Aitaren zaintzaile ofiziala

Aitaren zaintzaile ofiziala

Ez dituzu egutegietako egun gorriak maite, adostu gabe adostu ditugun arauetan deseroso sentitzen zara. Txikitan aitarekin negoziatzen saiatzen zinen, mesedez eskatzen zenion etortzear zen egun gorri horretan ez edateko.

Argazkia: utzia

26/12/2024

2023ko abenduaren 25ean lagunekin bazkaldu zenuen etxean, aurreko bi urteetan bezala. Baina, lagunez inguratuta egon arren, ezinezko zitzaizun gorputzeko alarma amatatu eta erlaxatzea.

Oso urduri jartzen zinen (eta zara) data garrantzitsuetan. Ez dituzu egutegietako egun gorriak maite, adostu gabe adostu ditugun arauetan deseroso sentitzen zara. Urtebetetzeak, jaunartzea, bidaiak, eguberriak, gabon zaharra, herriko festak, ikastolako kurtso amaierako festa… Aurreko egunak tentsioz bizi zenituen (eta bizi dituzu). Txikitan aitarekin negoziatzen saiatzen zinen, mesedez eskatzen zenion etortzear zen egun gorri horretan ez edateko. Jaunartzean bete zuen. Herriko jaietan ez duzu gogoratzen hori bete zuen egunik. Gabonetan ere ez. Lausotuta dituzu haurtzaroko oroitzapen asko, baina haragiak oroimena du eta bizitakoek alarma egoeran utzi dizute nerbio-sistema, modo-avionean jarri nahiko zenukeen arren.

Egun gorri horietako zirrara eta poztasunetik desastre eta malkoetara zegoen distantzia kontuz neurtzen ikasi zenuen txikitatik.

Bizikletaz ikasi baino lehen jakin zenuen bizikleta atzetik oratzen zizun gizon horrek ez zizula zeu bakarrik aritzeko konfiantzarik emango. Joaten zineten bakoitzean haserre amaitzen zenuten, aitak behar baino lehenago askatzen zintuelako eta ez zenuelako lortzen erlaxatu eta oreka mantentzea. 12 urterekin ikasi zenuen bizikletaz ibiltzen, lagun batek irakatsi baitzizun uda hartan kuadrilarekin igerilekura bizikletaz joan ahal izateko.

Egun gorri horietako zirrara eta poztasunetik desastre eta malkoetara zegoen distantzia kontuz neurtzen ikasi zenuen txikitatik. Amildegia saihesten. Aita kontrolatzen eta zaintzen saiatzen. Egun gorrietan. Baita urteko beste egun guztietan ere.

2023ko abenduaren 25ean, aurreko egun (eta gau) guztietan bezala tinbrearen soinua entzun zenuen berriro ere. Kamera begiratu eta nire aita da, esan zenien lagunei mahai bueltan Dixitera jolasten ari zinetela. Isiltasuna. Deseroso zu. Deseroso lagunak. Egongo al zen aita deseroso tinbrea jotzen zizun bakoitzean? Zer sentituko zuen egunean igortzen zizkizun 100 whatssapp audio horietako bakoitza bidali eta gero? Batzuetan ezabatzen zituen. Gehienetan ez. Batzuetan ez zenituen entzuten. Gehienetan bai. Hiru motatako audioak izaten ziren: a) ahots suabez istorio bat kontatzen zizun eta dirua behar zuela esanez amaitu b) dirurik emango ez zeniola esan eta ahotsa urduritzen zitzaion. Eman, benga zure etxera joango naiz, bidean nago eta d) berriro ere dirurik emango ez zeniola esan eta gero edo etxeko atea zabaldu ez zenionean edo kalean topo egin eta ez zeniola dirurik emango esan eta gero audio randomak, mina emango zizula zekien edozein kontu aipatuz, audioak bata bestearen atzean, filtro gabe. Hiru audio mota horien espektroen artean kulunkatzen zen aitaren desesperazioa. Desesperaziotik hitz egiten zuen, gaixotasunetik, adikziotik. Baina bere hitzek min egiten zizuten. Tinbrearen hots bakoitzak gorputzeko nerbio bat kolpatzen zizun eta dardarka jartzen zintuen.

Baina egun hartan erabaki zenuen dirua ematen zenion egun horietako bat izango zela, lagunekin lasai egon ahal izateko. Normalean ez ziren kantitate handiak izaten, 30 euro, 40, eta tartetxo batez bakea. Baina jaitsi zinenean ez zizun ezer eskatu. Opari bat dut zuretzat, esan eta koaderno txiki bat eman zizun. Espero dut egun ona izatea eta barkatu. Alde egin zuen, zu lekuz kanpo utziz. Koadernoa zabaldu eta lehen lerroak idatzita zeudela ikusi zenuen. BARKATU. Eta Maite zaitut eta operatu nindutenean eta anestesia jarri aurretik oroitzapen polit bat gogoratzeko esan zidatenean igeri egiten ikasi zenuen egunean pentsatu nuen. Igogailuaren botoia sakatu aurretik irakurri zenuen gutuna, hitz bakoitza dastatuz, desastre eta desastre arteko parentesien zaporeaz gozatuz. Baina parentesi guztietan bezala heldu zen itxiera zeinua eta errealitatea gailendu zen berriro ere, ahal baduzu asko eskertuko nizuke urtea amaitu aurretik 200 euro sartzea kontu honetan, emergentzia baterako da. Parentesira itzuli nahi izan zenuen berriro ere eta bertan geratu, eta haserretu zinen lehen esaldi horiek gorputzean sortu zizuten horrengatik, abenduaren 25 horretan portaletik 6. pisurako distantzia horretan gabonen ilusioari tartetxo bat egin izanagatik. Seigarren pisura heldu, malkoak sikatu eta atea zabaldu zenuen. Opari bat eman nahi izan dit. Arduratuta begiratu zintuen Jonek. Dena ondo orduan? Buruaz baietz esan eta zure kartak hartu zenituen berriro ere. Noren txanda da?

19 urte zenituen. Auto-karneta atera berri. Zu gidariaren eserlekuan eta aita kopiloto. 19 urte zenituen, beraz, aita jada ez zen zuekin bizi. Igaro zen dagoeneko etxetik bota zenuten egun hura, atea kanpotik itxi eta amak osaba eta izekoren etxera alde egin behar izan zuen gau hura. Zu Joneren etxera joan zinen gau hura. Laugarren pisuraino igo eta orduak txirrina jotzen eman zuen gau hura. Biharamunean aitaren arropa guztiak motxila parean sartu eta amamaren etxean utzi zenioten egun hura.

19 urte zenituen eta aita ez zen zuekin bizi, baina egun hartan zure autoan kopiloto zegoen, eta, hasieran konturatu ez zinen arren, hitz egiten hasi zitzaizunean ohartu zinen edanda zegoela. Erraza zen antzematea, egiten zenuen maniobra bakoitza komentatzen hasi baitzen, arinegi soltatzen zenuela enbragea, suabeago egin behar zenuela pedalen jokoa autoan saltotxoa ez nabaritzeko, … Esaten zizun esaldi bakoitzaren ostean traketsago gidatzen zinen, barrez hasi zen arte. Autoa gelditu eta jai-tsi, ahoskatu zenuen irmo, begietara begiratuz. Jaitsi zen, baina begietan irakurri zenion, ez dakizu gidatzen esaldia, eta atzera begiratu gabe jarraitu zenuen aurrera. Aurrera. Begiak zabal-zabalik, oinak pedaletan, baina gorputza beste nonahi. Begiak zabal-zabalik. Begiak siku.

Herritik ateratzea eta hondartza aldera joatea erabaki zenuen, errotonda hartu eta biraka hasi zinen, ordea, eta bi bira eman eta gero berriro hartu zenuen etxerako bidea. Aurrera jarraitu eta ezkerretara biratu zenuen, eta eskuinetara hutsik zegoen leku bat aurkitu zenuen. Maniobrak egiten hasi zinen auto eskolan ikasi bezala, aurreko autoaren parean jarri eta pixkanaka bolantea ezkerretara biraka hasiz, begirada erretrobisorean iltzatuta. Biraka-biraka, erroberaz espaloia ukitu zenuen arte. Eta berriro aurrera, eta atzera. Behin eta berriz. Baina ez zenuen lortzen autoa leku hutsean doitzea. Kalea estuegia zen eta beste aldean aparkatuta zeuden autoak gertuegi sentitzen zenituen. Trabatuta autoa. Blokeatuta zeu. Une batean aurreko autoaren paretik igaro eta kolpea eman zenion. Trabatuta autoa. Blokeatuta zeu. Urratua aurreko autoan. Eta zurean. Osaba deitu eta bost minututara heldu zen. Gidariaren eserlekutik jaitsi eta berari utzi zenion lekua, eta bi maniobratan autoa bere lekuan sartu zuen. 34 urte dituzu orain eta ordutik ez zara berriro gidariaren eserlekuan eseri.

2021ean hil zen amama. Aitaren ama. Aitaren zaintzaile ofiziala. Aitari behar zuen dirua ematen ziona. Gauero tortilla frantsesa eta infusioa prest uzten ziona lotara joan aurretik, gutxienez hori jan zezan. Eta alkoholik gabeko garagardoak erosten zizkiona, gutxienez etxean hori edan zezan. Armairuan gordeta zituen Aurumak ikusi zituena, baina ixilik geratu zena. Ez eman dirurik, amama esaten zenionean nahiago dut 30 euro eman eta listo, horrela lasai uzten nau esaten zizun hori. Txikia zinenean ez da hainbesterako, amak eta zuk esajeratzen duzue esaldi mingarria ahoskatzen zuen hori, baina aita etxetik bota zenuten egunetik bere etxean bizitzen hasi zenetik ezer esan ez zizuna.

2021eko urriaren 12ko gauerdia baino minutu batzuk lehenago hil zen amama. Eta zu bilakatu zinen aitaren zaintzaile ofiziala.

Amama hil aurreko egunetan zuek egon zineten etxean bera zaintzen. Garbitzen, krema ematen, heparina ziztatzen, oxigenazioaren tututxoa sudurrean ondo jarrita zuela ziurtatzen. Lanetik amamaren etxera joaten zinen, alboko sofan prestatzen zenituen askotan hurrengo eguneko saioak, bertan zuzentzen zenituen ikasleen idazlanak, eta libre zenituen tarteetan aitarekin paseoak ematen zenituen, edo telefonoz deitzen zenion. Garai hartan alkoholik gabeko garagardoak bakarrik edaten zituen, baina txikitatik ikasi zenuen garai horiek ere ez zutela askorik irauten eta edozein ezbeharrek lasaitasun hori hautsi zezakeela. Bazenekien amama paliatibo fasean egotea ezbehar horietako bat izan zitekeela, aitaren sasi-oreka emozionala kolokan jar zezakeela. Horregatik deitzen zenion egunero bizpahiru aldiz, horregatik ematen zenituen berarekin bi edo hiru paseo egunean, ez zenuelako nahi urte batzuk lehenago amama ingresatuta zegoela gelara sartu zitzaionean bezala hurbiltzea amamari, osaba eta izebak berarekin haserretzea, eta, batez ere, amama irudi harekin geratzea hil aurretik eta aitak ordutik aurrera erru sentimendu harekin bizi behar izatea. Horregatik, unea hartan ere, aitaren oreka emozionala zaindu zenuen eta lasaitua hartu zenuen aitak oraintxe hil da amama mezua bidali zizunean. Hutsunea, tristura, itolarria eta lasaitua aldi berean.

2021eko urriaren 12ko gauerdia baino minutu batzuk lehenago hil zen amama. Eta zu bilakatu zinen aitaren zaintzaile ofiziala.

Igeri egiten irakatsi zizun pertsonarengandik urruntze agindua eskatu behar izan zenuen 2024an. Oinez ikasi zenuenean eskua oratzen zizun pertsonarengandik urruntze agindua eskatu behar izan zenuen. 34 urte bete zenituen goiz euritsu hartan zeure buruari opari hori egitea erabaki zenuen, nahiz eta bazenekien opari ez zela egiten ari zinena izendatzeko hitzik egokiena. Joneri deitu eta autoz eraman zintuen komisaldegira. Aita eta bion arteko harremanean ertzaintza sartzea ekiditen saiatu zinen behin eta berriz, ez zenion zure bizitzaren segundo bat ere poliziari eskaini nahi, ez zenuen sistema horretan sartu nahi, baina freno bat jarri behar zenuen eta zeure burua zaindu. Zalantzaz eta erruz blai egin zenuen komisaldegirako bidea.

Komisaldegiaren atarian zeundenean bere irudia etorri zitzaizun gogora, eta pentsatu zenuen ze bidegabea zen une horretan ama errudun sentitzea, egindako guztiak egin eta hala ere errua sentitzea.

Aurreko gauean amaren etxean egin zenuen lo eta goizean bere burua eskaini zuen komisaldegira laguntzeko, baina ezetz esan zenion, lasai egoteko, Jonek lagunduko zintuela. Amarentzako larregi izango zela imajinatu zenuen eta malkoa masailetik irristatzen ikusi zenionean konturatu zinen baietz, hura guztia larregi zela berarentzat ere. Duela urte asko nik hau egin izan banu, agian zuk orain ez zenukeen hau egin behar izango, esan zizun, eta malkotan lehertu zen esaldia amaitu bezain laster. Lasai egoteko esan nahi zenion, nahikoa egin zuela txikia zinenetik etxean zegoen kaosari lurra jartzen saiatzen, nahikoa egin zuela zu zaintzen, ahal izan zuen bezala, zituen tresnekin. Maite duzula esan nahi zenion, baina esan nahi baina esaten ez direnak joaten diren gorputzeko leku horretara bidali zenituen hitz haiek ere.

Ez zenuten elkar besarkatu, ez zizun muxurik eman, baina laranja zuku goxoa prestatu zizun gosaltzeko. Komisaldegiaren atarian zeundenean bere irudia etorri zitzaizun gogora, eta pentsatu zenuen ze bidegabea zen une horretan ama errudun sentitzea, egindako guztiak egin eta hala ere errua sentitzea.

Denuntzia bat jarri nahi dut. Nire aitari. Hasi zinen, baina laster moztu zizun poliziak. En castellano, por favor. Une horretan ez zenuen zure hizkuntza eskubideak defenditzeko indar nahikorik bildu eta gaztelaniaz jarraitu zenuen. Kontatu zenion aita egunero joaten zitzaizula etxera tinbre joka diru eske, edozein ordutan, notak uzten zizkizula atean etxean ez zeundenean, irainak ere esaten zizkizula… Pero eso no es motivo de denuncia, yo si quieres te la recojo, pero no te van a hacer caso. ¿Ha habido episodios violentos? Haserretzen hasi eta alde egiteko bulkada sentitu zenuen, baina ez zenuen egin. ¿A qué te refieres con violentos? ¿No te parece violento lo que te cuento? ¿Qué me quieres decir, que hasta que no me pegue no vuelva?. Jarraian bera, asaldatuta. No, no, cómo voy a decir tal cosa. Si yo te entiendo, yo también he sufrido eso. Eta ahal bezala kontakizuna ehunduz joan zinen, zipaioaren epaiak eta galdetu ez zenizkion baina kontatzea erabaki zuen istorioak tarteko: bere ama eskizofrenikoa zela eta hil arte zaindu behar izan zuela eta oso tristea dela baina batzuoi horrelakoak tokatu zaizkigula bizitzan eta berak ama zaindu behar izan zuen bezala ba zuk ere aita zaindu behar izango zenuela

Azkenean papera eskuan atera zinen komisaldegitik: biharramunean epaitegietan aurkeztu behar zinen. Eta hala egin zenuen.

Aitarekin topo egitean ez zenion aurpegira begiratu eta zuzenean joan zinen izeko Josune, izeko Miren eta osaba Mikelekin ofiziozko abokatuak esan zizuen gelara. Aita beste gela batera sarrarazi zuen bere ofiziozko abokatuak. Idoiak, abokatuak, azaldu zizuen ondo iruditzen bazitzaizuen proposamena egingo ziotela: egindakoa onartzen bazuen isun txikia baino ez zuen ordaindu behar izango eta bion abokatuen lansariak. Baina sei hilabeteko urruntze agindua emango zizutela eta horrela, gutxienez, freno bat jarriko zeniotela eta lasai egon ahal izango zinela etxean. Galderak zenituen, jakin nahi zenuen ea aitak beteko zuen, ea zer egingo zuen zure etxera joaten ez bazen, nondik ibiliko zen, nork zainduko zuen. Abokatuak gehitu zuen tratu hori onartzeak bazekarrela ere zin egitea ez zeniola deituko, isiltasunari eutsiko zeniola. Puntu bat jartzeko modua zen zuretzat. Onartu zenuen, eta berak ere onartu zuen

Etxera heltzean tinbreari soinua kendu eta ohera sartu zinen. Urtebete pasatu da eta oraindik ez diozu berriro bolumena igo. Gorputz barruko tinbreari, ordea, ezin izan diozu bolumena jaitsi.

Zorionak, konbentzitzea lortu dugu. Orain gela batean sartuko gara aita, zu eta bi abokatuok eta akta sinatuko dugu. 60 euroko isuna ordaindu beharko du, bi abokatuon lansariak eta sei hilabeteko urruntze agindua izango duzu. ‘Zorionak’ hitza entzuteak harritu zintuen, ez baitzinen zorioneko sentitzen. ¿Aceptas la acusación y te comprometes a pagar las multas y a mantener durante seis meses la distancia acordada?, ez zenuke irudikatuko horrela amaituko zenik dena. Seis meses y los que sean, esan zuen aitak harroputz. ¿Me puedo ir ya? Paperak hartu eta alde egin zuen.

Etxera heltzean tinbreari soinua kendu eta ohera sartu zinen. Urtebete pasatu da eta oraindik ez diozu berriro bolumena igo. Gorputz barruko tinbreari, ordea, ezin izan diozu bolumena jaitsi.

Gaur metroan eseri zara egunero bezala. Sartu denetik ikusi duzu, baina begirada liburuan iltzatu duzu. Abandonatu ninduzun eta hala ere maite zaitut. Zein ahul klase naiz ba? Zein menpeko arraio? Zein feminista ostia?, oihartzun egin dizute gorputzean Eider Rodriguezen hitzek. Begirada liburuan duzun arren sentitu ditzakezu bere begiak gorputzean iltzatuta. Eta konturatu gabe zuk ere igo duzu begirada. Buruaz agurtu zaitu, baina zuk ez diozu agurra itzuli. Berriro jaitsi duzu begirada liburura eta buruaz agurtzeko eta zelan zaude? zerbait behar duzu? galderak ahoskatzeko inertziari entzungor egin diozu. Hartutako erabakiari irmo, zeure osasuna lehenetsiz. Irmo, baina dardarka.

Begi-bazterretik ikusi duzu aita buelta ematen eta gelditzen zitzaizkion bost geltokiak zuri bizkarra emanda egiten, lotsa irakurri duzu bere gorpuzkeran. Gogorra izan behar du alaba batek agurra ez itzultzea. Irudikatu duzu triste ateratzen metrotik, bere ohiko ibilera trakets horrekin kaletik ibiltzen, tabernaren batean ez sartzen saiatzen. Baina sartzen. Triste imajinatu duzu, baina ez duzu negarrez imajinatu. Gehiagotan negar egin izan balu bizitzan agian ez zukeen hainbeste edateko beharrik izango. Edo bai. Ez dakizu zergatik edaten duen aitak; jakitea eta laguntzea gustatuko litzaizukeen arren, ez dakizu eta ezin duzu. Eta oka egiteko gogoa sentitu duzu, aire beroa gorputzean zehar, hankak dardarka eta eskuak bustita, mina bularrean. Begiak itxi eta arnasa sakon sartu duzu, ate joka dituzun malkoei bidea utzi bitartean. Badakizu oka egiteko gogoa, aire beroa, dardarak eta mina pasatu egiten direla. Joango direla. Orain, badakizu.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba