Plazererako segurtasun bideetatik zirrara konpartitura: 15 testu feminista 2024a ulertzeko

Plazererako segurtasun bideetatik zirrara konpartitura: 15 testu feminista 2024a ulertzeko

Pikara Magazinen hemeroteka zoragarria dugu. Ia denetarik argitaratu dugu, edonon edonoiz irakurtzeko testuak. Eguneroko zurrunbiloan sartuta egon bazara eta ez baduzu 2024ko artikulu guztiak irakurtzeko denborarik izan, hemen duzu hautaketa interesgarria.

Ilustrazioa: Shu Otero

26/12/2024

Isiltasunaz hitz egin dugu Uxue Alberdirekin, bere azken ipuin liburua, Hetero (Susa, 2024), argitaratu eta gero: “Emakumeak etengabe isiltzen gara gure inguruko gizonak salbatzeko” esan zion Katixa Agirreri abendu hasieran argitaratutako elkarrizketan. Baina isiltzen ez den idazlea dugu Alberdi, eta isiltasunera ohitu diren horientzat deserosoa da, historikoki isiltasunaz baliatu diren horientzat.

Mari Luz Esteban ere isiltzen ez den idazle eta antropologoa dugu. Euskara ikasten hasi zenean bizitza aldatu zitzaiola kontatu zion Garazi Basterretxea Bareari La Sinsorgan antolatutako topaketa literarioetan. 2023ko maiatzean argitaratu zuen Estebanek Haragizko erreformak (Pamiela, 2023) poesia liburua eta, bertan, idazle basauriarrak Euskal Herrian kokatzeko eta euskaldun izateko ibilbide pertsonala kontatzen digu, proiekzio kolektiboa baduela eta ibilbide hori haragizkoa dela argi utzita: lurralde den hizkuntza lurralde den gorputzean.

“Emakumeak etengabe isiltzen gara gure inguruko gizonak salbatzeko”

Antropologia behin eta berriro izan dugu hizpide aurten. “Antropologia oso akuilu ona da biologiaren ustezko objektibitatea eraikia dela demostratzeko” azaldu zigun Miren Guilló Arakistain antropologo eta ikasketa feministetan doktoreak. Sangre y Resistencia, (Odola eta Erresistentzia, Bellaterra Ediciones, 2023) liburua kaleratu zuen iaz. Maider Galardi F. Agirrek berarekin adostutako hitzorduan hilerokoari bakarrik ez, beste hainbat gaiei heldu zien: genero sistemari, arau binarioari, kontsumo gizarteari eta praktika erresistenteei, besteak beste.

Kattalin Minerrekin ere bildu zen Maider Galardi F. Agirre. Moio gordetzea ezinezkoa zen (Elkar, 2019) liburua eta haren itzulpena izan ziren elkarrizketaren abiapuntua, baina hori baino gehiago da aktibista transfeministaren hitzetatik eratorritakoa: trans errealitatei buruzko hausnarketa, transfobiari buruzko gogoeta eta orohar gizarte binario honi kritika.

Eta irailean hil arte dantzan eta plazan egoteari buruz idatzi zuen Galardik. Joan den irailaren 7an Iñurri eguna izan zen Usurbilen, eta jardueraz betetako egitarauaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Baina, batez ere, komunitatea ehundu eta plaza hartzeko hitzordua izan zen. Minbiziaren gaineko tabuak hausten dihardu Iñurrik, eta zer hobe horretarako plazak hartzea baino.

Ziortza Karranzak, sexologian eta doluan aritu eta aditua den psikologoak, azpimarratu du heriotza tabua dela gizartean: “Uste dut aldentzen dugula heriotza ez duelako ondo ematen, iruditzen zaigu zerbait itsusia, nahi dugulako gizarte mota bat non ez dagoen galerarik, dena den eraikitzea, nahi dituzun ametsak lortu ahal dituzula, baina hor ez da sartzen heriotza. Eta horregatik gero eta jende gehiago ari da hiltzen bakarrik, ez diogulako garrantzirik ematen horri”. Sexualitatea ere tabua dela defenditzen du psikologoak. Bere ustez, oso garrantzitsua da tabuak gainditzea eta gazteekin sexualitateaz hitz egitea, erakustea, adibidez, pornoa pelikula bat dela, ez dela errealitatea.

Ildo beretik doa June Fernándezen artikulu hau. Bad Bunnyk disko berria kaleratu zuenean, zenbait instagramer helduk (psikologoak, emaginak…) mezu alarmistak bota zituzten: ez badugu gure umeen sexu-heziketa bermatzen, Puerto Ricoko traplariak egingo du. Fernándezek Bad Bunnyren letren analisia egin zuen eta defenditu zuen traplaria nabarmentzen dela, hain zuzen ere, maskulinitate hegemonikoan arrakala txikiak (baina garrantzitsuak) eragiteagatik, batez ere LGTBifobiaren aurkako konpromisoagatik.

Laura Muelas antropologoaren ustez plazera “oso aldakorra” eta “oso konplexua” da eta testuinguru sozialagatik, politikoagatik, ekonomikoagatik eta beste gauza askorengatik baldintzatuta dago. Gainera, uste du plazera ez dela berdina gorputz eta identitate guztientzat, eta batzuentzat “askoz zailagoa” dela plazera gorpuztea. Olaia L. Garaialdek idatzitako erreportaje honetan plazera izan du mintzagai eta Plazeratu.klub kolektiboaren lana aztertu du. Izan ere, parranda egiteko gogoa zeukaten, baina espaziorik ez zuten pertsonen eskutik sortu zen Iruñerriko kolektibo hau. Plazera erdigunean jarri, ikusarazi eta kuir komunitatearentzako jai seguruagoak sortzeko lanetan ari dira.

Amatasunari ere heldu diogu aurten Pikara Magazinen. June Fernándezek bikoteaz haragoko gurasotasunak azaltzeko, hainbat familia eredutako kideen istorioak ehundu ditu. Izan ere, espainiar Estatuko Kode Zibilaren arabera, bi pertsonak edo bakar batek izan dezakete ume baten guraso-ahala. Hala, aitortza juridiko gabe bizi da familia ez-normatibo asko, eta filiazioa arautzen duten legeen sakoneko aldaketerako bidean, ikusgarritasuna eta kontzientziazioa dira lehenengo urratsak.

Amatasunez ez ezik, beste hainbat gairi buruz hitz egin zuen Miren Amuriza Plaza bertsolari eta idazleak Miren Gaztañaga aktorearekin Urdin elektrikoetako batean, Bira kulturgunean. Ia hogeita bost urte daramatza Gaztañaga arte eszenikoetan. Askotariko lanak egin ditu antzerkian, zineman zein telebistan, baita dantza edo musikari lotutako proiektuetan ere. Txani Rodiguezen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberrian oinarritutako pelikularen errodajea amaitu berri-berritan iritsi zen Birara. Kontziliazioaz, Goenkalez, sorkuntza prozesuez, deribez, gorputzaren desestrukturazioaz, botere-harremanez eta alternatibez aritu ziren: “Ez da erraza zineman eta antzerkian gauzak beste modu batean egitea. Baina saiatu gaitezke”.

“Orain ez dut nahi gordeleku hau utzi, nire oskola, nire gorputza, nire etxea, nire aterpea. Gainean daramat eta BiZi egin nahi dut. Nire erritmoan, geldiro-geldiro, lodiok dena egiten dugun moduan, karakolek bezala; baina bizi”

Gauzak beste modu batean egiteaz badu zer esan Onintza Enbeita Maguregi bertsolariak. Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak berarentzat. Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari leku egin behar zaio, ordea. Aner Peritz Manterolari esan zion gaur egun honetan guztian egon nahi duela, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon delako.

Irauteaz eta pixkanaka aurrera egiteaz dihardu Ahots Lejardi Plazak bere testu poetikoan. 30 bat urte behar izan ditu bere burua bisexual izendatzeko eta bide batez bere gorputz lodia (apur bat) maitatzeko. Ez daki zer etorri den lehenengo baina elkarrekin etorri direla ziur. “Baina hara, hainbeste urteren ostean, orain ez dut nahi gordeleku hau utzi, nire oskola, nire gorputza, nire etxea, nire aterpea. Gainean daramat eta BiZi egin nahi dut. Nire erritmoan, geldiro-geldiro, lodiok dena egiten dugun moduan, karakolek bezala; baina bizi”.

“Hitzaren desjabetze orokorrari erantzun diezaiogun ahizpatasunetik, intersekzionalitatetik, botere harremanen mataza korapilatsua elkarrekin eta denontzat askatzetik”.

Bide berriak marraztu zituen kazetaria dugu Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra. Emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan Zeruko Argia aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz berarekin mintzatzeko aukera izan zuen Garazi Basterretxea Bareak, Periodistas monografikorako egindako elkarrizketan. Izandako erreferenteez, euskaraz idazteak zabaldutako bideez eta euskal kazetaritzaz aritu ziren, besteak beste: “Aukera eta erronka modura bizi izan dut euskarazko kazetaritza lantzea”.

Euskararen kontrako erasoen aurrean ahizpatasuna proposatu zigun Idurre Eskisabelek maiatzean. Gehitu zuen normalizatuta dauzkagun dozenaka eta dozenaka erasoak identifikatu, izendatu eta salatzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko, bestelako praktika, arau eta egiturak bultzatzeko: “Hitzaren desjabetze orokorrari erantzun diezaiogun ahizpatasunetik, intersekzionalitatetik, botere harremanen mataza korapilatsua elkarrekin eta denontzat askatzetik”.

Eta zirrara konpartitu batekin amaituko dugu urteko errepasotxo hau. Izan ere, aurten Korrikak Irundik Baionara Euskal Herria zeharkatu du eta harrotzeko arrazoiak izan ditugu euskaldunok. “Azaldu ezinezko kontu bat da korrika”, azaldu zigun Maddi Ane Txoperena Iribarrenek, “Zerbaiten parte izan eta egitearen poza. Martxoaren 8an edo azaroaren 30eko greban nekearen nekez etxera itzuli eta sare sozialetan bertze herrietan (edo zurean, jada ikusia baduzu ere) zer egin duten konpultsiboki begiratzea bezalakoa, adibidez”.

Eskerrik asko urte honetan zehar gurekin isiltasunak hautsiz bide berriak marrazten, irauten eta geldiro-geldiro aurrera egiten egon zaretenoi. Maite zaituztegu!

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba