Neskek jasandako sexu-abusuak ez zaizkio inori axola
Cristina Fallarás kazetariaren Instagram kontua bertan Iñigo Errejonen izena agertu denean egin da ezagun. Kontu horretan, haur zirela etxean jasan zituzten abusuak partekatu dituzte ehundaka emakumek, baina testigantza horiek ez dute komunikabideen interesa piztu. “Ez entzungor egin”, erregutzen du Pau Lluc i Pérezek; aitarengandik jasan zituen erasoak kontatu berri ditu 'Despulles' liburuan.
'¿Cuánto cuesta mirar hacia otro lado? Los costes de la violencia sexual contra la infancia y adolescencia' txostenaren azaleko argazkia.
“Nire abusu istorioa lau urte nituenean hasi zen, lehengusu nerabeak isilpean bera ukitzera behartzen ninduenean. Nik ez nuen ezer ulertzen. Zortzi urterekin nire anaiak nitaz abusatu zuen.”
“Nire istorioa zazpi urte nituela hasi zen, gau batez, lo nengoela, amaren anaia bat nitaz abusatzen saiatu zenean.”
“Lau urte inguru izango nituenean, gure aitonak nitaz abusatu zuen.”
“Kaixo, aita tratu txar emaile baten alaba naiz; gainera, ukituak egiten zizkidanean, bere burua babesteko, jolasten ari ginela esaten zuen, edo aita gisa nire gorputza nola aldatzen ari zen jakiteko eskubidea zuela.”
“Epaitua sentitu gabe bizitakoak kontatu ahal izatea da lasaitu handiena. Zazpi urte nagusiagoa zen nebaordeak nitaz abusatu zuen, zazpi urte nituenetik hamar urte izan nituen arte”
Urtebete baino gehiago eman du Cristina Fallarásek bere Instagram kontuan egunero egunero sexu-abusuei buruzko testigantzak argitaratzen. Eta orain, Instagram kontuak sare sozialak gainditu ditu, espazio mediatikora eta eztabaida publikora jauzi egin du. Zergatik? Testigantzek Iñigo Errejón zipriztindu dutelako. Gizon ezagun, ezkertiar eta nolabait boteretsu bat izendatzea (Sumar alderdi politikoaren bozeramailea zen) albiste izan da. Are, eskandalua. Gizon ospetsu bat, kasu bat (agian kasu eskukada bat). Hori da axola duena, ezagutzera ematen dena. Milaka emakumek urtebete baino gehiago daramate sexu-abusuen istorio anonimoak argitaratzen, baina hori inori ez zaio albiste iruditzen, sare sozialen berri ematen duten saioetan ez da aipatu ere egin. Salatutako sexu-abusu asko, testu hau abiarazteko erabiltzen diren adibideak bezalakoak, haurtzaroan pairatutakoak dira. Emakume askok neska zirela jasandako sexu-abusuak modu zintzo eta gordinean kontatu dituzte, eta ez zaio (ia) inori inporta izan.
“Familiaren baitan gertatzen diren abusuak tabu kultural handia dira: abusu ohikoena da, eta komunikabideetan gutxien agertzen dena. Gainera, prentsan gizonek gizonei egindakoak agertzen dira gehien”
Hainbat txostenek eta azterlanek diote Espainiako bost haur eta nerabetik bat sexu-indarkeriaren biktima dela. Hau da, biztanleriaren ehuneko 10-20k sexu-abusuak jasan ditu haurtzaroan. Batez ere, neskek jasan dituzte: bost kasutik lautan. Eta kasuen ia ehuneko 60an familiako kide batek egiten ditu abusuak (ehuneko 30etik gora aitak); eta abusuen beste ehuneko 20 pertsona ezagunek egiten dituzte.
Kopuru izugarri horiek ez dute albistegirik ireki, ezta tertulia-ordurik bete ere. Beno, salbuespen batzuk izan dira. Esaterako, Rhodes legea onartu zenean, hau da, James Rhodes piano-jotzaile ezagunak jasandako abusuak paradigmatikotzat jo zirenean. Edo, azkenik, begirada Elizara zuzendu denean; agerian gelditu da, urte askotan zehar eta leku askotan aldi berean, elizgizon askok umeez abusatu dutela.
“Familiaren baitan gertatzen diren abusuak tabu kultural handia dira: abusu ohikoena da, eta komunikabideetan gutxien agertzen dena. Gainera, prentsan gizonek gizonei egindakoak agertzen dira gehien”, dio Mireia Darder psikologoak.
Infancia Libre elkarteri lotutako kasu ezagunak ere oihartzun mediatikoa izan zuen. Fokua ez zen, ordea, haurrek jasandako bortizkerian jarri, amak erasotu, errudundu eta kriminalizatu ziren. Bilauak beti dira salgarri.
Komunikabide batzuek berriki zabaldu dute, azterlan baten arabera, haurren sexu-indarkeriak urtero 1.275 milioi euro baino gehiagoko kostua duela Espainian. EDUCO GKEaren eta Comillasko Pontifize-Unibertsitatearen txostenaren arabera, eraso guztiak epaitegietan salatuko balira (uste da zazpi kasutik bat soilik salatzen dela) eta modu eraginkorrean egingo balitzaie aurre, Estatuak 3.178 milioi euro baino gehiago gastatu beharko lituzke arazo honi aurre egiteko.
Literaturen lekua
Norbere bizipenak kontatzea osasuntsua edo gutxienez lagungarria izan daitekeelako jotzen dute Fallarásengana hainbeste emakumek, Fallarásek beren testigantza argitara dezan. “Isiltasunaren edozein haustura beti da onerako, isiltasuna inposatzea baita gizarte baten aurkako zigorrik larriena”, esan du kazetariak No publiques mi nombre [Ez argitaratu nire izena] liburua argitaratu ostean egindako elkarrizketa batean. Liburuan, Instagram kontuko 1.500 adibide inguru bildu ditu.
“Idazketa-prozesua suspertzailea izan zen, zikinkerian murgildu eta idaztea. Eszenara itzuli eta ahoan bilorik gabe kontatzea, muinera joatea, xehetasun bakoitza deskribatzea indarberritzailea izan zen niretzat. Erregistratzeko modu bat izan zen, zer gertatu zen ikusteko: abusua gertatzea eta luzatzea ahalbidetzen duen testuingurua eta egitura ikusteko; isiltasun batek hamar urte iraun zezan zer mekanismok funtzionatu zuten ikusteko. Niretzat, idaztea nire historiaren eta identitatearen gainean galdu nuen jabetza berreskuratzea izan zen”. Belen López Peirók berarentzat Por qué volvías cada verano [Zergatik itzultzen zinen udaro] idazteak hori suposatu zuela azaldu zuen . Liburu horretan, ume zela bere osabak egin zizkion abusuak kontatzen ditu.
“Ni biktimetako bat naiz, beste askoren artean, eta gurekin, biktimekin batera, isiltasuna hausteko eskatzen dizuet”
Komunikabideen isiltasunaren aurrean, lekukotasun horiek jasotzeko leku bihurtu da literatura. Azkenetako bat Neige Sinno idazle frantsesarena da. Anagrama argitaletxeak Triste tigre [Tigre goibela] argitaratu berri du, Frantzian 300.000 ale baino gehiago saldu dituena. Bertan, aitaordeak egin zizkion etengabeko abusuak kontatzen ditu, eta erasotzailea kartzelara eraman zuen prozesu judiziala. “Indarkeria mota honetan harritzekoa da isiltasuna ez dela ondorioa, erasoaren zati bat baizik”, idatzi du Sinnok. “Oso zaila da haur batek hitz egitea, isiltasun hori haustea, galtzeko asko duelako, edo galtzeko asko duela uste duelako. Eta bizi duzu… hein batean ukapenean. Gainera, debekatuta dago horretaz hitz egitea, beraz, ez dago hitzik. Mundu guztiak jokatzen du gertatu ez balitz bezala, batez ere, erasotzaileak. Gorputzean egiten dizute. Eta horrela funtzionatzen du”, esan du idazleak elkarrizketa batean.
Sistema judizialak ez zuen Marta Suria-Vázquez sinetsi, beraz, izengoiti hau asmatu behar izan zuen bere istorioa argitaratzeko. “Ez naiz kasu isolatu bat. Estatistikek hori baieztatzen didate. Ni lautik bat naiz. Espainian, nesken ehuneko 23 izan da sexu-abusuen biktima haurra zelarik, eta horietako bat naiz ni. Lautik bat naiz. Bai, ondo irakurri duzu. Lautik bat”. Hala abiatzen du Ella soy yo [Bera ni naiz] nobela autobiografikoa.
2021ean, Pau Lluc i Pérezek artikulu bat idatzi zuen Pikara Magazinen, lehen aldiz publikoki kontatuz aitak abusuak egin zizkiola haurra zela. ‘En el Día del padre’ [‘Aitaren egunean’] izenburua zuen, eta gehiago ez isiltzea erabaki zuela kontatzen zuen, haren iraganeko isiltasuna hain baitzen “zaharra, luzea eta mingarria”, ezen lau haizetara aldarrikatu behar baitzuen “erreparazioa bilatzeko”. Orain, hiru urte geroago, Despulles argitaratu berri du katalanez (laster aterako da gaztelaniaz), María Babiloni ezizenarekin. “Eta zera esatera, ohartaraztera, eskatzera eta, are, agintzera natorkizue: tristura, ezintasuna edo amorrua sentituz gero, ez ahuldu, ez gelditu, ez gaiari ihes egin; ez ezikusiarena egin”, idatzi du bere liburuaz. Eta gehitzen du: “Ni biktimetako bat naiz, beste askoren artean, eta gurekin, biktimekin batera, isiltasuna hausteko eskatzen dizuet. Ez lotsatu, ez izan beldurrik, hitz egin; hitz egin eta segi hizketan. Abusuak mintzagai bihur ditzagun etxe bakoitzean, eskola guztietan, aisialdirako espazio denetan. Izan ere, hitzak jarriko die muga erasotzaileei, ez isiltasunak, eta itxaropen-bide bat irekiko du biktimentzat”.