“Feminismoak mundua irakurtzen erakutsi dit nire ibilbide guztian”
Uxue Apaolazalak Bihurguneko nasa liburua argitaratu du, bederatzi ipuin biltzen dituen argitalpena. Danele Sarriugarteren elkarrizketa honetan ipuinen barneko bidaia egin du idazleak.
Uxue Apaolazaren lehen liburua irakurri nuenean txundituta geratu nintzen: nire munduaz ziharduen. Niretzat bezala beste askorentzat ere izan da erreferentea, eta, literatur argitalpenik gabeko garai baten ostean ipuingintzara itzuli denean, gosez eta egarriz hartu dugu. Hirugarren liburua du Bihurguneko nasa (Susa, 2021). Aurrez, Mea culpa (Elkar, 2011) eleberria eta Umeek gezurra esan dutenetik (Erein, 2005) ipuin-liburua kaleratu ditu. Bere ibilbideaz eta feminismoaz galdetu diot asteazken goiz batez, Hernaniko Tilosetan.
Hilabete batzuk pasatu dira Bihurguneko nasa atera zenetik. Zer moduz?
Berez liburua argitaratu osteko fasean gaizki pasatzen dut, nire burua elkarrizketetan ikusten dudanean hizketan adibidez. Baina beste alde batetik kritikak-eta irakurtzea gustatzen zait. Liburu honekin seguruago nago, prozesua lasaiagoa izan da, konbentzituago nengoen emaitzarekin eta atera naiz beldur gutxiagorekin. Adina ere izango da.
Iruditzen zait zure lehenengo liburua baino askoz hobeto ulertu dela hau.
Uste dut liburu honekin gauza bera pasa zitekeela garai hartan atera balitz. Orain sisteman zaudetenak ez zarete 50 urteko tipo batzuk. Ez da berdina Leireri ematea liburua [Leire Lopez, Susako editorea], eta zuek izatea irakurleak.
Gauzak zertxobait aldatu dira euskal literaturaren eremuan.
Publikatzen hasi nintzenetik orain arte aldaketa handia dagoela iruditzen zait. Ez da oso zientifikoa, sentsazio bat da, baina iruditzen zait gu gentozela esatetik –edo ni behintzat– “bueno, idatzi egiten dut…”, eta gero etorri zarete zuek eta esan duzue baietz, bazinetela idazleak, segurtasun handiagoarekin. Eta, horrekin batera, emakume irakurlea ere oso ahaldunduta ikusten dut. Gogoratzen naiz hasi ginenean esaten genuela: “nirea ere unibertsala da: gizona afeitatzen unibertsala bada, emakumea depilatzen ere bai”. Segitzen dut berdina pentsatzen, baina ez dut hainbeste indarrik jarri behar horretan. Ez batzuek unibertsaltasuna ukatzen ez digutelako, baizik eta ez zaidalako hainbeste inporta.
Umeek gezurra esaten dutenetik irakurri nuenean flipatu egin nuen. Niretzat erreferente argi bat da. Bueltak, Karrotxoa, Belauniko…. Narrazio horietan ikusten nuen genero-arauen irakurketa kritikoa, eta bat egiten nuen harekin, gainera.
Nik ere uste nuen irakurketa feminista zela. Baina ipuin horietan emakumea ez zen heroia. Ipuinetan ahuldadeak agertzen dira. Errazago defendatzen da neska bat egiten duena guztia teorian egin behar den bezala, baina hala ere matxista bat etortzen zaiona, baina ez badituzu gauzak egiten teorian egin behar diren bezala, eta gertatu egiten bazaizu, esaten dizute: zer ari zinen hor belauniko zakil bat jaten. Ba egin dugu. Diskurtso kolektiboak, eta feminismoak kasu honetan, ematen dizkigu tresnak, baina gero errealitatean bakarrik zaude eta oso zaila da.
Mea Culpa ere gustatu zitzaidan.
Mea Culparen arazoa gehiago izan zen politikarekin. Momentu horretan… Nik uste dut gaur egun errazago sartuko litzatekeen liburu bat dela. Hala ere, niri ez zait iruditzen nobela ona denik.
Gaiaz hitz egiteko beharra sentitu zenuen?
Beste gaiekin bezala. Gaiak harrapatzen ninduen, ni nengoen lekuan. Igual batzuk kondenatuta gaude gure ideien disidente izatera, gure intimoena kuestionatzen ari gara denbora guztian, orduan nahi gabe seinalatzen duzu. Idazten duzu bakarrik, baina zu beti zara kolektibo batzuetako parte. Ez ditut panfletoak idazten, baina beti dauzkazu diskurtso eta pertenentzia kolektiboak. Zuretik idazten baduzu, edo zuretik gustatzen ez zaizunetik, edo mina egiten dizutenetik, seinalatzen bukatzen duzu, eta seinalatzen duzu zure oso gertuko zerbait. Mea Culpan kritikak gehiago izan ziren hizkuntzagatik-eta.
Zure narrazioetan beti agertzen dira feminitatearen muga estuetan kabitzen ez diren pertsonaiak, baina iruditzen zait buelta bat ere ematen diozula horri. Tipa eroaren figurarekin jokatuz, adibidez.
Berehala pasatzen zara eroa izatera, edo erridikulua izatera, ez baldin bazaude normal eta nabarmentzen bazara. Erridikulua egingo duzu bai edo bai, ez baldin bazoaz ekipoan. Horregatik da hain inportantea kolektibitatea. Baina normalean bizitzan bakarrik zoaz, zure diskurtsoa epikoa izango ez den lekuetan erridikulua izango da. Kezkatzen nauen zerbait da, zeren erridikulua egingo dugu zaharrak garenean, potoloak garenean, lesbianak garenean, ez bagara depilatzen… ez garenean izan behar duguna. Erridikuluaren kontuak balio du zuk zure burua ere kuestionatzeko. Norbait erridikulua egiten ari dela-eta sentitzen dugun botxorno hori… hor zerk molestatzen digu? Ziur aski normak puskatzen aritzeak. Baina horregatik ere izan daiteke sublimea. Emakume mozkor bat, ile motza, tindatua, taberna batean bakarrik, gona erortzen zaiola: berez iraultzailea da. Eta taberna guztia egongo da pentsatzen: gaixoa, si le vieran sus hijos…
Askatzailea izan daiteke.
Erridikuluak zirelakoan arrisku moduan bizi nituen gauza batzuk teorizatu ditudanean, aztertu dudanean ea zergatik den hau edo bestea erridikulua nire buruan, horrek niri askatasuna eman dit. Zure buruari baimena errazago emango diozu, nahiz taberna guztiak pentsatu erridikulua zarela, zuk teorizatuta baldin badaukazu hori dela honegatik eta honegatik, eta ez dela zure akatsa, baizik eta haiena.
Besteen “erridikuluak” ere errazago onartzen dira.
Ni gaztetxoa nintzenean eta nire burua feministatzat neukanean asko zegoen feminista-seinalatzaile izatetik. Ni baldin banindoan arropa super zabalarekin eta feminismo super gogor batekin, ikusten zenuenean norbait minigonarekin edo makillatuta, uste zenuen biktima zela edo kontrakoa, are okerrago, akusatu egiten zenuen. Eta gero pasatzen dira urteak eta… Horretan ere feminismoak lagundu digu, ahizpatasunaren kontuari askoz indar handiagoa eman zaio azken urteotan.
Ohikoa da tranpa hori, Lurri ere esaten diote liburuko lehen orrialdean: “Zu ez zinen neska horiek bezalakoa”.
Ni ez naiz egon talde feminista batean, baina uste dut nire lehenengo kontzientzietako bat izan zela. Gogoratzen dut 12-13 urterekin esaten nuela: “Ni ez naiz neska”. Inoiz ez dut esan mutila naiz, baina “ni ez naiz neska”. Hala ere, egia da lehen esan dudan seinalamendu horretan, bukatu nuela mespretxatzen femeninoa zen edozer gauza. Zaila egin zitzaidan, ni ez naiz neska esatetik, inposatzen zitzaidan paper horretan sartu nahi ez izatetik, norma hori betetzen duena ez mespretxatzea. Kolore arrosa da errekuperatu dudan gauza bat. Inposatu nahi dizuten gauza bat kendu egiten dizute azkenean.
Esan dut feminismoaren presentzia beti nabaritu dudala zure liburuetan; honetan, zehazki, Nerea Barjola aipatzen duzu.
Feminismoak mundua irakurtzen erakutsi dit nire ibilbide guztian. Ikerketa-metodo moduan ere, akademiatik feminismoak sortu ahal izan dituen kontzeptuek laguntzen dizute zure burua irakurtzen. Barjolaren kasuan nabarmen. Gu Alcasser belaunaldia gara. Gu esplikatzen ari da. Nola beldurtu nahi izan gaituzten, nola beldurtu garen edo ez. Gure kasuan autostop egitea zen neska txarra izatea, neska horietako bat izatea. Eta Barjolak esplikatzen dizu ezetz. Feminismoak hori dena ematen dizu. Eta erreferentzien harira, Barjola jarri dut baina ez dut esplikatu. Guk aktuatu behar izan badugu Dostoievskik idatzi balu bezala, nik idatziko dut King Kong teoria idatzita balego bezala, Barjolak idatzi balu bezala, eta zu baldin bazara hain kultua, ba erreferentzia hau ere ezagutu behar duzu, ez bakarrik Foucault.
Zure idazketa-estilo bereizgarriari buruz ere hitz egin nahi nuke. Esan izan dizut barre egiten dudala askotan zure testuekin.
Umorea egiten jartzen banaiz, ez zait ateratzen, eta ironia berdin. Uste dut nire umorea sortzen dela kontraesanetik beretik. Kontraesana bilatzen baduzu, eta lortzen baduzu argia izatea norbaitentzat, edo hark zure klabean irakurtzea, grazia egiten dio.
Halako kutsu informal bat du zure idazkerak, baina nabaritzen da intentzio bat dagoela horren atzean.
Erritmoa izatea bilatzen dut, ez fraseologia luze baten tempo pausatu hori, baizik eta pentsamenduaren azkartasuna izatea, eta pentsamendua erortzen den kontraesanetan erortzea, eta erorketa horietatik sortzea sakontasuna. Ikustea prozesua, ez konklusioa. Eta ekonomizatzea. Horregatik agian ez naiz hain ondo moldatzen nobelan. Esaldi bakoitzak esan behar du zerbait, izan behar du pisua, horregatik ezin dute izan oso luzeak nire testuek. Ez dut bilatzen estilo bat, baina ikusten dut eskatzen didala erritmo bat, eta erreferentziak ere horrela jarrita daude. Ez da momentu horiek eskatuko luketen erreferentziarik kultuena, baizik eta pertsonaiari lehenengo etorriko zaiona, kontsumitu duen telebista… masa-kultura.
Azkenengo narrazioan ageri den esaldi bat, aipatu ditudan bi ezaugarrien adibidea nire ustez: “‘Haurdun zaude, ez gaixo, zure gorputza prestatuta dago prozesu horretarako’; yaclaro“.
Hainbeste aldiz entzun dut hori haurdunaldian… Naturarako buelta batzuk oso urduri jartzen naute. Ni oso materialista naiz, eta feminismoan ere bai. Horregatik iruditzen zait boterea hartu behar dela, eta politikoa izan behar duela: gizarte batean jokatzen ari gara, eta gizartea galtzen badugu galduta gaude, bestela izango gara lau pribilegiatu ahal dugunak joan gauza alternatiboetara, eta kito. Ondo iruditzen zait bakoitzak bere desira indibiduala izatea eta aukeratzea, baina bereizi egin behar da kolektiboki eskatu behar dugunetik; kolektibo horrek garantizatu behar du denon bizitza. Sistema publikoa izan behar du.
Bihurguneko nasako ipuin guztiak Madrilen kokatuta daude, baina badira urte batzuk Hernanira itzuli zarela. Zer apunte dauzkazu orain koadernoan edo ordenagailuan?
Oso gauza txikiak dira. Sortzen zaizkizun sentsazioak. Ikusi duzu zerbait eta esan duzu: ostras, hemendik zerbait aterako da. Baina izaten dira bospasei lerro, edo igual pila bat eta gero dena desagertzen da. Leirek [Mercedes Sorianoren] Contra vosotros liburua oparitu zidan. Idazteko gogoa jartzen dizuten liburu horietako bat da, eta hor aritu nintzen, ariketa moduan estilo hori imitatu nahian; ez nuen lortu, jakina.
Hirugarren liburuarekin esperientzia hobea izan duzula kontuan hartuta, agian ez dira 10 urte pasako hurrengoa atera arte?
Uste dut ezetz. Baina beste kezka batzuk agertuko dira.
Jarraitu euskaraz irakurtzen: