“Sareak ehuntzea da garrantzitsuena, laguntza eskaini eta batera lan egitea. Lehentasuna orain bizirautea da”

“Sareak ehuntzea da garrantzitsuena, laguntza eskaini eta batera lan egitea. Lehentasuna orain bizirautea da”

Télameko (Argentinako albiste agentzia publikoa) Generoen eta Aniztasunak ataleko lehen editorea zen Silvina Molina, Mileiren gobernuak martxoan agentzia itxi zuen arte. Genero eskubideen urrapenaren inguruan mintzatu gara berarekin.

Texto: Nerea Menor

Argazkia: Telam

18/09/2024
Artikulu hau aldez aurretik Argia aldizkarian argitaratu da.

Genero eskubideen urrapenaren inguruan mintzatu gara Silvina Molina kazetariarekin. Télameko (Argentinako albiste agentzia publikoa) Generoen eta Aniztasunak ataleko lehen editorea zen Molina, Mileiren gobernuak martxoan agentzia itxi zuen arte. Kazetaritza, inklusioa eta generoari buruzko liburuak idatzi ditu; komunikabide eta erakunde publiko zein pribatuei zuzendutako aholkularitzak, hitzaldiak eta ikastaroak eskaini. Komunikazio eta genero alorreko aholkularia da nazioarteko erakundeetan. 2007az geroztik

Nolakoa da kazetari izatea Argentinan?

Kazetaritza egitea zaila da orain, bereziki genero-kazetaritza.Genero-desberdintasunak ukatzen ditu gobernuak eta behin eta berriz erasotzen gaitu. María O’Donnell kazetaria presidentearen erasoen jomuga izan da askotan; “character assassination” edo erreputazio hilketa deitzen dio horri, eta nik ere antzeko zerbait pairatu dut. Télam utzi nuen, Latinoamerikako agentzia zaharrenetako bat, Mileik aurten itxi duena. Orain, nire kazetari rola berraztertzen nabil, testuinguru berria ulertzen saiatzen eta nola jarraituko dudan erabakitzen.

“Bai politikoek baita kazetariok ere, egoera honetara nola iritsi garen aztertu beharra daukagu: zer egin den oker baina baita zuzen egin dena ere”.

Nola egiten diozue aurre egoera konplexu honi emakume-kazetariek?

Bai politikoek baita kazetariok ere, egoera honetara nola iritsi garen aztertu beharra daukagu: zer egin den oker baina baita zuzen egin dena ere. Ondo egindakoa aitortu beharra dago, egondako aldaketa kulturala alajaina. Honi esker, Juan Darthés aktore eta José Alperovich gobernadore ohia bortxaketagatik kondenatuak izan ziren. Pedro Brieger kazetariaren jazarpenaren biktimak babestu genituen kazetariok, 19 biktimek hitzegin zuten, ordura arte pentsaezina.

Zein da orain estrategia?

Indarkeria jasaten duten emakume, nerabe eta haurrak babesteko politika gabezia da egunotan salatzen ari garena. Feminizidioak eta estatuaren laguntza falta aipatzean gobernuko trollen erasoak berehalakoak dira sare sozialetan. Gobernu nazionalaren babesa eskasa da probintzietan eta bertan jarduten duten emakume kazetariekin sareak ehuntzea da garrantzitsuena, laguntza eskaini eta batera lan egitea. Lehentasuna orain bizirautea da.

Nolakoa da feminismoaren egoera gaur egungo Argentinan?

Gobernuak genero ikuspegiarekin lotutako arloak itxiko zituela jakin zenean berehala heldu zioten gaiari eta 300 erreferente feminista nazioko kongresuan bildu ziren. Mugimenduaren indarra nabarmendu zuen horrek, koordinazo-gaitasunaren erakusgarri galanta. Urrian Emakume Plurinazionalen Topaketa izango da, funtsezkoa izango dena mugimendu feministarentzat. Itxaropentsu gaude 35 urteetan zehar ekimen garrantzitsuen iturburu izan delako: zapi berdeen mugimendua eta abortuaren legalizazioaren aldeko ekimenen jatorria izan zen.

Ni Una Menos ere lanean dirau.

Ni Una Menos mugimendu zabala da, bere baitan abortuaren eskubidearen aldeko kanpaina eta beste hainbat biltzen dituena. Eskualde guztietako agenda beregain hartzen du: nekazariak, herri indigenak eta leku zehatz bakoitzeko haurren bereizgarriak.

Genero Indarkeriaren Azpibatzordean egondako kaleratzeen ostean informazio gehiago eskatzen duen ekintza judizial kolektiboa aurkeztu berri da, gobernuaren aurka.

Azpibatzordea, Mileiren gobernuak itxitako Emakumeen, Generoen eta Aniztasunen Ministerioaren azken aztarna zen —genero-indarkeriari buruzko legeria ezartzen zuen erakundea— baina orain langileen %85a kaleratu dute, burua zen Claudia Barcia fiskala barne. Ez dakigu politika hauetaz arduratzen den erakunderik dagoen gaur egun. Argentinak nazioarteko genero eta berdintasun eginkizunak urratzen ari dela dirudi (CEDAWk berretsitakoak barne) eta gure konstituzioak jasotzen dituenak ere. Egoera kezkagarria da gobernuak ez duelako informazio argi eta koherenterik helarazten eta horrela, oso zaila delako gertakizunen jarraipena egitea. Benetan, ezohikoa da egoera hau.

Ekintza judizialak eskatzen duen bakarra informazio gehiago da?

Informazioa eskuratzeko lege bat dugu Argentinan, informazioaren eskuratzea bermatzen duena. Informaziorik ez dagoenez, errekurtso garrantzitsua da. Hainbat erakundeek horretara jotzen ari dira, behar bezala informatzeko eskatuz.

Eta zer dio oposizioak?

Kongresuak gogorarazi beharko luke legeak bete behar direla, baina ez du egiten. Egoera zehatz honi konponbidea aurkitzeko asmoa duen oposizio politikorik ez dago momentuz. Uste dut feminismoak eta emakumeen erakundeek askoz azkarrago mugitu direla arlo honetan.

“Presidenteak eta bere bozeramaileek hizkuntza bortitza eta diskriminatzailea erabiltzen dute emakumeak, aniztasunak, ahalmen-urritasun, pertsona arrazializatuak eta indigenak aipatzen dituztenean”.

Eta honek guztiak tentsioa eta gorrotoa areagotu du gizartean.

Presidenteak eta bere bozeramaileek hizkuntza bortitza eta diskriminatzailea erabiltzen dute emakumeak, aniztasunak, ahalmen-urritasun, pertsona arrazializatuak eta indigenak aipatzen dituztenean. Herrialdeko agintari nagusiak diskurtso iraingarri hau erabiltzeak, biztanleriaren sektore jakin batek diskurtsoaren errepikapena bidezkotzat hartzea eragin du. Gainera, hitzaldi berbera darabilten influencer-ak gonbidatzen dituzte (gizonezko kazetariek, batez ere) ohiko hedabideetara, kazetarien moderazio egokirik gabe, pentsaera hedatuz doan bitartean, traba bakarra gizartearen gaitzespena izanik. Erronka nagusiena litzake, gizarte gisa nola berrelkartuko garen eta zelan egingo diogun aurre diskurtso horri. Erantzukizun guztia mugimendu feministaren esku ezin da utzi, baina beharrezkoa da komunikazio estrategiak birpentsatzea eta aztertzea zergatik diskurtso diskriminatzaileekin identifikatu diren hainbeste lagun.

Pertsona horiek elkarrizketarako gogoa dute?

Ez dut uste. Diskurtso automatizatua eta estatikoa dute, oraingoz oso zaila da elkarrizketa aurkitzea baina, hori izan beharko litzateke gure helburua.

Oso mediatikoa bihurtu da 5 urteko Loan haur desagertuaren kasua. Pertsonen salerosketa sare batek bahitu duela uste da.

Loanen kasuarekin lotutako fake news batek zihoen salerosketaren aurkako lege bat behar genuela, baina Argentinak badu lege hori. Gobernu berria sartu zenetik, trataren aurka lan egiten zuten taldeak desintegratzen ari dira. Ez dakigu non dagoen Loan. Lehen, ume bat desagertzen zenean, sistema oso bat artikulatzen zen. Orain, haurtzaroaren organismo nazionalik gabe, ez dakigu koordinazioa nola kudeatuko den. Kasu honek agerian uzten du gobernu nazionalak ez duela kudeaketa esperientziarik. Dituzten ideia politikoetatik haratago, hau litzateke arazo handienetako bat.

Zer gertatu da genero-indarkeriaren biktimei babesa eta laguntza emateko politikekin?

Micaela Legea, doako babes juridikorako, ez dago martxan. Probintzia batzuetan eta Buenos Airesen 144 linea-telefoniko propioak daude, baina estatuko gainerako probintzietan ez, eta horrek erasotzaileak adoretu ditzake. Gizarte-erakundeek bere gain hartu dute emakume mehatxatuen laguntza, baina eskariak gora egin du eta nazioarteko finantziazio bila dabiltza. Gainera, Estatuko trans kupoaren legea ez da errespetatu eta kaleratzeak handitu dira.

“Osasun Ministerioa da abortuaren sarbidea bermatzeko materialak eta prestakuntza ematen dituena, baina gobernu berria dugunetik ez dago halakorik”.

Eta abortuaren eskubidearekin?

Abortatzeko eskubidearen aurka azaldu da beti Milei. Gaia eztabaidatzeko proiektua aurkeztu zuen, baina gobernuak ez zion lehentasunik eman. Osasun Ministerioa da abortuaren sarbidea bermatzeko materialak eta prestakuntza ematen dituena, baina gobernu berria dugunetik ez dago halakorik. Ez dakigu zenbat material dagoen erabilgarri, ezta noiz arte bermatu ahal izango den abortuaren praktika. Presidentea eskubide horren aurka egotea mehatxu isil baina irmoa da.

Uste duzu oraindik herrialdeko genero-mapari eusten zaiola?

Lehen, Emakumearen Ministerioak biltzen zituen arlo guztiak, baina itxi zenetik ez da horrelakorik egon. NBE Emakumeak eta UNFPAk hainbat baliabide jarri dituzte erakunde feministen eskura, laguntza sare berri bat sortuz. Duela gutxi ospatu zuten lehendabiziko bilera Buenos Airesen, eta oso ondo joan zen, ikusmin handia dago.

Milei bozkatu duten emakume feministen testigantzak biltzen ari dira.

Bai, hala da. Feminista direla dioten hainbat emakume Mileiri eman zioten bozka. Zatiketa honetan, feministok elkarrizketarako eta gizarte gisa berrelkartzeko giltza daukagu. Agian, feministok elkartuko bagina, hor aurkituko genuke elkarrizketarako gune bat. Gizon gazte askok Milei bozkatu dute, baina abortuaren inguruan hitz egin dugunean, gobernuarekiko ezberdintasunak erakusten dituzte. Puntu hori, emakumeenganako indarkeria, femizidioak edo haurtzaroarekiko abusua, benetan hurbiltzen gaituzten gaiak dira.

Nola irudikatzen duzu Argentinako egoera sozio-ekonomikoa etorkizunean?

Egoera analizatzea zaila da, prozesatzen nabil. Biztanleriaren ehuneko handi batek Milei aukeratu zuen. Boto-emaile hauek ez ditugu entzun orain arte, agian kasu gutxi egin zaie eta Milei ordezkari gisa sumatu dute. Ez naiz baikorra Argentinako egoerari dagokionez, ezta gobernu-taldearen politika bortitzei dagokionez ere; baina bai feministok eraikitzen dugun indarrari dagokionez: gehien behar dutenak laguntzeko, gure bidea birpentsatzeko eta elkar laguntzeko.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba