Euskal Herriko Bilgune Feminista: bi hamarkada emakume* independentisten etxea eraberritzen

Euskal Herriko Bilgune Feminista: bi hamarkada emakume* independentisten etxea eraberritzen

Saretzean oinarritutako militantzia eredua, burujabetza feminista eraikitzeko anbizio handiko proiektu politikoa, subjektu anizkoitzak barnebiltzeko eta aitortzeko konpromisoa… Euskal Herriko Bilgune Feministaren indarguneak zein erronkak errepasatu ditugu, erakundearen 20. urteurrena ospatu duten hainbat lagunekin.

29/06/2022
Bilgune Feministako kideak, greba feministari lotutako beren kanpaina laguntzeko egin duten argazki batean.

Bilgune Feministako kideak, greba feministari lotutako beren kanpaina laguntzeko egin duten argazki batean.

2022ko ekainaren 11a eta 12a. Oñatiko kaleak utopia feministaren eszenatoki bihurtu dira. Emakumeak (zisak eta transak), bollerak eta pertsona ez-bitarrak barra-barra ibili dira Kale Barriako tabernetako terraza eta bazterretan, Foruen enparantzako zumba maratoiean, ondoko lorategietan piknikean bazkaltzen, herriko kultur espazio guztietan tailer, hitzaldi zein zineforumetan parte hartzen, polikiroldegian elkarrekin lo egiten… Udaletxeko pankartan eskegitako pankarta erraldoiak eman die ongi etorria: “20 urtez paradisuak erretzen. Eztandak dardara gaitzala”.

Erreplikan astindu ditu Topagune Feministak parte hartzaileen gorputzak kontzertuetan (Gingerren punka, IRAren rapa, Chocolate Remixen reggaetoia, Anariren ereserkiak), ekitaldi politikoan eta baita bazkari herrikoian ere. Antolakuntzarako gaitasuna frogatu du enegarren aldiz Euskal Herriko Bilgune Feministak (EHBF) bere 20. urteurrenean. Efemerideak eskatzen zuen halako jaialdia, baina pandemia osteko premiak biderkatu du euforia. “Hau behar genuen”, errepikatu dugu bestondo goxoan.

Bilguneko kideez gain, mugimenduko eta euskal kulturako ehunka feministek egin dute bat deialdiarekin. Elena Garcia Bizkaiko Emakume Asanbladako kideak lau ezaugarri nabarmendu ditu bereziki: “Bilguneren ibilbidea ospatzeko desioa, gogoa eta indarra, emakume gazteen presentzia, asko izan baitziren eta zorua tinko zapaltzen gainera, bollera izateko aldarrikapen zuzen eta ozena, eta topaketak baino topagunea izatea”.

Asteburu hunkigarria izan da Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidearentzat. Irungo Bilgune Feministan hasi zuen bere militantzia feminista; han izan zuen Alardearen gatazkak eragiten zion ezinegonari kolektiboan erantzuteko aukera. Ondoren, nazio mailako koordinazioan lan egin zuen, komunikazio lanetan. Egun, “etxe, babesleku eta arnasgunea” izaten jarraitzen du erakundeak politikariarentzat. “Behar genuen txutea izan da Oñati: elkar topatzea, mimatzea, barre eta dantza egitea, elkar elikatzen jarraitzea…”.

Hausnarketa eta gozamena eskaintzeaz gain, pandemiak ahuldu duen antolakuntza sendotzeko baliatu nahi izan du jaialdia EHBFk, ekitaldi politikoan azaldu duenez: “Sistema eraldatzeko asmoz, kontzientzia eta borrokak pizten, komunitate politikoak harilkatzen, gure jardunak etengabe berregokitzen eta elkarrekin boteretzearen bitartez eraikitzen ari garen bidea da hau, praktika feministan oinarritutako ibilbidearen jarraipena. Antolatzea ezinbestekoa da. Konpromisoz lan egin nahi dugu, plazeretik eta anbizioz borrokatu”.

Eskubideetatik burujabetzara

Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde, KAS Emakumeak, Aizan!, Egizan. Euskal Feminismoa deituriko korrontearen genealogia luzearen oinordeko izateaz gain, bere memoriaren jagole izan da Bilgune Feminista, hitzaldi, argitalpen zein hedabideetako agerraldietan zabaldu duena. Ez hori bakarrik: 70. hamarkadatik metatutako diskurtso eta praktika politikoak aberastu eta eguneratu ditu. Etxebarrietaren esanetan, Bilgune Feministak ikustarazi du “Euskal Herria feminismotik eraiki behar dela, edozein sistemak ez baldin badu genero zapalkuntza kontuan hartzen, batzuen bizkargainean egingo baita beti”. Horrez gain, autokritikarako eta eraberritzeko gaitasuna nabarmendu du politikariak: “Bere posizioa etengabe birpensatzen aritu da; ez ditu gauzak inoiz itxitzat ematen”.

2002. urtean jaio zen Bilgune Feminista, ezker abertzaleko erakundeen ilegalizazio prozesua hasi zen garaian. Atxiloketa masiboen testuinguruan, babes kolektiboa ehuntzeaz gain, nazio mailako proiektu politiko feminista batek eman zezakeen indarra behar zuten EHBF martxan jarri zuten ekintzaileek. Orduan irudikatu zuten militantzia eredu berritzailea izan da Bilguneren bizi-luzerako gakoetariko bat: “Partaidetza zurruna eskatu ordez, beste pertenentzia modu bat aitortu dugu: proiektu politikoarekiko atxikimendua sentitzen duten lagunena, nahiz eta beste taldeetan militatu”, azaldu du Naia Torrealdaik, Bilgune Feministako kideak. Hala bizi du Jule Goikoetxea politologoak: “Gu ez gara inoiz Bilguneren antolakundeko kideak izan eta, halere, etxea da guretzako. Horrek asko dio funtzionatzeko duten erari buruz eta aldaketak lortzeko martxan jarri dituzten estrategiei buruz”.

Hala, mende aldaketarekin batera emakumeen asanblada unitarioak hustutzen ziren bitartean, Bilgunek lortu zuen Hego Euskal Herrian egitura sendoa errotzea (Lapurdi, Behe Nafarroan eta Zuberoan ez dute talderik; zenbait bidelagun badituzte, ordea, bereziki Hendaian eta Baionan). Egun, bilgune nazionalean batzen diren 12 talde lokal daude martxan, ildo politikoak, kanpainak eta diskurtsoak zehazten dituzte hileroko bileretan; gero bakoitzak autonomia dauka adostutakoak bere tokiko testuingurura egokitzeko. Hau ez da gure bakeaFeminismoak egiten gaitu herri, Inoiz ez da berandu bollera izatea erabakitzeko, Heteroaraua plazerez lehertu, Kapitala arrakalatu, zaintza lanak birbanatu!EHBFren kanpainak erreferente izan dira herrietako talde feminista askorentzat, ez soilik Bilgune marka erabiltzen dutenentzat. “Antolakuntza-apustu potente honi esker, herrietako kideek sostengatu dute proiektu nazionala, herrietan ematen baitira gertuko harremanak, baita gatazken kudeaketa ere”, gaineratu du Torrealdaik.

Egitura bikoitzak onura bikoitza ekarri du, Goikoetxearen esanetan. “Tokian tokiko ekintza, diskurtso, estrategia eta praktikez gain, komunitate politikoak behar dituen egitura eta erakunde makroetan pentsatu du erakunde feministak. Hori oso arraroa da Europako mugimendu feminista autonomoan; Estatuaren inguruko hausnarketa oso gutxi dago”. Gainera, “lurralde ezberdinak kontuan hartu behar izateak, batetik, eta lurralde barneko aniztasun geografiko, nazional, soziologiko, ekonomiko eta politikoak, bestetik, haien jarduna menderakuntza ardatz desberdinetan antolatzera bultzatu ditu, kontuan hartuz borroka antiarrazista, antikapitalista eta antikoloniala, horiek emantzipazio nazional eta feministarekin uztartuz”.

Egituraz gain, diskurtso mailan funtsezko jauzia eman zuen Bilgunek 2014an, Ondarroan antolatutako IV.  Emakume Abertzaleen Topaketan: eskubideen defentsatik burujabetza feminista aldarrikatzera igaro zen. Torrealdairen esanetan, “burujabetza feminista proiektu politiko anbiziosoa da, militanteen ilusioa tenkatzen duena, aldatzeko plan baten parte sentitzen garelako”.

Aizan!ek eta Egizanek nola, EHBFk jarraitu du ezker abertzalea interpelatzen, eta fruituak eman ditu:  esaterako, Ernaik feminismoaren aldeko apustu politiko trinkoa egin du (posizionamenduan zein praktiketan), eta gazte mugimendutik sortu da Euskal Herriko Neska* Gazteak erakundea, Bilguneren egitura nazional/lokala errepikatu duena.

Emakumeen espetxe martxa feminista antolatu zuen Bilgunek 2017an./ EHBF

Emakumeen espetxe martxa feminista antolatu zuen Bilgunek 2017an./ EHBF

Atzean geratu da 80. hamarkadan gori-gorian egon zen militantzia bikoitzaren eztabaida eta feminista independentisten aurkako aurreiritzia: Euskal Nazio Askapen Mugimendua lehenesten zutela edota ezker abertzaleko gizonen menpe zeudela: “Frogatu dugu feminismoa beste mugimendu batzuetan zabaltzeko bide bat izan dela, eta ez alderantziz”, azpimarratu du EHBFko kideak. Bere autonomia berresteaz gain, mugimendu feministeko plataformetan indar handiko eragilea izan da Bilgunea: abortatzeko eskubidearen aldekoa, gerren aurkakoa, greba feministak eta Feministok Prest! mobilizazio nazionala antolatzekoak… “Euskal Herriko Mundu Martxako bultzatzaileetariko bat izan zen Bilgune. Ulertu zuen elkarrekin bidea egiten ez badugu, sistema oso malkartsua dela, eta gure kontra egingo duela. Sare horien ehuntzailea eta zaintzailea izan da”, nabarmendu du Oihana Etxebarrietak.

Mugimendu feministan euskararen normalizazioa bultzatzea izan da Bilguneren beste ekarpenetariko bat, baita euskal kulturan ikuspegi feminista duten sortzaileak eta ekoizpenak hauspotzea ere. “Lan inportantea egin dugu feminismoa euskaraz pentsatzeko, irudikatzeko eta idazteko. Horren fruituak igartzen dira literaturan edota bertsolaritzan”, gaineratu du Torrealdaik.

Zapalkuntza hirukoitzetik intersekzionalitatera 

Emakume langile euskalduna. Hiru aldiz zapaldua. Hiru aldiz errebelde.

Subjektu politiko argia izan zuen Euskal Feminismoak XX. mendean, Angela Davisen Emakumea, arraza eta klasea-k inspiratuta eta María Mercè Marçalen poema etengabe gogoan. Alabaina, mende berriak aurrera egin ahala, hiru baino hamaika botere sistema identifikatzeko beharra ikusi zuen Bilgune Feministak. Hala, zapalkuntzen diskurtsotik, pribilegioak onartzen dituen ikuspegi intersekzionalera igaro zen. Mugarriak egon badaude: 2009. urtean transfeminismoak astindu zuen feminismoaren subjektua eta, 2019an, feminista arrazializatuek eragin zuten eztanda Euskal Herriko mugimendu feministan. Edonola ere, Torrealdaik azpimarratu du “identitateen eztabaida ez dela diskurtsotik etorri, baizik eta praktikatik, Bilgune sortzen duten gorputzak oso anitzak direlako eta argi dagoelako guztiontzat askatzaile izango den herria eraikitzeko borroka asko kontuan hartu beharko dituela”.

Oñatiko ekitaldi politikoko irakurketan bereziki nabarmendu zen “zishetero araua eta generoa desobeditzeko” deia, eta “diskurtso transfobo sasi-feministen” gaitzespena. EHBFk erantzun du Ekainaren 28ko koordinadorek eskatutako posizio hartzeari: “Beharrezkoa da transfobia sutsuaren gorakadaren aurkako jarrera erakustea eta marra gorriak jartzea, gure betiko mantraren bidez: aliantzak sortu, desadostasunak adostu, eta borroka komunean egin”, azaldu du Torrealdaik.

Antiarrazismoari eta antikolonialismoari dagokionez, etxeko lanak hasiak zituen Bilguneak Salda Badago jardunaldietako “klak kolektiboa” gertatu zenean, Euskal Herriko Mundu Martxan konpartitutakoari esker. “Ez da bide erraza erakunde oso zuri bat dekolonizatzea; gizonak gehiengo diren mugimendu bat despatriarkalizatzearen neurrikoa da. Jarraitu behar dugu hausnartzen, mugiarazten, erresistentziei aurre egiten, iruditeria berriak sortzen, gure proiektua guztiontzat izan dadin”, onartu du Bilguneko  kideak. Besteak beste, barne prestaketa prozesua egin dute Munduko Emakumeak-Babeleko kideekin, praktika antiarrazistak sendotzeko eta migrazio politiken kontra kontzientzia hartzeko. Halaber, osatze feministari buruzko praktikak landu dituzte Abya Yalako feminista mayekin elkarlanean. Ibilbide hori ezagutzera eman dute Araka ditzagun gure bazterrak liburuan, EHBFk eta Emaginek LISIPE bilduma feministan argitaratu berri dutena.

Gauza asko aldatu dira, ez ordea beste batzuk. Aizan!-ek orain dela 40 urte erantzun behar izan zuen feminismoari izaera burgesa egozten zien gizon eta emakume ezkertiarrei, nahiz eta Euskal Feminismoak marxismoan duen bere iturburuetariko bat. Oñatiko Topagune Feministaren aurreko asteburuan, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak jardunaldiak antolatu zituen Hernanin, eta hizlariek tesi zahar horri eutsi zioten: hots, feminismoa oinarri liberala duen mugimendu “erreformista” dela, kapitalismoa bukatzeko asmorik ez duena eta, aldiz, sozialismoa dela zapalkuntza guztiekin bukatzeko bidea. EHBFaren koordinazio taldean ez dute diskurtso horren balorazio ofizialik egin, baina Oñatiko karpako pankarta erraldoiaren bidez erantzun zuten Maiatzaren 1an zabaldu zuten mezuarekin: “Feminismoa klase borroka da”.

Indarra badago

Bilgune Feministako kideak, greba feministari lotutako beren kanpaina laguntzeko egin duten argazki batean.

Bilgune Feministako kideak, greba feministari lotutako beren kanpaina laguntzeko egin duten argazki batean.

Klase-feminismo horren agendan pandemia osteko krisiari erantzutea da lehentasuna. Torraldaik onartu du azken urteotan zaintza sistemari buruzko analisi teorikoa egin duela mugimendu feministak, eta diskurtsoa lurreratzea dela egungo erronka, besteak beste, aliantzak sendotuz: pentsionistekin, zaintza sektoreetako langileekin, sindikatuekin eta baita instituzio barrutik sistema arrakalatzen saiatzen diren feministekin ere: “Borroka eremu instituzionaletik ere etorriko da: legeen bidez, gizarte zerbitzuetan aldaketak lortuz, udaletan dagoen potentzialitate feminista artikulatuz…”

Konfinamenduan ikuspegi feministaren premia argi geratu bazen ere, Covid-19aren krisiak gogor kolpatu du mugimendua. 2018-2019ko grebetan goratu zen olatu feministaren kontrako erreakzioak aprobetxatu du pandemiaren eragina: “Mundua gelditu genuen, mugi zedin. Orain gu gelditu nahi gaituzte, aurrera goazelako.”—irakurri zuten ekitaldi politikoan— “Aldatu dira harreman dinamikak, bileren formatuak, lehentasunak, erritmoak… Kriminalizazioek, bakartzeek eta krisi egoerek ere apaldu dute mugimendua. Baina inoiz baino beharrezkoagoa da eztanda egitea, elkar eutsi eta Euskal Herriari buelta ematea”.

Torrealdaik onartu du Bilgune Feministak ere pairatu duela jendartearen desmobilizazioa: “Jendeak gero eta modu indibidualizatuan ulertzen du praktika feminista. Guk argi daukagu era indibidualean eta kolektiboan borrokatu behar dugula, saretzea mantenduz, goteo lana eginez, apurka-apurka”. Bere ustez, grebetan metatutako indarra ez da desagertu; berpiztea da erronka, zaintza krisiari erantzun kolektiboa artikulatzeko.

Hori izan zen Oñatiko ekitaldi politikoan mezu nagusia: “Erraietatik azalera doa iraultza. Sistemaren ertz guztietatik borrokatu behar dugu. Askotariko bideak, erritmo desberdinak eta subjektu politiko anizkoitzen artikulazioa behar dugu. Bazterretan aliantzak sortu eta erdigunera bidali”.


 

Euskal feminismoaren genealogia

1974: Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde (EEBA) taldea jaio zen Baionan. Euskal feminismoa izeneko korrontearen zimenduak jarri zituen.

1978: EEBAko kideek eta beste zenbait independientek KAS Emakumeak sortu zuten, Koordinadora Abertzale Sozialistaren barruan. Euskal Herria independiente, sozialista, bateratu eta euskalduna sortzeko helburuari, “ez-patriarkala” gehitu zioten.

1981: KAS Emakumeak desagertu zenean, zenbait kidek Aizan! elkartea eratu zuten. Emakume langile abertzaleen antolakuntza autonomoa aldarrikatu zuten.

1988: Aizan!-eko emakumeek erabaki zuten berriro ere KAS-en egituraren barrutik eragiteko baldintzak ematen zirela, eta Egizan sortu zuten.

1998: Egizanek gidatutako Ezker abertzale feministarantz prozesua abian jarri zuen ezker abertzalearen zuzendaritzak. Testuinguru horretan, antolakuntza feministarako formula berri bat sortzeko beharra ikusi zuten. Mugimendu feminista Euskal Herri libre horren eraikuntzan subjektu politiko izan behar zuela aitortu zuten.

2001: Matxoaren 8an, berrehun bat emakumek Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz manifestua sinatu zuten. Abenduan Emakume Abertzaleen I. Topaketak antolatu zituzten Leitzen (Nafarroan). Emakume abertzaleen sare zabala berretsi zuten bertan, eta proiektu hori forma emango zion lantaldea eratu zen.

2002: Euskal Herriko Bilgune Feminista jaio zen.

 

*Euskal Herriko mugimenduak asteriskoa erabili izan du, emakume subjektu hori politikoa, zabala eta anizkoitza dela aditzera emateko.


Bilgune Feministak Pikaran publikatutako artikuluak:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba