Borroka feminista Ermuan: mugarri batzuk
Ermuko Emakume Asanbladak Mª Rosario Arrizabalaga Urreta (Ermua 1949-2021) ekintzaile feministaren ibilbidea jaso du 'Mariarro, feminismoan bidaide eta zubigile. Memoria kolektiboa ehuntzen' liburuan. Hona hemen zazpigarren atala.
'Mariarro, feminismoan bidaide eta zubigile. Memoria kolektiboa ehuntzen' liburuaren azala.
Mariarroren borroka feminista eta hark sortutako eskola oso lotuta daude bere izaerarekin eta munduan egoteko zuen moduarekin: militantzia ulertzeko zuen moduarekin, borroka-estrategiekin, ideiak defendatzeko zuen pasioarekin, bere energia aseezinarekin, teoria feministaren inguruan zituen ezagutzekin eta teoria horiek praktikara ekartzeko zuen gaitasunekin.
Klandestinitateak eta EMKn militatzeak eragin handia izan zuen berarengan, eta eragin hori argi nabaritzen da feminismoaren borroka-estrategiak ulertzeko zuen moduan. Hor izan zituen lehen erreferente feministak, eta orduan hasi zen kontzientzia hartzen. Gainera, irakurketarako, hausnarketarako eta eztabaidarako espazioak sortzearen garrantziaz jabetu zen; pentsamendu kritiko feminista eta gorputz teoriko sendoa eraikitzearen garrantzia, eztabaida politikoan aurkari zaila izateko. Berak kontatu zuen bezala: «Guk, alderdian, irakurri, eztabaidatu, eta astero bilerak egiten genituen, marxista klasikoak irakurtzen genituen (…). Azterketarako, eztabaidarako eta ekintzarako oinarria eraikitzen genuen etengabe», eta diziplina hori Ermuko Emakumeen Asanbladara eraman zuen. «Batzarrean askotan esaten zuen “honi buruz hitz egin behar dugu”. Adibidez prostituzioaren gaia ateratzen zen; gai potente horri buruz bagenekizkien gauza batzuk, irakurtzen genuelako… Baina berak elkarrekin eztabaidatzea nahi zuen “honi buruz hitz egiteko elkartu behar dugu”, eta “beste hartaz hitz egiteko”. Aurretik, gaiaren inguruan irakurri, dokumentatu eta hausnartu zuelako izango zen eta esateko zerbait zuela uste izango zuelako. Baina, batez ere, gure artean ideiak kontrastatzeko egiten zuen, batzar berekoak izan arren ideia desberdinak izan genitzakeelako (…). Asko gustatzen zitzaion eztabaidatzea, “gauzak egitea eta horretarako elkartzea… ongi!”, baina Mariarrok espazio gehiago behar genituela uste zuen hitz egiteko, eztabaidatzeko, pentsamendu feminista bultzatzeko», azpimarratu du Bego F.-k.
Ideiak ezeztatu eta defendatzeko oinarri teoriko sendoa behar da; Mariarrok bazuen oinarri hori eta ondo transmititzen zuen gainera. Bego V.-k dio Mariarrorekin ikasi zuela «gorputz teorikoa»: «Nik emakume- edo berdintasun-idazkaritzetan ikasten nuen arren, Asanbladak asko eman zidan, Mariarrok asko irakatsi zidan teoria feministaren gainean».
Familien Elkarteko parte-hartzeak Mariarroren militantzia feminista ere markatu zuen. Elkarte horretan, emakume feministen eta ez-feministen borroka-esperientziak zeuden. Eta esan bezala, Ermua bizitzeko leku duin bat izan zedin egindako lehen borroka kolektiboetan, emakumeak izan ziren protagonista nagusiak.
Herritarren borrokarako dinamika ezberdinak eta udal-erabakiguneetan tokia izateko aldarrikapenak Ermuko mugimendu feministaren borroka askotara eraman ziren. Mariarro, noski, eragile garrantzitsua izan zen.
Kontrazepzio eta Informazio Sexualaren Udal Zentroa, Planning-a
Garai hartan, jaiotza-tasa oso altua zen eta herriko mugimendu feministak abortuari eta sexualitateari buruzko informazioa ematen zuen, borondatez, eta, batzuetan, ezkutuan. Errealitate horren aurrean, herritarrak informazio- eta aholkularitza-gabeziaz ohartu ziren, eta sexu-informazioaren eta kontrazepzioaren arloan erantzuna emango zuen zerbitzu publiko bat sortzeko premia ikusi zuten.
Horrela sortu zen Kontrazepzio eta Informazio Sexualaren Udal Zentroa, 1981ean. Zerbitzu hori Ermuko Emakumeen Asanbladaren eskaeretako bat izan zen, eta gizartearen presio ikaragarriari esker lortu zen.
“Ez genuen ez prestakuntzarik ez informaziorik; sexualitatea gure senargaien bidez bizi genuen; emakumeen sexualitatea ezin zela beste era batekoa izan sinestarazten ziguten…”
Mariarro, Emakumeen Asanbladako gainerako emakumeekin batera, planningaren eta bere ikuspegi feministaren sustatzaileetako bat izan zen. Bere esanetan: «Planningaren lehentasuna sexuari buruzko informazioa zen, eta, bigarren maila batean, familia-plangintza zegoen. Sexu-askatasuna lortzeko, sexuari buruzko informazioa beharrezkoa zen. Planningarekin, sexualitateari buruzko informazioa eman nahi genien emakumeei, haien sexualitatea ezkutuan baitzegoen gizartean; ez genuen ez prestakuntzarik ez informaziorik; sexualitatea gure senargaien bidez bizi genuen; emakumeen sexualitatea ezin zela beste era batekoa izan sinestarazten ziguten… Horregatik, zapaltzen gintuen eredu sexuala aldatzeko eta gu partaide bihurtzeko premia larria ikusten genuen (…). Guk, planningean, sexualitateari buruzko informazioa ikuspegi feministatik emango zuen jendea nahi genuen», (FERNANDEZ, 2014) [1].
Zentro hori –lau urtez gutxi gorabehera, eta mugimendu feministaren ikuskapenarekin– herritarrentzat irekita egon zen, Osakidetzak 1984 eta 1985 bitartean bereganatu zuen arte. Mobilizazioak egin ziren itxiera eragozteko. Zerbitzu berriak ikuspegi feminista galduko ote zuen eta patologiara bideratutako arreta eskainiko ote zuen beldur ziren. «Planningak bere hasierako filosofiarekin jarraitzea nahi genuen, erabiltzaileek eta mugimendu feministak zeresana izatea. Hori horrela planteatu zen, baina ez zen lortu», (FERNANDEZ, 2014).
Herritarrek presioa egin bazuten ere, zentroa itxi egin zen azkenean, Mariarrok hala gogoratzen zuen: «Ahal genuen guztia egin genuen planninga itxi ez zezaten. Anbulatorioaren aurrean biltzen ginen, pankartekin: “Planningaren itxieraren aurka” (…). Erakartzeko indar handia genuen, jende gazte asko etorri zen eta mutilak ere etorri ziren plangintza aldarrikatzera. Une hartan, oso borroka garrantzitsua izan zen, eta, zoritxarrez, galdu egin genuen», (FERNANDEZ, 2014). Osasun publikoak plangintza bereganatu ondoren, 1993an, Emakume Gazteen Taldeak, Emakumeen Asanbladarekin lankidetzan, Gazteentzako Sexu Informazioaren Bulegoa jarri zuen abian.
Izan ere, Maria Rosariorentzat, Ermuko Kontrazepzio eta Informazio Sexualaren Udal Zentroa presazkoa bazen ere, sexu-askatasuna eta gure gorputzen gozamenerako eskubidea aldarrikatzea beharrezkoa ikusten zuen, ahalduntze feminista lortzeko estrategia gisa. Zaidak, Emakumeen Asanbladako lagun eta militanteak, kontatu du Mariarrok gai horri garrantzia handia ematen ziola: «Asanbladako gazteenei helarazi zigun oso kezkatuta zegoela gure plazer sexualagatik, eta horrek grazia egiten zidan. Eta asko eskertzen dut, aldarrikatzeko modu bat zelako, eta baita
guganako maitasun modu bat ere (…). Kezka hori transmititu nahi zigun: plazer sexualerako dugun eskubidea eta gure gorputzez eta sexualitateez askatasunean gozatzeko eskubidea».
Emakumeen benetako askatasuna, plazeraren eta orgasmoen aldarrikapenaren, gure gorputzen autonomiaren, erru eta lotsarik gabe gure desioak ezagutzearen… eskutik dator. Horrela defendatzen zuen Maria Rosariok. Eta oroitzapen dibertigarri bat utzi zigun horren adierazle: «Ermuko Emakumearen Etxean egindako bideo batean orgasmo bat irudikatu zuen dildo more batekin».
Emakumearen Arretarako Bulegoa eta Babes Etxea
Ahalegin handiak egin ondoren irabazi zen beste borroka bat izan zen Emakumearen Arretarako Bulegoa eta Babes Etxea zabaltzea –tratu txarren biktimei zuzendua–. Planningarekin bezala, Emakumeen Asanbladak uste zuen administrazio publikoak berak bermatu behar zuela zerbitzu hori. Tratu txarren biktima ziren emakumeen beharrei erantzuteko gai izango zen zerbitzua. Tarte bat zeramaten emakumeekin zuzenean lan egiten, eta, Mariarrok azaldu bezala, «epaiketetara laguntzen genituen, baita etxera ere, behin baino gehiagotan egin genien aurre tratu txarrak ematen zituztenei …», (FERNANDEZ, 2014).
Erakunde publikoak beren erantzukizunak hartzera behartu nahi zituzten, beste behin ere, Emakumeen Asanbladaren, Emakumeen Sustapenerako Zentroaren edo Caritasen esku bakarrik gera ez zitezen. Maria Rosariok esan bezala: «Oso lan gogorra izan zen, denbora asko eman genuen eskatzen, eta asko landu genuen. Txosten bat egin genuen, Caritasek eta Asanbladak tratu txarrengatik zenbat emakume artatu zituzten jasotzen zuena, eta udalari aurkeztu genion, bulegoa eta babes-etxea eskatzeko. Ez zuten imajinatzen kasu errealak eta datu estatistikoak aurkeztuko genituenik (…). Eskaera horiek guztiak, bai bulegoarenak, bai babes-etxebizitzarenak, Zentroko emakumeekin batera egin ziren» (FERNANDEZ, 2014).
Mariarrok borroka horri buruz ematen duen testigantzan argi azaltzen da nola ulertzen zuen militantzia. Besteak beste, eskaerak zehaztasunez planteatzea, datu, helburu eta proposamenekin. Estatu-mailan eraildako emakumeen kasuak zenbatzen ez zirenean, Ermuan jada hainbat taldek artatutako kasuak erakusten zitzaizkien erakundeei. Azken batean, tratu txarren biktima ziren emakumeak eta indarkeria-kasuak ez ziren pertzepzio subjektiboa, errealitate objektiboa baizik.
1987an, Ermuko Emakumeen Hautagaitzaren hauteskunde-programaren puntu garrantzitsu bat izan zen emakumeei arreta emateko bulego bat eta babesleku bat aldarrikatzea. Izan ere, hori izan zen feministak hauteskundeetara aurkeztera bultzatu zuten arrazoietako bat:
«Agintariek futbol-zelaian 128 milioi euro gastatzen dituzten bitartean, Ermuko emakumeok irizpide feministen arabera kudeatutako informazio-zentrorik eta babesetxerik gabe jarraitzen dugu. Eta guk ez dugu hori onartuko, asko baitira, gure herrian, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak…». [2]
Baina Babes Etxearen aldeko borroka ez zen datu batzuk aurkeztera mugatu. Mugimenduaren presioak eta aldarrikapenak anitzak ziren, eta umorea, sormena eta, nola ez, kantuak ezin ziren falta: «Udaletxean giltzapetu nahi genuen, baina ez ziguten sartzen utzi. Orduan, zinegotzietako bat inguratu genuen “Non daude giltzak…” kantatzen genion bitartean», (FERNANDEZ, 2014). Maria Rosario horrelako ekimenen bultzatzailea izan ohi zen, Ameliak dioen bezala: «Hemen, tratu txarren gaiarekin ere oso aitzindariak izan ginen. Emaztea jo zuen tipo bat kotxe baten kontra zokoratu genuen; neska bat babestu genuen aitari haurra uzten zion bitartean, erasorik egon ez zedin. Nik uste dut aitzindariak izan ginela gauza askotan».
1988an, Ermuko emakume-taldeen presio horri guztiari esker, abian jarri ziren Emakumearen Arreta Bulegoa eta Tratu Txarrak Jasan dituzten Emakumeentzako Babes Etxea.
Emakumearen Udal Kontseilua
Emakumeen –feministak zein ez– indarrak bateratzeko eta saretzeko modu hori Emakumearen Udal Kontseiluan ere gauzatu zen. 1991n sortu zen eta Euskal Herrian aitzindaria izan zen. Erakunde horrek herrian emakumeen asoziazionismoa bultzatzea ahalbidetu zuen (FERNANDEZ, 2014), eta parte-hartze organo bat izan zen. Antolatutako emakumeen mugimenduaren eta Udalaren arteko elkarrizketarako espazioa bilakatu zen.
Horrela, emakumeen kolektibo guztiak biltzea eta eztabaidak bultzatzea eta aberastea lortu zen, diskurtso feminista guztiengana irits zedin. Manolik dioenez –Emakumearen Sustapenerako Zentroko ikaslea eta Berdintasun Kontseiluko borroka-kidea–, «berak [Mariarrok] proposatu eta errazten zuen eztabaida. Gaitasun hori zuen, besteok jarraitu egiten genion».
Eta eztabaidaren eta hausnarketaren ondoren, ekintza zetorren: «Mariarrok proposatzen zuenari, une hartan egiten ari zenari, herrian borrokatu behar zenari… lotzen zitzaizkion emakumeak. Gauza bat pentsatu edo zerbaitetan inplikatzen zenean, emakumeak erakartzen zituen bere izaerarekin. Eta bera ez bazegoen, bazirudien Kontseilua ez zegoela osorik», gehitu du Manolik.