“Bertsoak egin nau transfeminista eta disidente, eta hori oso guapo dago”

Aner Peritz

“Bertsoak egin nau transfeminista eta disidente, eta hori oso guapo dago”

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaz, oholtza gaineko disidentziaz eta bertsolaritzaren erronkez hitz egin dugu Aner Peritz Manterola bertsolariarekin.

Aner Peritz 2024eko Bertsolari Txapelketa Nagusian./ Mendi Urruzuno ©

Aner Peritz Manterola (Zarautz, 2002) bertsolaria da, baina beste zenbait gauzatan ere aritu izan da jendaurrean: eRRe emankizunean, Berezkoa Ta Naturala podcastean (Argia) eta Berrian zutabegile. Iazko Gipuzkoako Txapelketan finalera sailkatu zen. Txapelketaz, oholtza gaineko disidentziaz eta bertsolaritzaren erronkez hitz egin dugu berarekin.

Hala Bedi tabernan egin dugu hitzordua, Gasteizen: bertan bizi da Aner Peritz, Euskal Ikasketetako gradua egitera joan zenetik. Hamarkada desberdinetan jaioak gara biok, baina girotik ezagutzen dugu elkar, terrenotik. Bertsolaritza transfeministaren inguruan dabilen jende-multzoa zabala baita: bertsozale porrokatuetatik hasita besterik gabe bertsolari batekin militatzen edo liatzen direnetaraino hedatzen da. Belaunaldi ideologiko bat. Konplizitate horretan garatutako elkarrizketa duzue hau.

 “Amorrua ematen dit esateak dela bullyingaren aurkako bertso bat. Horri esker zabaldu da baita ere. Eta bale, eta guay dago hori ere, baina hala esanda edukia galtzen du”

Hilabete eta erdi pasa da Gipuzkoako Txapelketako Finaletik. Zer moduz zaude?

Orain pixka bat hobeto. Hasieran, hipersaturada. Nire kasuan ez da izan bakarrik finalera iritsi izana, eta horrek dakarren esposizio normala, nik eduki dut beste kontuaren biraltasuna [Zarauzko final-erdian kantatu zuen hasierako agurraz ari da. Aritzbatalde udal kiroldegian jokatu zen, eta bertan gaztetan izandako esperientziak hartu zituen hizpidean Peritzek bere agurrean. Bideoa biralizatu egin zen, Telecinco telebista-kate espainiarrera ere iritsita]. Orduan, bastante gaizki eraman nuen hasieran.

Aitortu behar dizut elkarrizketa prestatzen hasi nintzenean flipatu egin nuela zure “bertso biralen” kontuarekin. Ez nekien ezer, egia esan. Zer gertatu da?

Nire ustez gauza asko nahastu dira. Lehenengo euskal komunitatean zabaldu zen. Kantatu nuen unean, agur horrek zentzu handia zuen. Biharamunean-edo igo zuen Instako kontu batek, eta gero reel hori storyetara igo zuten nire lagunek, begira mi amiga qué maja, eta bat-batean pasa zen nire lagunetatik ezezagunetara, eta masifikatu egin zen. Aldi berean da bertsolari bat trans mobidak egiten, aldi berean bere aita da Xabier Euzkitze, aldi berean dago horrela jantzita, aldi berean agian finalera pasako da ze ondo egin du. Eta nahastu ziren gauza pila bat eta joan zen bola handitzen. Gazteakoek post bat zabaldu zuten, gero Teleberritik deitu zidaten, esan nien ez jartzeko, jarri zuten igual-igual.

Baimena eskatzeko deitu zizuten?

Esan zidaten entrebista egin nahi zidatela. Esan nien ez nuela nahi, eta nahiago nukeela albisterik egiten ez bazuten. Haiei bost, eta jarri zuten “esan digu egoera digeritzen ari dela orain”. TikTokera iritsi zen, munduko hater guztiak, Espainiako estatua. Milioika bisualizazio. Ez dakit neurtzen zen den hori, infinito komentario. Inondik ere espero ez nuen zerbait. Izan zitekeen euskal komunitateko jartada bat eta fuertea izango zen, baina hortik atera zen; supermerkatuko ilaran foto bat eskatu zidaten behin, parrandan, jende erdaldunak ere bai. Momentu horretan nik neukan gogoa mozteko, eta ez nekien nola. Egon nintzen super gaindituta eta konturatu naiz nola funtzionatzen duen baita ere mobida mediatikoak: ez dago batere zure esku. Insta kendu nuen, eskatu nion lehenengoz bideoa igo zuenari artxibatzeko bideoa, ez nuen entrebistarik eman, eta hala ere ya ezin zen gelditu. Gainera nik ez nuen nahita egin, ez nuen muntatu Mitoaroa, badakizu? Kantatu nuen agur bat, egin behar zena txapelketako saioan, beste bostek ere egin zutena. Eta niretzat agur hori super sinbolikoa zen hor. Gero gertatu dena da erabat deskontestualizatu dela. Amorrua ematen dit esateak dela bullyingaren aurkako bertso bat. Horri esker zabaldu da baita ere. Eta bale, eta guay dago hori ere, baina ez da hori. Hala esanda edukia galtzen du. Ez da kristoren eduki politiko zehatza zeukan gauza bat, eta bazen kontaketa pertsonal bat, baina niretzat bazeukan seinalamendutik ere.

Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, Txapelketak aurrera jarraitzen zuen.

Noski, nire mobida zen txapelketan segitzen nuela eta finalean kantatu behar nuela. Finalera iristerako dimentsio surrealista batean nengoen. Pentsatzen nuen: finalean dauden guztiek entzun dute bertso hau, eta begira zenbat jende dagoen, ba denek entzun dute. Eta esaten nuen: ez zait gertatuko aurrekoa baino ezer totxoagorik.

“Presio gutxirekin joan nintzen, nahi nuen bakarra zen maila eman, eta oholtzak ni ez txikitzea, baina beste leku batetik, eta eroso egon nintzen hasieratik”

Finala bera lasai bizi izan zenuela esan zenidan.

Jarrera onarekin joan nintzen, jada ez nion neure buruari ezer exijitzen bertsoari zegokionez, niretzat fuertea zen finalean egotea bera. Eta halakotan hobeto aritzen naiz. Oro har txapelketatik atera dudan ondorioa, nire bertsotako moduari eta jarrerari buruz, hori da: konturatu naiz zenbat eta gehiago eduki buruan exigentzia hori, okerrago egiten dudala. Aldiz, azken bi saioetan, Zarauzkoan adibidez, ez neukan espektatibarik, buruan neukana zen: “daukat aukera hau auto-mendekutxo bat egiteko eta nahi dut zerbaitetan asmatu eta zerbait utzi”. Eta hor super gustura. Eta finalean ere sentsazioa bera. Presio gutxirekin joan nintzen, nahi nuen bakarra zen maila eman, eta oholtzak ni ez txikitzea, baina beste leku batetik, eta eroso egon nintzen hasieratik. Talde ona geneukan, hori ere bai.

 “Finalean bi gizon bakarrik egon dira, baina Gipuzkoako saioetan zenbat gizon dabiltzan ukaezina da. Eta dena ez da kopurutan neurtzen. Irudiari begira, oso ondo egon da final hori, baina ez da ezer amaitu”

Zortzitik sei zineten ez-gizonak. Bazirudien zail zegoela halakorik gertatzea Gipuzkoan.

Niretzat oso guaya izan zen hori, eta sinbolikoki esanguratsua izan zen hor Alaiak [Martin] irabaztea. Super pozik nago horren parte izan nintzelako. Aurreko finalean lau tipa pasa ziren, eta jada ematen zuen erori zela Gipuzkoa. Pauso bat gehiago izan da, eta ona iruditzen zait. Niretzat, txapelketa honetan, oro har, bertsolaritzaren baitako mugimendu feministak presentzia eduki du; bertsolari feministak egon gara esplizituki feminismotik agertu garenak, taldea egin dugunak, egon da grada feminista bat, eta finalean ere horren ondorioak agertu dira. Eta ez da bakarrik txapelketa: plazan ere bertsolaritza feministak indarra dauka eta bere lekua dauka, bere zirkuitu propioak dauzka, eta horren ondorioa da hau: ez da txapelketan gertatzen ezer plazan ez dagoenik.

Bertsolaritzan asko egituratzen ditugu gure eskemak txapelketaren arabera, eta iruditzen zaigu txapelketek esanahi handia daukatela, eta txapelketan zerbait gertatzen baldin bada, dela bertsolaritzan gertatu den osoaren erakusgarri. Eta bai, baina ez. Hasteko, datuak daude, eta Txapelketako finalean bi gizon bakarrik egon dira, baina Gipuzkoako saioetan zenbat gizon dabiltzan ukaezina da. Eta dena ez da kopurutan neurtzen. Irudiari begira, oso ondo egon da final hori, baina ez da ezer amaitu.

Aner Peritz Nerea Elustondori begira Gipuzkoako Txapelketa Nagusian./ Mendi Urruzuno

Aner Peritz Nerea Elustondori begira Gipuzkoako Txapelketa Nagusian./ Mendi Urruzuno

Badira urte batzuk ikuspegi feminista bertsolaritzatik ere lantzen dela; esango nuke zuen belaunaldiak, zentzu zabalean ulertuta, binarismoaren eta heterosexualitatearen kritika ekarri duela. Ni neu oso eskertuta nago horregatik, eta zure kasuan txapelketan egin dituzun hautu estetiko hain politikoengatik.

Feminismoari dagokionez, prozesuek behar dituzte pauso batzuk, eta iruditzen zait lehenik eskerrak eman behar zaizkiela bide horren parte izan diren guztiei. Iritsi baldin bagara beste gorputz batzuk eta beste ideia batzuk oholtzara izan da, lehenik eta behin, aurrekoek konfrontazio batzuk izan zituztelako eta horren ondorioz jada gauza batzuk ez ditugulako guk egin behar izan. Eta aparte, aurreko horiek eskuzabalak izan direlako eta ez direlako izan oso moztaileak eta oso haienari eutsi zaleak.

“Txapelketan passinga baliatu nezakeen lasaiki, nire bizitzaren arlo batzuetan bezala, baina iruditzen zait babesa eduki dudala gauza batzuk egin ahal izateko, eta hautu baten parte da erabat”

Gero, nireari dagokionean, hasteko, ba txapelketan ere passinga baliatu nezakeen lasaiki, nire bizitzaren arlo batzuetan bezala, batzuetan erruduntasunarekin, baina zilegiki esango nuke. Eta bertsotan ere egiten dut batzuetan, eta uste dut ez dela gure kulpa. Baina, batetik, iruditzen zait babesa eduki dudala gauza batzuk egin ahal izateko, eta, aparte, hautu baten parte da erabat. Ukaezina da horren atzean badagoela lan ideologiko-politiko oso bat, eta ulertzea estetika horren parte gisa; ulertzea erabiltzeko tresna bat dela eta erabiltzen dela beti.

Bestalde, badakit nire biralitatearen parte bat horren ondorio dela. Bertso hori bera kantatu izan banu bakero batzuekin eta top sinmas batekin izango zen asko jota bullyingaz kexatu den mutil hau, edo akaso mutil gay hau. Baina bat-batean trabestismora iristen zarenean eta hortik oholtzara agertzen zarenean… Bertsolaritzatik oso hurbil ez dagoen jende bat ez da konturatu zirkuitu transfeministaren errelebantziaz eta bideaz. “Bukatu da mundua, bertsolaritzan ere badaude woke-ak”: bueno bertsolaritzan geunden lehendik.

Harira itzulita, iruditzen zait gauza asko esaten dituela gorputzak eta agertzeko moduak, eta ezin direla bereizi esaten duguna, egiten duguna eta esateko dauzkagun moduak. Denak esaten du: arropak, gorputz-jarrerak, gestuek, hitz egiteko moduak, eta bagaude jende bat pixka bat kontzientzia horretatik iritsi garenak bertsotara, ez-bitartasunetik eta trabestitasunetik ari garenak bertsotan ere, horren kontziente izan garenak eta erabaki dugunak hori bertsotarako ere erabiltzea. Eta era berean fokua mugitzeko erabiltzea hori eta peña zisa interpelatzea, ze ez zait gustatzen bestela beti trabestiongan pilatzen dela begirada eta gureak direla ardura eta kulpa: trabestitzea den bezain hautu da ez trabestitzea. Bueno, horregatik da eta guapisima egotea gustatzen zaidalako ere bai.

Nola oroitzen duzu zure bertso-ibilbidea?

Esango nuke, dudarik gabe, ni bertsoak egin nauela transfeminista, baina ez hori bakarrik: disidentea ere bai. Eta serio diot. Nik bertso-udalekuetan aurkitu nuen lehenbizi sare hau; ni horra arte naturalki heterosexuala nintzen, eta nahiko lasaiki. Hamahiru urterekin joan nintzen lehenengo aldiz bertso-udalekuetara, eta hemendik eta gaurtik egiten dut irakurketa hau, baina ni bertso-jendeak desheterosexualizatu nau zentzu batean, eta hori oso guapo dago. Guk aurkitu dugu komunitate bat, hasteko, gu politizatzeko, eta horretaz aparte bermatu duena gu disidenteak izan ahal izatea eta jendea disidentetu duena. Eta hori benetako sare bat da eta gaur egun bertsolaritzak jende asko egiten du transfeminista. Pentsatzea gu izatez ginela kuirrak eta bertsolaritzak hori permititu digula ze denak oso jatorrak dira, hori inuxentekeria bat da. Komunitate bat aurkitu eta sortu dugu interesantea zena eta kuirra zena, eta horrek jendea kuir egin du, elkar adoktrinatu dugu heterosexualitatetik kanpo, eta hori ona da.

“Gaur egun bertsolaritzak jende asko egiten du transfeminista. Pentsatzea gu izatez ginela kuirrak eta bertsolaritzak hori permititu digula ze denak oso jatorrak dira, hori inuxentekeria bat da”

Gero nire mobida da bertsotako jende bati esker iritsi naizela nagoen lekura, baina mikrokomunitate bat dela, eta bertsotan dagoela beste jende pila bat. Ni nire egunerokoan ez naiz egoten gizonekin, baina gero gizonekin bertso-saioak dauzkat eta oroitzen naiz existitzen direla. Gizonekin ez egotera eta nire harremanak gizonik gabe osatzera eraman nau bertsolaritzak, baina gaur egun gizonekin harremanak edukitzera bertsolaritzak eramaten nau era berean, eta hori da gauza arraro bat, baina horrela da.

Belaunaldiaren kontuari helduta, belaunaldia ulertzen baldin badugu bakarrik adinkideak diren jendearen aldetik, agian ez, baina uste dut belaunaldi orokorrago bat osatzen dugula. Gure belaunaldikoek eta zaharxeagoak eta gaztexeagoak diren transfeminista batzuekin, belaunaldi politiko bat edo belaunaldi ideologiko bat osatzen dugu, nahiz eta adinez gure belaunaldi-kideak diren beste batzuk ere hor egon eta ez egon.

Txapelketa bukatu da, BTN podcasta amaitu duzue, zer daukazu buruan orain?

Oraintxe bertan, hasteko, kokatu nahi dut. Lehendik finalista izan direnek abisatu didate aldaketa ekarriko duela, saioak bastante haziko zaizkidala. Orduan nahi dut kokatu, ohitu horretara, eta ikusi zenbateraino den, oraindik ez baitzait gertatu. Finalaz geroztik saio bakarra egin dut, baina ari zaizkit ateratzen saioak, ari naiz hartzen, eta ez dakit finalak zer aldaketa ekarriko duen bertsoari dagokionean nigan. Eta gero BTN bukatu da. Ez daukagu asmorik, printzipioz, bueltatzeko, epe laburrean behintzat. Eta nik zer nahiko nukeen, ba ez daukat oso argi, egia esanda. Ez daukat ezer zehatzik esateko, baina nahiko nuke bertsoa ez izatea nire zentro bakarra, eta nahi dut beste gauza batzuetan ibili, beste gauza batzuei buruz hitz egin, eta beste jende batekin egon.

Bertsolaritzari berari dagokionez, zer erronka ikusten dizkiozu?

Uste dut bertsolaritzaren erronkak direla, bat, autoidentifikazioa, gure buruari begiratzea eta begiratzea zer hutsune dauzkagun, zertan gauden, nolako mugimendua garen aztertzea ondo, nolako mugimendua izan nahi dugun ikusteko, eta hortik ondorio batzuk ateratzeko, eta ondorio horiei begira estrategikoki aritzea. Eta, adibidez, kezkagarria iruditzen zait garela mugimendu bat ehuneko ehun zuria, erabat zuria. Eta ez da kasualitatea. Esango dute dela euskalgintzaren gehiengoa zuria delako. Eta zergatik da euskalgintzaren gehiengoa zuria eta heterosexuala? Gauzak ez dira kasualitatez horrela, eta ulertu behar dugula zer existitzeko baldintza sortzen ditugun. Zer permititzen dugu? Geuk sortu behar dugu komunitate bat erosoa, harkorra, eta ziur aski uko egin beharko diegu gauza batzuei. Eta puntu batean hipokrita iruditzen zait gu ibiltzea horretaz hitz egiten, eta dudakoa ere bai, baina aldi berean bestela ez du inork hitz egiten.

Iruditzen zait bertsolaritzaren erronka hori dela, ikustea nolakoa den, nolakoa izan nahi duen pentsatzea, eta horretarako zer egin behar duen zehaztea. Ez zait iruditzen bertsolaritzaren erronka nagusia denik teknikoki errima estuak bilatzea edo ez dakit zer mobida. Arte diziplina orok komunitate bat osatzen du, eta, horretan, komunitate horren egitura da inportantea, zer gauza neutralizatzen dituen. Betiko gauzak dira, baina uste dut nahiko abandonatuta dauzkagula batzuk.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba