“Zintzilik zaudenean zaurgarritasuna indartsuago sentitzen duzu”

Maitane Sarralde Ussia

“Zintzilik zaudenean zaurgarritasuna indartsuago sentitzen duzu”

2020an taula gainean lehen aldiz ikusi genuenetik Maitane Sarraldek argi erakutsi du gorputzaren bidez adierazteko duen trebetasuna, bai airean bai lurrean dantzan ari denean. ‘Madre Perla’ izeneko azken ikuskizuna plazaratu berritan berarekin elkartzeko aukera izan dugu.

'Bilhutsik' antzezlana. Argazkia: Ricardo Matos

25/09/2024

Gaztetan dantzan hasi zenean Maitane Sarralde Ussiak (Getxo, 1991) ez zekien on egiten dion adierazpide hura ogibide izan zezakeenik, baina lortu du bere bidea egitea, gorputzaren bidez transmititu nahi duen horri fidel izanik eta ikusleekiko konfiantza mantenduz. Euskal Herrian, Portugalen zein Europako zenbait konpainiatan lan egin ondoren eta dantza, antzerkia eta zirkua zein sorkuntzako formakuntzak jaso ondoren, 2022an berak sortutako lehen lana aurkeztu zuen, Bilhutsik [Des(a)nuda], korapiloak askatzeko eta biluzteko prozesua gorpuzten duena. Orain, Madre Perla ikuskizuna plazaratu berri du, duela 10 urte irakasle izan zuen Magalie Lanriot dantzariarekin batera. Bertan, basamortuaren metaforatik eta espazio hutsean bakarrik dauden bi gorputzen topaketatik abiatuta, horma dantzako proposamen poetikoa sortu dute.

Zelan joan zen dantzarekin zenuen harremana sortzen? Noiz erabaki zenuen dantza eta sorkuntza lanbide izan nahi zenituela?

Ez dut uste erabaki dudanik, agertu zait, eta esker onez hartu dut.
Txikitan artearekiko sentsibilitatea nuen eta eskolaz kanpoko ekintza bezala dantzan aritu nintzen. Eta auzoko lagunekin koreografiak sortu eta entseatzen genituen, jakin gabe dantza ikasi edo ogibide bihurtu zitekeenik, inguruan ez bainuen erreferenterik. Unibertsitatean, jarduera fisikoa eta kirola ikasten ari nintzela, Naiara Rojo izan nuen inprobisazio irakasle Gasteizen, Danzateria eskolan. Lengoaia berri batekin konektatu nuen han: hitzekin adierazi ezin nuena adieraztea ahalbidetzen zidan. On egiten zidan. Ondoren Lisboan egin nuen Erasmusa, eta dantza formakuntzaren hainbat ikasgai hartu nituen. Hango irakasle batek Txile, Portugal eta Brasil arteko dantza performance telematikoko proiektu batean parte hartzera gonbidatu ninduen eta oso garrantzitsua izan zen niretzat.

Zirkoan ere aritu zinen, ezta?

Bai, Euskal Herrira itzuli nintzenean, Zirkozaurrek sortu berri zuen Haztegi programan eman nuen izena. Amateurrentzat sortutako programa bat da, eta formakuntza eta sorkuntza lantzen dira. Hartu ninduten eta urtebete egon nintzen zirko diziplina batzuetan formakuntza jasotzen eta Morse ikuskizuna sortzen. Ordura arte, dantza, antzerkia, zirkua… praktika gordin moduan ulertzen nituen: trebetasunak landu, ondo pasatu, entrenatu, adierazi… Baina Haztegi programaren prozesuan zehar praktika horiek sorkuntzaren zerbitzura jarri genituen Marta Torrens zuzendari katalanarekin batera. Arte eszenikoekiko begirada aldatu zitzaidan: eduki ditzaketen bestelako dimentsioak azaldu zitzaizkidan eta dantzara edota sorkuntzara dedikatzeko grina piztu zitzaidala esango nuke. Horiek lanbide dituen jendea zegoela konturatu nintzen. Klik!

Programa bukatu ostean, sasoi pertsonal zaila igaro nuen eta neure buruari galdetu nion: “zelan egingo dut hemendik ateratzeko eta hobeto sentitzeko?” Orduan Portugalera itzuli eta dantza-antzerkia ikastea erabaki nuen, hau da, neure buruari on egiten zion hori opari moduan eskainiz. Han, Olga Roriz konpainiarekin, konposizioa, inprobisazioa, dramaturgia ikasten ari nintzela, arte bizien beste hainbat geruza eta ikuspegi zabaltzen hasi ziren. Casting batera aurkeztu eta kabaret batean lanean hasi nintzen, ogibide hartuta. Bi urte eman nituen han lanean. Ondoren, konposizioan eta koreografian sakondu eta ikertu nahi nituela sentitu eta Iruñeara joan nintzen, La Faktoria Choreographic Centerreko karrera ikastera.

Behin aipatu zenidan hasieran arraroa egin zitzaizula Portugalen kabaretean lan egitea eta zure sentsualitatean arakatzea.

Gaur egun oraindik ez dut oso ondo ulertzen nire harremana femeninotzat jotzen den horrekin. Ni ez nintzen hura sentitzen, atzazkalak gorriz margoztuta edo takoiekin ibiltzen, eta ez nuen neure burua pertsonaia horren barruan ezagutzen. Pixkanaka lortu nuen hura ere ni nintzela barneratzea, ezarritako patroien inguruan galdetuz eta neure gorputzaren mugimenduak eta pertsonaia berreraikiz. Feminitate propioaren adierazpenean esploratzen hasi nintzen neure koreografiak sortuz. Takoiak kendu nituen eta eroso sentitzen nintzen espazioa sortu nuen kabaretaren kodeen barruan.

Eta ondoren Euskal Herrira itzuli zinen berriro?

Bai, La Faktoriara ikasketak egitera bueltatu nintzenean La Glo dantza bertikal konpainian lanean hasi nintzen koreografietan laguntzen eta dantzatzen. Tartean, Ingalaterrako Yskynna dantza bertikal konpainiako proiektu batean parte hartu nuen. Marie de Jongh antzerki konpainian lanean hasi nintzen Ikimilikiliklik ikuskizunean, antzerki, dantza eta dantza esekia egiten. Konpainia honen bigarren lana, Ama, prestatzen genuen bitartean, Bilhutsik [Des(a)nuda], nire lehenengo lan pertsonala sortzeari ekin nion.

“Korapiloen ideian oinarritu eta sokekin lan egitea erabaki nuen: sostengatzen gaituzten sokak eta, aldi berean, mugak ere jartzen dizkigutenak, edo fluxua hausten dutenak”.

Bilhutsik [Des(a)nuda gaztelaniaz] lanean korapiloa dago erdigunean, hiru korapiloren artean ibiltzen zara, batzuetan erosoago, besteetan atezuan. “Imajinatu erortzen zarela eta ez dagoela lurrik” esaten duzu.

Korapiloak egon ziren prozesuan ere. Dantza bertikal eta antzerki konpainietan lanean ari nintzen, baina neure burua dantzari eta sortzaile moduan ezagutu nahi nuen. Ez zen nire helburua ikuskizun bat sortzea, prozesuaz ikastea baizik. Lanean aurrera joan ahala beldurrak eta ziurgabetasunak sortu zitzaizkidan, ez nintzela kapaz sentitzen nuen. Korapiloak agertu ziren. Korapilo horien aurrean argitasunak ere banituen. Puntu finkoa delako diziplinan barneratu nahi nuen, ahalbidetzen zidalako airearen eta lurraren artean dantzatzea aldi berean. Puntu finko horrek sortzen duen penduluaren dinamika eta sokak hartu nituen abiapuntu. Korapiloen ideian oinarritu eta sokekin lan egitea erabaki nuen: sostengatzen gaituzten sokak eta, aldi berean, mugak ere jartzen dizkigutenak, edo fluxua hausten dutenak.

'Bilhutsik' ikuskizuna. Juli Martin Pla

‘Bilhutsik’ ikuskizuna. Juli Martin Pla

Euskal Herrian ikusia zenuen lehenago Puntu Finkoa delakoa?

Gero eta ezagunagoa den arren, murgiltzen hasi nintzenean ez nuen horrelakorik egiten zuen inor ikusi edo ezagutu. Bungee dantza ikusi nuen bideo batean, baina ez da gauza bera. Dantza bertikala landua nuen ordurako; nik, ordea, lurrean ere egin nahi nuen lan eta, diziplina berri honen bidez, guztiak elkartzeko aukera ikusi nuen. Dantza bertikalean bezala, sabaiko puntu batean lotu nuen soka bertatik zintzilikatu eta eseki, puntuaren eta lurraren artean dagoen espazioan dauden mugimenduetan arakatzeko.

Prozesuan asko inprobisatu nuen. Eroso sentitzen naiz inprobisatzen, materialak deskubritzen. Zailtasun handiagoak ditut gauzak errepikatzeko, egituratzeko eta zehazteko. Inprobisazio horiek grabatuz, begiratuz eta moldatuz, ikuskizuna sortzen joan nintzen. Eneritz Zeberiok eta Pau Portabellak asko lagundu zidaten: lehenak, inprobisazioak arautzen eta lanean konfiantza izaten, eta bigarrenak, dramaturgian egituratzen. Alicia Rechac zirku artista eta arkitektoak eszenografian lagundu zidan, segurtasun alderdiak eta behar artistikoak kontuan hartuz. Ondoren, kalean antzezteko egitura ere diseinatu zuen.

“Bilhutsik ikuskizuna niretzat barne-korapiloari aurre egitea eta desegiten saiatzea zen, biluztasuna eta zaurgarritasuna onartzea”.

Lana estreinatu eta Umore Azokan saria eman zizuten gainera. Zelako harrera ikusi zenuen jendearengan eta zelan sentitu zinen bai taularatzean bai epaimahaiaren saria jasotzean?

Lehenik Muxikebarrin aretoan (Getxon) estreinatu nuen, eta ondoren Leioako Umore Azokan, kaleko moldaketa. Umore Azokan berrikuntzagatik eta ikerketagatik aipamen berezia egin zioten lanari. Bilatzen dudana izan ez arren, eskertzekoa da aitortza jasotzea.

Getxon, nire herrian, estreinatzea oso berezia izan zen. Ikuskizun hau niretzat barne-korapiloari aurre egitea eta desegiten saiatzea zen, biluztasuna eta zaurgarritasuna onartzea. Beti ihes egin izan dut herritik, asko kostatu zait bertan nor eta zer naizen adieraztea, beraz, oso berezia izan zen bertan aurkeztu izana. Antzokia bete zen! Jendearen harrerak asko harritu ninduen, beti harritzen nau. Askotan uste dugu jendea ez dagoela ohituta eta beldur gara zelan jasoko dituen “desberdinak” diren proposamenak, dentsoagoak, ilunagoak edo motelagoak izanagatik. Badirudi arina edo ikusgarria ez denak harrera txarragoa izango duela, baina ikusten ari naiz jendeak eskertzen dituela lan zintzo eta zainduak. Izan ere, Bilhutsik [Des(a)nuda] lanak guztiok bizi ditugun gaiak taularatzen ditu: barne-gatazkak, beldurrak eta horiez jabetzeko eta onartzeko prozesuak.

Zer desberdintasun ditu, edo sentitzen dituzu, airean eta lurrean dantzatzearen artean?

Airean euskarriak ahulak direla eta inertziaren mende gaudela agerian jartzen da, dena kontrolatu nahi dugun arren, guztia ez dagoela gure esku. Zintzilik zaudenean zaurgarritasun hori edo momentuari entregatzeko behar hori indartsuago sentitzen duzu. Airean nagoenean presenteago sentitzen dut entzute egoera. Horrek ez du esan nahi deskontrola dagoenik, edo ez direla erabakiak hartzen, baina agerian jartzen da egoeraren kontrol osoa izatea ezinezkoa dela, elementu batek sostengatzen zaitu eta zu baino indartsuagoak diren indar fisiko batzuek mugitzen ditu. Lurrean ere gertatzen da hori, baina airean argiago ikusten dut.

Punto fijo irakasle ere bazara. Zer erraztasun edo erresistentzia ikusten dituzu ikasleen gorputzetan zintzilikatzean?

Jendeak askotan esaten dit haur gineneko garaira bidaiatzen duela, kulunkan jolasten gineneko garai horretara. Oinak lurretik banatzeak eta kulunkatzeak plazerra sortu ohi dio jendeari. Egia da ohituta ez dagoen jendeak mina sentitzen duela aldakan une batean, arnesarengatik, baina orokorrean oso atsegingarria da.

“Nork bere bidea jarraitzen du, bakarrik, bere basamortuan eta une batean horman gorputz horien arteko topaketa ematen da”.

'Madre Perla' ikuskizuna. Argazkia: Denis Wal

‘Madre Perla’ ikuskizuna. Argazkia: Denis Wal

Orain Madre Perla lana estreinatu berri duzue Magalie Lanriotek eta zeuk. Lur sikuetako landareari egiten dio erreferentzia izenburuak, betibizi familiakoari. Basamortuaren metafora erabili duzue: desorientatzen gaituen paisaia, handitasunean bakarrik, gehiegizkoa dena eta hutsa. Eta dantza gorputzen oasia bezala ulertu duzue.

Lan hau sortu zen biok sentitzen genuelako beharra dantza bertikala beste leku batetik begiratzeko, ez hainbeste birtuosismotik edo ikusgarritasunetik. Proposamen poetiko bat plano bertikalera eramanez, dantza ikerkuntza eta konposizioa ardatz hartuta. Duela hamar urte berarekin ezagutu nuen dantza bertikala. Eta orain dela hiru urte, kontakt-esekia aztertzen ari ginela, inprobisazio bat grabatu eta Torontoko SKY festibalean sari bat jaso genuen. Bideoaren tonutik eta atmosferatik abiatuta sortu zen basamortuaren inguruko unibertso poetikoa, eta hori izan zen sorkuntzaren euskarria. Ideia horretatik beste ideia batzuk esploratu ditugu: esentziaren ausentzia, hutsa, murrizketa, bakardadea, eta partekatzea. Basamortuak handitasuna iradokitzen digu, hutsaren sentsazioa, desorientazioa. Nork bere bidea jarraitzen du, bakarrik, bere basamortuan eta une batean horman gorputz horien arteko topaketa ematen da. Egarri diren bi gorputz dira eta arrakala bat ere badago haien artean, lurra zatituta, bananduta. Harresia. Uraren bila daude eta elkar topatzen dute. Topaketan putzua, iturria edo oasia agertzen da. Bizia, sorkuntza eta hor sortzen da madre perla delako landarea. Oso aberasgarria izan da esperientzia luzeko emakumeekin prozesua partekatzea. Blanca Arrieta izan dugu bidelagun, eta plazerra izan da berarengandik ikastea.

Zure lanetan asko ikusten dira geure buruarekin ditugun borrokak, barne-gatazkak. Dantzari izateak, gainera, gorputzaren autokontrola eta diziplina handia eskatzen dizkizu. Zelan bizi izan duzu hori exijentzia-maila hori zure ibilbidearen une desberdinetan?

Urte berri egunean proposamen bat egin nion neure buruari: “exijentzia lagun eta ez etsai”. Garrantzia ematen diot lanarekin zorrotz izateari, egiten dugunarekin ardura hartzeari, baina mugak zaindu behar direla uste dut. Frustrazioa arindu, egiten dugunari balioa eman eta lanarekin dudan harremana atsegina izan dadin saiatzen naiz.

“Uste dut ikusleengan konfiantza handiagoa izan behar dela. Jendeak askotan eskertu izan dit justu gehien beldurtzen ninduen hori egin izana”.

Dantzaren munduan gorputzaren esposizioa handia da eta besteen begirada sartzen da jokoan: programatzaileena, ikusleena, irakasleena, epaileena… Zertan, zelan eragiten dizu begirada horrek? Zer estrategia garatu dituzu begirada horrek zure lana ez baldintzatzeko?

Bilhutsik [Des(a)nuda] lanean ez nuen “merkataritza mundu hau” ezagutzen, begiradaren pisua sentitzen nuen, baina modu pertsonalago batean, nire zatitxo bat konpartitzen ari nintzelako, biluzten, ez hainbeste lanbideari edo boloak lortzeari dagokionez. Nire ustez, oso garrantzitsua da geure buruarekin zintzoak izatea eta ez pentsatzea hainbeste sektorean lan egiten dutenei gustu ematean. Noski, ikusleengan pentsatzen dut sortzen ari naizenean, partekatze ekintza bezala ulertzen baitut, baina saiatzen naiz egin nahi dudan horrekin zintzoa izaten, uste dut konfiantza izatea oso garrantzitsua dela, publikoa gai baita proposamen zintzoak baloratzeko.

“Ogibide zaila dugu, baina uste dut ez garela elkarren etsai, ahizpak garela, eta saiatu behar garela guztion artean diziplina honek duen espazioa handitzen eta aberasten”.

Orain, sektorea pixka bat hobeto ezagutzen dudala eta dantza ogibide dela niretzat, plazaratu berri dugun Madre Perla lanean, aipatu duzun pisu hori sentitu dut. Badakit obra “merkatuari” egokitzen ez bazaio lana izateko aukera gutxiago izango dudala eta jendeak gutxiago ezagutuko duela. Lan honetan egiteko modu batekin zintzoak izan gara eta ez dugu hainbeste pentsatu gustu ematean. Durangon aurrestreinaldia egin genuen ekainean eta ikusleen harrera sekulakoa izan da. Uste dut beldur handiagoa dugula sortzaileok edota kontratatzeaz arduratzen direnek eta ikusleengan konfiantza handiagoa izan behar dela. Jendeak askotan eskertu izan dit justu gehien beldurtzen ninduen hori egin izana.

'Madre Perla' ikuskizuna, Magalie Lanrriot eta Maitane Sarralde. Argazkia: Denis Wal

‘Madre Perla’ ikuskizuna, Magalie Lanrriot eta Maitane Sarralde. Argazkia: Denis Wal

Sentitu izan duzu aipatu dituzun merkatuaren logika horiek gure arteko lehia areagotzen dutela?

Zoritxarrez, askotan bizi izan dut hori. Nik uste dut sektorearen prekarietatetik datorrela lehia hori, zaurgarri sentitzen garelako eta norberak uste duelako berea defendatu behar duela. Sistemak elkarren aurkari garela sinestera eramaten gaitu, baina indibidualismo kapitalista horrek ez digu onik egiten, ez geuri, ez sektoreari. Gainera sorkuntza garatzeko muga argia da. Uste dut gutako bati ondo badoakio onuragarria dela besteontzat ere, eta gure artean komunitatea sortzea garrantzitsua dela. Espazioak eta baliabideak konpartitzeko beldur gara, baina ez dauka zentzurik bakarrik joateak. Elkarri lagunduz errazagoa izango litzateke azpiegiturak lortzean izaten ditugun zailtasunei aurre egitea. Gero eta proposamen gehiago ikusten dira festibaletan eta hori ona da guztiontzat. Uste dut indartsuagoak izango ginatekeela denok arreta jartzen baduzu norberak partekatzeko duen zer edo zer berezi eta propio horretan, eta ez besteekin konparatu eta lehiatzen, edota merkatuak nahi duen horri erantzuten. Ogibide zaila dugu, baina uste dut ez garela elkarren etsai, ahizpak garela, eta saiatu behar garela guztion artean diziplina honek duen espazioa handitzen eta aberasten.

Eta horren harira, Garaion Sorgingune espazioa eta bertako taldea aipatzea eta eskerrak ematea gustatuko litzaidake. Maitasun eta lan handiz sortutako espazioa da eta zoragarria izan da emakume hauen eskuzabaltasuna, asko lagundu izan didate prozesuetan. Elkarrengandik ikasteko eta elikatzeko denbora eta topaguneak ahalbidetzea ezinbestekoa da, ikuspegi produktiboaz haratago.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba