Borroka feminista kartzelan

Borroka feminista kartzelan

Aisialdirako aukera urriak, sexualitatearen erabateko kontrola, amen eta pertsona transexualen eskubideen urraketak... Emakumezkoen kartzelak sistema heteropatriarkalaren itzalpeko itzala dira. Alde elikagarria: muturreko egoeretan ematen den emakume anitzen arteko elkartasuna eta samurtasuna ezagutzeko parada.

09/02/2017

Itziar Moreno Martinez, Fleury Merogis-eko espetxetik

J’ignore où se livrera le combat entre le vieux monde et le nouveau, mais peu importe: j’y serai
(Louise Michel, XIX mendeko borrokalari anarkista)

Emakumeen espetxe martxa feministara hurbildutako taldea./ Bilgune Feminista

Emakumeen espetxe martxa feministara hurbildutako taldea./ Bilgune Feminista

Bertan egon ginen, bai, ehun bat titi-pare mundua eraldatzeko prest; gosari lokartuak hitzaldietan luzatzen, eztabaida beroak mahai-inguruetan, plenarioetan pailazoa nagusi, lantaldeetan putak, ikasleak eta etxekoandreak eskuz esku, egitarautik kanpoko parranda klandestinoren bat edo beste… elurra bera ere etorri zitzaigun elkarbizitza feministari pintzelkada magikoa ematera. 15 urte igaro dira, Leitzan, Euskal Herriko emakumeok lehenengo topaketa haiek ospatu genituenetik. Hiru bosturteko hauetan euskal feminismoak orratz txikiz jositako urratsez nahiz aizkorakada ausartez egin du bere bidea, auzo/herrietatik Euskal Herrira eta handik mundura salto eginez; gaur egun, sistema heterokapitalistaren kontrako borrokan, abangoardia errebeldearen ikur izateraino.

Bertan egon ginen hainbatek harresiaren bestaldetik jarraitzen diegu orain borroka feministaren zein gure herriaren eraikuntzaren gorabeherei. Jarraitu, eta parte hartu. Espetxe guztiak erauztea lortu arte, gatibu gauzkaten zigor-eremu-biolento-falozentriko hauetan asko baitago borrokatzeko. Egun, euskal preso politikoen kolektiboa osatzen dugun 355 kideotatik 47 gara emakumeak, eta 27 espetxetan sakabanatuta gauzkate. 19 dira, orotara, bakartuta dituzten kideak, horietatik 12 emakumezkoak. Hau da, kolektibo osoaren %13 bagara ere, bakartutako kideen %63 osatzen dugu. Batzuetan zenbakiak hutsalak dira; beste batzuetan, aldiz, euren kabuz hitz egiten dute. Doakiela hemendik indarrez beteriko besarkada xamurra bakarrik diren kide guztiei, zuen ondoko hutsunean gaituzue!

Kartzelan, kaleko kaiolan bezalaxe -espetxeak estatu baten isla leiala besterik ez dira-, zapalkuntza bikoitza pairatzen dugu: sistemari aurre egiten dion militante politiko eta emakume gisa. Izan ere, pertsona suntsitzeko asmatuak diren tortura-zentro moderno hauetan, emakume izateagatik, berariazko errepresioa jasaten dugu. Hasteko eta behin, espetxearen espazio fisikoa bera gizonezkoentzat pentsatuta eta eraikita dago. Presoen kopuru orokorra aintzat hartuta, emakumezkoak gutxiago garen aitzakiarekin, sarritan, egokitzen zaigun espazioa txikiagoa edota gizonen moduluen «soberakinekin» egindakoa izaten da (emakumeen ziegak ezagutu ditugu espetxeko garaje zaharra zenaren barruan, baita ziegetan dutxarik ez izatea ere, gizonezkoen aldean lanak egin ostean aurrekonturik gabe geratu direlako…). Instalazio bereziak ere gizonen aldean egon ohi direnez, aktibitate aukera urriagoa izan ohi dugu: futbol zelaira joateko debekua, «gizonen bistan (!) egongo garelako» (adi egon daitezela, bai, … gure titi eta izterrek matxinadak eragiteko indarra daukate eta!).

Kontua da espetxe gehienetan halako obsesio paranoide bat daukatela agintariek: gizon eta emakumeak ez daitezela gurutzatu, ez elkar entzun, ezta ikusi ere! Danger! Desintegrazio nuklearrerako arrisku gorena! Ukazioaren erreinuan, zaharrak berri. Aisialdirako aukera gutxiago, hortaz. Gainera, eskaintzen zaizkigun aktibitateen artean ere aldea dago, hots, erabateko banaketa sexista: gizonentzat kirol jarduerak (dela futbola, dela boxeoa), hain «maskulinoak» diren harria edota egurra lantzeko aukera… ; emakumeoi, berriz, josketa, pintura, zeramika (askozaz «femeninoagoa», noski!), estetika… eta horien gisako jarduerak proposatzen dizkigute. Hori da sistemaren kaiolak buruan iltzatu nahi digun eskema: neskatilak, izan zaitezte otzanak, femeninoak, zintzoak eta panpoxak…!

Espetxe sistema bereziki tematzen da presoa «emakume zintzo» bihurtzeko ideiarekin. Lan horretan, presoaren infantilizazioa eta gure sexualitatearen erabateko kontrola gauzatzen dute; hain zuzen ere, gizonen aldean neurri berean ezartzen ez dena. Gure janzkeraren gaineko jazarpena itogarria da, soinean daramaguna laburregia, transparenteegia, sugerenteegia, sexiegia… -finean, eurentzat askeegia- delako diskurtso kontserbadore-faxista darabilte, ziegatik atera ahal izateko gure arropak aldarazten dizkigute, hainbat eta hainbat debekatu…). Politesse-a zigor/sari xantaia bilakatzen dute. Gizonen aldean libreki ikus daitekeen pornoa zentsuratu egiten dute gurean. Bisitetan sexua galarazten digute, euren kontrola eraso huts bilakatzeraino. Derrigorrezko biluzketetan agindu iraingarriak jasotzen ditugu: titiak altxarazi, hilerokoarekin gaudenean konpresa/tanpoia kenarazi…. Espetxean, emakume askok derrigorrezko biluzketa horien umiliazioa bortxaketa gisa bizi dute. Euren lanpostuak ematen dien botere eta zigorgabetasuna ustelki baliatuz, «zaindari» ditugunek egiten dizkiguten eraso sexual fisikoak dira espetxe barruan emakumeon aurka erabiltzen duten bortizkeriaren adierazpen latzena. Adibide horiek, eta beste hainbeste, eguneroko ogi ditugu emakumezkoen kartzeletan: sistema heteropatriarkalaren itzalpeko itzala.

Kideon artean, patioko jira-biretako eztabaida amaigabe bezain elikagarrietan (filosofatzen, mundua konpontzen, desbarratzen, astakerietan ere bai, noski…) maiz izaten ditugu mintzagai espetxea eta generoa. Aipagarria da munduko edozein emakume espetxeratzean gertatzen den zigor hirukoitzaren fenomenoa. Zergatik zigor hirukoitza? Gizon bat kartzelatzen dutenean, zigor bat dauka betetzeko: zigor penala, alegia, espetxean igaroko dituen urteak, bertan pairatuko dituen errepresio zein galera guztiak, etab. Emakume batek, aldiz, espetxe kondenari zigor soziala eta norbere buruari eragiten diona gehitzen dizkio. Zigor soziala, kartzelan amaitzen duen emakumeari, gizonezkoei ez bezala (edota ez emakumeoi dakarzkigun konnotazio guztiekin), «emakume ez zintzoa edo galdua» / «mala madre» / «vilaine femme»-ren etiketa itsatsita geratzen zaiolako; espetxetik ateratzean, jendarteak alboratu edota lotsaraziko duelako askotan. Barruan dagoen bitartean ere, bere inguru hurbilak ama, alaba, emaztea, neskalaguna duena albo batera uztearen drama bidegabea ohikoegia da inguru hauetan, tamalez. Bisitan datozen gure senideek ere nabarmentzen dute egoera hori. Gizonengana doazenean, nor egoten da itxarongeletan? Amak, emazteak, seme-alabak… Eta emakumeen espetxeetako itxarongeletan? Amak, ahizpak, seme-alabak… Jendarte heteropatriarkal honetan emakumeoi inposatzen zaigun zaintzaile rolaren erakusgarri hori, zoritxarrez, gure inguru hurbilean ere usu ikusten dugun fenomenoa dugu; izan ere, barruan zein kanpoan gaudela, emakumeok geure egiten baitugu zaintzaren zama. Geure mugimendua lotsarazteko moduko datua da, adibidez, barrukoa zaintzen, bisitatzen, urteetan sostengatzen dauden bikote maskulino eta femeninoen arteko aldea. Azken hau polemika sor dezakeen baieztapena izan daiteke, agian; dena dela, zer hausnartua eman beharko liguke, ziurrenik…

Ezin aipatu gabe utzi, nola ez, espetxeak amatasunean eragiten dituen arazoak. Gai horrek artikulu oso baterako (eta askozaz gehiagorako) ematen duenez, ondorioetariko batzuk zerrendatu besterik ez dut egingo gaurkoan: haurdunaldietan behar bezala zaindu, behatu eta elikatuta ezina; erditzeak giro erabat biolento eta arrotzean egin behar izatea; azken momentura arte erietxera ez eramatea; erditze gela barruan polizia enkaputxatu eta armatua egotea; espetxera buelta berehalakoa izatea; ama-umeei eskaintzen zaien janari eskasa; instalazioak haurdunentzat zein umeentzat egokituta ez egotea… Bestalde, bereziki larria eta aipagarria da Frantzian amatasuna ez egotea eskubide gisa aitortua. Horrek esan nahi du, espetxean umedun sartzen ez baldin bagara, ez dugula haurdun geratzeko, ez eskubiderik, ez arauen barruan onartutako aukerarik. Sexualitatearen kontrolarekin erabat lotuta dagoen arazoa dugu hauxe. Espainiako kartzeletan sexurako eskubidea aitortuta dago, eskasa eta erabat kritikagarria bada ere, preso guztiek daukate hileroko bis intimorako eskubidea, adibidez; Frantzian, ordea, hauxe aintzatetsi ez eta, sexua debekatua eta zigortua izaten da, auskalo zeinen moralaren eta dezentziaren izenean.

Salatu nahi nuke, azkenik (horrenbeste dago aipatzeko, ezen orrialde hau labur geratzen baitzait!), transexualek espetxean pairatzen duten jazarpen inkisitoriala. Egungo sistema heteropatriarkalaren binarismo erradikal-erreakzionarioaren ondorioz, espetxeratzeko orduan ere bi aukera soil eta zurrun ditugu: edo aludun emakume (femeninoa)ak gara, ala zakildun gizon(maskulino)ak. Y punto pelota. Hortaz, eskema ertsi horretatik ateratzen diren gainontzeko gorputz eredu ez-normatibo guztiak jokoz kanpo geratzen dira. Alta, egoera zentzugabeki larriak eragiten dituzte: pertsona transexualak isolamenduan sartzen dituzte, euren logikan ez direlako ez gizon, eta ez emakume!, eta mitard-eko baldintzetan denbora mugagabea eman dezakete; hankartean zer daukagun indarrez egiaztatzeko agindua aplikatu diezagukete, arropa egokituak debekatu (adibidez, emakumeen espetxeetan ezin dira galtzontziloak sartu..)… Et oui monsieur et dames, hau guztia XXI. mendeko giza-eskubideen Europa demokratikoan!

Esan gabe doa, emakume artean derrigor egon behar honek baduela bere alde elikagarria ere: hala nola, muturreko egoeretan ematen den emakumeon arteko elkartasuna eta samurtasuna ezagutzeko parada. Jatorri, erlijio, adin, arraza, klase, kultura eta interes oso ezberdinetako emakumeak nahastuta, «toutes dans la même galère», hemen esaten den modura. Espetxean igarotako urte hauetan, arean kalean egonda sekula ezagutuko ez nituzkeen emakumeekin penak eta barreak konpartitzeko aukera izan dut, euren arazo eta istorioak entzuteko, aurreiritzirik gabe elkarri laguntzen ikasteko… Militante politiko gisa hazteko, mundua bera eta askatasunaren aldeko borroka berrulertzeko esperientzi eraikitzaile paregabea da, bizitzarako irakaspena.

Milaka eta milaka emakume anonimoren mendeetako sakrifizio, borroka eta garaipenen poderioz, egungo sistema heterokapitalistaren munstroa zauritua, hilzorian da bai, baina… borrokak aurrera darrai!

Même s’il faut encore se battre, à en crever, encore payer, toujours payer, de notre sang, de notre vie (…), la liberté n’a pas de prix. Nous le savons, se notre force et notre espoir.
À pas de louves, à pas de tigresses et d’oiseaux, nous marcherons sur la lune s’il le faut, nous gagnerons l’espace qui nous revient, à nous qui nous sommes le baume sur les blessures, et l’eau dans le désert, parfumées, étincelantes, offertes et blessées, douces et violentes, femmes et magiciennes, princesses de nos sens (…).

Grisèlidis Réalen (puta, aktibista eta idazlea, besteak beste) hitz horiekin amaitzen dut, eta atzoko, gaurko eta biharko emakume borrokalari guztiei eskaini (barkatuko didazue esaldiok ez itzuli izana, baina, akaso, hitzon indarra galdu zitekeen nire itzulpen eskasarekin…), sistemari konplexurik gabe aurre egiten diozuenei, Euskal abangoardia errebeldearen ikur zaretenei («el miedo va a cambiar de bando…» noski baietz! Biba zuek!). Zorionak, beraz, 15 urte hauengatik… eta segi aurrera! GORA BORROKA FEMINISTA!!!

Download PDF
Etiquetas:

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba