#PorTodas: absentziak bizirik dirauen toki batera itzultzea

#PorTodas: absentziak bizirik dirauen toki batera itzultzea

Urte horretan –2014– zentratzen da #PorTodas (Guztiengatik) proiektua: La Marea komunikabideak bultzatu du, krimen matxistak ikertzeko xedez, eta ia 3.000 mezenasen laguntzari esker gauzatu da.

30/12/2020

Itzulpena: Danele Sarriugarte

Auschwitzera joan nintzenean lagun batzuekin, duela hamar urte baino gehiago, botaka egin nuen. Eta ez nuen inoiz sentitu halako goragale higuingarririk harik eta, orain dela hilabete gutxi batzuk, 2014an bere bikotekideak eraildako emakume baten etxearen aurrean geratu nintzen arte. Urte horretan –2014– zentratzen da #PorTodas (Guztiengatik) proiektua: La Marea komunikabideak bultzatu du, krimen matxistak ikertzeko xedez, eta ia 3.000 mezenasen laguntzari esker gauzatu da.

Honako galdera honek ardazten du lana: zer gertatzen den erailketa bakoitzaren ostean, erailketaren aurretik zer gertatu den jakiteko. Hortik aurrera, saiatu gara testuingurua eta sakonera eskaintzen egun batean agertu eta biharamunean desagertzen diren goiburuei. Zer adierazi zuen epaiak? Zer gertatu zen seme-alabekin? Nola bizi dira gaur, sei urte beranduago, emakumearen senitartekoak, haren ingurukoak? Zer ekintza gauzatu dituzte harrezkero administrazioek? Hiltzaileak egin al du birgaitzeko ikastarorik? Haren ondoren gertatu al da beste erailketatik udalerri horietan? Haren aurretik izan al zen beste erailketarik udalerri horietan? Neurri gehigarriak ezarri al dira? Gogoan al dituzte emakume horiek? Galdera asko dira. Kasu batzuetan, erantzun behin betikorik aurkitu ez arren, begiztatu dugu zer gertatu zen, eta, batez ere, zer ari den gertatzen.

Urte hartan, 55 erailketa matxista zenbatu ziren estatistika ofizialetan, hau da, bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoak. Oraindik ez da ondorioak idazteko garaia, proiektua ez baitago bukatua. Hala ere, kontu orokor batzuk, bidean topatu ditugunak, eta beste auzi zehatz batzuk aurreratu ditzakegu.

Hasteko, aipatu behar da oso zaila dela minak etenik ez duen toki batera itzultzea, toki batera zeinean absentziak bizirik jarraitzen baitu. Leku horretan, familiek ezin dute ulertu, urteak pasa arren, zergatik gertatu zen gertatu zena. «Gauza bat da norbaitek, ezezagun batek, zure alaba akabatzea kalean, baina ezberdina da zure alaba akabatzea, adibidez, haren semearen aitak, zurekin bizi izan den norbaitek», azaldu zidan kasu bateko akusazio partikularreko abokatuak.

Zaila da inoren etxera iristea, bertako alaba, ama, ahizpa erail eta bospasei urtera, eta zera esatea: «Kaixo, kazetaria naiz. Zure alabaren, amaren, ahizparen historia kontatzera nator». Zaila emakumearen lantokira iristea, galdera bila, eta haiek ez ulertzea ez dagoela morborik, hau beste gauza bat dela, hau ez dela ikuskizuna. Zaila da nondik hasi ez jakitea, inork ez duelako hitz egin nahi, emakumea bere jaioterrira aberriratu dutelako, jada inor ez delako oroitzen hartaz. Zaila da herri txiki batera iristen zarenean, non elkar ezagutzen baitute denek. Beharbada ustezko hiltzaileak bere buruaz beste egin duenean eta seme-alabek ez dutenean onartu hilketa indarkeria matxista izan zela. Edo aurrera egin nahi dutenean, oinaze handiegia eragiten dielako. Ez dakitelako nola kudeatu.

76 urteko emakume bat zen Josefa; ustez, bere senarrak erail zuen, 2014ko martxoaren 6an, Chiclana kanpoaldean, Martxoak 8a gogoan izateko astean berean. Senarrak, zeinak 79 urte baitzituen, bere buruaz beste egin zuen gero etxalde batean, handik hurbil. Eta kito. Horretaz gainera, ezer gutxi oroitzen da Josefari buruz. Eta oroitzapen falta da hori da, hain zuzen, kasu honetan gehien nabarmentzen dena: hasieratik bertatik ezarritako isiltasuna. Administrazioek eta kontsultatu ditugun iturri guztiek diotenez, Josefaren seme-alabek ez zuten gaiaz hitz egin nahi izan bere garaian, eta gurekin ere ez zuten mintzatu nahi, bost urte beranduago. Agerikoa badirudi ere, hori da historia hauekin lanean jardun bitartean ikasten den gauzetako bat: pertsona bakoitzak bere modura bizi duela, bere modura egiten diola aurre. Eta seme-alabak ere biktimak direla. Eta gure errespetua merezi dutela. Agerikoa da, berriz diot. Baina, batzuetan, ez ditugu ageriko gauzak ikusten.

2014an erail zituzten 55 emakumeen artean, 65 urtetik gorakoak ziren horietako zazpi –osoaren % 13–, eta herrietan bizi ziren gehienak. Kasu honetan, hiru faktore elkartzen dira: lehenik, adineko emakume bat zen eta ez zuen aldez aurretik salaketarik jarri, seguru asko horregatixe, adineko emakume bat zelako. ‘La violencia en mujeres mayores de 60 años’ txostenaren arabera –Comillas Unibertsitate Pontifizioak egin zuen ikerketa hori 2018an, Luz Casanova Fundazioak eskatuta–, inkesta egin zieten emakumeen artean, % 22,3k sentitzen zuen tratu txarrak jaso zituela bere bizitzako uneren batean, eta indarkeria psikologikoa gailentzen zen. Gobernuak 2015ean egin zuen inkestan –Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Makroinkesta–, 65 urtetik gorako emakumeen artean, indarkeria jasan eta zuzeneko ahaideren bati aholku eskatu zieten emakumeei dagokionez, % 52,9ri bakarrik gomendatu zieten bikotea uzteko; 65tik beherako emakumeen kasuan, ordea, egoera berean egonda, % 84,1ek jaso zuen bikotea uzteko aholkua zuzeneko ahaideren baten partetik. Bestalde, ‘Mujeres mayores de 65 años víctimas de violencia de género’ izeneko ikerketa garatu du berriki Espainiako Gurutze Gorriak, Madrileko Carlos III Unibertsitatearen babesarekin, eta, lan horren arabera, inkesta egin zaien emakumeen % 40k indarkeria jasan du 40 urtetik gorako epean beren bikotekidearen aldetik.

Bigarren ezaugarria: eremu isolatu batean bizi zen, landa-eremuan. Chiclanara iritsi bezain pronto, Laura León foto-kazetariak eta biok pentsatu genuen ezen, kasu hau janzteko, hondartzan egin genezakeela argazki bat. Nolanahi ere, historian barna gure ibilbidea egin ostean, ohartu ginen ez genuela itsasoa ikusi. Lursailak izan genituen inguruan, besterik ez. Ez genuen ikusi oporretan edo asteburu-pasa Chiclanara joaten garenok ikusi ohi dugun herri hori. Azkenik, kasu honi ikusgaitasuna kentzen dion beste faktore bat dago: senarrak, krimenaren ustezko egileak, bere buruaz beste egin zuen. Hortaz, ez zuten epaitu, eta ez zen izan ebazpenik ez zigorrik.

Carmen Riverak azaldu zidanez –bera izan zen Josefaren etxera iritsi zen lehen kazetaria, La Voz de Cádiz egunkariko berriemaile gisa–, batzuetan, lagunen artean aipatzen duenean historia, edo genero-indarkeriari buruzko elkarrizketetan gaia hizpidera ekartzen duenean, inork ez du jakiten urte hartan emakume bat erail zutela Chiclanan. Zera esan zidan: «Beste krimen bortitz batzuekin oroitzen dira, baina honetaz ez. “Baina, noiz izan zen hori? Chiclanan? Erailketa matxista bat?”». Are, lanak izan genituen Udalarekin mintzatzeko, hain justu ere isiltasunez betetako klima horren ondorioz, zeina administrazioak berak berresten baitu.

Kazetariak 26 urte zituen, huraxe zen bere lehen lanetako bat, eta arrasto handia utzi zion –ez da gauza bera telebistan ikustea edo han bertan egotea, emakume bat erail berri duten lekuan–. Albistearen jarraipena egin nahi zuen, baina ez zuen lortu: ez zegoen beste ezer esateko. Josefaren kasua ez zen berriz aipatu komunikabideetan; nahiz eta gogoan hartu zuen urte hartan bertan, A25aren harira. Biharamunean lurperatu zuten Josefa, martxoaren 8aren bezperan, senarra lurperatu zuten hilerri berean. «Bere etxetik hilerrira iristeko bidean, lursailak baizik ez dira ikusten. Kostako herri horretako bidean ere ez da nabaritzen itsasoa. Errota eoliko batzuek koroatzen dituzte, han urrunean, nitxoen blokeak, lorez beteak; instalazioak txukun-txukun daude. Bost urte beranduago, hegal erraldoiak biraka dabiltza, sartaldeko haize umelaren erritmora. Horixe da istorio honetan mugitzen den gauza bakarra –Josefaren etxeko argi-kaxaren gainean hegaldatzen den txoriaz gainera–; osterantzean, historia hau orain dela bost urte eten zen».

Urte honen hasieran, Udalak Ana Orantes izena jarri zion herriko kale bati.

Kasu guztiak dira ezberdinak elkarren artean. Orain arte, gauza bakar batek batzen ditu –krimenaren kausa indarkeria matxista izan zela salbuetsita–: biktimak bakarrik daude erailketaren ostean. Gogoan dut Anaren ama. Eskuineko eskumuturrean tatuaje bat dauka: tximeleta bat eta alabaren izena. Gaur, erailketatik sei urte pasa diren honetan, ustezko hiltzailea epai dezaten zain daude, krimena baino egun batzuk lehenago emakumearen identitatea ordeztu zuelako. Amak ez du jaso inongo laguntzarik. Ez du jaso laguntza psikologikorik.

Hiltzaile batzuek argudiatzen dute jeloskortasunagatik egin zutela; beste batzuek, berriz, ohoreagatik, eta zenbaitek damua adierazten dute. Ez da erraza, ezta ere, haien lekuan jartzea. Gainera, nork ipini nahi luke hiltzaile baten azalean? Halakorik egin behar ote dugu? Baina, sarritan, hori egiteak gakoak eman dizkigu ulertzeko zergatik haiek ez duten ulertzen egin dutena ez dela jeloskortasuna, ez ohorea, ez premia. Krimen matxista bat da. Kito. Era berean, aukera ematen digu aztertzeko ea zergatik egiten duten, egin dutena ulertzen dutenean ere. 2014an beren bikotekidea edo bikotekide ohia erail zuten erasotzaileen artean, horietako hiru tratu txar emaileei bideratutako birgaitze-programetara joanak ziren. Esate baterako, hala izan zen Isabel Muntané-k Vilanova i la Geltrú herrian aztertu zuen kasuan: hiltzaileak, lehen kondena bat jaso zuen 2011n –bertan behera geratu zen, birgaitze ikastaro bat egiteko baldintzaren pean–; ondoren, Núriari tratu txarrak ematen segitu zuen, eta, azkenean, akabatu egin zuen. Historia honi esker, aztertu genuen ea ikastaroak benetan egokitzen diren dagozkien egoerara.

PorTodas –eta azken batean horixe da proiektuaren xedea– egitasmoari esker, argitara ateratzen ari gara erailketen osteko prozeduretan gertatzen diren akats izugarriak. Horren adibide bat Hannan-en historia: Melillan hil zuten, lana aurkitzen laguntzen ari zitzaion gizon batekin batera. Erreportajea egin zuen kazetariak –Patricia Simón– zera egiaztatu du beste ezer baino lehen: emakumeari ez ziotela sintesi. Polizia batek onartu duenez, gizona hain zen aktore ona non zalantza egin baitzuten ea emakumeak egia zioen ala ez. Kontua ez da emakumeak gizona ikusten jarraitzen zuela, ezpada gizonak ez zuela uzten.

Chiclanan, eta aurreko kasu berera itzulita, arazo bat zegoen polizia espezializatuen dispentsekin: hamar urtez aritu ziren uniformerik ez eramateko baimena eskatu eta eskatu. Uniformea janzten bazuten, biktimak babesgabe geratzen ziren, eta erasotzailea ohartu egiten zen.

Horregatik, denbora behar da erreportaje hauek egiteko, gauzak zorroztasunez kontatzeko, eta enpatiarekin, herritarrengana nolabait ere iristeko xedez; izan ere, zoritxarrez, jendeak anestesiatuta bezala aditzen baititu erailketa matxistei buruzko berriak, salbu eta ikuskizun baten gisara aurkezten badira. Denbora asko behar da. Eta formazioa ere bai, eta apustu argi bat egin behar da hori kontatu nahi duen kazetaritzaren alde. PorTodas egitasmoan dabiltzan foto-kazetariek –Álvaro Minguito, Elvira Megías eta Laura León– ondotxo dakite zein zaila den absentzia irudi bidez erakustea. Eta, goragaleak goragale, kontatu behar da.

 

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba