Udal politika feministak duen ahalmena eraldaketa soziala eragiteko
Udala da herritarregandik hurbilen dagoen administrazio-erakundea. Udala izan liteke, orobat, politika feministak garatzeko aukera gehien ematen dituena?
Mònica Gil Junquero, Valentziako Unibertsitatea
Yolanda Jubeto Ruiz, UPV/EHU
Udaletako administrazioak, herritarrengandik hurbil daudenez, baliagarriak gerta daitezke eraldaketa sozial feministak gauzatzeko gure egunerokoan; hain zuzen ere, aspalditik ari gara hausnartzen udalek eremu horretan izan dezaketen zereginaz eta bi arloen arteko elkarreragin emankorra ahalbidetu dezaketen baldintzez. Aldatzeko prest ageri diren udalerrietan ikusi dugunez, badira bide hori ibiltzeko hamaika modu. Era berean, erresistentziak ere ugariak direla ikusi dugu: udalerri batzuetan sakon erroturik dauden dinamiken ondorioz, zailagoa suertatzen da udal egiturak, erabakiak hartzeko prozesuak eta ezarritako egitasmoen ebaluazio-moldeak eraldatzea eta malgutzea. Halakoak gainditu nahi badira, funtsezkoa da prozesu parte-hartzaile zabalak antolatzea, komunitateko era guztietako emakumeen ekarpenak biltzeko ahalmena dutenak: horrelako prozesuei esker, espazio bizigarriagoak eta kooperatiboagoak eraiki daitezke, emakumeen beren premietatik abiatuz.
Politika publikoek eragina dute hainbat eremutan; besteak beste, zuzenean eragiten diote gure bizi-kalitateari. Ikuspegi horri helduz, politika publikoen analisian begirada feminista bat txertatzen ahalegindu gara azken hamarkadetan, era horretako politiken zeharkako tresna baten bitartez: aurrekontuak esleitzeko prozesua. Administrazioaren aurrekontuak, izan ere, erakundeari dagozkion jarduera-eremuen isla dira, eta argi erakusten dute zer arlori eta jarduerari ematen zaion garrantzia gehien. Horregatik, genero-ikuspegidun aurrekontuen estrategien barruan, funtsezkoak izan dira honako helburu hauek: diruaren arrastoari jarraitzea, eta politika publikoetan berdintasun-helburuak zer neurritan txertatu diren ebaluatzea.
Ezagutu ditugun esperientzia guztietan berretsi dugunez, politika publikoa ez da neutroa, patriarkatuak gure gizarteetan gauzatzen dituen menderakuntza-harremanei dagokionez. Ekonomia feministaren ekarpenetan oinarritzen dira eraldaketa lortu nahi duten egitasmoak; zera azpimarratzen dute: politika publikoen erdigunean jarri behar dela bizitzaren iraunkortasuna. Prozesu horretan, hainbat elementu gako ikusarazten dira, adibidez, zer toki daukan zaintzen erantzunkidetasunak politiketan, eta agerian jartzen dira, halaber, generoari loturiko joera estrukturalak, praktika politikoari dagozkionak.
80ko hamarkadan, nazioarteko lankidetzari loturiko politika asko berraztertu ziren –hamarkada horri «hamarkada galdua» deitzen zaio, gehienbat herrialde latinoamerikar eta afrikar askotan–; bada, sasoi hartako nazioarteko erakundeek bultzaturiko egiturazko doikuntza egitasmoek izugarrizko kalteak ekarri zituztelako. Garai hartan, agerian geratu zen ezen, administrazio publikoen jarduna murriztearen aldeko errezetek –eta, ondorioz, politika publikoak gutxiagotzea bultzatzen zuten bideek– eragin bereziki negatiboa zeukatela emakume-talde askoren gainean. Zerbitzu publikoak murriztearen ondorioz, emakumeen lan-aukerak gutxiagotu ziren, eta orobat jaitsi ziren haien diru-sarrerak eta estatuaren zerbitzuetara jotzeko zituzten aukerak; aldi berean, aurrekontuen murrizketak orekatzeko ahaleginean, ordaindu gabeko lanaren zama areagotu zitzaien emakumeei. Egoera horren eraginez, aurrekontuen arloko aldaketak genero-ekitatearen ikuspegitik aztertzeari ekin zitzaion; zera egiaztatu zen: aldaketek ezikusia egiten ziotela generoaren faktoreari, nahiz eta, hasiera batean, ustez neutroak izan horrekiko. Horrenbestez, halako analisiak bultzatzeari ekin zitzaion, administrazio publikoetan eta horiekin lankidetzan jarduten ziren erakundeetan bereziki.
Halako proiektuek bultzada handia jaso dute nazioarteko erakundeen aldetik –hala nola NBE Emakumeak erakundetik–, zeinek onartzen baitute genero-ikuspegidun aurrekontuak tresna baliagarriak izan daitezkeela emakumeen eta gizonen bizi-baldintzetan zein posizio soziopolitikoan dauden desberdintasun estrukturalak gainditzeko mundu osoan. Beste alde batetik, goian aipatu diren nazioarteko erakundeei iruditzen zaie administrazio publikoek eraldaketa sozialari lagun diezaioketela; hala ere, batzuetan, erresistentzia ugari izaten diren aldaketen aurrean, zeren, ekintza publikoek eragin desberdina izan dezaketen arren emakumeengan eta gizonengan –alde nabarmenak daudelako batzuen eta besteen posizio sozialean, ekonomikoan eta politikoan–, administrazioen baitan ez baitago faktore horren gaineko kontzientziarik.
Gaur egun, mugimendu feministaren eta administrazioetako berdintasun-teknikari askoren eskaerek eraginda, administrazio maila desberdinetako erakunde publiko gehiago ari dira genero-ikuspegidun aurrekontuei dagozkien proiektuak abiatzen.
Era honetako proiektuen elementu funtsezkoak bi multzo nagusitan sailkatzen dira: analisia eta proposamenak. Gure inguruko egitasmo gehienak lehen fasean daude oraindik, hau da, aurrekontuak eta errealitatea aztertzen ari dira. Abiapuntua, izan ere, administrazioaren jarduerak xehe-xehe analizatzea izan ohi baita, aurrekontuak oinarritzat hartuz; azken finean, zera neurtu nahi da: jarduera bat zer neurritan den aproposa emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko eta zer mailatan eragiten duen horretan, bai komunitateko norbanakoei bai taldeei dagokionez; horretarako, nahitaezkoa da zer egiten den ezagutzea, zehatz-mehatz ezagutu ere. Horren harira, albait argien identifikatu nahi izaten da zer ondorio dituzten ekintza publikoek emakumeen eta neskatoen gainean, gizonen eta mutikoen kolektiboarekin alderatuz, eta, ahal den heinean, azterketa gauzatu den gizarteko talde eta kolektiboak bereizten dira. Azterketa horretan, halaber, atzera begiratzen da, aurreko ekitaldietako neurriek izan dituzten emaitzak bilduz; horrela, gauzatu diren ekintzen ibilbidea ebaluatu daiteke, eta, horren bitartez, doiago kalkulatu daitezke hurrengo ekitaldirako espero diren emaitzak. Noski, neurri berriak ezartzen badira, ezarpenaren ostean lortu diren emaitzen estimazioa bakarrik aintzatetsiko da. Ekitaldiaren amaieran, hasierako aurreikuspenak eta egiaz lortu diren emaitzak alderatu beharko dira; hortaz, genero-adierazleak sortzea eta horien jarraipena egitea ezinbesteko osagai bat da egitasmo hauetan.
Udalen tamainari dagokionez, orain arte gure inguruan egin diren proiektuak udalerri handietan gauzatu dira, halakoek ahalmen eta autonomia finantzario handiagoa baitute beren politikak sustatzeko, eta, gainera, langile gehiago dituztenez, berdintasun-politika bat garatzeko modua daukate, herritarren premiei erantzuteko xedez.
Bestalde, halako egitasmoen lehen urratsetan, argi geratu da beste gauza bat: kasuan kasuko administrazioko langile batzuek uste izaten dute ezen genero-berdintasunarekin edo -ekitatearekin loturiko neurriak politika publikoen bazterrean kokatzen direla, eta, horrenbestez, aurrekontuaren zati txiki bati baizik ez diotela eragingo. Gainera, zenbait kasutan, politika jakin batzuei baino ez zaie erreparatzen: emakumeekin lotuta daudenei (berdin du zein den politikaren edukia, edo genero-rol hegemonikoak indartzen dituen edo ez). Beraz, premiazkoa izaten da, ezer baino lehen, prestakuntza espezifikoa ematea administrazioko langileei, honako gai hauen harira: politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzeak zer dakarren, berdintasun-planek zer zeregin betetzen duten politika publikoen baitan eta nolako garrantzia duen, genero-adierazleei dagokionez, emakumeen zein gizonen aniztasun osoa aintzat hartzeak. Gainera, aztertu behar da zer egoera bizi duten komunitate horretako andreek eta gizonek udal eskumeneko eremu zehatz batzuetan, eta herritarren eskakizun sozialei erreparatu behar zaie; horrela, zer neurri hartu behar diren, neurri horiek nola ebaluatu behar diren eta nola hobetu daitezkeen zehaztu nahi denean, genero-ikuspegitik betiere, eskakizun sozialei erreparatu ahal izango zaio.
Laburbilduz, egitasmoek denbora behar dute berdintasun-politiken arloko zuzeneko gastuaren inbertsioaren jarraipen efektibo bat egiteko –zer neurritan eta nola egin den, denboran zer jarraipen izan duen eta zer ondorio ekarri dituen identifikatuz–, eta denbora behar da, orobat, gainerako politika publikoetan generoa nola transbertsalizatzen ari den aztertu nahi bada. Analisi horrek agerian uzten du politiko publikoak ez direla «neutroak generoarekiko» –nahiz eta hala direla uste izan den–, zera berretsi baita: desberdin eragiten dietela komunitateko emakumeen eta gizonen era askotako multzoei.
Prozesu honi esker, aldaketak diseinatu daitezke politiken barruan, eta hobekuntzak txertatu, estereotipotan oinarrituriko ikuspegiak eta baliabideen esleipen partzialak gainditze aldera, eta emakume guztiak bizi-baldintza duinetan eta berdintasunez bizi daitezela hauspotzen duten partidak handitzeko xedez. Era berean, parte-hartze prozesuak sustatu behar dira nahitaez, emakumeen ahotsak zuzenean bil daitezen, eragiten dieten eremu guztietan; bizitza iraunkorragoak izan ditzaten; beren bizi-kalitatea, indibiduala zein kolektiboa, handituz joan dadin, eta emakumeoi geure bizitzan barra-barra suertatzen zaizkigun traba patriarkalak atzean gera daitezen.
2019an, Ekonomia Feministaren VI. Biltzarra antolatu genuen Valentzian; tartean, genero-ikuspegidun aurrekontuei buruzko mintegi bat egin, eta zenbait proposamen adostu genituen; bada, goian aipaturiko bide horretan jarraitzeko, ezinbestekoa da proposamen horiek gauzatzeko eginahaletan aurrera egitea. Orduko hartan, eztabaida aberats bat izan genuen, Espainiako estatuko proiektu jakingarri batzuei buruz mintzatuz, eta ondorioztatu genuen lankidetzan segi behar genuela, bizipenak, erronkak eta ikasbideak trukatuz, baldin eta lurralde konkretu bakoitzari egokituriko tresna konplexuen praktikan sakontzen jarraitu nahi bagenuen. Aplikazio praktikoak abiatzeko eta horien fruituak jasotzeko, denbora behar da, eta horrek, hain zuzen ere, talka egiten du administrazioko dinamikarekin, epe laburreko ondorioak hobesten baitira bertan. Gainera, beharrezkoak dira beste osagai batzuk, hala nola tokiko berdintasun-planak prestatzea; halaber, adostu behar da ea zer ildo ezarri behar diren politika publiko bakoitzean, diskriminazioak gaindi daitezen eta genero-ekitatea, ikuspegi intersekzionaletik betiere, egitasmo publikoen erdigunean egon dadin; azkenik, denbora eskaini behar zaio egitasmo publikoak ebaluatzeko lanari.
Aurre egin nahi diegun arazoak estrukturalak dira; hortaz, politika publikoaren bidez eraldaketa-prozesu sozial, politiko eta ekonomikoari bultzada eman nahi badiegu, ezinbestekoak suertatuko dira honako osagai hauek: denbora, borondatea, ezagutza, eta parte-hartze sozial feminista.