“Zilegitasuna txapelaren bidez lor daiteke, edo elkarri eman diezaiokegu”

“Zilegitasuna txapelaren bidez lor daiteke, edo elkarri eman diezaiokegu”

Bertsolari feministek borroka eremu izan dituzten plazak eraldatzen dihardute, kolektiboan ehundu duten babes-sareari esker. Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza Bizkaiko eta Nafarroako txapelketetako irabazleak elkarrizketatu ditugu BIRA kulturguneko Urdin Elektrikoan.

Oihana Bartra, Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabalen arteko bertso-saioa, Urdin Elektrikoan./ Klaus (BIRA)

Oihana Bartra, Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabalen arteko bertso-saioa, Urdin Elektrikoan./ Klaus (BIRA)

 

Emakume bertsolarien jarduna eta subjetibitatea baldintzatzen dituzten mekanismo patriarkalak aztertu zituen Uxue Alberdik Kontrako eztarritik saiakeran, 2019an. Publikatu eta bi urtera, bi bertsolari feminista gaztek irabazi dituzte Nafarroako eta Bizkaiko txapelketak: Saioa Alkaizak (Iruñea, 1991) eta Nerea Ibarzabalek (Markina-Xemein, 1994), hurrenez hurren. Beldur bat aitortu zuen Ibarzabalek liburuan: huts egiten bazuen, jendeak honakoa pentsatuko zuela: “Txapelketak bere lekuan jarri du”. Bada, bertsolaritzan merezi duen lekua frogatu zuen Miribillan. Biek onartu dute txapelak zilegitasuna indartzen duela, baina, aldi berean, lehia-logikarekin kritiko agertu dira. Alkaizak ARGIAko elkarrizketan argi utzi zuen: “Irabazi dut; ez naiz inor baino gehiago, baina ez naiz inor baino gutxiago ere”.

Ibarzabal eta Alkaiza ez dira izan beren herrialdeko txapela jantzi duten lehenengo emakumeak; Estitxu Arozena eta Onintza Enbeita izan dituzte aurretik. Horri esker, finalen ondorengo kroniketan haien bertsoaldietako alor zehatzak nabarmendu zituzten hedabideek: Harry Potterren doinua, harrotasun transmaribibolloa, gasolindegiko langilearen istorioa, etxeko andreei omenaldia… Feminismoa ardatz duten sortzaile hauek askatasuna eskatu dute diskurtsoarekin arriskatzeko, baita ironiarekin eta satirarekin jolasteko ere.

Ainara Legardonen ideia bat ekarri digu Ines Osinagak: “Ikusgarritasuna borrokatu baino, autoritatea eman behar diogu elkarri”. Hasteko, esango diguzue zer miresten duzuen bata bestearengandik?

Saioa Alkaiza: Sorkuntzan gehien eskertzen dudana nortasuna da, arrastoa uzten duen jendea eta arriskatzen dena. Nereak badauka ukitua, originaltasuna. Bertsolari aparta da, bai teknikoki, bai pertsonaiak ekartzen. Saio batean bota zuen: “Sorginen alabak gara… eta inkisidoreenak ere bai”. Ideia horri bueltaka ibili nintzen luze. Nire ikasleei askotan jarri diet haren beste bertsoaldi bat: hilekoa usaintzen duen haur baten paperetik kantatu zuen. Oso grafikoa egin zitzaidan.

Nerea Ibarzabal: Ezagutzen dudan pertsona azkarrenetariko bat da Saioa. Umetatik liluratu nau bere bizkortasun mental eta diskurtsiboak. Ni baino hamar urte aurretik joan da; gauza ugari seinalatu dizkit. Pertsona moduan, irribarrea eta besarkada izan da beti niretzat. Txapelketan flipatu egin nuen bere determinazioarekin; apisonadora baten moduan egin zuen bertsotan! Gure bizipenak diferenteak izan dira. Nik arinago eman nuen txapelketen finaletara saltoa; Saioak ez, baina aurrera jarraitzeko determinazioa izan du, lan egin du, bere buruan sinestu du… eta pum!

S.A.: Finalera zortzi sartzen badira, hamar urtez ibili naiz bederatzigarren geratzen. Hortaz, pasa den urtean lortu nuenean, egurra eman behar nuen! Zaila da bertsolaritzan mantentzea kirolaren logika duelako: hogei urterekin kolpea eman behar duzu eta, zoritxarrez, jende askok bidean uzten du. Nik ere uztea pentsatu izan dut, baina tematu naiz.

N.I.: Bertsolari feministok ikasi dugu txapelketak borroka eremutzat hartzen. Ez duzu espero zure lagunei ondo joango zaienik, baizik eta negarra, drama, zigorra… Udazkenean heldu zen Xilaba [Iparraldeko Bertsolari Txapelketa; azken edizioan Miren Artetxe txapeldunorde izan da], jarraian Nafarroa…

S.A.: Xilaba ikusi nuenean pentsatu nuen: Artetxeren jarrera izan nahi dut. Ereduak eta erreferenteak behar ditugu bidea egiteko. Edonola ere, lagun artean esan genuen: “Bikain ari da, baina ez gaitezen emozionatu; agian ez da pasatuko”. Txapelketa sistemak historikoki legitimatu du bertsokera mota bat, ideia jakin batzuk eta, hortaz, guk geuk zenbait beldur hartu ditugu: zer baloratuko den, zein ironia mota ulertuko den…

“Absurdoa iruditzen zait tentsioa eta beldurra kalitatearekin lotzea”, esan zenuen, Nerea, Kontrako eztarritiken. Lortu al duzue bertso-saio mistoetan zein txapelketetan gozatzea?

S.A.: Nik ez dut gaizki pasatzen plazan, bestela ez nuke jarraituko. Iruditzen zait kultura horrek bertsoaren arketipo klasikoari erantzuten diola, baina hori ere aldatzen ari dela. Ez da kasualitateak [saio feminista musikatuak] edota bollo bertso-saioek sortzen duten esparrua inportantea da, baina jokatu behar dugu baita ere eremu neutrotzat hartzen den horretan, eraldatu dadin. Mursegori entzun diot sorkuntza perfekzioaren beharrarekin lotzen denean, urruntzen dela zerbait disruptiboa sortzetik. Bada, txapelketak oso lotuak daude perfekzioarekin eta puntuazioarekin: 6,5 bat lortzen baduzu, agian ez zara arriskatuko ideia arraro batekin, ez bada ulertzen ez zarelako pasatuko. Pentsa idazle baten poema bakoitzak nota jasoko balu! Hortaz, txapelketak ikusgarritasun handia dakar, baina, bestetik, bertsoa kortse batean sardezake.

N.I.: Autoexijentziaz gain, testuinguru feministako bertso-saioetan ez dut bertsokideen epairik sentitzen. Egun txarra izan badut, ez dut nire burua egurtuko etxerako bidean. Gizonezko bertsolari kontsagratu helduekin, aldiz, publikoaren epaiaz gain, bertsokideena sumatzen nuen. Zure lekua ez dela sentitzeak badu zerikusia ez gozatzearekin. Ederra da bertsolaritzan dagoen belanauldien artekotasuna, baina nola lor dezakegu benetako autoritate transferentzia ematea? Bertsotan jarraitzen badut, gazteentzat eremu erosoa bihurtzen lagundu nahi dut.

Txapelaren legitimazioa sentitu duzue azken hilabeteotan?

N.I.: Bai. Esango nuke txapelak lasaitu nauela, ez dudala nire burua hainbeste egurtzen.

S.A.: Txapela irabazi nuenean, lerroburua izan zen: “Ezustekoa eman du Alkaizak”. Inork ez zuen espero! Nik ere ez baina… [Barreak] Nereak esaldi bikaina bota zuen: “Gure zementuzko txapelak…”. Hamabost tona pisatzen du! Horregatik saiatu naiz identitate horretatik abstraitzen.

Zein aldaketek ahalbidetu dute bi bertsolari feminista gaztek finalak irabaztea?

N.I.: Gizartea aldatu den neurrian aldatu da bertsolaritza. Bertsozale Elkarteak feminismoa zehar-lerro bihurtu du, gai-jartzaile taldeek zein epaile-taldeek aintzat hartu behar dutena. Esango nuke gaietan nabaritu dela; epaileetan ez dakit, ez ditudalako zenbakiak ezagutzen. Sumatzen dut etsaitasuna ez dela lehen bezain nabarmena. Momentu deserosoak izan ditzakezu bertsokideren batekin, baina orain olatutxo bat sentitzen dut; beti dugu aliaturen bat oholtzan. Txapelketetan feminista sare bat ikusten badut Bertsokide feministak, zuekin gaude bezalako leloak dituzten kamisetak jantzita, nire buruari esango diot: “Egunik txarrena edukita ere, horrek eusten nau”.

“Bertsolariari baloratzen zaiona zigortzen zaio emakumeari, eta emakumeari baloratzen zaiona zigortzen, bertsolariari”. Indarrean jarraitzen du Alberdiren esaldiak?

S.A.: Bai. Bertsolari izateko plaza publikoa hartu behar duzu: hitza, espazioa… Lotsagabea izan behar duzu. Ez da berdin ikusten emakume edo gizon izanda bertso bazkari baten ostean ez dakit zer ordu arte gelditzea. Bertsoa oso lotuta egon da diskurtsoarekin, buruarekin, baina guk hori gorpuzten dugu; jendeak ikusten gaituenean, zerbait proiektatzen du gugan. Umorea ez da berdin irakurtzen gizon zis baten gorputzean edo beste identitate batzuenean. Aintzat hartu behar da leku desberdinetatik abiatzen garela, ez bakarrik generoari dagokionez, baita ere klaseari dagokionez, edota zer espero den zutaz euskaldun zahar edo euskaldun berri bazara (oraindik ere kategoria horiek existitzen badira). Gero eta gehiago hurbiltzen zarenean bertsolariaren arketipora, are eta onartuagoa zara zenbait espaziotan, baina hori ere eraldatzen ari gara denon artean, publiko berria badagoelako.

N.I.: Zu [kazetariari] zara horren adibide, feminismotik gerturatu zarelako bertsolaritzara, eta hortaz, bertsolaritzaren beste ikuspegi bat duzu. Baina Euskal Herrian, oraindik ere, “bertsolari esanda, zein pertsona etortzen zaizu burura?” galdetuta, gizon heldu zuri hetero gipuzkoarra gailenduko da.

S.A.: Inkesketa soziologikoan gizonei galdetu zaienean zeintzuk diren haien hamar bertsolari kutunenak, bederatzi gizonezkoak dira eta gero Maialen [Lujanbio]; onenetan onena. Bertsolaria bazara, todoterrenoa izan behar duzu; prest egon behar zara Artiumen arte garaikideari buruz kantatzeko eta, biharamunean, poteo batean aritzeko. Gure esku dago, sortzaile gisa, bertsolari orojakile hori birpensatzea; erabakitzea non egon nahi dugun eta non ez.

Segurtasuna da bertsolaritza hegemonikoan gehien baloratzen dena. Horrekin apurtu nahi duzue?

S.A.: Zalantza aldarrikatzen dut diskurtsora ekarrita, potolokeriaren joera egon delako urteetan. Segurtasuna erreminta bat da ekintza komunikatiboan, baina hori transmititzeko modu desberdinak daude; altu kantatzea, paparra puztuta, ez da bakarra. Bertsolariak beti egiten du performance bat; guri dagokigu performancean non kokatu nahi dugun erabakitzea.

Nire ustez, ikuspegi feministak laguntzen dizue gaiei eta pertsonaiei sakontasuna ematen, baina gogoan dut Alberdiren aipua: (Emakume bertsolariek) “Woolf amorratu bainoago nahi lukete izan Shakespeare puru”. Feminismotik sortzea zama ala abantaila da?

N.I.: Denok sentitu dugu kaltegarria izan daitekeela diskurtso feminista esplizituak egitea, jende asko nekatuta omen dagoelako feminismoarekin. Kontua da feminismoa dena dela: tratu txarrak zein hilerokoa. Orduan, pentsa zein espektro zabalarekin uste dugun jendea aspertuko dugula. Hortaz, nire buruari esan diot ez zentsuratzeko, barrutik ateratzen zaidana egiteko, pasioa piztuko didan gai bat bilatzeko. Bestetik, bertsolariak pertsonaiak performatzen ditu, baina bere gorputza ez da jendearen begietatik aldentzen. Ondorioz, diskurtsoak nahasten dira, galdetzen digute gure pertsonaiek esan dituzten gauzei buruz gureak izango balira bezala.

S.A.: Bakoitzaren kokapen politikoak zehar-lerro gisa eragiten du bertsotan. Horrek ez du esan nahi zure pertsonaia guztiek gure ideologiarekin bat egin behar dutenik; kontrako gauzak esan ditzakegu nahita. Antzezleak oholtzara igotzen direnean, publikoak oso argi dauka noiz ari diren pertsonaia antzezten. Gurekin, aldiz, jendeak askotan ez du desberdintzen. Esaterako, finalean Chill Mafiari buruzko bertsoa bota nuen, eta elkarrizketa guztietan galdetzen didate Chill Mafiari buruz! Bertsoak zalantza ekar dezake: ironia sartu nahi duzu zazpi-seian, bost segundu dituzu pentsatzeko, agian ez da ulertuko eta pentsatuko dute: “A ze astakeria bota duen Saioak!” Ez daukat argi nola askatu korapilo hori, edo askatu behar ote den, baina ardura horrekin sortzen dugu.

Gerta daiteke, gainera, bertso hori norbaitek grabatzea eta sare sozialen bidez zabaltzea. Orain dela gutxi, zuen bertsokide batek Lazkao Txiki gorpuztu zuen eta honen diskurtso matxistak ezbaida piztu zuen Twitterren.

N.I.: Gaia benetako gertaera batean oinarritzen zen: Ordizian Lazkao Txikiren mural bat egin zuten eta herriko talde feministak kritika egin zuen, herriko mural bakarra gizon batena izateagatik. Bertso afarian zeuden denak: murala margotu zuten gizonak zein talde feministako andreak. Agerikoa zen roilo ona zegoela, hau da, polemika ez zela oso garratza ausartu baziren guri gaia jartzen. Nik argi ikusi nuen nire bertsokideak nahita aukeratu zuela gizon matxistaren papera, ez zela bere ahotik ari, baina Twitterren testuingurutik kanpo jartzerakoan…

S.A.: Nik ere parte hartu nuen bertso-afari horretan eta bideoan agertzen naiz haien atzean irribarretsu! Satiraren zilegitasuna ulertu genuen. Kasu horrek eman zidan zer pentsatu sare sozialek dakartzaten guztiari buruz. Edozeinek gure sorkuntza har dezake edozein momentutan, eta segundu horietan agian ez da ulertzen aurreko gaiari egin diozula erreferentzia. Kritika beharrezkoa da, baina gogorra izan daiteke bertsoen bat-batekotasuna kontuan hartzen badugu.

Saioa, finalaren azken agurrean LGTBIQ+ komunitateari eta guraso erdaldunen seme-alabei eskaini zenien txapela. Historikoa izan zen.

S.A.: Bazterrak aipatu izana bilakatu zait nolabaiteko tranpa. Horrelako gai asko jartzen dizkidate orain: “Bazterra zara, baina zertan zara hegemonia?”. Deserosoa egiten zait, “okupa zara baina smartphonea daukazu” esatearen antzerakoa da. Nori eskatzen zaio erabateko koherentzia?

Nerea, bakarkakoan jarri zizuten gaiak Kontrako eztarritiki buruz kantatzeko gonbidapen argia zirudien. Zenbat segundutan erabaki zenuen bide hori hartzea?

N.I.: Segituan, ez nuen beste biderik ikusten. Kontrako eztarritik etorri zitzaidan burura eta, bestela, Patria! [Barreak] Gai-jartzaileekin berba egitea gustatuko litzaidake, intentzio hori zuten baieztatzeko. Banekien liburuan aipatzen diren gizon asko egongo zirela publikoan. Hala ere, hogeita hamar segundu nituen erabakia hartzeko, hasi nintzen abesten eta nire buruari zilegitasuna eman nion, gure artean berba asko egin dugulako; banekielako Uxuek eta besteek onartuko zutela. Zaila da kalibratzen Kontrako eztarritikek izan duen erreakzioa; negatiboa ez zaigu heldu, eta positiboa ere oso zirkulu diferenteetara heldu da. Erronka da alfonbra azpiko zikinkeriari buruz zure etxean bertan kantatzea, ez dakizu zein elkarrizketa sortuko dituen ezta zein tonutan ere. Gainera, gaur egun gauza diferenteak esango nituzke, baina hor dago orain dela hiru urte nintzena.

Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabalen arteko solasaldia gidatu zuen June Fernándezek./ Argazkia: Klaus (BIRA)

Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabalen arteko solasaldia gidatu zuen June Fernándezek./ Argazkia: Klaus (BIRA)

Taldean ahalduntzearen aldeko apustua duzue amankomunean. Nola kolektibizatu dezakezue norbanako moduan lortu duzuen posizioa?

S.A.: Bertsoak taldea behar du halabeharrez: zuk ideia bat botatzen duzu, eta ea albokoak zer botatzen duen. Idazketa ariketa bakartia izan ohi da, baina bertsolaritzan elkartzen gara, hitz egiten dugu, beste mota bateko babesa sortzen da… Eskertzen dut gure artean pentsamendu feminista garatu izana, baina argitu nahi dut emakume bertsolariok ez garela bertso eskola bat! Biztanleen erdia gara, ez konplot bat! Hau da, existitzen da ahalduntze bertso eskola, hilabetean behin batzen gara, baina egunerokoan Nafarroako lagunekin entrenatzen dut, ez Nerearekin.

N.I.: Momenturen batean kontraesana sentitu dut: ai ama, txapelak ematen dizkit pribilegio batzuk. Orain ni naiz plaza gehien dituen bertsolarietako bat. Nola aldarrikatuko ditut zenbait gauza? Aurten errudun sentitu naiz, ez naizelako apuntatu Ahalduntze Eskolara, denbora faltagatik. Taldea galtzearen beldur naiz.

S.A.: Bertsolari batek esan zidan lotsa ematen ziola profesionalekin kantatzeak. “Noski, Onintzarekin, Artetxerekin…” esan nionean, erantzun zidan: “Eta zurekin!” Kostatu zitzaidan asimilatzea. Txapelak balio du zugan sinesteko, baina koskarik igo gabe.

Txapelak zilegitasuna ematen du tarifa igotzeko. Lankuri (Bertsozale Elkarteak sortutako enpresa, bertso-saioak kudeatzen dituena) norberak esan behar dio A, B edo C kategorian kokatzen den, eta horrek genero-arrakala eragiten du.

N.I.: Bai, norberak bere buruari prezioa jarri beharra oztopoa da, betidanik zaila egin zaigulako diruarekin harremantzea. Urte askotan Maialen eta Uxue izan dira A kategoriako emakume bakarrak. Gero askok batera deitu genuen Lankura. Zilegitasuna txapelaren bidez lor daiteke, edo elkarri eman diezaiokegu. A kategoriara igota ere, bertsolariaren bizimoduak prekarioa izaten jarraitzen du. Ez dakit gure belaunaldikook posible izango dugun bertsolaritzaz bizitzea.

S.A.: Agian maila baxuagoan kokatu den bertsokideak zuk baino bidaia luzeagoa egin behar du eta zuk baino saio hobea egin du. Zergatik egun batean ondo aritu izanak baldintzatzen du betirako gehiago kobratzea lan berdina egiteagatik? Bestetik, sorkuntza oso prekarioa da. Euskal kulturan dirua ez omen da existitzen; askotan zaila da jakitea zenbat kobratuko duzun, kobratzekotan. Prest gaude bertsotan musutruk aritzeko, antolatzailearen edo saioaren arrazoiaren arabera, baina harrigarria da instituzio publiko batzuk duten muturra. Eskatuko liokete iturgin bati debalde lan egiteko?

Zer aldatu behar da bertsolaritza bizigarriagoa izateko, gorputz gehiago plazetan mantentzeko?

S.A.: Bertso-saio asko iluntzean izatea ez da soilik arazoa guraso direnentzat, zaintza ardurak daukan edonorrentzat baino, edota bertsolaritzaz gain beste lan prekario bat dutenentzat. Alegia, taberna batean zerbitzari izatea ez da bertsolari izatearekin bateragarria. Gai askok zeharkatzen dute erronka hori: ordutegiek, baldintza ekonomikoek, artearen merkantilizazioak… Saioak sinbolikoki eta diskurtsiboki aldatzen ari gara, baina Nereak esan bezala, zenbat eskaini ahal dio gure belanaldiak sorkuntzari? Horrek kalitatea jaitsiko du ezinbestean.

N.I.: Irtenbide bat bertsolaritzaren dibertsifikazioa izan daiteke: plaza eredu asko egotea, asteburuari, gauari eta festari lotuak daudenez gain. Ikusten ditut ni baino hamar urte zaharragoak diren kideak autonomoetatik baja hartzen. Aste egunetan zortzi orduko lana baduzu, asteburura hilda heltzen zara, baina asteburuko lanekin ez duzu nahikorik autonomoak ordaintzeko. Pena ematen dit. Dena den, beti izango gara bertsolariak…

Txakur Gorria sormen taldeko kidea zara, Nerea. Saioa, zuk bertso-paperak, narrazioak eta poesia idazten dituzu. Zein sorkuntza esparruk motibatzen zaituzte gehien?

S.A.: Bertsolaritzaz gain, nire lan arrunta dut; malabareak egiten ditut nire bizitzarekin. Gozagarriena plazak egitea da; kontziente naiz denek ez dutela aukerarik. Finalaren ondorengo lehen saioan sufritu nuen, txapela itzultzeko gogoa izan nuen! Baina hurrengoak gozatu ditut. Bertsotan zentratuta nago, ikusi nahi dudalako bertsolaritza profesionala gustuko dudan. Badut oraindik zer ikasi: kokapenetan, kantatzeko moduan… Plaza zerbait handia dela sentitzen dut, eta, aldi berean, handitasun hori sentitzeko gogoa dut.

N.I.: Txakur Gorrian ikasi dut gehien kolektibotasunari buruz. Lau kidetik hiru gara bertsolariak eta zenbait unetan bertsolaritzak gehiegizko lekua hartzen du; urtero txapelketa bat dugu taldean. Banaka estresatuta bagaude, zer daukagu kolektiboari emateko? Asko hausnartzen dugu horri buruz. Dena den, urte asko egon naiz bertsolaritza oso serio ez hartzen, defentsa mekanismo moduan: “Txarto ateratzen bazait ez da inor konturatuko”. Egun nire bizitza sormenari lotua ikusten dut.


Gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba