”Koronabirusaren krisia pentsiodunak baztertzeko aitzakia berri bat izan daiteke”
Kalera indarrez bueltatzeko beharra argi ikusten du Ana Mezok, Oneka emakume pentsionisten plataformako kideak. Birusak zaintza arazoak eta gabeziak mahaigaineratu dituelarik, borroka sozialen atomizazioa bukatzearen beharra defendatzen du.
Konfinamenduaren paisaia soilean jende askoren falta nabaritu izan da, besteak beste astelehenero udaletxeen aurrean biltzen ziren pentsiodunena. “Kalean oso era iraunkorrean egotea izan da mugimendu honen indargune bat. Baina ez gara geldirik egon: batzar telematikoak egin ditugu, komunikabideetan parte hartu dugu, instituzioak interpelatzen jarraitu dugu…”. Ana Mezo (Larrabetzu, 1955) Pentsionistak Martxaneko kidea da eta baita ere Oneka euskal emakume pentsionisten plataformako bultzatzaileetariko bat. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta prozesuko partaidea ere bada.
Larrabetzuko taberna batetan geratu gara deseskaladaren hasieran. Telebistan, Arantxa Tapia Ekonomia Sailburua agertu da eta kasualitate hori ironiaz komentatu du Mezok. Nerbio eta hitz jario handiko emakumea da, presentzia alai eta karismatikoduna. Elkarrizketa egin eta bi egun geroago bete dute pentsionistek Larrabetzuko plaza beraien zapi gorri eta kartelekin: “1080 gitxienezko pentsioa”, “1200 gitxienezko soldata”, “Erreforma basatia ez”, “Haurtzaro… Gaztaro… Zahartzaro… Bizimodu duina”. Ertzaintzaren baimenarekin, maskarekin, metro eta erdiko distantzia gordez. “Hau bezalako herri txiki batetan ez da zaila, baina hirietan konplikatua izaten ari da kalera itzultzea”. Konfinamendua baino lehen Bilbora joaten ziren astelehenero, deseskaladaren hasieran Larrabetzun geratzea adostu zuten eta orain bi aukerak tartekatuko dituzte. Hogei bat lagun biltzen ari dira herrian, denak 60 urtetik gorakoak, emakume batek kotxean daraman biloba jaioberria izan izan ezik. Plazaren erdian jartzen da Ana Mezo elkarretaratzeen amaieran, hausnarketaren bat konpartitzeko, Bilboko protesten berri emateko edo Karta Sozialak Ekainaren 19an antolatu zuen mobilizazio egunarekin bat egitera deitzeko.
Mugimenduaz harro dago, bere aniztasunaz —ideologia, klase, ogibide eta ibilbide askotariko kideek sortua— eta aldi berean, lortutako batasunaz. Herri txiki zein handietara gerturatzeko izan duen gaitasunaz ere harro dago. Uste du mugimendu horren indarraren beste gako bat izan dela kideetariko askok militantzia sozial eta politikoan duten eskarmentua, bereziki sindikalismoan eta feminismoan. Berak ezker abertzalean militatu izan du betidanik. Koronabirusaren krisiak sistema kapitalista heteropatriarkalaren gabeziak inoiz baino ageriago utzi dituen honetan, borroka sozialen atomizazioa amaitzeko beharra berretsi du Mezok. Mezu bat azpimarratu ohi du hedabideetan agertzen denean: “Pentsionistak, feministak eta gazte jendea elkartuta hankaz gora jarriko genuke sistema hau”. Formazioz kimikaria eta ofizioz irakaslea, errelebo kontratuan zegoela egin zuen bat pentsiodunen mugimenduarekin eta, beste emakumezko kideekin batera, Oneka plataforma feminista sortzea erabaki zuten. Aurten 65 urte bete ditu, orain bai ofizialki erretiratua da, eta militantzia politikoa sei hilabeteko biloba zaintzearekin bateratzen du.
Zergatik sortu zenuten Oneka?
Pentsionisten mugimendua 2018ko urtarrilean hasi zen kalera irteten, eta ekaina aldera hasi ginen pentsatzen andrazkoen talde bat sortzeko beharra geneukala, gure berezitasunez hitz egiteko eta gure planteamenduak garatzeko. Udazkenean egin genuen akta konstituzionala eta irten ginen prentsa aurrera. Euskal Herritik Euskal Herrirako planteamendu bat da, Hego Euskal Herrikoa oraingoz; Iparraldean kontakturen bat egin genuen baina erritmoa beste bat da.
Pentsiodunen mugimenduaren baitako joera patriarkalei aurre egitea izan da andrazkoen plataforma sortzearen beste arrazoi bat?
Bai, hori zertan esan… Beti adi egon behar dugu. Kapitalak alde batetik eta heteropatriarkatuak bestetik, eragina dute. Pentsa ezazu zenbat kostatu den eta zenbat kostatzen den gaur egun ere guk andreok gure prestigioa, legitimitatea eta errespetua lortzea eta mantentzea. Onekaren kasuan, kide asko, ez badira alargunak, beraien bikotekideekin bizi dira, gehien-gehienak gizonak. Bakardade handia dago, indarkeria… Adineko emakume askori kostatzen zaie kalera irtetea. Oso zaila da. Badira emakumeak lan handia egin dutenak baina etxetik, zaintza lanetan eta bestetariko lanetan ere bai. Indarkeria ekonomikoa oso inportantea da, beti aipatzen dut. Gizon askok diote: “Nik ekartzen dut dirua etxera eta zu nire esanetara”. Sumisio derrigortu batean bizi dira eta ezin dira banandu dependentzia ekonomikoagatik. Gauza guzti horiek gure artean hausnartu behar ditugu eta gure planteamendua egin. Niri gertatu izan zait gizon batekin hitzaldi bat ematera joan eta gizonak hitzaldia bere gain hartu izana. Beharbada gizon hori oso sentsibilizatuta dago berdintasunarekin, baina hain da kulturala… Asko borrokatu behar da. Mistoan ibili behar da, aniztasuna oso aberasgarria delako, baina guk geuk ere behar dugu espazio propio bat…
Ahalduntzeko, ezta?
Ahalduntze hitz horri nik buelta bat baino gehiago eman dizkiot. Uste dut ahaldunak bagarela, gaitasunak ditugula, baina espazioak ditugu murriztuak, kenduak. Familietako ekonomia nork antolatu du? Gehienetan, andrazkoek. Gainera, ekonomia berba grekotik dator eta bere esangura nagusia da etxe barruan egiten den gestioa. Gaur egun, ordea, makroekonomiari buruz berba egiten da, gizonezkoek berba egiten digute normalean, eta oso aditua ez bazara eta formazio akademiko altua ez baduzu, ez duzu ezer ulertzen. Uste dut apropos egiten dutela. Orain, koronabirusarekin, gabezia asko oso agerian geratu dira. Badakigu adineko egoitzetan zer gertatu den… Birus honek ez du bereizten emakume ala gizon, baina bakardadea batez ere andrazkoek bizi dute. Alargunen artean, %93 inguru andrazkoa da. Familia sare handia ez baduzu gertu, oso bakarrik zaude.
Entzun zaituztet azaltzen emakume zahar askok pentsio eskasa dutela politika frankistaren ondorioz, eta hortaz diktaduraren indarkeria ekonomikoaren biktima gisa aitortu beharko lituzkeela Estatuak. Azaldu dezakezu?
Bai, nik hitzaldietan asko aipatzen dut hori. Lege horiek Espainiako Gerra Zibilaren aurrekoak dira eta ibilbide bat izan dute. 60-70eko hamarkadan emakume batzuk aritu ziren lan produktiboan, tailerretan eta. Ezkontzen zirenean, “dotea” deritzon hori ematen zioten, indemnizazio bezalako bat, emakume hori etxera joan zedin, zaintza lana egitera. Geroago ere, diktadura apur bat bigundu zenean eta etxetik kanporako lan produktiboa egitera joaten zenean emakumea, bere senarraren baimena behar zuen. Emakume horiek legeak aginduta geratu ziren kotizatu barik. Era berean, egin duten lan erreproduktiboari esker, instituzioek pila bat diru aurreztu dute: alegia, haurreskoletan edo zaharren egoitzetan inbertsio urria egin zuten, andrek zainketa lan hori doan egiten zutelako. Hori ere ekarpen ekonomikoa bada: EUSTAT-en arabera, ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa ekoiztutakoaren (BPGaren) %32,4a da.
“Pentsio ez kontributibo” kontzeptua oso sinbolikoa da. Zaintzen ekarpen ekonomikoa ukatzen du.
Bai, hori da kontua, baina diskurtso hori ez da kalean egon. Hitzaldietan hau komentatzen dugu, jendea konturatu dadin.
Gainera, landa eremuan emakume baserritarrek lan produktiboa egin dute, baina hori ez da lan gisa aitortu, laguntza gisa baizik.
Badakigu andrazkoek baserri bueltan zenbat behar egiten zuten: etxekoa, ortukoa, ganadua, seme-alaba piloa… Jaingoikoak gura zuen beste! Eta baserrietan aitite-amamak ere bizi ziren. Larrabetzuko baserrietan ekonomia mistoa egon da: gizonak fabriketara joaten ziren beharrera. Lurraren ardura, nork zuen? Andra horiek ez badute errespetua merezi…
Atzera begira, zer lortu du pentsionisten mugimenduak eta zer dago lortzeke?
Kalera irten ginen 2018. urtean PPko gobernuak %0,25eko igoera xumea iragarri zuelako. Edalontzia beterik zegoen eta hori izan zen azkenengo tanta. Kalean lortu genuen igoera %1,6-koa izatea. Kaleko presioarekin ere lortu da Madrilen PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduk sinatu duten lan erreformaren indargabetze integrala. Beste bide batzuk ere jorratu ditugu, bereziki, indar politikoekin egin diren batzarrak. Ez duguna lortu, eta mila bider eskatu dugu, Urkullurekin batzarra egitea izan da. Badakizu disidentzia bat ere badugula. Ondo, eh? Beti gertatzen da. Baina disidentzia hori Estatuari begira dago, UGT eta CCOO-ko jendea dago hor, Toledoko Itunean oinarritutako elkarrizketa sozialean kokatzen dira, eta orduan hortik kanpo geratzen den guztia beharbada ezin dute eskatu. Indar politiko bati edo besteri interesatzen zaio disidentzia hori egotea, kalean dauden mugimendu sozialek enbarazu edo traba egiten diotelako.
Uztailean hauteskunde autonomikoak ditugu. Zeintzuk izango dira zuen aldarrikapenak?
Alderdi politiko guztiak interpelatuko ditugu, dagoeneko hasi gara interpelatzen, eskutitzak bidaltzen. Pentsionistak Martxanen aldarrikapen taularekin goaz beti, hori da batzen gaituena, mugimenduko aniztasunaren oniritziz adostutakoa. Orain birus honek arazo gehiago utzi ditu agerian, esaterako zahar-etxeena: egoitzak nola dauden planteatuta, langileen lan baldintzak… Onekak aurretik ere landu du gai hori. Bestalde, gure taulak adierazten du mugimendu hau ez dela bakarrik gaur egun pentsionistak garenontzat. Duintasuna eta etorkizuna behar ditugu, baina atzetik datorren jende guztiak ere bai. Pribatizazioa gero eta handiagoa da, orain pobreziak gora egingo du…
Mugimendu feministak esan du momentu hau abagunea izan daitekeela agerian geratu den zaintza krisi sistemikoari aurre egiteko. Nola aprobetxatu ahal dugu?
Guk zaintza publikoa eskatzen dugu, pentsio publikoak eskatzen ditugun bezala. Indarrak batu behar ditugu eta denok kalera elkarrekin atera. Esan dute udazkenean birusaren gorakada bat egongo dela. Gabezia guztiak mahaigaineratu dira, baina bakoitza bere etxean sartu behar izan da eta berriro ere sartuko gaituzte. Arrisku hori badago, belarriak tente izan behar ditugu.
Lortu da feministekin edota ikasleekin indarrak batzea?
Baietz uste dut. Martxoaren 8an, Azaroaren 25ean edota urtarrileko greba orokorrean batu egin gara. Eta metaleko langileen greba lagundu dugu. Ni oso Bilbozalea naiz, eta Bilbora joatean ikusten nituen ez dakit zer langile multzo pankarta batekin auzo batean, hurrengo egunean beste auzo batera joan eta beste langile multzo bat… Horrela boterea oso pozik dago. Borroken atomizazioarekin amaitu behar dugu, funtsezkoa da indar politikoak interpelatzeko. Gazteak bai, baina era berean ezinbestekoa da helduaroan dagoen jendea inplikatzea. Konfinamendu honetan, krisiaren aitzakiarekin kaleratzen bazaituzte, zer egingo duzu? 50 urterekin ez duzu etorkizunik. 2008ko krisian hala gertatu zen eta hura aitzakiatzat hartuta, kristoren dramak sortu zituzten.
Egoera hori errepikatuko da orain datorren krisiarekin…
Bai, birus hau aitzakia izango da berriro ere. Gure errebindikazio bat izan da 2008tik etorri den problematika hori konpontzea, alegia azkenengo urteetan ez kotizatzeagatik jartzen dituzten penalizazioak kentzea. Nire edadeko jende askok ez zuen aukera eduki unibertsitatera joateko. 16 urterekin hasi ziren lanean, 58 urterekin kaleratu egin dituzte eta kotizatu ez duten urte bakoitzeko %8ko penalizazioa ezarri zaie. Egon zara 40 urtez lanean, beste norbaitek eraginda lan barik geratu zara, zure enpresa zerratu da eta kristoren penalizazioak dituzu.
Kotizazioetan genero arrakala itzela da gainera…
Duda barik! Andrazko alargunen laurdenak 500 eurotik behera kobratzen du. Esango didazu pentsio horrekin nola piztuko duzun berogailua neguan!
Edo egoitza batean plaza bat ordaindu…
Gehienak oso garestiak dira, asko pribatuak dira eta. Baina etxean arreta jasotzeko, familia sare nahikoa ez baduzu, nola ordainduko dituzu hiru erizain? Europan dauden bestelako ereduak mahaigaineratu beharko genituzke, badago nondik ikasi: etxe kolektiboak, esaterako. Ez bere horretan hona ekartzeko, baina bai hausnartzeko eta aukera berriak ikusteko. Gainera, gogora dezagun zaindu behar gaituzuela baina gu era berean zaintzaileak garela, batzuk menpekotasun egoeran egon arren. Hemen kontziliazio familiarra ez dago konponduta eta.
Mari Luz Estebanek Berria egunkarian idatzi du konfinamendu egoerak zaharren “hiperpresentzia mediatikoa” areagotu duela “baina herritar izaera ukatuta” eta ez dela haien eskarmentu historikoa aprobetxatu pandemiari aurre egiteko.
Bai, memoria historikoan sartu behar dugu eskarmentu hori. Esango nuke hedabideek adineko pertsonak modu oso folklorikoan elkarrizketatu dituztela. Esaterako, ZIUtik irtendakoan egiten ari zaizkien elkarrizketen doinua. Ikus dezagun edadeko jendeak zer esperientzia duen eta zer ekarpen egin ahal duen. Guk geuk ere gure diskurtsoa ideologizatu behar dugu.
Irakurtzen jarraitzen dizut: “Pentsiodunen mobilizazioek subjektu kolektibo berri bat sorrarazi dute, baina konfinamenduak zaildu egin du haren egitekoa”.
Bai, eta krisi hau aitzakia berri bat izan daiteke gu berriro baztertzeko. Ez, ez, ez. Irten behar dugu sendo: orain arte indarrez atera gara kalera, ba hemendik aurrera indar handiagoz. Duda barik.
Nola bizi izan dute konfinamendua zuen plataformako emakumeek?
Konfinamendu honek traba asko ipini ditu. Batzarrak egin ditugu Emakunderekin eta alargunen elkarteekin. Instituzioek beti esaten dute laguntzak daudela, baina ez baduzu teknologiak erabiltzeko ohiturarik, oztopo-lasterketa bat da. Telefonoz bada: “Sakatu bat, bestela sakatu bi…”. Aurrez aurre bada ere, leihatilaz leihatila bidaltzen zaituzte. Hori guztia beste modu batera gestionatu beharko lukete instituzioek. Birus madarikatu honen testuinguruan, lotsagarria izan da edadeko jendea bakarrik hil dela. Hori ezin dut ulertu, gerra eta gerraostea pasa duen jendea XXI. mendean bakarrik hiltzen uztea. Eta ez diot sanitarioengatik, asko egin dute eta. Drama bat izan da.
Gipuzkoan, adineko talde batek Irauli zaintza plataforma sortu du Malen Etxea emakume etorkinen kolektiboarekin elkarlanean. Etxe barruko langileen figura esklabotza dela salatu dute. Konfinamenduan adineko pertsonak hil dira eta zaintzailea geratu da babesik gabe, etxerik gabe…
Hala da. Kontu hauek beste era batera kudeatu behar dira. Udalek ahalmena dute etxeetan zer arazo dauden jakiteko. Orain egon dira pertsona nagusiei deika. Behaketa bat egin behar da, baina ez soilik behaketa estatistikoa, gero atera estatistika gura baduzu. Instituzioek egin ahal dute kontratu bat, eta zahar bat hiltzen denean, langilea kalean geratu ordez, beste nonbaitera bidali. Eredu nordikoaren aldean, eredu mediterraneoan familia sarearen bizkar uzten da arazoaren konponbidea eta ez horrenbeste Estatuaren gain. Oso kulturala da hori eta errotik apurtu behar da.
Zaintzaileekin aliantzak egin dituzue?
Batez ere Babesturekin, egoitzetan senideak dituzten elkartearekin. Sestaon egoitza batean egun batetik bestera prezioak igo zituzten. Senideak batu ziren eta elkartea sortu zuten. Jardunaldi batzuk egin zituzten eta liburu bat atera dute ponentziekin eta eztabaidarako proposamen batekin: “Mirando al futuro”. Onekak Bilbon aurkezpen bat antolatu zuen. Asmoa zen Bizkaiko 120 udal inplikatzea eztabaida horretan: zer demontre egingo dugu adineko jendearekin? Larrabetzun hitzartuta geneukan, baina kofinamenduak prozesua eten egin du. Normalitate berri honetan, formula zaharrak baztertu beharko genituzke, ezta? Badugu halaber gauzatu gabe dagoen legedia autonomiko interesgarri bat: 12/2008 LEGEA, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. 2016. urtetik, zehazten du prestazioak (izan egoitza batean edo eguneko zentro batean plaza lortzea, zein etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzea) ez direla laguntzak, eskubideak baizik. Eskubide horiek gauzatuko balira, arazo asko konponduko lirateke. Borondate politikoa izanez gero, badago zer hobetu.
Segi irakurtzen:
“Gobernuek ez dute berdintasunari lotutako testuinguru erreala eta konplexua behar beste baloratzen”