Espainiako legeak emakume izaten galarazten die gure alabei
Oharra: Artikulu hau Pikarako ‘Participa’ sailaren barruan kokatzen da, irakurleen parte hartzea sustatzeko helburuarekin. Pikararen zuzendaritzak ez du edukien eta formaren inguruko ardurarik, artikuluak zuzenean argitaratzen ditugu eta. Zure ekarpena participa@pikaramagazine.com helbidera bidaltzen dugu. Testu argiak bidaltzea eta ortografia zaintzea eskertzen dugu.
Emakumearen Eguna eduki behar izatea sexuen arteko aukeretan berdintasun ezaren seinale argia da. Egun horretan bereziki azpimarratzen ditugu emakumeek jasaten dituzten eskubideen urraketak. Eta egun hori aprobetxatu nahi dugu transexuallitate egoeran dauden gure alabek pairatzen duten eskubideen urraketa bikoitza salatzeko: emakume izateagatik eta izate hori ukatzen zaielako.
Hala ere, gure neskatoek gogor eusten diote beraien identitateari. Beraien genitalei begira, mutilak zirela uste izan genuen jaio zirenean. Eta zailtasunak zailtasun, hitz egiten hasi zirenetik, neska direla esan izan digute, neska direla aldarrikatu dute: “Ama, aita: ni neska naiz!”
Haiek badakitelako jakin, zer diren, txiki txikitatik. Eta hau ez da beraiek aukeratzen duten zerbait. Haien aukera balitz, ziur aski, errazena aukeratuko lukete, jaiotzean esleitu genien sexua onartu, ingurukoekin gatazkarik ez izateko. Baina haiek ezin dute aukeratu, ezin dute erabaki zer diren. Direna badirelako. Neskak dira. Neskak.
Bere identitatea ukatzen diegunean, beraiek direna ezin dutenez bizi, triste, burumakur, itzalita bizi dira. Gogorra da oso egunero negarrez ikustea. Gure familietan ezin izan dugu jasan ukazio honek sortzen dien sufrimendua eta, gure zailtasunekin, lortu izan dugu azkenean haiek direna ikustea, haiek direna ulertzea. Eta direna izaten utzi egin diegu. Ederra izan da oso guretzat ikustea nola irekitzen joan diren, argiaz betetzen, irribarre egiten. Nola loratzen joan diren. Azkenik beraiek direna izan daitezkelako.
Hori da gure alaben errealitatea.
Eta errealitate horrek ez dauka Espainiako legeen aldetik onarpenik: gure alabak legearen aurrean “mutil izango dira” 18 urte egin arte. Espainaiko 3/2007 Legeak, erregistroan pertsonen sexuaren aipamena aldatzea arautzen duenak, ez du onartzen adingabeen sexu-aipamenaren zuzenketa, adinez nagusiei baino ez die onartzen. Beraz, legearen aurrean gure alabak ikusezinak dira, sailkaezinak, Espainiako legeak emakume izaten galarazten dielako gure alabei.
Egia da aurrerapausoak egiten ari direla sexu identitatearen aitortzan. Bai Nafarroan, bai Euskal Autonomia Erkidegoan baditugu gure alaben sexua aitortzen duten Legeak. Horri esker, gure alabek beraien sexu identitatea adierazten duen agiri ofiziala izango dute hemendik aurrera EAEn.
Pozgarria da hori, eta etsigarria estatuan ikusezinak izatea.
Emakumeen Egunean gogora dezagun badaudela emakume direnak, neska direnak, eta lege aldetik izate horretan ukazioa eta ezetza jasotzen dutenak.