“Moda azkarrak hil egiten du”

“Moda azkarrak hil egiten du”

Rana Plaza eraikina erori eta bost urtera, ehungintzako emakume langileen lan-baldintzak nola aldatu diren azaldu digu Kalpona Akterrek, Bangladesheko sindikalista eta aktibistak

Texto: Marina León
23/03/2020
Kalpona Akter. Foto: Marina León Manovel.

Kalpona Akter. Argazkia: Marina León Manovel.

Segundo gutxian erori ziren Bangladesheko Rana Plaza eraikinaren bederatzi solairuak. Hainbat aste behar izan zituzten, aitzitik, hildako guztiak hondakinen azpitik ateratzeko –milatik gora ziren–. Harrezkeroztik, Kalpona Akter eta beste hamaika sindikalista buru-belarri ari dira borrokan.

Bost ehungintza-lantegi biltzen ziren Rana Plaza eraikinean, Savar izeneko aldiri industrialean, Dhakako distrituan (Bangladesh). 4.000tik gora emakume ari ziren bertan lanean. Eraikinak lurra jo baino hainbat hilabete lehenago, dagoeneko antzeman zituzten arrakalak paretetan, eta langileak ez zeuden prest halako baldintzatan lanera joateko, baina derrigortu egin zituzten, mehatxuen bidez –soldata kenduko zietela– eta eraikinaren egiazko egoera zein zen ezkutatuz. Eraikinak behea jo zuenean, 1.134 langile hil ziren, eta 2.000tik gora zauritu.

“Rana Plaza erori zenean, mundu guztiak esan zuen hura tragedia bat edo istripu bat izan zela. Gorroto ditut bi hitz horiek, ez baitzen halakorik gertatu. Desastre hura gizakiek sortu zuten, eta posible zen hura ekiditea. Ondorio benetan latzak ekarri zituen” azaldu du Akterrek.

Bangladesheko Langileen Aldeko Elkartasunaren zentroko zuzendaria dugu Akter. Hitzaldia eskaini du Bilbon, Setem elkarteak antolatu duen ekitaldian, eta lasai mintzatu da bere borroka pertsonalaz, indar handiarekin hala ere. Gaur egun, borroka pertsonala zena eraldatu egin da, eta Akterren egunerokoa da ehungintzaren sektoreko aktibismoa.

Hamabi urterekin hasi zen arropa-lantegi batean beharrean, Bangladeshen. Aita gaixotu zen, eta amak senide txikiena zaindu behar zuen –ez zituen hilabete batzuk besterik–, horregatik, Akterrek eta bere anaiak –10 urtekoak–, lan egiten hasi behar izan zuten. “Ez genuen lanera joan nahi, baina ez zegoen beste aukerarik. Hilean sei dolar baino pixka bat gehiago irabazten genuen, 400 lanorduren truke”, azaldu du.

Hamabost urte zituela, Kalpona Akterrek erabaki zuen ahotsa altxatzea, bere lan-baldintzak eta lantegian ari ziren beste emakumeen egoera hobetzeko, baina kolpeak baino ez zituen jaso: hilabete bat igaro zuen espetxean, eta zerrenda beltz batean sartu zuten haren izena. Hala ere, Akter ez zen kikildu, eta, 16 urterekin, beharrean ari zen lantegiko ordezkari sindikal bihurtu zen. Lau orduko formazio-saio bat eman zioten, laneko zuzenbideari buruzkoa, eta, dioenez, bizitza aldatu zion saio horrek: “Ikasi nuen nire txandak zortzi ordu iraun behar zuela gehienez, ikuskatzaileak ezin ninduela jo, eta derrigorrezkoa zela lantegietan bina eskailera-sorta, larrialdi-irteerak eta su-itzalgailuak edukitzea; hala ere, hauxe izan zen ikasi nuen gauzarik ederra: antolatzeko eskubidea neukala”. Zortzi hilabeteren buruan, lantegiko langileen % 80k egin zuen bat sindikatuarekin. Presio gogorrak egin zizkieten, baina aurrera jarraitu zuten Akterrek eta bere kideek.

“Une batean, amari esan nion beldur nintzela, oso gaztea nintzela eta apur bat gainditurik sentitzen nintzela nire inguruan gertatzen ari zen guztia ikusirik. Hainbat kidek bizia galdu zuten ni neu bezalaxe borrokatzeagatik. Nire amak esan zidan, ordea, inork ahotsa altxatu behar bazuen injustiziei kontra egiteko, ea zergatik ez nintzen ni izango: besarkatu ninduen, eta esan zidan biok elkarrekin are indartsuagoak ginela. Handik aurrera, ez zait sekula okurritu hau uzterik”, ziurtatu du.

Bangladesheko ehungintza-sektorea: prekarioa eta feminizatua

Turkia, Txina, Myanmar… Besteak beste, herrialde horietan egiten dira jendeak erabili ohi dituen arropak. Bangladeshen ere bai. Gaur egun, herrialde horretan, lau milioitik gora lagunek egiten dute lan ehungintzaren sektorean, eta horien artean, emakume oso gazteak dira % 80 baino gehiago. Andreek osatzen dute sektorearen gehiengoa, eta Bangladesheko ekonomiaren motore nagusietako bat dira: “Egunean 11 orduz aritzen dira lanean, astean sei egunez, eta hileko 57 euro irabazten dute, hau da, mundu osoko ehungintzaren sektoreko soldatarik baxuena”, baieztatu du Akterrek. Helburuak bete behar dituzte, gainera: egunean 80 jantzi ekoitzi; hala ere, ikuskatzaileek presioa sartzen diete, halako bi egin dezaten –160 jantzi–, eta, hori lortu ezean, ez diete soldata osoa ematen.

Bangladeshen, langileek badute eskubiderik euren artean antolatu eta sindikatuak osatzeko, “hori da legeak dioena, baina errealitatean, ez da hala gertatzen, emakumeak zapaldu egiten dituzte ahotsa altxatzen badute, eta beren komunitatetik alde egitera behartzen dituzte”, kontatu du. Akterren arabera, badute arazo handi bat, izan ere, halako lantegien jabeak dira Bangladesheko parlamentarien % 30: “Munstro baten aurka ari gara, gutxiengo bat gara”.

2013ko apirilaren 23an erori zen Rana Plaza, baina 2017ko abuztuan zigortu zuten Sohel Rana, ehungintza-lantegien multzoaren jabea. Dhakako auzitegiak, K. M. Imrul epaile bangladeshtarraren eskutik, hiru urteko espetxealdi ezarri zion Ranari, eta, horrez gainera, iritzita ondasunak modu ez zilegian pilatu zituela, 700 dolarreko isuna ezarri zion.

Akusazioaren esanetan, aitortu gabeko diruarekin eraiki zituen bi eraikin komertzialak zigortutako gizonak (Rana Plaza eta Rana Dorrea), bai eta bost solairuko etxebizitza-bloke bat ere; Savar izeneko aldirian zeuden denak, Dhaka distrituaren kanpoaldean. Orain, Sohel Ranari beste hamabi kargu egotzi dizkiote, hala nola hilketa, ustelkeria eta laneko legedia urratzea.

Hainbat enpresak –hala nola El Corte Inglés, Inditex eta Benetton–, eraikina erori eta gero, dirutza eman zuten, hantxe ekoizten baitzituzten beren salgaiak, baina, sindikalistaren iritzian, hori ez da aski: “Langileak esplotatzen dituzte oraindik ere, eta ez diete soldata duinik ematen”.

Rana Plazaren ostean geratzen dena

“Alarma bat izan zen munduarentzat, haserre kolektibo bat, jabeek eta Gobernuak erakutsitako arduragabekeriaren kontra”, dio Kalpona Akterrek. Oihartzuna sortu zuen Mendebaldean, eta arropa-markei presio egiten hasi ziren. Izan ere, eraikina erori ostean, eraikinak era seguruan eraikitzeko eta eraikinetan suteen aurkako sistema ezartzeko akordio bat abiatu zen, Bangladesheko Akordioa: loteslea da, eta 200 enpresak baino gehiagok egin dute bat hitzarmen horrekin, europarrak gehienak. Bi aldetako akordio bat da, arropa ekoizten duten lantegien eta arropa erosten duten marken artekoa. Beste aurrerakuntza bat: Rana Plaza gertatu aurretik, Bangladeshen ez zeuden 164 sindikatu ofizial besterik, orain, aldiz, 500etik gora daude”.

“Garrantzitsua da akordioak lotesleak izatea, gure helburua baita Europa mailan zigorren marko legal bat ezartzea: modu horretan, beste Rana Plaza bat gertatuz gero, enpresek aukera izango dute hori salatzeko. Kontsumitzaileok hori babestu behar dugu; langileek hala egin dute jada”, azaldu du Akterrek. “Gure gobernua ez dago pozik akordio honekin, zeren jada ezin dute nahi moduan ibili: akordio hau ezin du inork bota atzera, ez enpresek ez gobernuek. Markak presionatzen jarraitu behar duzue, premiazkoa da, bizitzak salbatu ditzakegu-eta”, gehitu du.

Rana Plaza erori izanaren ondorioz, gaur egun ikuskaritzak egiten dira ehungintzako enpresetan, eta langileek aukera dute ikuskatzaileekin hitz egiteko eta beren kexak eta eskakizunak agertzeko. Ondoren, txosten bat osatzen da, emaitza batzuekin, neurriak ezarri, eta jarraipena egiteko bilerak egiten dituzte. Horrez gainera, segurtasun-batzordeak sortu dira lantegien barruan. “Lan itzela egiten ari dira, baina martxan segitu behar dugu langileek izan ditzaten soldata eta lan-baldintza hobeak. Bide luzea dugu aurretik”, aipatu du Akterrek.

Dozenaka lantegi itxi dira, egiturari lotutako arazoak zituztelako, Rana Plaza eraikinak bezalaxe, eta beste eraikin batzuetara eraman dituzte beren langileak, baldintza hobeagoekin. Aldaketa horien guztien ondorioz, 2016an ez zen langile bakar bat hil; aitzitik, aurreko urteetan –2013tik hasita–, 3.000 lagunetik gora hil ziren.

Kalpona Akter, en el centro, durante la jornada organizada por Setem. / Foto: Marina León Manovel.

Argazkia: Marina León Manovel.

Etiketa “etikoak”

Akterri galdetu diogu ea zer egin behar dugun kontsumitzaileok, zein den gure ardura, eta hark erantzun digu ez dugula erruduntasuna sentitu behar, ezpada amorrua eta haserrea: “Arroparik erosi behar ote duzun pentsatzen duzun unean, erantzuna argi dago: arropa erosi behar da, eta ez du axola nondik datorren, beste herrialdeetako lan-baldintzak ez dira askoz hobeak. Beraz, erosi ezazue; ez baduzue egiten, boikota egingo diozue herrialde horietako emakumeei”, azaldu du. Nolanahi ere, sindikalistaren hitzetan, galderak egitea da lehen urratsa: “Hitz egin ezazue gerentearekin eta galdetu zer-nolako lan-baldintzak dituzten erosi nahi duzuen jantzia egin duten langileek. Zuek, kontsumitzaileek, lagundu egin diguzue, zuen ahotsak inportanteak dira: egin galdera deserosoak, informazioa bildu honen guztiaren inguruan, eta segi erantzunen bila: horrek eragingo du aldaketa”, ondorioztatu du.

Fast fashion delakoa ez da konponbidea, arropa merkeak zer pentsatua eman behar digu, zalantzan jarri behar dugu joera horren atzean dagoena. Kamiseta bat bost eurotan saltzen dutela ikusiz gero, ez zaitezte poztu, prezio horrek esan nahi baitu katearen azken begia dela kamiseta egin duen emakumea eta, lanaren truke, apenas irabazi dituela zentimo batzuk. Gainera, ur eta energia mordo bat erabili da arropa hori egiteko. Moda azkarrak hil egiten du”, amaitu du Akterrek.

Marka handiek merkatura atera ohi dituzte zenbait jantzi berezi, adieraziz jantzi horiek modu jasangarriago batean ekoitzi direla, horretarako, etikoa, conscious edo jasangarria gisako hitzak ipintzen dituzte etiketan. Hala ere, Akterrek dioen moduan, serieko ekoizpena eta kontsumo etikoa ez dira bidelagunak. “Orain dela gutxi, albistegietan ikusi nuen arropa tonaka erretzen dutela ehungintzako zenbait multinazionalek. Kontuan sakondu genuen eta jakin genuen halakoak oso maiz egiten direla, horixe da moda azkarra: denboraldia amaitzean, saldu ez diren arropak erretzen dituzte”, adierazi du. Akterrek orobat aipatu du ehungintza-industriak txiki-txiki egiten duela arropa ekoizten den herrialdeetako sistema ekologikoa, izan ere, kamiseta bat egiteko, 14 litro ur erabiltzen baita: “Bangladeshen, datozen 200 urteetan beharko genukeen ura xahutu dugu jada; hortaz, benetan esan al dezakegu marka handiek konpromiso etiko bat daukatela? Nire ustez, ez, inolaz ere ez”, amaitu du.


Irakurri gehiago:

Download PDF
Etiquetas:

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba