Interneterako oinarri feministak
Zer internet mota nahi dugu feministok eta zer behar da hori lortzeko? 2014an Komunikazioen Progresurako Elkartearen bultzadari esker Interneterako Oinarri Feministak pertsatu ziren. Eraikitzeko prozesuan dagoen erantzun kolektiboa dira oinarri hauek.
Argazkia: interneterako oinarri feministak. APC
* Gabriel Aresti euskaltegiak (Zenbat Gara) euskaratua.
2014ko apirilean, Komunikazioen Progresurako Elkarteak genero, sexualitate eta interneti buruzko mundu mailako topaketa antolatu zuen Port Dicksonen, Malasian. Sei kontinentetako 50 parte-hartzaile bildu ziren, tartean emakumezkoen eskubideen aldeko aktibistak, LGTBIQA+ mugimenduko kideak, internet eta teknologiako eskubideen aldeko erakundeak, eta giza eskubideen aldeko aktibistak. Bilkuraren helburua mugimendu feministen eta interneteko eskubideen defendatzaileen arteko arrakala ixtea izan zen, baita elkarlana bultzatzeko intertsekzio eta aukera estrategikoak ikustea ere. Sortu zen galdera zera izan zen: “Feministak garen aldetik, zer internet mota nahi dugu eta zer behar da hori lortzeko?”. Erantzuteko, Interneterako Oinarri Feministak adostu ziren. Hauek etengabe berreraikitze prozesuan egongo dira. Hona hemen azken bertsioa, 2016koa:
Internet feministak emakumezko eta sexu-genero disidenteak ahalduntzearen aldeko lana egitea du helburu, geure eskubideak erabat goza ditzagun, plazer eta jolasean parte har dezagun eta patriarkatua eraitsi. Horrek gure errealitate, testuinguru eta bereizgarri askotarikoak hartzen ditu kontuan; alegia, adina, ezgaitasunak, sexualitateak, genero-identitate eta adierazpenak, posizio sozioekonomikoa, sinesmen politiko eta erlijiosoak, arrazializazioa. Honako oinarri gako hauek funtsezkoak dira internet feminista eraikitzeko.
Sarbidea
1.Interneterako sarbidea.
Internet feministak, hasteko, emakume eta pertsona sexu-genero disidente gehiagori sarbidea eman behar die, eta sarbide horrek unibertsala izan behar du, asegarria, irisgarria, baldintzarik gabekoa, irekia, esanguratsua eta parekidea.
2. Informaziorako sarbidea
Emakumeek eta pertsona sexu-genero disidenteek informazio esanguratsurako mugarik gabeko sarbidea izan behar dute. Horren alde gaude eta babestu egin nahi dugu. Zehazkiago, osasun-gaiak, sexu- eta ugalketa- eskubideak, plazera, aborto segurua, justiziarako sarbidea eta LGTBIQA+ gaiak izango lirateke horietariko batzuk. Halaber, horren barne daude hizkuntza, gaitasun, interes eta testuinguru aniztasuna.
3. Teknologiaren erabilera
Emakumeek eta pertsona sexu-genero disidentee IKTak [Informazio eta Komunikaziorako Teknologiak] kodetu, diseinatu, egokitu eta erabiltzeko eskubidea eduki behar dute, era kritiko eta iraunkorrean. Era berean, teknologia sormen eta adierazpenerako plataforma gisa berreskuratzeko eskubidea ere izan behar dute, baita espazio guztietan sexismoa nahiz bereizkeria borrokatzeko tresna gisa ere.
Mugimenduak eta parte-hartze publikoa
4. Erresistentziak
Interneten, patriarkatuak eta heteroarauak zedarritutako beste espazio batzuen luzapena den heinean, gizarte-arauak negoziatu egiten dira, garatu eta inposatu. Beste espazio batzuetan, publiko zein pribatu, jorratzen ditugun borroken jarraipena baino ez da internet feminista.
5. Mugimenduen eraketa
Internet espazio politiko eraldatzailea da. Herritartasun molde berriak sortzea erraztu egiten du, non pertsonek haien norbanakotasuna, generoak zein sexualitateak aldarrikatu, eraiki eta adierazten dituzten. Lurralde artean konektatzea eragiten du horrek, gardentasuna eta exijentzia, baita mugimendu feministaren hazkunde iraunkorrerako aukerak sortzea ere.
6. Erabakimena Interneten gobernantzan
Interneten gobernantzak bere gain hartzen dituen prozesu eta espazio patriarkalak zalantzan jartzearen alde gaude, eta erabaki-eremuetan feminista nahiz pertsona sexu-genero disidente gehiago egotearen alde. Interneti eragiten dioten politiken eraketa demokratizatu nahi dugu, eta sare lokal zein globalen jabetza sakabanatu.
Ekonomia
7. Ekonomia alternatiboak
Teknologia pribatizazio, etekin eta kontrol korporatibo handiagora bultzatzen duen logika kapitalista zalantzan jartzeko konpromisoa dugu. Botere ekonomikoaren forma alternatiboak sortzeko lan egiten dugu, kooperazioan, solidaritatean, guztiontzako onena bilatzean, ingurumenaren jasangarritasunean eta irekiduran oinarrituta.
8. Kode ireki eta libreko programak
Kode irekiko tresna eta plataformak erabiltzeko konpromisoa dugu teknologiarekin sortu edo esperimentatzen dugunean, baita segurtasun eta babes digitalari dagokienez ere. Gure jardunean ezinbestekoa da tresna horien gaineko ezagutza sustatu, zabaldu eta parketatzea.
Adierazpena
9. Diskurtso feminista zabaltzea
Interneten gaitasun hedatzailea aldarrikatzen dugu, emakumeek bizi dituzten errealitateen gaineko narratibei dagokienez. Beharrezkoa da eskuin elizkoiaren aurka eustea, baita beste muturreko indar batzuen eta estatuaren kontra ere, horiek baitira moralitatearen monopolioa dutenak, ahots feministak isilarazten dituztenak eta emakumeen giza eskubideen defendatzaileak jazartzen dituztenak.
10. Adierazpen-askatasuna
Sexu-adierazpenerako eskubidea defendatzen dugu, adierazpen-askatasunaren barnean ulertuta, eta erlijio edo politika kontuei buruzko adierazpen eskubideari besteko garrantzia ematen diogu. Interneten adierazpen feminista kontrolatu, zaindu, arautu eta murrizteko estatuko eta estatuz kanpoko eragileek teknologiaren, legeriaren edo indarkeriaren bidez egiten duten ahalegin ororen aurka gaude. Baieztatzen dugu ahalegin hori herritarren eta haien eskubideen zaintza morala, zentsura eta bereizkeria hierarkikoa helburu dituen proiektu politiko zabalago baten parte dela.
11. Pornografia eta “eduki iraingarriak”
Onartzen dugu sareko pornografia agentziarekin,onespenarekin, boterearekin eta lanarekin lotuta dagoela. Gaitzesten dugu, beraz, eduki pornografikoen kontsumoaren eta emakumeen kontrako bortizkeriaren arteko kausazko lotura erraza egitea. Era berean, ez dugu onartzen “eduki kaltegarria” etiketa zabala ezartzea emakume eta transgeneroen sexualitate-adierazpenei.
Agentzia
12. Onespena
Bestelako eduki erotikoa sortzea aldarrikatzearen alde gaude, gailentzen den ikuspegi patriarkalari aurre egiteko, eta emakumeen eta pertsona sexu-genero disidenteon desioak erdigunean jartzeko. Beharrezkoa da kontsentimendu -etika eta -politika txertatzea interneten kulturan, diseinuan, politiketan eta zerbitzu baldintzetan. Emakumeen agentzia sarean euren bizitza publiko edo pribatuaren zer alderdi partekatu nahi duten erabaki ahal izateko gaitasunean datza, horretarako behar besteko informazioa jasota.
13. Pribatutasuna eta datuak
Babesten dugu pribatutasunerako eta sarean dauden datu eta informazio pertsonalaren gaineko kontrola, maila guztietan. Gaitzesten ditugu estatu eta enpresa pribatuen praktikak, datuak irabazi asmoz eta sareko jarrera manipulatzeko erabiltzen dituztenak. Patriarkatuak historikoki zelatatu gaitu, emakumeon gorputzak, ahotsa eta aktibismoa kontrolatzeko. Gauza bera gertatzen da gizabanakoek, sektore pribatuak eta estatuko zein estatukoak ez diren agenteek zelatatzen gaituztenean.
Interneteko gure historia pertsonalaren eta memoriaren gaineko kontrola izateko eskubidea dugu. Horren baitan dago sarean dauden gure datu pertsonaletara eta informaziora sartzeko eskubidea izatea, baita informazio hori kontrolatzeko gaitasuna ere. Horrek esan nahi du jakin beharko genukeela nork eta nola ikus dezakeen gure informazioa, eta gure datuak betiko ezabatzeko aukera izan beharko genukeela.
14. Anonimotasuna
Anonimotasunerako eskubidea defendatzen dugu, eta berau online mugatzearen aurka gaude erabat. Anonimotasunari esker, adierazpen-askatasuna izan dezagu online, batez ere, sexualitateari eta heteroarauari lotutako tabuak haustea dugunean helburu. Era berean, genero-identitatearekin esperimentatzeko aukera ematen digu, eta diskriminazioa pairatzen duten bai emakumeen, bai pertsona sexu-genero disidenteen segurtasuna bermatzen du.
15. Umeak eta gazteak
Online segurtasunari dagozkion erabakietan gazteen ahotsak eta esperientziak jaso behar direla aldarrikatzen dugu, baita haien babesa, pribatutasuna eta informaziorako sarbidea sustatu behar direla ere. Umeek garapen emozional eta sexual osasuntsua izateko eskubidea dute, zeinak jaso behar dituen bai pribatutasunerako eskubidea, bai haien bizitzetako une erabakigarrietan sexuari, generoari eta sexualitateari buruzko informazio positiboa izateko eskubidea.
16. Online indarkeria
Interneteko interes-talde guztiei dei egiten diegu (erabiltzaileak, politiken diseinatzaileak eta sektore pribatua) online jazarpenaren eta teknologiari lotutako indarkeriaren auziari heltzeko. Emakumeek eta pertsona sexu-genero disidenteek sufritzen dituzten erasoak, mehatxuak, larderia eta kontrola benetakoak, kaltegarriak eta kezkagarriak dira, eta generoan oinarritutako bortizkeriaren arazo zabalaren parte dira. Denon erantzukizuna da indarkeria horri heltzea eta berau desagerraraztea.