Zer egin indarkeria matxistarekin?

Zer egin indarkeria matxistarekin?

Badakigu zer den, eta lortu dugu luze-zabal zigortu dadila. Ondotxo dakigu, ordea, halako delituetan zigorrak ez duela balio asmoa burutik kentzeko. Nola egin aurrera? Galdetuz gero ea zer instituziok, praktikak eta lengoaiak eraikitzen ote dituzten erasotzeko, bortxatzeko eta akabatzeko prest dauden maskulinitate horiek, bat etorriko al ginateke denok?

Imagen: Emma Gascó
18/06/2018

Ilustración de Emma Gascó

Asteak joan eta asteak etorri, erailketa matxisten sokak ez dut etenik, eta, ez hori bakarrik, orain seguru dakigu sexu-erasoak eta bortxaketak oso ohikoak direla, zenbaitek pentsatzen zutena baino askoz ohikoagoak. Auziak okerrera egiten du herriko jaietan, sobera ezagutzen ditugun arrazoien ondorioz: kuadrilla, alkohola, emakumeek espazio publikoa hartzea, kontrol sozialen laxatzea etab. Hiruzpalau egunean behin izaten dugu erailketa matxista baten berri, eta halakoetan mundu feminista dar-dar batean jartzen da. Erailketa gaitzesten dugu, kalera ateratzen gara, aurrekoan erabili genuen moduko komunikatua irakurtzen dugu –hildakoaren izena aldatuta–, instituzioek isilune bat egiten dute, amorruz betetzen ditugu sare sozialak. Baina beste emakume bat erailko dute, eta gero beste bat, akaso bihar bertan, beranduenez.

Feministon lorpen handia izan da indarkeria matxista politizatzea: indarkeria matxista jada ez da kontu pribatu bat, kontu domestiko bat, ezpada arazo sistemikoa eta politikoa. Indarkeria horien oinarrian ez daude gizon bortitzen arazo partikularrak ezpada berdintasunik gabeko harreman sozialak. Indarkeria politizatzearekin batera, beste zerbait lortu dugu feministok: indarkeria horren aurkako borrokarekin loturiko premiak zehaztu ditugu; hasteko eta behin, tratu txarrak jaso dituzten emakumeen premiak. Bidean, tresna berriak sortu ditugu: terminoak, diskurtsoak, interpretazioak eta instituzioak. Indarkeriaren aurkako borrokak ekinean jarraitu behar du, jakina; ezin dugu indarkeria matxista normaltzat hartu, horixe baita, zalantzarik gabe, feminismoaren auzi nagusietako bat. Edonola ere, erne jarraituta ere, tartea hartu dezakegu, eta pentsatu non gauden eta norantz goazen. Tarte bat hartu eta ingurura begiratuz gero, hara non ikusiko dugun Espainian arrakasta handia izan duela indarkeria matxistaren inguruko kontzeptualizazioak. Indarkeria matxista oso bortitza iruditzen zaigun arren (eta halaxe da beti), Espainiak halako hilketen tasa baxua du, betiere halako hilketak zenbatzen dituzten herrialdeen artean (pentsatzekoa da matxismoa are handiagoa izango dela halako kasuak zenbatzen ez dituzten herrialdeetan).

Latinoamerikako testuinguruaz ari, Rita Segatok esan izan du baietz, emakumeen aurkako indarkeriaren arloan inoiz baino babes legal eta salaketa-ahalmen handiagoa dagoela eta inoiz baino ugariagoak direla politika publikoak eta instituzioak, baina, hala ere, indarkeria hilgarriak ez duela behera egiten, ezpada gora. Bada halaxe gertatzen da Europan ere; badirudi legeek ez dutela eraginik. Eskandinaviako herrialdeetan, adibidez, urtetako eskarmentu feminista dute, eta hezkuntza eta baliabide ugari; herrialde horietan gertatzen dira, ordea, erailketa matxista eta bortxaketa gehien. Esan ohi da herrialde horietan ez dagoela indarkeria handiagoa berez; aitzitik, gehiago salatzen dela. Ez dut uste hala denik. Erailketak ez diren indarkeria matxista kasuetan gerta liteke, baina Espainian erailketa matxista guzti-guztiak zenbatzen dira (modu ofiziosoan izanik ere); beraz, erailketen kasuan, gertatzen direnak gertatzen dira, eta herrialde eskandinaviarretan gertatzen direnak baino gutxiago dira.

Espainian, gainera, oso erailketa gutxi geratzen da zigortu gabe, eta badira halako indarkeria jasan duten emakumeen beharrak asetzeko helburua duten politika publikoak (PP gobernuan denean gutxitzen dira, eta ezkerreko alderdiekin ugaritzen). Azkar samar lortu dugu hainbat eragileren jarrera aldatzea: poliziarena, auzitegiena (badira salbuespen izugarriak), politikariena; eta orobat aldatu dugu indarkeria klase horri buruzko zentzu komuna. Leku gutxitan du indarkeria matxistak herrialde honetan adinako muntarik: agenda politikoan agertzen da, albistegietan aipatzen da eta gizarteak aho batez arbuiatzen du. Badakigu zer den indarkeria matxista, badakigu zehatz-mehatz, eta lortu dugu luze-zabal kondenatu eta zigortu dadila. Baina ikusi dugu –eta adituek ohartarazi digute– zigorrek ez dutela balio indarkeria hori deuseztatzeko. Halako krimenetan, zigorrak ez du asmoa burutik kentzen. Bestalde, kontuan harturik indarkeriak gorantz egin duela, itxura batean behintzat, ezin izango diegu polizia bana ipini mehatxuak jaso dituzten emakumeei; hala ere, jarraitu behar dugu poliziari konpromiso handiagoa eskatzen.

Beraz, zer egin? Nola egin aurre egoerari? Batetik, ezin diogu utzi orain arte egin ditugun gauzak egiteari, eta, era berean, gauza gehiago egin eta eskatu behar dugu, baina, egiari zor, hori dena eginda ere, indarkeria ez da etengo. Izan ere, indarkeria matxista egongo baita berdintasunik ez dagoen bitartean eta berdintasun lortzeko borrokatzen garen bitartean, indarkeria horren bitartez eusten baitzaio berdintasunik ezari. Hainbat hamarkadaz borrokatu gara, besteak beste, berdintasun formalaren alde, autonomia ekonomikoaren alde, hezkuntza formalaren alde eta abortu-eskubidearen alde, eta, jakina, kontu guztiz funtsezkoak dira denak. Baina argi dago berdintasun formalak eta materialak ez duela bere horretan indarkeria murrizten, gurea baino herrialde berdinzaleagotan indarkeria handi-handia baitago, nahiz eta egin beharrekotzat jotzen ditugu gauza horiek guztiak egiten dituzten han. Indarkeria ez da eteten eta ez da gutxiagotzen; aitzitik, indarkeria zertan datzan ondo baino hobeto zehaztu dugun arren, neska-mutil gazteek ez dute identifikatzen. Gainera, biktimei begira antolatzen dira kanpainak, eskatzen zaie beren burua babesteko, haien gainean ipintzen da oraindik ardura. Halakoak gaitzesten ditugu, eta ez gabiltza oker, baina zer alternatiba dugu?

Alternatiba, jakina, zera da: erasotzaileei zuzentzea. “Ez zaitez matxo patriarkal bat izan, ez itzazu emakumeak kosifikatu, ez itzazu hartu zure jabetzako objektuak balira bezala, zure zerbitzura baleude bezala, ez itzazu hartu objektu txortagarri moduan, har itzazu zure berdintzat”. Nola irakatsi hori, ordea? Eta, kontrara, non eta nola ikasten dute mutilek bestea, emakumeak sexu-objektuak direla, txortagarriak, beretzat har ditzaketela eta haien eginkizuna dela gizonen bizitza atseginago bihurtzea? Guk geuk, feministok, ondotxo dakigu indarkeria hori ez dela ezerezetik sortua, aitzitik, indarkeriaren oinarrian dagoela, desberdintasun formaletik harago, desberdintasun sinbolikoa, generoaren araberako subjektibotasunen eraikuntza; hala ere, hori guztia jakinik ere, utzi egin diogu jakintza hori gure eguneroko borrokan txertatzeari. Batzuetan badirudi zera ahazten dugula, ez garela indarkeriaren aurka ari baizik eta sistemaren beraren aurka, eta indarkeria ez dela sistema horren halabeharrezko ondorio bat baino. Berdintasunik eza baita indarkeriaren muin-muineko kausa, zeina gizon-emakumeen balore-hierarkia batean oinarritzen baita eta subjektibotasun maskulino jakin bat osatzen baitu. Indarkeriari aurre egin nahi badiogu, benetan, aurka egin behar diegu maskulinitate-eredu tradizionalei, deseraiki egin behar ditugu, eta bestelakoak eraiki, betiere oinarritzat hartuz enpatia, zaintza, berdintasuna eta elkarrekikotasuna. Hori egin ezean, ez dugu ezer lortuko. Eta, badator galdera berriro ere: nola egingo dugu?

Erailketa matxistak eta bortxaketak ez dira gizon gaixoen ekintzak, ez dira anomalia sozialak; aitzitik, pentsamenduak eta ekintzak antolatzeko egitura sinboliko sakon baten adierazpide dira. Iruñeko bortxatzaileek eta haien adiskideek elkarri bidaltzen zizkioten mezuak ez dira zoro batzuen jarduna, kuadrilla maskulino arrunt baten jarduna baizik. Are gehiago, mutil-kuadrilletan, mutilek modu horrexetan eraikitzen dituzten beren arteko harremanak, normal-normal, emakumeak kosifikatuz, emakumeez hala hitz eginez eta emakumeei larrua sinbolikoki joz. Emakume bati larrua jotzeko aukera konpartitzea, emakumeak muturreraino kosifikatzea: horra hor beren mintzaira konpartitua. Mintzaira horrek gizontzen ditu; anaiartearen mintzoa da, eta, unean une, ehiza-taldearen mintzo bihur daiteke. Mintzaira hori darabilten mutil gehienek ez dute sekula inor bortxatuko edo hilko, eta, egitekotan ere, ez lukete sekula bakardadean egingo. Badira bortxaketa eta erailketa eragozten dituzten galga sozialak; edonola ere, hortxe dago beste guztia: generoaren araberako eraikuntza, emakumeak objektu gisa eraikitzen dituen egitura eta subjektibotasun bortitzak. Gero, tarteka, askotariko arrazoiak direla medio, besteak beste gerra-garaian, herriko jaietan edo objektua erlaxatzen denean, galga sozialak laxatzen edo hausten dira, eta orduan… Indarkeriak ez du kausa konkreturik, hori badakigu. Ez dago kausa eta efektu bakunik, osterantzean askoz errazagoa litzateke; ez dago kausa eta efektu bakunik, aitzitik, Segatok dioen moduan, elkarri loturiko esanahien unibertso bat dago.

Berdin jasotzen al dugu guk guztiok elkarri loturiko zentzuen unibertso hori? Berdin jasotzen al dugu feministok behinik behin? Galdetuz gero ea zer instituziok, praktikak, pentsamenduk, lengoaiak eta abarrek eraikitzen ote dituzten erasotzeko, bortxatzeko eta akabatzeko prest dauden maskulinitate horiek, bat etorriko al ginateke denok? Zer instituziotan –formalak zein informalak–, zer instantzia sinbolikotan sortzen eta sendotzen den berdintasunik eza eta, ondorioz, indarkeria sinbolikoa: bat al gatoz denok horretan? Ba al dakigu nola eragin instantzia horietan? Eragin nahi ote dugu?

Gaur egun, emakumeen gorputzak kosifikatzen dira hainbat arlotan, hala nola iragarkietan, modan, prostituzioan, bideo-jokoetan, pornografian, medikuntzan, ugaltze-tekniketan, gorputza aldatzeko tekniketan eta kulturan oro har, eta normaltzat hartzen dugu, inoiz baino gehiago: horrek guztiak ez al du eraginik batere lantzen ari garen gaian? Kosifikazioak ez al du garrantzirik generoaren araberako subjektibotasunen eraikuntza sozialean eta sexualean, hau da, ez al du eraginik generoaren balore hierarkikoan? Neska-mutil gehienek natural-natural jaso dituzte instantzia horiek denak, eta, gainera, txikitatik sinetsi dute berdintasunean bizi garela, ondorioz, uste dute horrek denak ez duela inongo zerikusirik berdintasun ezarekin ez eta sexuen balore-hierarkiarekin ere; are, feminista askok gauza bera pentsatzen dute. Feminismoaren korronte batek berdintasun formalari erreparatzen dio baina ez ditu beste instantzia horiek aintzat hartzen, ez zaie iruditzen instituzio patriarkalak direnik edo patriarkatua erreproduzitzen dutenik, ez zaie iruditzen instantzia horietan berreraikitzen direnik, etengabe, generoa, heteroaraua eta maskulinitate tradizionala. Gaur egun, hainbat tokitan, gune feministak izanda ere, ez da zalantzan jartzen desberdintasun patriarkalaren egitura; aitzitik, espazio indibidualak aldarrikatzen dira, argiki, eta, hala, instituzioak despolitizatzen dira, eta egiturak ikusezin bihurtzen. Eta hori dena egiten da nahiz eta neska guztiak alde batean egon eta mutil guztiak bestean; hori dena egiten da nahiz eta alde banatan balio sozial guztiz ezberdinak mantendu hala kanpora begira nola barrura begira, eta nahiz eta alde banatan eraikitzen diren subjektibotasunak guztiz ezberdinak izan botere aldetik.

Ez dezagun ahaztu: emakume batzuk (edo emakume asko) maila pertsonalean ahaldundu badira ere, sistemak horretarako aukera ematen baitu orain, horrek ez du esan nahi emakume guztiak ahaldundu direnik; aitzitik, emakume batzuk ahaldundu izanaren ondorioz, ezkutuan gera daiteke sakoneko arazo bat, hots, desagertzen ez baizik sendotzen ari direla desberdintasun-egitura sakon-sakonak. Ez dut inondik ere auzi oso konplexuei buruzko konponbiderik aurkezteko asmorik, eta argi utzi nahi dut ez nagoela aurrez aipatutako ezer debekatzearen alde; hori esanda, galdera bota nahi dut berriro: lehen aipatu ditudan kontu horiek denek ez al dute zerikusirik, batere, maskulinitate hegemonikoaren eta kosifikazio femeninoaren eraikuntza sinbolikoarekin eta botere sinbolikoaren banaketarekin? Batere ez? Adibide bat jarriko dut: munduko gizon guztiek dakite, txikitatik, mugarik gabe sar daitezkeela emakumeen gorputzetan, gizon izate hutsagatik; horrek ez al du zerikusirik batere mutiko nerabeek beren burua eta neskekiko harremanak pentsatzeko duten moduarekin? Emakumeekiko sexu-harremanen harira, mainstream pornografiak ez al du zerikusirik batere mutiko nerabeen iruditegiarekin? Gizonen desiraren eskura dauden gorputz gisa aurkezten gaituzte, gero eta modu nabarmenagoan, iragarkiek, modak eta oro har kulturak, eta horrek ez al du zerikusirik batere gizontasunaren eraikuntzarekin?

Emakumeok nola baiezta dezakegu subjektu berdinak (eta sexualak) garela, halako unibertso kosifikatzaile gero eta zanpatzaileago batean? Mutilek nola demontre ikasiko dute beren berdinak garela, kontuan harturik, batetik, herri kulturak ez gaituela berdintzat aurkezten eta, bestetik, neskak kosifikatzeko gaitasunaren arabera eraikitzen dela maskulinitatea oraindik ere? Nola eraiki gure subjektibotasuna: hutsean gure hautu-gaitasuna defendatuz?

Ez daukat erantzunik, baina, aurreko batean, La belle saison film frantziarra ikusten ari nintzela, okurritu zitzaidan 70eko hamarkadako feministak izugarri erradikalak eta ausartak izan zirela, eta zalantzan jarri zituztela gaur egun aipatu ere nekez aipatuko genituzkeen kontuak.

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba