Plazererako segurtasun bideak
Parranda egiteko gogoa zeukaten, baina espaziorik ez zuten pertsonen eskutik sortu da Iruñerriko Plazeratu.klub kolektiboa. Plazera erdigunean jarri, ikusarazi eta kuir komunitatearentzako jai seguruagoak sortzeko lanetan ari dira.
Plazeratu.klub taldeak antolatutako festa bat / Argazkia: Plazeratu.klub
Plazera ardatz gizartea eraldatzea du helburu Iruñerriko Plazeratu kolektiboak. Baina zer da plazera? Laura Muelas de Ayala antropologoak sakonki aztertu du gaia Los surcos del placer: desbordamientos, prácticas y transformaciones feministas [Plazeraren ildoak: gainezkatzeak, praktikak eta eraldaketa feministak] tesian: “Nik landu dudan moduan emozio bat edo gorputzean gertatzen den zerbait da. Momentu eta espazio konkretu batean gertatzen da, eta zerbaitek eragiten du berriz gertatu nahi izatea. Bestetik, kapitalismoak plazera oso modu konkretuan ulertzera eramaten gaitu. Kapitalismoak ulertarazten digu azkarra izan behar dela eta plazera eman behar digun guztia eskuratu behar dugula”.
Horrekin batera, “oso aldakorra” eta “oso konplexua” da eta testuinguru sozialagatik, politikoagatik, ekonomikoagatik eta beste gauza askorengatik baldintzatuta dago: “Plazera beti erlazionatua dago beste emozio eta prozesuekin. Gainera, gure plazera ez da berdina hogei urterekin edo hirurogeirekin, egoera prekarioan gaudenean edo egonkortasun ekonomikoarekin, militatzen topera gabiltzanean edota atseden hartzen ari garenean”.
Uste du ere plazera ez dela berdina gorputz eta identitate guztientzat, eta batzuentzat “askoz zailagoa” dela plazera gorpuztea: “Plazer batzuk kriminalizatuta daude gorputz zehatz batzuek esperimentatzen dutelako”. Hala ere, plazeraren ukazioaz jabetzea bizipenak kolektibizatzeko bide izan daitekeela dio: “Tesirako elkarrizketatu nituen feminista askok esaten zuten behin kontzientzia hartzen dugunean eta ahalduntzen garenean oso zaila dela beste espazio batzuetan ere ez ikustea plazerenerako eskubidea dugula. Beti ere modu kolektiboan ulertuta, noski”.
“Kolektibo batzuoi beti plazera ukatu izan zaigu lotsa ematen duelako kanpora begira, gaizki ikusita dagoelako eta beste gauzengatik”
Bide horretatik doaz Plazeratu kolektiboko kideak. Lara Molina eta Idoia Zalguizuri artistek plazera aztertzeko egonaldi bat lortu zuten Uharteko Arte Garaikideko Zentroan duela urte bat. Ordutik, zenbait kolektibok, hala nola kuir kolektiboek eta kolektibo arrazializatuek plazererako daukaten lekua aztertzen hasi dira. “Gure asmoa zen plazera erdigunean jartzea eta ikustaraztea”, azaldu du Molinak.
Zapalduta dauden kolektiboekin lanean ari dira “herrigintzatik”, “autogestiotik” eta “asanbladatik” plazera aldarrikatzeko eta kolektibizatzeko. “Kolektibo batzuoi beti plazera ukatu izan zaigu lotsa ematen duelako kanpora begira, gaizki ikusita dagoelako eta beste gauzengatik”, azaldu du Adriana Urmenetak, kolektiboko kideak. Gaineratu du momentu on bat pasatzea gizartea eraldatzeko baliagarria izan daitekeela: “Plazera politikoa da. Askotan politika beste esparru batzuetan egin da, eta behar beharrezkoa da, baina jai giroa ere gizartea aldatzeko tresna potentea izan daiteke gauza asko erreproduzitzen direlako jai giroan”.
Segurtasunik eza
Artearen mundutik datorren proiektu bat da, hau da, musikaren, ikuskizunen, ikus-entzunezkoen eta beste diziplinen bidez gogoetarako espazio bat sortu nahi dute. Hasieran ez zekiten zein bide hartuko zuen, baina taldearen beharrei segika festa kuirrak antolatzeko premia identifikatu zuten. “Parranda gustoko genuelako, baina bizi garen hirian parrandarako lekurik ez genuelako elkartu ginen”, azaldu du Molinak. Antolatzen dituzten festak mistoak dira uste dutelako eragin “handiagoa” izan dezaketela gizartean. “Espazio ez mistoak guztiz beharrezkoak dira, baina festa eraldaketarako tresna bat bada gaur egungo egoera erreal bat simulatu behar dugu”.
Salatu dute ere ohiko espazioetan ez direla eroso sentitzen ez dagoelako erasoen aurrean babesten dituen protokolorik, ezin dutelako askatasunez jokatu eta kolektibo asko leku horietatik kanpo geratzen direlako. Jimena Bandeira kolektiboko kidearen arabera, arrazoi asko egon daitezke eroso ez sentitzeko: “Kuir kolektiboaren eta pertsona arrazializatuen kolektiboaren kasuetan uste dut biok faltan botatzen dugula errepresentazioa eta sentitzen dugula ez dela apusturik egiten indarkeriarik gabeko espazioak sortzeko. Hala ere, agian nire bizipen pertsonaletik diot, baina uste dut lehenari gehiago eragiten diola segurtasunak eta bigarrenari errepresentazioak”.
Jaiak zisheteroaraura eta kontsumora bideraturiko espazioak direla eta “behin eta berriz” sexualizatzen dituztela nabarmendu du Cerdan: “Ezin gara lasai egon neska-lagunarekin musukatzen segituan bost mutil ditugulako guri begira sexualizatzeneta izorratzen. Gainera, norbait ezaguna badago agian lagunduko zaitu, baina bestela ez dute kasurik egiten”. Horrez gain, “etengabe” erne egon behar direla dio Urmenetak: “Nahiz eta oso mozkor edo oso drogatuta egon edo errealitatetik eskapu egin beti gaude alerta. Larritzekoa da ustez aisialdia den momentu batean beldurra sentitzea”. Plazeratun alerta baretzen den arren, ez da guztiz desagertzen beldur sentsazio hori: “Urrats bat da”.
“Faltan botatzen ditugu behetik antolatutako festak, hau da, jendearen elkartzeko gogotik antolatutakoak”
Horregatik espazioak zaindu eta espazio seguruagoak sortzea dute helburu. Xedea lortu bidean kuir mugimendua oso presente dutela uste du Bandeirak. Halere, Plazeraturi autokritika egin dio sentitzen duelako “neurri gehiago” hartu behar direla pertsona arrazializatuentzako espazio bat ere izan dadin: “Gustatuko litzaidake pertsona arrazializatuak eta etorkinak ongi etorriak sentitzen diren espazio bat izatea. Horregatik, etengabe daukagun eztabaida bat da zer egin komunitate horietara hurbiltzeko”.
Interes ekonomikoei aurre egiten
Jai giroan faltan bota duten beste gauzetako bat da jaiak antolatzeko modua. Molinaren arabera, etekin ekonomikoak lehenesten dira espazio gehienetan: “Faltan botatzen ditugu behetik antolatutako festak, hau da, jendearen elkartzeko gogotik antolatutakoak”. Irailean lehenengo jaia antolatu zutenetik orain arte, behin eta berriz bizi izan dute afera hori. Lehenengo festa, esate baterako, Nicoletten –pertsona sexu-genero disidenteentzako Iruñeko erreferentziazko tabernan– egiteko asmoa zuten, baina astebete falta zenean ezezkoa jaso zuten: “Bota gintuzten ez zutelako argi ikusten eta berde ikusten zituztelako DJ-ak”. Azkenean Txintxarri tabernan egin zuten lehena.
“Askotan sortzen zaigun zalantza bat da ea gai izango garen ohiko lekuak okupatu, gure egin eta kuir kolektiboarentzat seguruak izateko”.
Cerdanek gogorazi du ohiko tabernetako kudeatzaileak gizonak direla: “Uste dut desberdintasuna dela guk kuir komunitatetik eta komunitatearentzat egiten dugula”. Molinaren arabera, interes ekonomikoak lehenesten dituzten espazioetatik mugitzen badira, “zailagoa” da bazterturik dauden kolektiboentzat erakargarria izatea. Horrez gain, horrelako espazioetan zaintza “zailtzen” dela dio Bandeirak: “Esfortzu eta indar handia behar da”.
Horregatik, zalantzan jartzen dute espazio handietan egoteak zentzurik ote duen: “Askotan sortzen zaigun zalantza bat da ea gai izango garen ohiko lekuak okupatu, gure egin eta kuir kolektiboarentzat seguruak izateko. Azkenean, euren protokoloak dituzte eta zailagoa da espazio seguruagoak sortzea”. Baloreei dagokienez, antza handiagoa duten tabernetan, Aintzinan kasu, “erosoago” daude, baina uste dute politikoki gehiago urruntzen diren lokaletan egotea ere estrategikoa izan daitekeela hazi bat landatzeko edo azterna uzteko aukera dutelako. Hasieratik argi zuten Iruñerriko txoko batean baino gehiagotan egon nahi zutela.
“Argi genuen kuir komunitateak indarkeria pairatzeaz gain, erreproduzitu egiten duela. Horregatik, gure festetan emanen den indarkeria intergeneroaz jabe izan behar gara”
Helburua espazio seguruak sortzea bada ere, Cerdanek argi du ezin dituztela “guztiz seguruak” diren espazioak bermatu: “Hasieratik argi genuen kuir komunitateak indarkeria pairatzeaz gain, erreproduzitu egiten duela. Horregatik, gure festetan emanen den indarkeria intergeneroaz jabe izan behar gara”. Plazeratu espazio seguru bat dela esatea baino, nahiago dute espazioa “seguruagoa” dela esatea. “Ahoa betetzen zaigu esanez espazio seguruak sortzen digula, baina gero indarkeria ugari erreproduzitzen ari dira inguruan eta ez du inork deus egiten. Garrantzitsua izan daiteke fokua segurtasunean jartzea, baina beti ere domina jarri eta banalizatu gabe”, esan du Urmenetak.
Egoeraren araberako protokoloak
Batzuetan kolektiboak propio antolaturiko festak egiten dituzte, eta beste batzuetan tabernetatik deitzen diete festak antolatzeko. Horren arabera, modu batean edo bestean jokatzen eta zaintzen dute. Ikusten dutenean ez dutela baliabide nahikorik zaintza protokoloa martxan jartzeko, informazioa ematera eta protokoloa azaltzera mugatzen dira. Beste tabernek antolaturiko festatan gertatu ohi da, hala nola aretoak handiak direnez jende gutxi dagoelako beharrei erantzuteko edota segurtasun sistema propioa dutelako.
Hala ere, ahal den neurrian, espazio guztietan, zaintzeko zenbait urrats jarraitzen saiatzen dira. Lehenik, eskaintza artistikoan eta musika eskaintzan “arreta berezia” jartzen dutela azaldu du Molinak: “Aukeratzen dugun eskaintzak eragina dauka transmititu nahi dugun mezuan eta espazioarekin dugun harremanean”.
Beste tresna bat da sarreran bestaren inguruko informazioa ematea eta paretetan erasorik ikustekotan edo pairatzekotan jarraitu beharreko urratsak azaltzea. “Indarkeria ikusarazteko eta izendatzeko tresnak dira”, esan du Cerdanek. Protokolo bat duten arren, kolektiboaren asmoa da festa osatzen duten pertsona guztien artean kudeatzea erasoak. “Plazeraturik aldarrikatzen dugu zaintza komunitatetik etortzen dela”, esan du Urmenetak. Zentzu horretan kontent da orain arte lortutako emaitzekin: “Uste dut urte betean lortu dugula festetara datorren jendea zaintza kolektiboarekin kontzientziatzea”. Molinak gaineratu du ez dutela jaia ikuspegi punitibistatik eta zigorretik jorratu nahi: “Besoko more bat eramaten dugu jendeak gu identifikatzeko eta laguntzeko gaudela ikustarazteko. Hala ere, gure helburua da jendea inguruan gertatzen diren indarkeria kasuez ohartzea, arduratzea eta esku sartzea hartu beharreko neurriak hartzeko”.
Protokoloari dagokionez, Euskal Herriko mugimendu feministak jarraitzen dituen antzeko urratsak betetzen dituzte. Hau da, gela bat daukate aparte beharrezkoa bada lasai egoteko, eraso bat ikustekotan erosoturiko pertsonarengana hurbildu eta laguntzarik behar duen galdetu behar zaio; ezetz esaten badu erabakia errespetatu behar da; laguntza nahi badu zer behar duen galdetu behar zaio eta beharrezkoa bada erasotzailea botatzea komunitatea arduratuko da horretaz. Urmetak dioenez, horretako urratsak jarraitzea “errazagoa” da “oso agerikoak” diren erasoetan, eta besteetan aldiz “zailagoa” da intentifikatzea nola jokatu: “Aurrekoan kamisetarik gabe zeuden mutil batzuek lehengo ilara hartu zuten. Komunitatetik dantzan hasi, eta hortik bota genituen”.
Plazeratuko protokoloak antzekotasun handiak ditu mugimendu feministaren jardunarekin. Hala ere, feminismoek ematen dituzten tresnak aski dira eraso LGTBfofoak, arrazistak, kapazitistak eta beste kudeatzeko edo protokolo zehatzagoak behar dira? Urmenetak dionez, Euskal Herriko mugimendu feministak begirada intertsekzioanala txertatzen saiatzen da, eta beste zapalkuntzak barnebiltzen ditu. Bat egin du horrekin Molinak, baina uste du kuir izateak dituen “berezitasunak” kontuan hartu behar direla: “Ez da iguala marika izatea, bollera, trans eta beltza edo ez binarioa. Epe luzera landu beharreko zerbait da”.
Bandeirak gehitu du paperean protokoloak orokorrean “antzekoak” direla, baina praktikara eraman da aldez aurretik lan egitea beharrezkoa dela: “Beste errealitateekiko aurretiko lanketa egin behar dugu jakiteko nola jokatu eta kolektibo bakoitzaren bizipenak ezagutzeko”. Molinak gaineratu du indarkeria desberdinekiko erreferentziazko pertsonak izatea garrantzitsua dela: “Oraindik lan handia dugu, nire kasuan adibidez, eraso arrazistei erantzuteko tresna gutxiago ditut, ez naizelako zapalkuntza horren subjektua”. Festaz festa protokoloak hobetzen eta zehazten doaz.