Greenwashing: marketing “berdea” baino zerbait gehiago?

Greenwashing: marketing “berdea” baino zerbait gehiago?

Enpresa handiek, baita gehien kutsatzen dutenek ere, diru mordo bat gastatzen dute gaur egun, jasangarriak direla sinets dezagun. Ez da publizitate-trikimailu hutsa: jokoan daude New Green Deal delakoaren diru-funtsak. Eta jokoan dago, orobat, trantsizio sozioekologiko demokratiko eta sozialki justu bat egiteko aukera.

15/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulketa

Barra-barra aipatu da kapitalismoak gaitasuna duela gizarte-mugimenduen eskakizunez jabetzeko eta haien edukia husteko. Hala gertatzen da feminismoaren kasuan (purplewashing), eta kontua are larriagoa da «zuriketa berdea»ri edo greenwashing delakoari dagokionean. Halako marketing-estrategien bidez, iritzi publikoari sinetsarazi nahi zaio ezen zenbait jarduera ekonomiko edo enpresa jasangarriak direla, nahiz eta, egiaz, kutsakorrak izan.

2019ko abenduan, Madrilen egin zuten COP25 delakoa (Alderdien Biltzarra, ingelesezko siglen arabera); berez, Santiagon egin behar zen, Txilen, baina, herrialde horretan manifestaldi erraldoiak antolatu zituztenez, tokia aldatu behar izan zuten. Orduan, Espainiako estatuko enpresa kutsakorrenek luze eta zabal hedatu zuten beren marketing «berdea», beren jasangarritasuna eta ingurumen-kontzientzia arrandiaz erakutsi nahian. Luze gabe, inkongruentziak azaldu ziren: Endesa izan zen egitasmoaren babesle nagusietako bat, hau da, estatu-mailan igorpen gehien egiten dituen enpresa. Jasangarritasunaren Behatokiaren arabera, Estatuan igortzen den karbonoa-dioxidoari erreparatuta, Endesak sortzen du horren % 9,3, eta, gainera, harenak dira estatuko zentral termiko kutsakorrenetako lau –Endesa, lehen, enpresa publikoa zen; gaur egun, berriz, Enel enpresan transnazionalaren parte da, zeinak Italian baitu egoitza–.

Biltzarraren babesleak izan ziren, besteak beste, BBVA eta Banco Santander: banku horiek hainbat milioiko inbertsioak egiten dituzte petrolioaren ekonomian. Seat ere ibili zen tartean, Volkswagen taldeko parte dena: talde horrek, duela bost urte, dieselgate delakoan parte hartu zuen. Alegia, legez kanpoko software bat instalatu, eta, horren bidez, iruzur egin zuen hamaika milioi autok isurtzen zuten nitrogeno-oxido kopuruaren inguruan: AEBen legez ezarritako muga baino 40 aldiz gehiago isurtzen zuten. Ez dirudi horiexek direnik bazkide fidagarrienak, ez behintzat trantsizio sozioekologiko bat egin nahi badugu.

Bestalde, Repsoldeko lehendakariak, Antonio Brufau, militante ekologisten tankerako diskurtsoak aletu zituen, eta, ikatzaren erabilera murritzeko premiaz ziharduela, zera esan zuen: «arazoa konponbide bihurtu» nahi zuela. Iberdrola multinazionalak, bere aldetik, egokiera baliatu, eta iragarri zuen karbono-zentralak itxiko zituela: ustez, beren konpromiso berdearengatik egin omen zuten, baina, egiaz, Europako araudiak hala behartuta itxi zituzten zentral horiek, baimendutako igorpenen muga gainditzen zutelako.
Hortaz, makillaje berdea al da, eta ez besterik? Bai eta ez. Honela azaldu du Luis González Reyesek, Kimika Zientzietako doktore eta Ekologistak Martxan elkarteko kidea denak: «Argi dago, hein batean behintzat, publizitate-estrategia bat dela, itxurakeria hutsa: gizarteak gero eta eskakizun gehiago egiten ditu ekologiarekin lotuta, eta enpresek horri erantzuten diote. Endesak esaten baldin badu jasangarria dela, nahiz eta Espainiako enpresa elektrikorik zikinena den, hori gezurra da; edo, Repsol bera hartzen badugu, petrolio-konpainia “berde” bat izatea kontraesana da berez. Baina badago zerbait marketingetik harago doana; badirudi petrolioaren osteko mundu baterantz goazela, eta enpresek horretara egokitu beharra dute». Hau da: planetaren mugekin egin dugu talka; hasteko, hidrokarburo-funtsen mugekin; iturri berriztagarriak, ordea, aukera errentagarriagoa dira orain, baita diruaren aldetik ere. Horregatik, enpresak ahalegintzen dira merkatuan birkokatzen.
Ingurumen-krisia, irabaziak egiteko aukera

«Ohartu dira etorkizuna berriztagarria izango dela, eta etorkizun horretan egon nahi dute. Gaur egun, energia fotovoltaikoa merkeagoa da jada; gainera, karbono-dioxidoa igortzen duten aktiboek arriskua handiak dakartzate. Beraz, kontua ez da berriztagarrien kredora konbertitu direla supituan, ezpada negozio-aukerak ikusten dituztela, eta ez dutela kanpoan geratu nahi», aipatu du Marta Victoriak; eguzki-energiari buruzko doktorea da, eta bi elkarte hauetako kidea: Energiaren Behatoki Kritikoa eta Renovables fundazioa. Iberdrolaren kasua hartu du adibide gisa: «Bertako bozeramaileak autokontsumoaren aurka agertu ziren hainbat urtez, baina, legez onartu zenetik, bezero guztiei eskaintzen diete aukera hori».

Gauza asko dago jokoan: gero eta sarriagotan aipatzen da Green New Deal delakoa, baita haren europar bertsioa ere: Europako Hitzarmen Berdea. Bide-orri horren bidez, jasangarritasuna lortu nahi da ekonomian, eta finantza-inbertsio handia egingo da trantsizioa errazte aldera. Enpresek ez baldin badute jasangarritasunaren egiaztagiria lortzen, pastel horretatik kanpo gera daitezke: beraz, «zuriketa berdea» ez da marketing hutsa; COP biltzarrean eta antzeko tokietan jarduten badira, enpresak aukera dute erabakietatik gertuago egoteko, eta, hala, lobby gisa presioa egiteko.

Gaur egun, gero eta zailagoa da ukatzea ezen petrolioan oinarritutako ekonomiak eragin handia duela kliman; gauzak horrela, munduko petrolio-konpainia nagusiek mila milioika dolar gastatu dituzte, klima-aldaketaren aurkako neurriak oztopatzeko; hala jakinarazi du InfluenceMap deritzon GKO britainiarrak. Halaber, gauza jakina da –xehe-xehe erakutsi zuen YoIbextigo ikerketak, La Marea komunikabidean argitaratu zenak– espainiar konpainia elektrikoek eragin handia dutela erabaki politikoetan, eta ate birakarien dinamika barra-barra gertatzen dela: gobernuko kargu garrantzitsuak, beren agintaldia amaituta, ugari joaten dira enpresa elektrikoetako administrazio-batzordeetara: Endesa, Gas Natural Fenosa –orain, Naturgy–, Eneagás, Iberdrola, Repsol eta Red Eléctrica Española.

2020ko uztailaren 13an, Europar Batasunak indarrean jarri zuen 2020/853 Araudia; lege-testu anbiguoa da, eta, seguru asko, lobbyen botereagatik da horrelakoa, Bruselako korridoreetan ondotxo ezagutzen baitute horien eragina. Renovables fundazioak aipatu duenez, araudia horrek arriskuan jar dezake trantsizio energetikoa, eta erregai fosilekiko dugun mendekotasun energetikoa luzatu. Besteak beste, hirugarren artikuluak eztabaida piztu du: artikulu horretan, inbertsio bat «ingurumenarekiko jasangarri» gisa hartuko da baldin eta «funtsezko ekarpena» egiten badio eta «ez badio kalte nabarmenik eragiten» Araudian biltzen diren ingurumen-helburuei. Zer da «kalte nabarmena? Eta zer, berriz, «funtsezko ekarpena»? «Esaldi hori hain da zabala, hainbat modutara uler baitaiteke, eta Araudiak ez du zehazten nola ebaluatuko den kontua», azaldu du Marta Victoriak.

Teknologia batek, baldin eta bere igorpenak murrizten baditu, «ingurumenarekiko jasangarria» deritzon izendapena jasotzeko aukera du; horra beste arazo bat: «Horrek zera esan nahi du: igorpen asko egiten dituen zentral bat badaukat, eta eraginkorragoa izan dadin lortzen badut, jasangarriaren etiketa lortuko dut, nahiz eta, oraindik ere, oso kutsakorra izan; era horretan, Green New Deal delakoari dagozkion inbertsio-funtsak jasotzeko aukera izango dut», gehitu du. Multinazional handien esku uzten badugu, kontuan hartuta horiek helburu bakarra etekinak ateratzea dela, Green New Deal delakoa benetan izango al da berdea?

Zerbait aldatu, ezer alda ez dadin

Europako testuinguruan, zaila da trantsizio energetikoaren berehalako etorrerari iskin egitea: derrigorrean hartu behar da deskarbonizazioaren bidea, baina bi modu daude horretarako. Batetik, trantsizio sozioekologiko bat egin daiteke, justua, politika aurrerakoietan oinarrituz, eta osotasunean helduz energia-sistemaren eraldaketari: hau da, matrize energetikoaren efizientziaz gainera –eskaintza–, bide horrek aintzat hartuko luke eskakizun energetikoa gutxiagotzeko premia; horretarako, aldaketa sakonak egingo lituzke garraioan, etxebizitzan eta baita nekazaritza eta elikaduraren sisteman ere, hori baita, ekonomia globalean, igorpen gehien egiten dituen sektoreetako bat.
Galdera, hortaz, hau izango litzateke: eraldaketaren tamaina kontuan hartuta, posible ote da eraldaketa hori gauzatzea eta, aldi berean, sistema kapitalistak bere horretan irautea? «Repsol, Endesa eta gisako enpresek, aurrera ateratzeko, etekinak maximizatu behar dituzte; horretarako, pertsonak eta natura ustiatu behar dituzte gero eta gehiago. Hazten jarraitu nahi badute, enpresek energia eta material gehiago kontsumitu beharra dute; hor badago kontraesan bat, konponezina, enpresa kapitalisten martxaren eta muga biofisikoen artean», dio Luis González Reyesek. Joan Martínez Alierrek argi bai argi azaltzen du: haren hitzetan, «garapen jasangarria» oximoron bat da; kontraesan bat, berez. «Kapitalismo berdea», horra beste oximoron bat. Ordea, sinesmen hori jendearen iruditegian finkatu arte, borroka diskurtsiboak berebiziko garrantzia izango du.

Borroka horretan agertzen da trantsizio energetikoa ulertzeko beste modu bat: ikuspegi horrek matrizea, berrikuntza eta efizientzia teknologikoa lehenesten ditu; beste guztia, berriz, bere horretan uzten du. Dilema horren erakusgarria da, adibidez, eguzki-energia: «Energia fotovoltaikoak badu abantaila handi bat: banatu daiteke; teilatuetan jar dezakezu, Alemanian bezala. Herrialde horretan, teilatuen gainean dago instalatuta potentziaren % 40. Hala, lanpostu gehiago sortzen dira, ekoizpen-ehundura gehiago, eta denok bihurtzen gara energia-sistemaren parte», argudiatu du Marta Victoriak. Eta hala jarraitu du: «Espainian, hainbat urtez, araudi txar-txarrak izan ditugu autokontsumoaren arloan; enpresa handiek eragin handia izan dute legedia horretan: orain, sustatu egiten dute, baina zentral handietan bakarrik; beraz, oso energia efizientea izan arren, ez dira baliatzen beste abantaila batzuk, adibidez, herritarren parte-hartzea ez da handiagotzen. Kontua da, legedia aldatu gabe, ezin dela sistema energetikoa demokratizatu; aldaketa ezin da teknologian soilik gertatu».

Sinesmen batek dioenez, merkatu batek, bikaina baldin bada, bere burua erregulatuko du «esku ikusezin» baten bidez; bada, zientzia ekonomikoaren axioma horrek bere horretan segitzen du, nahiz eta, gaur egun, merkatu gehienak, eta are gehiago, energiaren merkatua, botere-asimetria sakon baten mendekoak izan. «Gobernuak diru-laguntzak eman nahi dizkie energia berriztagarriei; baina enpresa handiak jabetuko dira funts horietaz, izan ere, Iberdrolak badu gaitasuna halako proiektu batzuk diseinatzeko, eta kooperatiba txikiek, berriz, ez», adierazi du Energiaren Behatoki Kritikoaren sortzaileak.

«Tekno-baikortasuna gauza arriskutsua da: sinestarazten digu ez dagoela arazorik, eta berrikuntza teknologikoak konponduko duela klima-aldaketa. Baina baliteke etorkizun distopiko batera iristea, non gutxi batzuek ahalmena izango baitute asko igortzeko; gehiengoak, berriz, kalte larrienak pairatuko ditu», erantsi du Victoriak. Horren harira, «zuriketa bereak» beste betekizun bat izango luke: gatazkagarritasun soziala desegitea. Hala adierazi du Kathrin Hartmann-ek, La mentira verde [Gezur berdea] dokumentalaren egileak: «Ohartu behar dugu ezen enpresek, gatazkak eragozte aldera, harmonia sustatzen dutela; baina, egiaz, gatazken bidez lortzen dira aldaketak».

Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue.

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba