Hil arte dantzan eta plazan

Hil arte dantzan eta plazan

Joan den irailaren 7an Iñurri eguna izan zen Usurbilen, eta jardueraz betetako egitarauaz gozatzeko aukera izan zen. Baina, batez ere, komunitatea ehundu eta plaza hartzeko hitzordua izan zen. Minbiziaren gaineko tabuak hausten dihardu Iñurrik, eta zer hobe horretarako plazak hartzea baino.

Iñurri eguna / Argazkia: Mikel Leiza

23/10/2024

Ez nuen Iñurri eguna gainontzeko guztiekin hasi. Yogarako izen emanda nengoen —gero ikusi ditut irudiak eta sekulako inbidia eman dit—, eta banekien ondoren gosari goxoa prest zutela —gero oparitu zizkidaten glutenik gabeko munduko cookie goxoenak—, baina ezin nintzen garaiz iritsi. Ez nintzen garaiz iritsi Nahia Intxaustirekin batera minbizia eta feminismoa uztartzen ziztuen hitzaldira. Eguerdirako, biok behar genuen oholtzan, baina berandu heldu nintzen eta feministak bagara, zer gutxiago elkarrizketatu behar duzun horrekin lehenago kafetxo bat hartzea baino. Zain genuen jendea aretoan, eta baten bat etorri zen guregana, berandu gindoazela eta. Ez nuen inoiz pentsatuko hitzartze bat horrela hastea, baina hala esan nuen: “Gaur erabateko aitzakia daukat. Amona hilobiratzetik nator, barkatu”. Ez zen gezurra, hiru egun lehenago utzi gintuen amonak bigarren minbizi baten ostean. Ezagun dut gaia, beraz, eta ezagun dut Iñurri. Amonak ere bai. Duela urte batzuk modelo lanak egin zituen haientzat, eta argazki horiek memoria lana egiten dute etxean orain: ahaldunduta eta irribarretsu begiratzen dit apaleko markotik kronika hau idazten ari naizen momentuan.

Bera omentzeko era onenetarikoa izan zitekeelako joan nintzen iñurritarrekin dolua partekatzera Usurbilera. Izan ere, egunotan dugun sobredosi arrosari kontrastea egiten dio iñurritarren ahotan askotan entzun dudan Minbizia ez da arrosa, marroi handi bat da leloak. Eta aldi berean, haserre eta amorru hori erresistentzia bihurtzen dute, eta boteretuta oihukatzen dute: “Hil arte bizi!”. Usurbil bilakatu zen akelarre horretan bat gehiago izan nitzen ni irailaren 7an. Plaza hartu eta tabuak hautsi zituzten. Plaza hartu eta dantzan egin genuen. Baina zer da Iñurri? Zer du beste elkarteetatik desberdin? Eta zer izan zen Iñurri eguna?

Orain dela bost urte pasa, Julene Ilarramendik eta Miren Cuerdok sortutako elkartea da, ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziari buruzko dibulgazioa, formazioa eta akonpainamendua eskaintzeko. Txikitik eragiten hasi ziren, hitzaldi bat hemen, kamiseta eta tote-bag tirada bat han… eta apurka-apurka gero eta dimentsio handiagoa hartu du elkarteak, beharra zegoenaren seinale. Hala antolatu dituzte Tabuen kutxatik oholtzara bertso saioak, minbizia dutenentzako erretiroak, biluztasun gordinez beteta dauden egutegi ederrak, podcast bat eta abar, eta salatu dituzte, besteak beste, pinkwashing-a eta osasun sistema zerbitzu publikoen gabeziak. Isiltasuna hautsi eta egia batzuk esan nahi dituzte jendaurrean: sexu-genero sistemak nola zeharkatzen duen prozesu hau ere, klaseak zein garrantzia duen, zein indarkeria estetiko jasaten duten eta “gaixo subjektibitatea” nola eraikita dagoen, esaterako. “Hori guztia plazara ekarri nahi genuen Iñurri Egunarekin”, dio Cuerdok.

Iñurri eguna / Argazkia: Mikel Leiza

Iñurri eguna / Argazkia: Mikel Leiza

Esan eta egin, Usurbilgo plaza bakarrik ez, kultur etxea, taberna zokoak, frontoia, kaleak eta aretoa elkargune bihurtu zituzten. Elkartearen sortzaileak dioenez, garrantzitsua delako tabuak haustea bezainbeste komunitatea indartzea, eta baita minbizidun eta gabeen arteko espazio hibridoak sortzea ere. Maitane Arzalluzek, esaterako, ez du minbizirik, baina elkartea gertutik segitzen du, eta Iñurri Egunera kuadrillarekin batera joan zen. Pena du goizeko serigrafia tailerrera joan ez izana, nahiz eta lortu zuen han egindakoaren oroitzapen bat: “Lamina bat egin zuten, ginena maitatuz, garena biziz zioena. Uste dut esaldi horrek ongi laburtzen duela Iñurrik aldarrikatu nahi duena”. Artisau tailerrak berehala bete ziren, eta jendez lepo zegoen aretoa ere. Aurrena doluari buruzko saioa izan zen, ondoren sexualitateari buruzkoa. Horren ostean, eta minutu batzuetako atzerapenarekin ailegatu ginen Nahia Intxausti eta biok oholtzara.

Cuerdok eskatu zidan uda hasieran betaurreko feministez minbiziari begiratzeko. Nik esan nion hori jada Iñurrik egiten zuela, baina sakonerago joan nahi zuten. Hala, Intxaustiri eskatu genion esperientziatik eta teoriatik hurbilpen bat egiteko. Susan Sontag, Mari Luz Esteban, Audre Lorde, Jule Goikoetxea eta gisako autoreak izan genituen ahotan, baina bizipen konkretuez ere jardun zen Intxausti. Hala nola, azaldu zuen gaixo pasibo moduan artatzen dituztela sarri, eta bularreko minbiziaren kasuan, bularrean protesia jarri ala ez oso lotuta dagoela desiraren mandatu heteronormatiboarekin. Baina desirarena ez da mandatu bakarra, zaintzaren agindua ere presente egon zen bere hitzartzean. Gogoeta argia da: “Nork zaintzen du zaintzailea ohiko egoeratik kanpo? Nola askatu zaintza lanak sexu-genero sistematik?”. Orohar feminismotik bakarrik ez, dekolonialismotik eta klase ikuspegitik hausnartzeko tartea izan zen hura, izan ere kontziente gara mendebaldekoon zaintzaren delegazio-katea itsasoz betalderaino ailegatzen dela. Baina indarkeriez eta zapalkuntzez gain, praktika erresistenteez ere jardun ginen, eta horietako batzuk zerrendatu zituen Intxaustik, batzuk egunerokoan aplikatzen dituenak —peluka beharrean zapia janztea adibidez, edota on egiten ez dioten whatsapp taldeetatik joatea—, eta beste batzuk exijitzen dutenak konfrontazio zuzenago bat ¬—gaixo aktibo izateko ahalegina egitea eta ospitaleko jarrera batzuei aurre egitea–. Eta horren guztiaren gainetik, ahalduntze kolektiboari eman zion garrantzia Intxaustik, bai salaketarako, bai isiltasunekin hausteko, bai zerbitzu publikoei exijentziak egiteko eta baita egunerokoari berdinen artean aurre egiteko ere.

Komunitatearen aldarri horri jarraituz, irten ginen guztiok aretotik eta joan ginen bazkaltzera frontoira. Boluntarioen lana isila, baina agerikoa zen. Hona eta hara zihoazen hamaika inurri, han bildutako denak eroso egon zitezen. Otorduak norberak zituen beharretara egokituta zeuden eta uneoro zegoen airean bizigrina bezainbat zaintza kolektibo. Eta halaxe, bikain irten zen dena, hala bazkaria nola Olatz Mercaderren monologoaren estreinaldia. Egia esan, ederra izan zen Mercaderrek barre eginarazteko duen gaitasunaz gain minbizidun hainbat pertsonen arteko begirada konplizeak ikustea ere. Gu irriz ari ginen artean, boluntarioak ari ziren plazan pankarta erraldoi bat jartzen eta arratsalderako dena prest uzteko lanean. Hain justu, elkarteko bonluntario da Idoia Asurmendi abeslaria, eta eskertuta dago Iñurri Eguneko antolakuntzak aurrera egin ahala, auzolanera batu zen jende horrekin guztiarekin: “Esaten dugu inurritegi txiki bat garela, baina ez ginen kontziente zenbat pertsona zegoen inguruan bere laguntza eskaintzeko prest”. Dioenez, aspaldi hasi ziren eguna antolatzen, nora ailegatuko ziren ongi jakin gabe, eta azkenean elkartearentzako inflexio puntu bat izan dela aitortu du.

Izan ere, eguerdirako jende asko bazegoen ere, arratsaldean are jende gehiago batu zen festara. Elektropottotterekin gorputzak astindu ostean, Eñaut Elorrietaren, Idoia Asurmendiren eta Rukularen kontzertuak izan ziren. Arzalluzentzat eguneko une hunkigarriena izan zen Elorrieta eta Asurmendi elkarrekin kantuan entzutea. Iraia Iparragirrerentzat, berriz, momentu magikoena izan zen Iñurri guztiak Asurmendirekin batera oholtzara igo eta elkarrekin abestu zutenekoa: “Bihotzera ailegatu zitzaidan”. Kontzertu horren berezitasunaz jabetzen da abeslaria: “Energia margotu ahalko balitz, badakit oso konzentrazio handia zegoela publikoaren eta nire artean”. Ez da Iñurriren egitasmo batean jotzen duen aurreneko aldia, eta, beraz, badaki halako giroa sortzen dela: “Ez zen berria niretzat, baina talde txikiagoetan izan da orain arte, eta bat-batean gauza bera gertatu zen, baina askoz ere jende gehiagorekin. Denbora geratu zen”. Dio sortzaile eta artista bezala, bere karrera musikaleko momentu berezienak bizi izan dituela Iñurrirekin.

Negar malkoak sikatzeko eta gorputzak askatzeko eskertu genuen Rukulatarren kontzertua, gure hezur-haragitan emozio gehiegi itsatsita baikenituen iluntzerako. Norbaitek galdetzen badu, ile luzedun eta motzdun, burusoil, titi bakarreko eta gabeko, zapidun eta zapigabeak… denak geunden gauak plaza hartuta ere dantzan. Tabuak plazaratzeaz gain, kontzientziak astintzeko ere gorputzak mugitu behar baitira. Eta noski, ikasia baitugu lezioa: hil arte bizi!

Iñurri eguna / Argazkia: Mikel Leiza

Iñurri eguna / Argazkia: Mikel Leiza

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba