Uxue Alberdi
“Emakumeak etengabe isiltzen gara gure inguruko gizonak salbatzeko”
Zortzi ipuin ditugu 'Hetero' bilduma aztoragarrian. Egilearekin bildu gara haren asmoez, bulkadez eta kontradikzioez aritzeko.
Argazkia: Dani Blanco / Iturria: argia.eus
Deserosoa da Uxue Alberdiren azken ipuin liburua, Hetero (Susa, 2024). Deserosoa delako, eta ondo dago hala izatea, isiltzen ez den idazlea, ezker-eskuin banatzera datorren ahots indartsua. Batez ere batzuentzat. Isiltasunera ohitu diren horientzat. Historikoki isiltasunaz baliatu diren horientzat. Zortzi ipuin, urteetako ibilbideak ematen duen botere berri bat, eta are kontu kitatze bat ere biltzen dira Hetero bilduma aztoragarrian. Egilearekin bildu gara haren asmoez, bulkadez eta kontradikzioez aritzeko.
Isiltasunaren ideiarekin hasiko gara, edo isiltasuna apurtzearen ideiarekin hobe esanda.
Isiltasuna apurtzea baino, nire espresioari tokia egitea izan da asmoa. Batzuetan, gauza batzuk kontatu ahal izateko, ohartzen zara ezarritako isiltasuna hautsi behar duzula, eta izorrante bilakatzen zaituela horrek. Kontrako eztarritik (Lisipe, 2019) argitaratu genuen garaitik, “Isiltasunari buruzko oharrak” izeneko karpeta bat daukat ordenagailuan. Nire idazteko metodoa horrelakoa da sarri, oharrak biltzearena bolada luze batez. Kontrako eztarritik atera zenean liburua asko komentatu zen, eta benetan pozik nago liburu hark izandako harrerarekin, baina, era berean, isiltasun nabarmena sumatu genuen bertso munduko gizonen artean, kontrastea egiten zuena mundu horretatik kanpo gertatzen ari zenarekin. Hau ez da batere arraroa. Errazago seinalatzen dira besteen etxeetako zapalkuntzak eta isiltasun konplizeak, ohikoa da nork bere etxekoak ez ikustea.
“Geure txokoa idealizatzeko joera ere badugu, batez ere beste zapalkuntza batzuk jasaten ditugunean. Identitate subalternoa barneratuta duten taldeen barneko biolentziak ikustea eta seinalatzea zailagoa da beti”.
Zer dela eta da hain zaila, zure ustez, barne injustiziak salatzea?
Badaudelako kontra-indar batzuk. Leialtasuna adibidez, norbait babestu nahia, edo nork bere burua ere arriskuan ikusteko aukera. Geure txokoa idealizatzeko joera ere badugu, batez ere beste zapalkuntza batzuk jasaten ditugunean. Identitate subalternoa barneratuta duten taldeen barneko biolentziak ikustea eta seinalatzea zailagoa da beti. Zapalduak izan garenean kosta egin dakiguke zapaltzaile ere bagarela ikustea, baina Audre Lorde parafraseatuz: zapalkuntza batek ez du beste bat justifikatzen.
Hala ere zure asmoa ez da izan, liburu honen bitartez, testigantza edo aldarrikapen bat egitea.
Ez, noski, fikziozko liburu bat da, ipuinen atzean intuitu daitekeen bizipena neure esperientziatik oso aparte egon ez arren. Esperientzia eta literatura bi gauza dira. Esperientzia denok dugu, baina literatura eraiki egin behar da. Elaborazio hori izan da nire lana. Ipuin bakoitza tentuz landu dut bakoitzak bere narratiba, giro eta lengoaia propioa izan ditzan. Hiru urte eman ditut buru-belarri zortzi ipuin hauek sortzen. Liburuan ez dago konfesiorik, ez dut testigantzarik ematen, pertsonaiak jarri ditut mugimenduan, eta errealitate batzuk erakusten saiatu naiz, baina irakurlea nire egia erostera behartu gabe. Fikzioak babesten du idazlea, baina irakurlea ere bai, ipuinak ez du irakurlea paparretik heltzen. Gure alde itsutik idazten dugula diot liburuaren sarreran, ikusteko gai garen eta ikusteko gai ez garen guztiarekin, eta irakurleak ere hala irakurtzen du: bere alde itsutik.
Ez dago orduan kontu-kitatzerik, nik aurreratu bezala…
Ba, ez. Neure ahotsari tokia egitea dago, isiltasuna lengoaia bihurtzeko saiakera, nahi bada. Oraindik ebatzi gabe daude hainbat kontu nire barnean, eta domestikatu gabeko emozio horietatik abiatzen naiz idazterako orduan, idazteak badu zerikusia aldi berean bila aritu eta kontrola galtzearekin. Nik badut joera dena errelato bihurtzeko, hori terapeuta batek ere esaten zidan, dena eramaten niola xehe-xehe, arrazionalizatua, baina horrek ez du esan nahi dena delakoak eragiten ez dizunik. Nire emozioak amasatzen jarraitzeko idazten dut, ez mendeku bila, inola ere. Baina aldi berean ez naiz inor salbatzeko isildu. Zeren eta hori egitea oso heteroa da, emakumeak etengabe isiltzen gara gure inguruko gizonak salbatzeko, haiek sortutako narratibak babesteko, baita narratiba horiek zapaltzen gaituztenean ere.
“Azpimarratu nahi nuen hain dela heteroaraua marko edo ideologia edo antzerki edo simulakro naturalizatua, ez baitugu ikusten”.
Hetero izenburuaz hitz egin dezagun beraz. Izenburu deigarri samarra, baina behin liburua amaituta nahiko ondo ulertzen dena.
Izenburua amaieran etorri da. Ez dago gai bakarra, asmo bakarra, liburuan. Izenburua amaieran pentsatu behar izan dut. Ipuinak banan-banan landu ditut Susako editorearekin, Leire Lopez Ziluagarekin, eta, berarekin hizketan nintzela, behin baino gehiagotan atera zait desenkusa moduko bat: “hau oso heteroa gelditu zait”. Nire editorea ez da heteroa eta derrepente ispilua jartzen zidan aurrean, eta ohartzen nintzen ez nintzela ari harremanei buruz idazten, ezpada harreman heteroei buruz. Hala ere, espero dut ez dela izango munduko libururik heteroena [barreak]. Baina azpimarratu nahi nuen hain dela heteroaraua marko edo ideologia edo antzerki edo simulakro naturalizatua, ez baitugu ikusten. Argi apur bat isuri nahi nuen tituluarekin. Gainera, gauza polita gertatu da, Hetero jarriko niola erabaki eta bila jarri nintzen, ez ote zen egongo beste libururen bat izenburu horrekin. Eta Montserrat Roig egile katalanaren Mundo hetero deritzon liburuarekin egin nuen topo, hain justu ni Gerezi denbora (Consonni, 2024) bere eleberri ospetsua irakurtzen ari nintzela. Artikulu feministen konpilazio bat da, oso bere garaikoa.
Eta arau ikusezin horren baitan, aitaren figura, figura klabea, agertzen da hainbat ipuinetan.
Bai, denetariko aitak agertzen dira: aita biologikoak, aita kulturalak, aita ideologikoak… Eta haien inguruan indar kontrajarri bi: aita hiltzeko gogoa eta aitari bizirik iraunarazteko bulkada. Egoera bat iraultzen saiatzen garen bakoitzean, normalean, bulkada kontrajarri horiek bizi dira gure baitan, eta askotan ez ditugu aipatzen, eta horregatik da hain zaila gauzak iraultzea, indar iraultzaileak eta kontserbadoreak soka-tiran ari direlako, ezkutuan. Aitaren botere hori… gu hor hazi gara, geure munduaren parte da, aita horiek askotan elikatu gaituzte, aita elikatzaile baten alaba naiz ni, adibidez, literalki, elikatzen eta zaintzen ninduen aita baten alaba, amak dendan lan egiten zuen bitartean. Eta ez hori bakarik, aitak eman dizkit nire identitatearen zutabeak: letra-zaletasuna, bertsozaletasuna eta hori guztia garatzeko beharrezkoa den hizkuntza. Niri testuak aitak zuzentzen dizkit, adibidez, eta errespetu handiz, inoiz nire ikuspegia eta erabakiak kuestionatu gabe. Hau plano zabalera eramanda, ba, gutako asko izan gara, lanean zein militantzian, gizon boteredunen ondorengo, eta eskerron bat edo leialtasun bat ere garatu izan dugu askok. Badakit pertsona askok umetatik edo oso gaztetatik garatu izan dutela gizonekiko deskonfiantza, etxean bertan edo gertuko eremuan esperientzia bortitzak izan dituztelako. Nire kasua ez da hori izan, aitarekiko konfiantza estrapolatu horretan sozializatu naiz, eta behin eta berriz dezepzionatu izan naute gizonek. Ez denek, baina bai askok.
Horregatik aita hiltzeko bulkada?
Hauxe da behin eta berriz estropezu eginarazi didan harria: gizon maitatu baten hitzak, begiradak edo jarrerak, jarrera bakar batek, pertsona kategoriatik emakume kategoriara jaitsi izan nau behin eta berriz. Idazlea zinen eta, “ze begi politak” esaten dizu editoreak, eta hor ja emakumea zara. Bertsolaria zinen eta “Maialen eta gero, ojo!” esaten dizu epaileak, eta hor emakumea zara. “Egidazu irribarre, politta”, esaten dizu argazkilariak, eta emakumea zara. Alegia, lehenengo kasillara itzularazten zaituzte, zure ogibidetik edo pasiotik jaisten zaituzte ustezko zure esentziara. Kinka horrek zeharkatzen du liburua, kontradikzio horrek. Badago maitasuna eta badago amorrua, badago leialtasuna eta badago traizioa. Gizakiaren adin guztiak ipuinean, adibidez, kontatzen da gizon baten eta bere seme-alaben arteko igeriketa lasterketa bat. Aita zahartzen ari da, eta familia osoak antolatzen du lasterketa bat aitak irabaz dezan. Niretzat hau da gure gizartea. Bizitza batzuk beste batzuk baino gehiago babesten dira, eta dena antolatzen dugu aitak irabazten jarraitu dezan.
Eta nolako atsedena hartzen duen alabak uretan aitak pasatu egiten dionean.
Bai, barre egiten du ur azpian, izugarrizko arindua hartzen du aita oraindik berari irabazteko kapaza delako. Aitarekin harreman ona baldin badaukazu uste dut oso identifikagarria dela sentsazio hori. Egin zaituen, eutsi zaituen pertsona eta egitura indartsu mantendu nahi izatea, hura gainditzeari beldurra. Nik gogoratzen dut hamasei urterekin aitonari pultsuan irabazi niola, eta nolako negargura sentitu nuen momentu horretan. Ezin nuen sinistu. Gizon indartsu hura, itsasora eramaten gintuena! Desolazio hori. Beldurra ematen digu aita gainditzeak ere. Baina, era berean, askatu egin behar dugu posizio horretatik, aitapontekotzak utzi, beste aliantza batzuk egin bizitzak suposatzen duen amildegiari aurre egiteko. Zentzu horretan des-heterotu.
Itsasoa aipatu duzu eta Irla ipuina etorri zait burura. Formari dagokionez ipuin honek molde berezia du, elkarrizketa bat da, teatro testu bat izan zitekeen, eta zu zeu agertzen zara argien fikzio horretan, UA inizialen atzean, beste gizon batekin hizketan, hura fikziozko inizialekin, gaztetan biek elkarrekin Kubara egindako bidaia bati buruz. Hitz batekin definitu beharko banu ipuin hau, hori desmitifikazioa litzateke.
Kasu honetan ia desagerrarazi arte hurbildu dut autorearen eta narratzailearen arteko distantzia, autentifikatu egin nahi nuelako gertatutakoa, istorio hau ez nukeelako kontatuko bizi izan ez banu. Nahiago nukeelako ez bizi izan. 2006an eta 2007an egindako bi bidaietan oinarritu naiz, nahiz eta bakar batean kondentsatu gero. Kubara joan ginen, errefuxiatuekin egotera, hainbat bertsolari, trikitilari… Han sentitu nuen lehenengo aldiz ez nintzela pertsona oso bat, emakume bat nintzela, eta horrek zer esan nahi zuen: zer espero zen nitaz eta zertarako nengoen han. Eta oso esperientzia bortitza izan zen. Bueltako hegazkinean bertan sentitu nuen istorio hau noizbait kontatu beharra nuela. Baina orain arte ez dut modurik topatu. Garaiak ere lagundu behar du, noski, zer entzuteko prest gauden gizarte moduan. Eta teatro forma duen testuak, bi pertsonen arteko elkarrizketa horrek, aukera eman dit bi ikuspuntu desberdinetatik hau dena kontatzeko.
“Askotan gertatzen da ohartzen garela hasieratik genekiela harremana ez zela ideala, sentitzen genituela abisuak baina ez geniela kasurik egiten. Eta, azkenean, gorputzak beti du arrazoi, gorputzak hasieratik badaki, haren kontra borrokatzen bagara ere”.
Testu hori beste inorekin konpartitzeko beharra izan duzu, plazaratu aurretik?
Ez dut konpartitu errefuxiatuekin beraiekin, ez bainengoen prest testua alboratzeko haiek hala eskatu izan balute, baina bai beren alabekin. Ziurtatu nahi nuen nire bizipena ez zela nire inpresio hutsa, jende gehiagok ere bizi izan zuela antzera. Eta niretzat oso inportantea izan da errefuxiatuen alaben babesa eta ulermena. Semeren batek ere idatzi dit eskerrak emanez. Errealitate horren berri bazegoen hainbat sektoretan, baina isiltzeko joera gailendu da, nahiago izan da idealizazioan gelditu. Askotan ez dugu gure ikuspuntua galdu nahi izaten, eta ezikusiarena egiten du zerbaitek kolokan jarriko badu. Pertsonalki ere gertatzen zaigu, nahiago izatea lagun batekiko, maitale batekiko, bikotekidearekiko idealizazioari eutsi egia gordina ikusi baino. Eta askotan gertatzen da ohartzen garela hasieratik genekiela harremana ez zela ideala, sentitzen genituela abisuak baina ez geniela kasurik egiten. Eta, azkenean, gorputzak beti du arrazoi, gorputzak hasieratik badaki, haren kontra borrokatzen bagara ere.
Batean antzerkia, bestean whatsapp elkarrizketa bat, horrela baitago idatzia Literatura lezioak ipuina.
Bai, idazle baten eta editore baten arteko elkarrizketa bat da.
Eta beraien arteko dinamika biziatu bat erakusten duela esan daiteke.
Tira, hor denetariko interpretazioak egon dira, ze egon da elkarrizketa dibertigarria iruditu zaionik –gizonak denak, esan beharra dut– eta baita oso gogorra egin zaiola esan didanik ere. Tartean, lagun idazle batek esan zidana: “ipuin hau irakurrita haserretu naiz editorearekin, haserretu naiz idazlearekin horrelako harreman batean korapilatzeagatik, eta haserretu naiz ere nire buruarekin, ikusi dudalako neure burua idazlearen tokian”. Ipuin horretan, idazle emakumearen pertsonaia ez da batere eredugarria, ez da hori izan nire asmoa, pertsonaia bere kakatzan irudikatu nahi nuen, momentuko bere korapiloan zikinduta, eta ez feminista eredugarriaren rolean.
Ezikusia egin nahi duenari dago dedikatuta azaleko margolana?
Horrelako zerbait. Alain Urrutiaren margolan errealista bat da, behatxulotik begira dagoen begi hori. Bide batez, iridologo batek esan zidan margolaneko irisak nerbio-sistema hondatu daukala, eta gustatzen zait hori ere. Lieraturaren jokoa irakurleak begi horri bere nerbio-sistematik begiratzen dionean amaituko da. Idazleok gure hitzen arduradun egin behar dugu, baina irakurketaren ardura ez da geurea. Irakurleak proiektatzen ditu bere irrikak, beldurrak, desioak… eta nire lana orain txubaskeroa janztea da eta datozen kritika guztiak, onak zein txarrak, onartzea baina barruregi pasatzen utzi gabe. Azkenean, irakurketa irakurlearena da.
Eta nik esan dudanean kontu-kitatze bat dagoela liburuan…
Ba nik ezin dizut eztabaidatu, zuk hala irakurri baduzu.