Gizon egoskorrak dio
"Sen onak diosku Kukutzak onurak baino ez zekarzkiola Errekalde auzoari eta Bilbori. Udalari ere ez zion kalterik egiten, ez balitz udalak kontrola ezinezko espazioa zela". Maite Asensio Lozanoren analisia
Egi bihurtutako utopia bat zen, eta horregatik iraun behar zuen. Bizirik eta zutik jarraitzeko ezaugarri sozial eta etiko guztiak biltzen zituen Kukutza III proiektuak, baina sostengu bat falta zitzaion, Bilboko Udalarena, eta gaztetxeak ez zeukan baldintza bakarra erabili zuen, legezkotasunarena. Mundu bidezkoagoa eraikitzeko lan egiten dutenek, eta mundu bidezkoagoa eraikitzeko lan egiten dutela diotenek elkartasuna izan ohi dute ahotan, konpromisoa, parte hartzea… Horiek ziren Kukutzaren oinarriak. Beraz, zergatik bota dute? Espekulazioak irabazi du auzolanaren kontra, indarrak demokraziaren aurka; kapitalismoa gailendu zaio etikari, itxaropenari, alternatibari.
Sen onak diosku Kukutzak onurak baino ez zekarzkiola Errekalde auzoari eta Bilbori. Udalari ere ez zion kalterik egiten, ez balitz udalak kontrola ezinezko espazioa zela
Uztailetik gaztetxearen barruan erresistentzian zebilen gizon kroaziar batek esan ohi du sen onaren aldeko militantea dela. Sen ona ardatz hartuta, mundua hobe zitekeelakoan. Sen onak diosku Kukutzak onurak baino ez zekarzkiola Errekalde auzoari eta Bilbori: Kukutzak baino aisialdi, kultura, kirol eta gizarte jarduera gehiago eta anitzago antolatzen duen zentrorik ez dago hiriburuan. Han denetarik egin zitekeen, beti ere jokabide sexista, homofobo, arrazistak eta faxistak baztertuta. Sen onak diosku Kukutzak ez ziola inori kalte egiten. Izatez, udalari ere ez; eta erakunde horrek utzitako hutsunea betetzen baitzuen, gainera. Udalari ez zion kalterik egiten, ez balitz udalak kontrola ezinezko espazioa zela…
Demokrazia deituriko hori ulertzeko moduak oso agerian utzi ditu Kukutza auziak. Herritarren hitza eta parte hartzea ahotan duten politikariek entzungor egin diote auzo oso baten aldarriari. Areago, Kukutza hustu, itxi eta eraisteaz gain, isildu ere egin nahi izan dute. Ertzaintzaren oldarraldi bortitzak ikusita uler daiteke gaztetxearen aldeko manifestazioa egitea —besoak altxatuta joanda ere—, errepidean eserita erresistentzia baketsuan jardutea edo aldarrikapenak oihukatzea badela nahikoa arrazoi gizarte zibilaren aurka indarkeria erabiltzeko. Protesta zapaldu dute, eta horrekin batera, protesta egiteko eskubidea baliogabetu, ez baita modurik egon gaztetxearen eraispenarekiko desadostasuna agertzeko, trukean kolperik jaso gabe. Herria bere bakardadean, eta babesgabe, ustez pertsonen segurtasuna eta askatasuna bermatu beharko luketen horiek abandonatuta.
Eta horrekin batera, martxan jarri dute indarkeria justifikatzeko makinaria. Kukutzako asanblada eta gaztetxearen alde agertutako gizarte mugimenduak kriminalizatzeko hitz eta akusazio pozoituak jaurti dituzte: “gerrila urbanoa”, kale borroka, poliziei erasotzeko talde antolatuak… Ertzaintzaren jokabideaz zalantza eta kritika izpirik agertu ez duten erakundeak ausartu egin dira Kukutzako asanbladari sabotaje eta indarkeria ekintzak gaitzes ditzan exijitzera. Ausardia handiegia batzuentzat, eta txikiegia besteentzat, ahots gutxiegi entzun baitira exijentziok auzitan jartzen. Berriz ere, erakundeen propagandan laguntzaile gara kazetariak, nahiz eta Errekalden egon ginenok —eta egon ez zirenentzat, Interneten daude lekukotzak— argi eta garbi ikusi genuen nork erabili zuen indarkeria, eta zein neurrian. Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ohore egin dio bere abizenari, gerraren jainkoa bailitzan mintzatuta: “Sistema demokratikoetan poliziek soilik dute indarra erabiltzeko autorizazioa”.
[sc name=”suscribete”][/sc]Oso leunak dira gizartea gidatzeko, kontrolatzeko eta isilarazteko moldeak. Abagune horretan gehiengo absolutua lortzen duenak erraz sor dezake sistema autoritario bat
Bada, lau urtean behin botoa ematera mugatzea, hori da sistema demokratiko horien patua, antza. Botoa emanda, herritarrok ez dugu iritzia adierazteko eskubiderik, ez baitugu modurik, ez baitugu entzulerik. Oso leunak dira gizartea gidatzeko, kontrolatzeko eta isilarazteko moldeak: norbera bere bizitzaren jabe dela sinetsita gaude, baina era guztietako trabak jartzen dizkigute sistemaren eskematik ateratzeko imintzioa egin bezain laster. Abagune horretan gehiengo absolutua lortzen duenak erraz sor dezake sistema autoritario bat. Eta hemen, Iñaki Azkunarekin egin dugu topo, bere irudi eta antzera eraiki beharreko hiriarekin.
Diru goseak bai, jabetza pribatuaren defentsak bai, espekulazioaren gurpil zoroak ere bai, denek izan dute eragina auzian, baina udalaren erabakien atzean ezinbesteko aktore bat dago: alkate eskuindar ahalguztiduna du Bilbok, eta Kukutzarekin egoskortu egin da. Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziak berak onartu du Iñaki Azkunaren “aurreiritziek” oztopatzen zutela konponbide onargarri batera heltzea. Burgesen betaurrekoak jantzita begiratzen du Azkunak Errekalderantz, “okupa” hitza ahoskatzean ere nabaritzen zaion mespretxuak itsututa; zorriz jositako horiek antolatzen dutena ez baita kultura, dirutan zenbatu ezin bada. Hamahiru urteko auzolana espekulazioak eraitsi du, baina klasismoak ere bai, eta autoritarismoak. Sistema kapitalistak ezarritako mugetatik pixka bat ateratzen den bestelako gizarte eredu bati inolako begirunerik ez dion pertsona baten esku egon da Kukutzaren etorkizuna.