-.

Hitzaren jabetza da botere harremanen nondik norakoa erabakitzeko tresna nagusietakoa.

Esango didate hainbatek urte asko joan direla ordutik, asko aldatu eta malgutu direla familia egiturak, familiaren baitan hierarkia ezartzeko eta gauzatzeko moduak. Ez dut esango ezetzik. Baina oraindik ere hitzaren jabetza da botere harremanen nondik norakoa erabakitzeko tresna nagusietakoa. Eta, jakina, ez familian bakarrik. Aitzitik, hasi gizarte harreman hurbilenekoetatik (adiskidetasuna, erlazio afektibo eta sexualak, familia…) eta egitura zabalenetaraino (lan harremanak edo aginte politikoa egituratzeko instituzioak) hitzaren jabetzak baldintzatzen ditu botere harremanak.

Elkarrekin harremanetan jartzen gaitu hizkuntzak, elkar aditzera eramaten gaitu, elkarrekin izatera.

Izan ere barneratuta daukagun ipuin sozial erromantizatuaz oso bestera, hizkuntza ez da jendeon artean komunikatzeko tresna aratza, ez da elkar ulertzeko lanabes xaloa. Edo, behintzat, ez da hori bakarrik. Elkarrekin harremanetan jartzen gaitu hizkuntzak, elkar aditzera eramaten gaitu, elkarrekin izatera. Egia. Baina hartu-eman horiek denak zutointzen dituzten botere harremanek zeharkatzen dute hizkuntza, eta zeharkatzen dituzte hizkuntza-praktikak. Are, botere harreman horiek ezartzeko eta gauzatzeko ezinbesteko erreminta hizkuntza eta hizkuntza-praktikak dira, garaian garai eta lekuan leku . Beste era batera esanda, boterea ebasteko, arrakalak eta defizitak eragiteko bitarteko.

Zehazki, gurera eta egungora etorrita, hortxe ditugu botere egituren hezurdura osatzen generoa, klasea eta arrazializazioa. Kategoria horietako bakoitza fokuan jarrita galdetzen eta aztertzen badugu nork duen hitzaren jabetza, nork entzuna izateko gaitasuna, nor dagoen entzutera derrigortua, nor isiltzera… Laster ikusiko dugu nortzuk diren hitzaz desjabetutakoak: emakumeak, klase apalekoak, zuritasunak kanpoan utzi dituenak… Horra begirada intersekzionalak argitutako botere eta zapalketa mataza korapilatsua.

Euskara hizkuntza minorizatua baita eta euskaraz ardazten garenok egunero-egunero minorizazio tresneria horri aurre egin behar diogun gorputzak.

Eta hori gutxi balitz, gurean bada korapiloa are eta bihurriagoa egiten duen hizkuntz menperakuntza faktore bat, euskara hizkuntza minorizatua baita eta euskaraz ardazten garenok egunero-egunero minorizazio tresneria horri aurre egin behar diogun gorputzak. Euskaraz bizitzen saiatzean segituan dator ordaina: ikusten dugu nola murrizten den gure hitzaren jabetza, esan dugunaren eragin indarra, nola garen isilduak, nola askatasun gabetuak eta beste hizkuntza bat baliatzera behartuak…

Joan den martxoan argitaratu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostena, 2023ari dagokiona. Txosten hori, finean, euskararen kontrako erasoen kronika bat da, ehunka herritarrek salatutako egoerekin jositakoa -eraso euskarafoboak ez baitira hizkuntza baten kontra gertatzen, linbo abstraktu batean, baizik eta hiztun zehatzen aurka gorpuzten dira-. Eta, aldi berean, jakina da txostena oso laburra dela, icebergaren tontorra baino ez, inon adierazi eta salatu gabe geratzen direla euskararen eta euskal hiztunen aurkako eraso asko eta asko.

Hain zuzen ere, hortxe dago eskubide eta askatasun ezaren adierazpen larrienetako bat: etsiaren etsiz, egoera normalizatzea, urraketa ez izendatzea, ez salatzea.. hain justu, egoerak aldatzeko, eskubide eta askatasunetan aurrera egiteko, nor izatearen jabekuntza erdiesteko, ezinbestekoa baita urraketa eta azpiratzeak gauzatzen dituzte praktika, arau eta egiturak antzematea; are, erasoak berak identifikatzea. Ederki asko daki hori mugimendu feministak, emakumeek -eta maskulinitate hegemonikoan kokatzen ez diren gainerako gorputzek- mendeetan jasandako zapalkuntza egoerak normalitatetik atera eta eraso gisa identifikatu, izendatu eta salatzea baita eragiten ari den eraldaketa sakonaren bultzagarri nagusietako bat. Gainera, identifikatze, izendatze eta salatze horretan ez da eraso ikusgarri eta asaldagarrienetara mugatu, baizik eta egunerokotasunean gertatzen direnak ere -asko eta asko ohikotasunaren ezaxolan mozorrotuta- ekarri ditu begi-bistara. Hain justu, aldarrikatu eta erakutsi du ohikotasuna eta gertutasuna ez direla ezer onargarri edo jasangarri egiteko aitzakia.

Normalizatuta dauzkagun dozenaka eta dozenaka erasoak identifikatu, izendatu eta salatzea ezinbestekoa da aurrera egiteko, bestelako praktika, arau eta egiturak bultzatzeko.

Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua ere justizia sozialean sakontzeko eraldaketa prozesu bat da. Horrenbestez, eguneroko ohikotasunean normalizatuta dauzkagun dozenaka eta dozenaka erasoak identifikatu, izendatu eta salatzea ezinbestekoa da aurrera egiteko, bestelako praktika, arau eta egiturak bultzatzeko. Baditugu tresnak -Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren Euskararen Telefonoa, kasu-, eta badugu mugimendu feminista eredu.

Azken hilabete luzeetan, gainera, euskararen eta, horrenbestez, euskal hiztunon, aurkako eraso nagusiak auzitegietatik datoz. Oldarraldi judizial atergabe bat gertatzen ari da euskararen normalizazioa bideratu nahi duten politika publikoen aurka, edo beste era batera esanda, minorizazio egoera zuzendu eta justizia sozialean sakondu nahi duten neurrien kontra. Eta, jakina, oldarraldiaren aldaera judiziala oldarraldi ideologiko sakonago baten aldaera da. Sententziaz sententzia jurisprudentzia ez ezik, zoru diskurtsibo bat ari baita osatzen, zeinaren arabera euskaraz ardazten garenon hizkuntz eskubideek lan eskubideak kaltetzen dituzten, bereziki, sektore zaurgarrienenak. Prestidigitazio ideologiko maltzurraren bidez, zenbat auzi eta galderari iskin egiten dien zoru diskurtsibo horrek, eta, batik bat, zenbat zapalkuntza mekanismo ez dituen aintzat hartzen… Esaterako, abiaburuko gogoetari lotuta, gaztelerak eta frantsesak, kapital kultural eta sozialaren bidez, ezartzen eta finkatzen duten klase arrakalari… baita hizkuntza horietan elebakar direnen artean ere…

Honetan ere ez da deus berririk mugimendu feministarentzat, berdintasunerako politika publikoei dagokienean zoru diskurtsibo bertsuari egin behar izaten baitio aurre, behin eta berriz. Begi kliska batean, prestidigitazio ideologiko ariketa bihurriaren ondorioz, emakumeen mendeetako gutxiagotze egoera zuzentzeko neurriak gizonen bazterketarako mailu bihurtuta… Zenbat auzi eta galderari iskin egiten zaien honetan ere, zenbat zapalkuntza egitura ezkutatzen diren… Azken batean, euskararen auzian saihesten diren auzi eta galdera bertsuei ihes egiten zaie, zapalkuntza mekanismo berberak estaltzen dira.

Hitzaren desjabetze orokorrari, bada, erantzun diezaiogun ahizpatasunetik, intersekzionalitatetik, botere harremanen mataza korapilatsua elkarrekin eta denontzat askatzetik.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba