Etxeko indarkeriatik indarkeria matxistetara: kontzeptuen garrantzia
Gauzei beren izenez deitzeko, aurrez eztabaidak izan dira beti, baina ez beti filosofikoak. Denboran barna egindako bidaia honek azaltzen digu nola aldatu den emakumeen aurkako indarkeriak izendatzeko modua legedietan; kasu askotan, gainera, mugimendu feministaren akuiluari esker gertatu da.
Itzulpena: Danele Sarriugarte
Mugimendu feministaren indarra ez da kaleetan bakarrik ageri. Pixkana-pixkana, aldarri kolektiboen bidez aldaketa sozialak gertatzen dira, zeinak eragina izaten baitute legeetan ere. Horren adibide argi bat da «indarkeria matxistak» deritzon kontzeptua; gaur egun luze-zabal onartzen bada ere, zeharkaldi luze bat egin behar izan du adierazpen, arau eta hitzarmenetan, emakumeek pairatzen duten indarkeria zer den zehazteko bidean, eta ez soilik politikoki. Zertaz ari gara indarkeria matxistez ari garenean? Eta genero-indarkeriaz? Zer ezkutatzen dute familiako indarkeria aipatzen dutenek?
Ibilbide kronologiko bat duzu hauxe, oraindik ere egiten ari den bide bat erakusten duena.
Emaztea edo alaba. Espainiako estatuan, 1975. urtera arte, emakumeek subordinazio-egoera juridiko bat bizi zuten gizonekiko: aitaren edo senarraren mendekoak ziren. Gainera, bikotearen baitako genero-indarkeria legezkoa izan zen 1978ra arte; adibidez, gizon batek bere emaztea akabatzen bazuen hark «adulterioa» egin zuelako, hiltzailea errugabetzat jotzen zuten. 1989. urtean hasi ziren familiaren baitako jarrera bortitzak zigortzen.
90eko hamarkadan, Nazio Batuen baitan, emakumeek jasotzen duten indarkeria zehatza aipatu zuten estreinakoz, nahiz eta nozio horrek bi hamarkadako garapena zuen jada. 1974an, «femizidio» hitza erabili zuen Carol Orlock-ek, eta handik bi urtera, Diana Russell-ek hitz bera erabili zuen 2.000 lagunen aurrean, Emakumeen Aurkako Krimenen Nazioarteko Lehen Auzitegian, Bruselan. 1994an, Russellek, Jill Radfor-ekin batera, Femicide: The Politics of Woman Killing liburua kaleratu zuen. Aktibista feministek bultzatu zituzten aldaketa instituzionalak eta legediaren baitakoak.
1993an, emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko adierazpena argitaratu zuen NBEk, eta horixe izan zen emakumeen aurkako indarkeriari modu esplizituan heldu zion lehen nazioarteko tresna, testuinguru bat eskainiz ekinbide nazional zein nazioartekoei. Adierazpen horren arabera, emakumeen aurkako indarkeria litzateke emakumeari kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa eragin diezaiokeen indarkeria-ekintza oro, hala nola mehatxuak, hertsapena edo askatasunaren gabetze bidegabea, bizitza publikoan zein pribatuan gertatuta ere. Ordura arte, gehiengoak ontzat jotzen zituen botere patriarkal eta matxistaren egiturari ezikusia egiten zioten terminoak, esate baterako, pasio-krimena edo ezkontza barruko indarkeria.
1995ean, Nazio Batuen Erakundeak, IV Mundu Biltzarrean, aitortu zuen ezen emakumeen aurkako indarkeria oztopo bat dela berdintasuna, garapena eta bakea erdiesteko, eta urratu eta kaltetu egiten duela giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen asebetetzea. Gainera, erakundeak nabarmendu zuenez, historian gizon-emakumeen artean izan diren botere-harremanen adierazpen bat da indarkeria hori. Urte berean, Emakumeari Buruzko IV Mundu Biltzarrak, hala nola Beijingeko Adierazpenak eta ekintza-plataformak, analisirako marko bat eskaini zuten, bai eta nazioartean adostutako proposamenak ere, zeinak indarrean baitaude 25 urte beranduago.
Espainiako estatuan Ana Orantesen erailketak mugarri bat ezarri zuen argiki, aldatu egin baitzuen gizarteak indarkeria matxistaren aurrean zuen hautematea, nahiz eta oraindik ez zitzaion hala deitzen. Baina paradigma, egiaz, ez zen 2004. urtera arte aldatu. Ordura arte, emakumeen aurkako erasoak etxe barruko kontutzat hartzen ziren; ondorioz, espazio horretan izaten diren bestelako indarkeria batzuetan barruan lausotzen ziren: eremu pribatuko gertakaritzat hartzen ziren, ezen ez arazo politiko eta sozial gisa. 1998an, Estatuko Fiskaltza Nagusiak zirkular bat igorri zuen, zeinean biltzen baitzen etxeko indarkeriaren kontzeptu zabal bat, barnean hartzen zituena zigor penalak jaso ditzaketen ekintzak edo omisioak, ahaide batek etxe berean bizi den bati egiten dizkionak. Hortaz, etxe berean bizi zirenen arteko tratu txarrak bakarrik hartzen ziren kontuan.
Indarrean den legediaren mugak
Genero-indarkeriaren aurkako babes integralerako neurrien Legeak (2004), babesa eskaintzen die beren bikotekide edo bikotekide ohien partetik tratu txarrak eta indarkeria jasaten duten emakumeei (indarkeria fisikoa zein psikologikoa, bai eta sexu-askatasunaren aurkako erasoak, mehatxuak, hertsapenak edo askatasunaren gabetze bidegabea). Ireki zen bide legegiletik harago –auzitegi berezituak ere sortu ziren–, arauak balio izan zuen sentsibilizazio soziala eta hezkuntza hauspotzeko berdintasunaren inguruan. 2014az geroztik, genero-indarkeriaren biktimatzat jotzen dira, halaber, halako indarkeria jasaten duten emakumeen seme-alaba adingabeak.
Bere garaian harrera beroa jaso zuen arren, indarrean den legeak ez ditu bere baitan hartzen emakume izateagatik bortizkeria pairatu edo hiltzen dituzten emakume guztiak. «Erabaki politiko horren eraginez, besteak beste, gizarteak bikote barruko indarkeria bakarrik hartzen du genero-indarkeriatzat, eta ez du indarkeria horren iturri gisa identifikatzen desberdinkeria eta menderakuntza maskulinoa»; hala zioen «¿Empezamos a hablar de feminicidio en el Estado español?» artikuluak, zeina Pikara Magazine-n argitaratu baitzen 2015ean. Horregatik, eraildako emakumeen estatistika ofizialak laburrak dira, eta ez dute islatzen indarkeria-mota honen egiazko dimentsioa.
Mugarik Gabe GKEak luze eta zabal lan egin du indarkeria matxisten kontzeptualizazioan. Txosten bat argitaratu zuten –«Indarkeria matxistarik gabeko mundua: Mugarik Gaberen apustu handia»–, zeinean esaten baitzuten «genero-indarkeria» terminoak biltzen dituela sexu-genero sistemak azaldutako desorekak, eta botere-harremanak direla horien kausa. Bestalde, dokumentuak dioenez, «beste batzuek uste dute kontzeptu hori lausoa dela, eta gizarteak ez duela ongi ulertzen. Horregatik, bada, “indarkeria matxista” erabiltzearen alde daude, kontzeptu horretan kausak ez ezik, erantzukizunak ere biltzen direla ulertuta». Izan ere, Mugarik Gabek «indarkeria matxistak» terminoa erabiltzea hobesten du, indarkeriaren kausak era argi eta ulergarri batean azaltzen dituelako eta, kontzeptua pluralean erabilita, indarkeria-mota horren adierazpen ezberdinak ikusgai jartzen dituelako, zolienetik muturrekoagoa den horretara arteko indarkeria-adierazpen guztiak.
Izaera zehatz eta berezitua
«Emakumeen aurkako indarkeriak hainbat modutan izendatu dira: indarkeria sexista, indarkeria patriarkala, arren indarkeria edo genero-indarkeria, besteak beste. Kasu guztietan, terminologiak adierazten du fenomeno berezi bat dela, beste indarkeria-mota batzuk ez bezalakoa. Indarkeria hori emakumeek sufritzen dute, emakume izate hutsagatik, gizon-emakumeen arteko botere-harreman desorekatuen abaroan. Lege honek aintzat hartzen du indarkeria horren izaera zehatz eta berezitua, eta orobat aitortzen du emakumeen eskubideetan sakontzeko premia, espazio sozialean dituzten premiak biltzeko xedez»; hala dio Indarkeria matxista deuseztatzeko emakumeek duten eskubidearen Legeak, zeina 2008an onartu baitzen Katalunian. Lege hori –sarrerako testuan dioenaren arabera– baliagarria da mugimendu feministek egin duten lan historiko eta aitzindariari aitortza egiteko.
Legedia autonomiko horrek indarkeria matxista deritzon terminoa hobesten du «matxismoa delako gizonek emakumeen gainean dituzten menderakuntza-, kontrol- eta boterekeria-jarrerak modu orokorrenean biltzen dituen kontzeptua, eta, aldi berean, horren bidez ezarri delako maskulinitate-eredu bat, zeina gorentzat jotzen baitu, oraindik ere, gizartearen zati batek. Emakumeen aurkako indarkeria da kultura horren adierazpen larri eta suntsitzaileenetako bat; bizitzak txikitzeaz gainera, galarazi egiten ditu emakumeen eskubideak, aukeren berdintasuna eta askatasunak».
Estatuko legera itzulita, lege horrek ez ditu aintzat hartzen zenbait eraso-mota, besteak beste, ezkontza behartuak, genitalen mutilazioa, emakumeen salerosketa, antzutze behartua eta sexu-jazarpena, nahiz eta, Istanbuleko Hitzarmena betetze aldera, kontuan hartu behar liratekeen; Espainiako estatuak 2014an egin zuen bat Hitzarmen horrekin. Are gehiago, Zigor Kodean biltzen diren arren, delitu horiek ez dira jotzen genero-indarkeriatzat ez eta indarkeria matxistatzat ere.
2015eko azaroaren 7an, manifestazio jendetsuak egin ziren emakumeek pairatzen duten indarkeriaren aurka, eta, 2017ko otsailean, hainbat aktibistek gose-greba egin zuten Puerta del Sol plazan, Madrilen; horren ondorioz, parlamentuan zeuden indar politiko ugarik derrigorrean heldu behar izan zioten gaiari, bai eta mugimendu feministaren aldarriei ere. Hala, genero-indarkeriaren aurkako Estatu Akordioa sinatu zen 2017an, legediaren hutsuneak konpontzeko eta indarkeria matxistaren kontzeptua zabaltzeko xedez.
Akordio horretan hamar ardatz biltzen dira; zortzigarren ardatzean, hain zuzen, honako konpromiso hau aipatzen da: «emakumeen aurkako indarkeriaren beste molde batzuk erakustea eta horiei erreparatzea, arreta berezia jarriz sexu-indarkeriari, emakume eta nesken salerosketari –esplotazio sexuala helburu duena–, emakumeen genitalen mutilazioari eta ezkontza behartuei. Europako Kontseiluak emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horri aurre egiteko 2011n sinatu zuen Hitzarmenarekin bat eginez (Istanbuleko Hitzarmena), aintzat hartuko dira generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak, baldin eta emakumeei kalteak edo sufrimenduak eragin ahal badizkiete edo eragiten badizkiete maila fisikoan, sexualean, psikologikoan edo ekonomikoan, eta aintzat hartuko dira halako ekintzak egiteko mehatxuak, hertsapena edo askatasunaren gabetze bidegabea ere, bizitza publikoan zein pribatuan gertatzen direnak». Akordioak orobat nabarmentzen du aldaketak egin behar direla legean eta zuzenbidean, baita Zigor Kodean ere.
Markoa zabaltzen
Gaur egun akordioaren puntu guztiak gauzatzen ez diren arren, mugimendu feministak etenik gabe dihardu legearen arloan aldaketak gauzatzeko beharra aldarrikatzen. Esate baterako, 2008ko lege katalana aldatzeko asmoa dago, eta proposatu dute kontzeptu giltzarriak txertatzea, hala nola indarkeria digitalak, baiezkoa sexuan, indarkeria instituzionala eta intersekzionalitatea. «Eremu sozialean eta komunitatean gertatzen diren indarkeriak zabaltzen ditu, bai eta indarkeria matxisten moldeak eta profesionalen prestakuntza ere, eta inflexio-puntu bat ezartzen du genero-disidentziak aitortzeko orduan eta indarkeria instituzionalaren txertaketan», hala zioen 2020ko martxoan Pikara Magazinen argitaratu genuen erreportaje batek: «Violencia de género, los debates que vienen». Erreportaje horretan aipatzen da, era berean, «indarkeria matxisten legeko subjektua zabaldu behar d[el]a, ikusi baitugu indarkeria matxistak ez diola zis emakumeei soilik eragiten», lege-aldaketaren bultzatzaileetako batek dioen eran.
2020ko martxoan berean, Berdintasun Ministerioak abian jarri zuen Askatasun sexualaren berme integralerako lege organikoaren Aurre-proiektua, zeinak proposatzen baitu aldaketak egitea Zigor Kodean. Zeren, indarkeria sexualaz ari garenean, indarkeria matxistei buruz ari baikara. Legea onartuko balitz, hainbat neurri berritzaileren artean, delitutzat joko litzateke kaleko jazarpena.
Proposatu diren aldaketek, A Coruñako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedratiko Patricia Faraldoren esanetan, ez dute soilik zigorra bilatzen; aitzitik, hezkuntzan eta gizartean eragin nahi dute, gizarteari adierazten baitiote zer gauza diren onartezinak. Funtzio sozial hori, beste modu batera hezteko balio duena, giltzarria da Laia Serra abokatuaren iritziz: sexu-harremanetako baiezkoari dagokienez, Serrak uste du «jendeak [kontzeptu hori] txertatu behar duela bere elkarrizketetan, harremanetan, hezkuntza-arloan, osasungintzan eta aisialdian. Jendeak ulertu behar du ezen, baiezkorik ez badago, ezetz dela. Eta, legearen eremuan, horrek berekin ekarriko du ezen, delitua izan den ala ez ebazteko orduan, parametro horren arabera interpretatu beharko dela egoera».
Beste kontzeptu batzuk
Sexual Politics liburuan, hala dio Kate Millet-ek: «Ez gaude ohituta patriarkatua eta indarra lotzera. Hain da bikaina haren gizarteratze-sistema, hain tinkoa haren baloreen onarpen orokorra eta hain luzea eta unibertsala haren historia gizakien antolamenduan, apenas behar baitu indarkeriaren babesa. (…) Beste ideologia nagusi batzuen antzera –hala nola arrazakeria edo kolonialismoa– gizarte patriarkalak gauzatzen duen kontrola ez litzateke nahikoa, ez eta eraginkorra ere, non eta indarraren laguntzarik ez balu; indarra, larrialdietarako neurri bat ez ezik, etengabeko larderia zertzeko tresna bat da».
Kaleko jazarpena, indarkeria digitala, salerosketa… Indarkeria matxistek ez dute adierazpen bakar bat, eta ez dira ekintza isolatuak. Mugarik Gabek «continuum» bat aipatzen du, emakumeak kontrolatzeko mekanismo modura baliatzen baita indarkeria, eta erakundeak gogora dakar, orobat, badagoela lotura bat emakumeek jasaten dituzten indarkerien artean, bikote heterosexualetan gertatzen denetik hasi eta esparru publikoan gertatzen denera arte –hala nola estatuaren indarkeria edo gatazka politikoetako indarkeria–. GKEak, bestalde, zenbait indarkeria-mota deskribatzen ditu bere txostenean (fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, soziala eta sexuala), eta, oroz gain, «egiturazko indarkeria» azpimarratzen du, zeinak kalte egiten baitio pertsonaren oinarrizko beharrizanen asebetetzeari, eta sistema politiko, ekonomiko eta sozial menderatzaileek jende kopuru handi bati bizimodu duin baterako aukera eta onurak ukatzen dizkiotenean gertatzen baita. Kolektiboaren hitzetan, «sistema patriarkal menderatzaileak emakumeen kontra indarrean mantentzen duen eta egitura politiko, ekonomiko sozial eta kultural guztietan islatzen den egiturazko indarkeria» existitzen da.
Egiturak, horrenbestez, ez dira lege baten bidez edo parlamentuko eztabaidetan aldatzen. Horregatik, Laia Serrak azpimarratu du «ez du[ela] zentzurik gure energia guztia xahutzea indarkeria matxistaren aurkako legeak lortzeko soilik, izan ere, badira beste lege asko, zeharka eragiten diotenak emakumeen bizitzei eta indarkeria-iturri zuzenak direnak», besteak beste, atzerritartasun legea edo Mozal legea. Zera gehitu du: «Gaurgero, generoaren gainean duen eragina aintzatetsi behar litzateke lege orotan, berdin du zer eremutakoa den, eta orobat berrikusi behar lirateke indarrean dauden legeak, indarkeria eragin eta emakumeen askatasunak murrizten dituztenak».