Hertha Ayrton: etorkizuneko argia

Hertha Ayrton: etorkizuneko argia

Ingeniari, matematikari eta fisikari hau guztiz ezezaguna zaigu, baina arku elektrikoari buruz egin zituen deskubrimenduak aitzindariak izan ziren gaur egun ezagutzen dugun argia sortzeko; gainera, itsasoko olatuen sorrera aztertu zuen eta sufragisten mugimenduan jardun zen.

15/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulketa

Hertha Ayrton.

«Lehenik bizia nire baliabideetan
Lehenik jitoan eta igerian;
Nigan daude indarrak
Hura salbatzeko edo kondenatzeko
Nigan daude gizona eta emakumea, eta basapiztia eta hegaztia;
Eta Jainkoa izan baino lehen, ni naiz»

Algernon Charles Swinburne poetaren bertsoetan oinarrituta, bere jaiotzeko izena aldatu zuen Phoebe Sarah Marks-ek. Trukean, Hertha izena hartu zuen, zeina, mitologia germaniarraren arabera, emankortasunaren eta Ama Lurraren jainkoa baita. Baina gure Hertha ez zen poesian aritzen, ezta mitologian ere. Beste bide batetik joan zen. Hertha Ayrton matematikaren, fisikaren eta ingeniaritzaren zalea zen. 1854an jaio zen, Portsea izeneko herri batean (Ingalaterra); garai hartan, matxismoa gogorragoa zen gaur egun baino, eta emakumeak bide luze eta zaila ibili behar izan zuen bere helburuak lortzeko.

Hertharen gurasoak juduak ziren, jende apala, eta zortzi seme-alaba izan zituzten; gainera, Hertha haurra zela, aita hil zen. Harrezkero, zenbakiz, formulaz eta esperimentuz inguratuta pasa zuen bizia Herthak. Marion Hartog izeneko izebari esker, Londresen ikasi zuen, etxeko irakasle izateko; ondoren, Girton College-n sartu zen, Cambridgeko unibertsitatean, eta matematikako ikasketak egin zituen. Azterketak gainditu arren, Londresera itzuli behar izan zuen titulua eskuratzera, izan ere, garai hartan, Cambridgek ez zion titulurik ematen emakumeei. 1880. urtea zen.
Handik lau urtera, bere lehen asmakuntza egin zuen: kalibragailua. Tresna horren bidez, lerro bat zati berdinetan banatu zitekeen, eta figurak zabaldu eta zatitu ere bai. Garaiko arkitekto, ingeniari eta marrazkilariei mesede egin zien ekarpen hark. Lehen asmakuntza horren ostean, beste 25 egin zituen. Barbara Bodichon feminista ezagunak ikasketak ordaintzen lagundu zion Ayrtoni, eta, gainera, lehen patente haren aldeko apustua egin zuen.

Hala eta guztiz ere, Ayrtonek gogoko zuen hainbat alorretan aritzea, eta fisikarekin zaletzen hasi zen; zehazki, elektrizitatearen eremuarekin. Edward Ayrton, zeina Hertharen irakaslea izan baitzen lehenik eta senarra gero, aitzindaria izan zen fisikan eta ingeniaritza elektrikoan. Biak batera arku elektrikoa ikertzen hasi ziren, eta egindako azterketen ondorioek gaur egun ezagutzen dugun elektrizitatea ekarri zuten. Izan ere, haien deskubrimendua baino lehen, bi elektrodoren artean deskargak eginez argiztatzen ziren farolak, baina metodo arriskutsu samarra zen, argi-txinpartak sortzen zirelako. Arku elektrikoa egiteko, berriz, karbonozko bi hagatxo hartu eta arrakala txiki bat uzten zen bien artean, korronte elektriko bat haietatik igaro zedin. Modu horretan, lerro elektriko bat agertzen zen, eta arrakala horretan barrena joaten, hagatxo batetik bestera, argia eta beroa sortuz.

Transmisio hori, ordea, ez zen uniformea, ezta isila ere. Gainera, argi-arkuak etenkariak ziren, eta Ayrtonek ez zuen nahi hala izan zitezen. Hainbat esperimentu prestatu, probatu eta abiatu zituen. 1902an, The Electric Arc izeneko liburua argitaratu zuen [Arku Elektrikoa], eta bertan agertzen dira bere esperimentuen eskemak eta marrazkiak: hainbat eratako hagatxoak, arkuaren posizioak eta luzerak probatu zituen; saioak egin zituen, orobat, karbono-motekin eta boltajearekin, eta distantzia gehiago eta gutxiago jarri zuen hagatxoen artean. Bestalde, honako arazo hau konpontzen ahalegindu zen: karbonoaren azalerako sakonune txikietan oxigenoa pilatzen zenean, arku elektrikoak soinu bat igortzen zuen, eta Ayrtonek hura ezabatu nahi zuen. Karbonoaren herdoiltzeak ateratzen zuen hotsa, eta, haren ondorioz, txinparta hegalariak atera eta argia apaldu zitekeen. Ayrtonek hagatxo-mota berri bat asmatu zuen, kobrez estalia, oxigenoa ez zedin heldu elektrodoetara.

Azkenik, argia modu uniforme eta seguruan igortzea lortu zuen. Asmakuntza hori pizgarri bat izan zen eta hobetu egin zituen eremu publikoko zein beste toki batzuetako argiztapena, adibidez zinema eta lantegietakoa. Arku elektrikoak bidea ireki zion beste asmakuntza handi bati: bonbilla goria.

1913tik 1918ra bitarte, zortzi patente erregistratu zituen Ayrtonek; besteak beste, zinema-proiektoreetan erabiliko ziren lanparen patentea. Bonbilla iritsi zenean, arku elektrikoaren metodo hobetua gainbeheran joan zen etxebizitzetan; aldiz, beste sektore batzuetan –zineman, esaterako—, urte batzuk gehiago eutsi zioten hari. Are gehiago, arku elektrikoaren ubera bizirik dago oraindik ere. Gaur egun, industria metalurgikoan erabiltzen dute batez ere: metaleko langileek arku elektrikoa baliatzen dute materialak urtzeko, bero handia eragiten duelako.

Olatuak

Energiaren arlora gerturatu zenean, txinparta berriak piztu ziren; bada, antzeko zerbait gertatu zen ozeanoekin ere. Hertha Ayrtonek gauza gehiago deskubrituko zituen. Fluidoen dinamika izan zen emakumearen beste indarguneetako bat. The origin and Growth of Ripple Marks [Uhinen marken sorburua eta hazkuntza] liburuan, hain zuzen, itsas uhinen azpian gordetzen den mekanismoaz mintzatu zen. Hainbat urte igaro zituen fluidoen dinamikari buruzkoak ikertzen; horren ostean, bortizeen teoria balioztatu zuen –Lord Rayleigh-k asmatu zuen teoria hori, aztertzen duena nola zabaltzen diren uhinak fluidoetan–. Ondoren, «Ayrton haizagailua» eratu zuen (flapper ere esaten zaio); gailu horren bidez, gela batean dagoen gasa ezabatu daiteke. Lehen Mundu Gerran erabil zezatela proposatu zuen Ayrtonek. Eta halaxe egin zuten. Haizagailuari esker, Frantzian hedatutako tropa ingelesek lortu zuten lubakiak garbitzea eta armada alemanak han zabaldutako gas pozoitsuak kentzea.

1906an, Royal Society elkarteak, duela 350 urte baino gehiago sortutako elkarte zientifikoak, Hughes domina eman zion Hertha Ayrtoni, bere ikerketengatik, baina ez zioten utzi bere lana bere kabuz aurkezten eta ez zuten bazkide moduan onartu. Nolanahi ere, Ayrton izan zen Ingeniari Elektrikoen Instituzioan hitzaldi bat eskaintzeko baimena eman zioten lehen emakumea. Zientzialarien komunitateak harrera beroa egin zien Ayrtonen hainbat azterlani. Ottilie Hancock-ek, gaztetan Ayrtonek lan egindako familia bateko alabak, Hertha Ayrton Ikerketa Elkartea osatu zuen hura hil zenean, Girton Collegen. Gaur egun, martxan jarraitzen du.

Ayrton borrokalaria izan zen betidanik; hortaz, ez da harritzekoa feminismoan ere ibili izana. Sufragisten mugimendua babestu zuen, aterpea eta babesa emanez emakume askori. Besteak beste, Marie Curie-ri lagundu zion, haren lanaren egiletasuna zalantzan jarri zutenean, ustez-eta Pierre Curie senarrak egina zela. Garai hartan, Curieri ez zioten baimenik eman Zientzien Akademian sartzeko, nahiz eta, ordurako, aitortza handi bat jasoa zuen: Fisikako Nobel Saria. Marie Curie Naturaren Akademiako kide izateko hautagaitzat izendatu zutenean, Ayrtonek haren aldeko gutun bat bidali zien akademiako kideei, eta, besteak beste, zera eskatu zien: «lan intelektuala berdintasunez tratatu zedila, sexua kontuan izan gabe».

Bi emakumeak elkartu egin ziren jasotako ukoen eraginez, eta adiskideak izan ziren luzaroan. Itxuraz, Ayrton tarteko, Curiek ere bat egin zuen mugimendu sufragistarekin. Emakumearen Batasun Politiko eta Soziala taldean sartu zen Ayrton, eta hainbat manifestalditan ibili zen. Horietako batean, poliziak eraso egin zion, Emmeline Pankhurst sufragistarekin batera zihoala. 1913an, Ayrtonek bere etxean hartu zituen kartzelan gose-greba egin zuten emakumeetako batzuk. Era berean, bi talde hauen sorreran jardun zen: Emakume Unibertsitarioen Nazioarteko Federazioa eta Zientziako Langileen Sindikatu Nazionala.

Hertha Ayrton gauza asko izan zen; nahi izan zuen guztia, ia-ia. Eta garai hartako matxismoa latza bazen ere, urrats tinkoz egin zuen aurrera, beti aurrera. Gainera, iraun duen eta iraungo duen gauza bat lortu zuen: etorkizuneko argia sortu zuen, bai elektrizitatean eta bai feminismoan; argi horren pean iritsi ziren, gerora, artean deskubritzeko zeuden hamaika bide.


Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue. 


Segi irakurtzen:

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba