“Egitura feminista bat behar dugu aurpegia ematen duten artistei laguntzeko”
La Furiarekin luze hitz egin dugu bere bizitzan presente dauden hamaika proiektu eta gairi buruz: Post-mortem bere laugarren diskoa, Mimosa Bulegoa, amatasuna, euskara, Shakira eta feministometroa.
Alberto Ruiz Gallardoni eskaini zion Aborto retroactivo abestiaren bidez egin zen ezaguna La Furia orain dela hamarkada bat, eta egun feministok tinko jarraitu behar dugu ultraeskuindarren erreforma maltzurren kontra egiten. BIRA Kulturan elkarrizketatu dugu Nerea Loron (Cascante, Nafarroa, 1983) jakin berri dugunean Gaztela eta Leongo gobernuak abortatu nahi duten emakumeak behartuko dituela umekiaren taupada entzutera.
Argitasuna eta samurtasuna inoiz baino presenteago daude Post-mortem bere disko berrian, baina raplari honentzat amorrutik idaztea da bere zauriak (eta gureak) sendatzeko modua.
Pandemia osteko disko gisa aurkeztu dute hedabideek Post-mortem.
Heriotzaren ondorengo bizitzari buruzkoa da. Disko honen gauzarik garrantzitsuena da balio izan didala erailtzeko nire baitan bizi ziren pertsona jakin batzuk; bereziki, hainbat garaitan abusuak eragin zizkidaten gizonak. Ausartak izan behar dugu, kakari aurpegira begiratu eta burua moztu. Ez badugu egiten, geure buruaz beste egingo dugu pixkanaka.
Pandemiari dagokionez, konfinamenduaz gozatu nuen, familia-une oso polit batean nengoelako, eta, hain zuzen ere, mina sendatzeko prozesu horretatik nentorrelako. Krak momentuak izan nituen: “Zer egingo dut nik orain, kontzerturik gabe?” Ba argirantz doan disko bat egin nuen. Mundua erortzen ari bazen ere, berpiztua sentitzen nintzen.
Solo un cuervon hurrengoa diozu: “Cinco mil razones para matarlos y aún nos queda la risa” [“Bost mila arrazoi haiek akatzeko, eta barrea geratzen zaigu oraindik”]. Nekagarria da amorrua adierazteko eskubidea dugula azaldu behar izatea?
Ez al da begi bistakoa? Benetan azaldu behar al dut hiltzen gaituztela, bortxatzen gaituztela, neskak familien barruan abusatzen dituztela, feminizidioak gertatzen direla mundu osoan…? Emakumeok hezten gaituzte xaloak izateko eta ez kexatzeko; beraz, indarkeria jasotzen dugu uzten diogunean irribarre egiteari eta zabor hori guztia onartzeari. Iraina eta estigma jasoko ditugu orduan: eroak garela, histerikoak, intentsoak. Dena den, esango nuke gozamenerako gaitasun handiagoa dugula amorrua legitimatu dugunok, eta beste sentimendu bat bezala bizi dugunok. Izan ere, makila ipurdian sartuta bizi bazara, amorrua ez adierazteaz gain, ezin izango duzu ozen barre egin ere. Nik dena ozen egin nahi dut.
Kode patriarkalak erreproduzitzea leporatuko zizuten maiz.
Pikararen meme horrek zioen bezala, “Patriarcado, el que tengo aquí colgado” [Patriarkatua, hankartean zintzilik daramadana]. Oraindik ez baduzue ulertu zer den autodefentsa feminista, berandu zabiltzate. Gauza bat da indarkeria erabiltzea eta beste bat eragiten diguten indarkeriari erantzutea.
Diskoaren nobedade bat da euskarak duen presentzia.
Nire abestietan islatzen dena baino gehiago erabiltzen dut egunerokoan. Oso erresistentzia istorio polita dut: txikitan, Cascanten, etarra deitzen zidaten euskarazko klaseetara joaten nintzelako; oso aurkako testuingurua zen. Sentitzen dut ez dudala maila nahikorik abestiak euskaraz idazteko [elkarrizketa hau ere gaztelaniaz egin dugu]. Saiatu naizenean, iruditu zait kaka zahar bat egiten ari naizela, baina azken diskoan nire buruari erantzun diot: “Saiatzeak on egiten badit eta zintzoa bada, zergatik ez dut egingo?” Gorroto dut ikustea musikaren mundu txiki honetan tekla jakin batzuk jotzen dituzunean ateak irekitzen zaizkizula. Oso presente dut euskararekin hori ez egitea, amorru handia ematen baitit feminismoarekin ikusten dudanean: alegia, bizitza salbatzen didan eta tripak zeharkatzen dizkidan hori beste batzuek instrumentalizatzea.
Emakumeen euskalduntzea oztopatzen duten hiru emozio aipatu nituen artikulu batean: autoexijentzia, errua eta lotsa.
Hala da. Gainera, testuingurua lagungarria izan daiteke edo ez. Jakina, indar handia egin behar dugu zapaldutako hizkuntza bizirik mantentzeko, baina ez dezagun isolatu bidean dagoen jendea. Jarrera hori sentitu dut eskolako beste familia batzuen aldetik: gurekin egon nahi ez izatea, haien umeek gaztelaniazko lau hitz entzun ez ditzaten. Gehienbat haurrekin eta adinekoekin hitz egiten dut euskaraz, ez bainaiz epaitua sentitzen. Donostiako egoitza batean lan egiten nuenean askatu nintzen, andre euskaldunekin berbetan.
Pediatriako larrialditatik heldu zinen zuzenean azken Hatortxu Festera. Hurrengoa idatzi zenuen Instagramen (gaztelaniaz): “Hau ez da amatasun erromantiko eta patriarkalari oda bat. Hau da oooosoooo nekatua dagoen queerbifemme bat esaten urte gehiegi daramatzadala ustez aliatua den jendearen kaka irensten”.
Horrela sentiarazten nauen jendearengandik urrundu naiz, baina sutan jartzen naiz epaiak heltzen zaizkidanean. Lehen nire feminitatea zegoen jomugan: eremu politizatu eta transfeministetan sentitu dut nire papera zela liraina izatea eta isilik egotea. Orain amatasunaren kontrako jarrera da, eta amorratzen nau. Alde batetik, gozoki pozoitsua jasotzen dugu gizarte patriarkalaren aldetik: ama izateak balio sozial handia du, baina sistemak behin eta berriro erasotzen gaitu, erruaren zama eraman behar dugu, ama besterik ez garela sentiarazten digute… Eta, bestalde, ama baldin bazara, puffff. Zuk hori dena sentitzen duzu denbora guztian. Egia esan, ez dut oso ondo ulertzen zein den ama izatearen arazoa. Zer du txarra?
Hitz egin dezagun orduan amatasunaren alde onez. Zure sormena suspertu du?
Ez horixe! Haurdunaldian triste nengoen, dena puta mierda bat iruditzen zitzaidan. Amak esaten zidanean “Goza ezazu, laztana”, pensatzen nuen: Zertaz zehazki? Goragaleez? Nire gorputza ez errekonozitzeaz? Gero, haurra jaio zenean, erabat hipnotizatuta nengoen, samurtasunez erotuta. Esan nion neure buruari: “Haurtxoa hazi besterik ez dut egin nahi”. Nire zaurien ondorioz, umea zaindu nahi nuen etengabe, bere babesa izan, inork minik egin ez ziezaion eta oso zoriontsua izan zedin. Ama abestiaren estribilloa oso sinplea da, nire haurrari abesten nion, eta diskoan sartzea erabaki nuen, txotxolokeria galanta bada ere. Begira, egia da kantuak inprobisatzen hasi naizela haurrarekin jolasean, eta izugarri ondo pasatzen dudala. Orain arte ez nuen rapa inprobisatzen, idatzi egiten nuen. Seguruenik izango da epaitzen ez zaituen eta baldintza gabe maite zaituen (oraingoz, behintzat!) norbait delako.
Indibidualismoa eta heldukeria nagusi diren jendarte honetan, zer ematen dizu haurrekin harremanetan egoteak?
Beti izan dut harremana, gizarte-hezitzailea naizelako eta adingabeen zentroetan lan egin dudalako. Izaki zoragarriak iruditzen zaizkit, egia hutsa direlako, animaliak bezala. Haien behar bakarra ondo egotea da. Haserre daudenean, gehien-gehienetan mimoak behar dituztelako da. Polita da hori! Oso sendagarria egiten zait umeak zaintzea, mundua garbi ikusten dutelako.
Haurdun ikusi zaitugu oholtzan, eta baita Rebeca Lane, Mad Muasel, edota Tremenda Jauriako Julia ere. Irudi horrek ahalduntzea transmititzen du, baina prekarietatea eta nekea ezkutatzen ditu?
Izan daiteke ala ez, pertsonaren arabera eta bere inguruaren arabera. Gure bideak ez dira errazak, haurdun egon ala ez. Nire kasuan, kontzertuak egiteko etaparik gogorrena haurdunaldiaren hasieran izan zen, tripa nabaritzen ez zenean. Eszenatokira igotzen nintzen nire lana delako eta egin behar dudalako, baina oso txarto sentitzen nintzen, antsietate krisiak izan nituen, eta Larrialdietatik deitu behar izan nuen noizbait kontzertua bertan behera uzteko. Aldiz, asko gozatu nuen azken kontzertua, zortzi hilabeteko haurdun nengoela, Sanferminetan, sei mila lagunen aurrean. Presioengandik libre nengoen eta jainkosa sentitzen nintzen: indartsua, ahaltsua. Bihotz bat egiteko gai nintzen, kolega!
Artista feministak ordezkatzeko agentzia bat sortu zenuen orduan: Mimosa Bulegoa.
2016tik ari naiz lagunei boloak antolatzen, baina emakumeoi kostatu egiten zaigu gure buruari tituluak jartzea. Orduan, Rebeca Lanek esan zidan: “Furi, nire managerra zara Estatu espainiarrean, eta ordaindu nahi dizut, Alemanian eramaten nauen señoroak dirutza irabazten duela ikusita, eta zuk hark baino lan bikoitza egiten duzu!”. Marta nire lankide maitearekin egin nuen topo BIME batean [musikaren industriaren jaialdia]. Industriako jende hori entzuten ari ginela, elkarri begiratu genion eta esan genuen: “A ze kaka zaharra!” Hausnartu nuen talde feminista asko dagoela, baina betiko logika nazkagarriak dituzten señoroek ekoizten dituztela. Bereziki gorroto ditut azkazal beltzak daramatzatenak eta “konpa” esaten dutenak. Aldiz, ni Baga Bigarekin oso gustura nago orain, gizonak badira ere. BIME horren ondoren erabaki nuen boloak antolatzen jarraituko nuela, baina Martarekin batera, eta bulegoari izena jarriko geniola.
Urdin Elektrikora etorri diren bakarlari gehienen kasuan ikusi dut zuk aipatutako joera: gizon instrumentista eta ekoizleez inguratuta dauden bakarlari feministak. Zein da emakumeak kontratatzeko oztopoa?
Historiako lehen rap diskoa 70. hamarkadan argitaratu zuten; emakumeek argitaratutako lehena, aldiz, 80. hamarkadan. Hamar urte gehiago behar ditugu tokietara iristeko, gizona bazara igogailuaren kristalezko atetxoa sentsore baten bidez irekitzen zaizulako; guk, berriz, gazteluko atea aurkitu behar dugu, ostikoka leherrarazi, hori egiten lagunduko gaituzten aliatuak bilatu, eta hor barruan lekua izan dezakegula sinetsi. Emakume instrumentista edo DJ gutxiago daude, eta daudenak ez ditugu ezagutzen, haien lana ikusezin bihurtzen delako. Horrez gain, bizitza konplikatuagoak izaten jarraitzen dugu. Ni emakumeez inguratzen saiatzen naiz, baina baita harreman afektiboak ditudan jendeaz ere. Gizon batekin sartzen naiz estudiora instrumentalak egitera, eta ez dut ezergatik aldatzen, hizkuntza partekatu magikoa baitugu.
Emakume gehienoi kostatzen zaigu gure lanari prezioa jartzea. Imajinatzen dut artista feministen katxea izugarri igo dela Mimosa Bulegoari esker.
Bero-bero jartzen nau haientzat dirua eskatzeak, justizia sentsazio batek mugitzen nauelako: prekarietatetik atera nahi ditudalako eta esateko dutena eraldatzailea delako, jende guztiak ikusi behar duelako. Baina, horretarako, utzi behar diote antsietatearekin bizitzeari hilaren amaierara ez heltzeko beldurragatik, edo kezkatuta udal madarikatu batek oraindik ordaindu ez dielako. Norbaitek borrokatu behar ditu halakoak. Egitura feminista bat behar da aurpegia ematen ari diren artistei laguntzeko, eta nik hor atzean egon nahi dut.
Nola fitxatzen dituzu artistak?
Jendearekin maitemintzen naiz, eta hori da bulego guztietan gertatzen dena; arazoa da gero desmaitemindu egiten direla. Oso harreman estua sortzen da, jendeak gure esku jartzen dituelako haien artea, sorkuntza eta dirua. Beraz, benetako zaintza harremana izan behar dugu, umiltasun handikoa. Gu ere ikasten ari gara, nahiz eta beste alor batzuetan esperientzia handia daukagun. Fokuaren aurrean egoteak balio dit atzeko lana ondo egiteko, zer eskatu behar den jakiteko. Oso ahaztuta dagoen mundu bati erreparatzen diot, berdintasun-teknikarienari, aberastasuna birbanatu dezaketen feministak direlako.
Berdintasun teknikarien harira, ahalduntze-eskoletako rap tailerrei buruz galdetu nahi dizut. Zer moduz?
Esperientzia zoragarriak izan dira, elkarlaguntza talde bihurtu zirelako. Oso prozesu politen lekuko izan naiz: esaterako, etxean bizi duena indarkeria matxista dela onartu zuen neska batek, transa zela konturatu zen beste mutil bat… Rapa aitzakia zen, bizitza horiek beste modu batera akonpainatzea baitzen helburu nagusia.
Zer iruditzen zaizkizu hainbeste mutilek Youtuben jarraitzen dituzten oilar-gudu horiek? Berri ona al da espazio horietan neskaren bat nabarmentzea?
Oilar-guduek zentzu handia dute jaio ziren testuinguruan, Bronxen, 70. hamarkadan: bandetan sartu ordez, rapeatzen eta hitzekin trebetasunak lantzen hasi ziren mutilek (batez ere) sortu zuten. Hori itzela da, eta ahaztu egiten dugu oilar-guduen kontra egiten dugunean, gure begiradatik, supermatxistak direlako. Ikusten ditudanean lau tipo zuri-hetero bestearen ama iraintzen, bizirik erreko nituzke. Jatorria ezagutzen ez badugu, I’m feminist jartzen duen Zararen kamiseta bat erostea bezalakoa da. Ona al da hor neska gehiago egotea? Bai, noski. Neskak egon behar dira leku guztietan, baina badakigu rapean aitortza duten emakume asko maskulinizatu egin direla, baina ez kuirrak direlako, baizik eta “beraietako bat” izan nahi dutelako. Pila bat miresten nuen emakumezko raplari baten kontzertura joan nintzen, eta, bat-batean, minigona daramaten neskekin sartzen ari zen. Barkatu? Banoa hemendik.
Nola sentitzen zara egun feminismoa modan dagoela ikusita?
Alde batetik, bikain iruditzen zait feminismoa demokratizatzea eta jende gehiagorengana iristea. Bestalde, badakigu (raparekin gertatu da) sistema kapitalista patriarkala hor dagoela eslogana hartzeko, edukiz husteko eta kamiseta bat saltzeko. Fantasia bat iruditzen zait neskei lotsa ez emateak feministak direla esateak, niri garai batean lotsa ematen baitzidan amarekin Tuterako Martxoaren 8ko manifestaziora joateak. Denbora luzez, raparen munduan entzun behar izan dut ni ez nintzela raplaria feminista nintzelako. Lehen ostikada ematen zidaten raplari berberek orain bere burua feminista gisa saltzen dute. Aurrekoa egiten jarraituko dut nik: egiatik sortzen eta bide errazean ez erortzen.
Zer iruditu zaizu Shakiraren abestiari buruzko polemika eta komunikatzaile feministok gure analisia egin izana?
Hasteko, Shakira beti izan da gurea. Ez digute Madonna kenduko eta ez digute Shakira kenduko. Bestetik, nork entzuten du underground-a bakarrik? Beste kontu bat da doktore-tesi bat egitea Shakiraren jarrera politikoari buruz. Aspergarria da hori! Poztuko nintzateke Judith Butler irakurri ez duen hamabost urteko neska bat diskotekara joaten bada eta mantra bat bezala abesten badu: Las mujeres ya no lloran, las mujeres facturan.
Mimosa Bulegoarekin!
Bai, gure leloa izan liteke! Tamalez, emakumeok jarraituko dugu txiki egin nahi gaituzten tontolapikoen erruz negar egiten. Gehiago fakturatzea bada helburu bat, soldata arrakala murrizteko. Gehien txalotu nuen memean neska prekario bat ateratzen zen, bankuan hiru euro izan arren, Dilo, reina! esaten zuena. Shakira abeslaria da, abestiak egiten ditu. Gustuko dut egoera horretan mundu osoari gogorarazi izana nor den Shakira, la puta Shakira! Eta pozten nau bere adineko andre batek egun batean halako arrakasta lortzeak. Ahizpatasunari dagokionez, futbol izar kirten horrekin monogamia akordioa zuen, eta adarrak ipini zizkion mundu osoaren aurrean. Benetan eskatuko diogu Shakirari beste emakumearekin zuzen jokatzeko? Ba ez, horrelakoetan ez dugu zuzen jokatzen.
Rigoberta Bandinik oso ondo adierazi zuen abestiei pedagogia feminista exijitzearen arazoa: “Esan nahi nuen nire amak salda duela hozkailuan, ez amek salda izan behar dutela hozkailuan”.
Nik Rigobertaren alde egin nuen, eta esan nion neure buruari: “Eskerrak ez naizen horren ezaguna, bestela Amarekin egurtu egingo ninduten”. Gai batek zeharkatzen zaituenean, ezin zara zuzentasunaren bila ibili. Ikusten dut zenbait taldek oso neurtua dutela zeri buruz abestu behar duten feministak izateko. Guay, e? Neskek entzuten dituzte eta Shakirarena baino politikoagoa da haien musika, baina niri gehiago iristen zait hain perfektua ez dena, zuzenegia bada ez baita egiazkoa. Abestiak erraietatik egiten dira.
Nahi duzun tokian zaude zu? Arrakasta gehiago izan nahiko zenuke?
Egon nahi dudan lekuan nago, inork ez didalako esaten zer egin behar dudan, nire taldearen konfiantza eta babesa dudalako. Nahi dudan bezala nago eszenatokian: bakarrik hasi nintzen eta orain lau neska gara oholtzan (DJa eta bi dantzari). Gustatuko litzaidake diruaz ez arduratzea, baina ez dut aberatsa izan nahi. Gu guztiok lurperatzeko moduko dirutza baduzu, lapurtzen ari zaren seinale. Egiten ditudan gauzak jende askorengana iristea eta toki jakin batzuetan abestea gustatuko litzaidake, baina arrakastaren oso irakurketa txungoa inposatu da, eta min handia eragiten digu. Horren aurka borrokatu eta terapia asko egin behar duzu. Astero erabakitzen dut ogibide hau uztea. Nire bidea dortokena bezalakoa da; maite ditut dortokak. Ke-bonba txiki pila bat agertzen zaizkit aurrean, baina ez diet kasurik egiten. Oso harro nago nire buruaz.
Ainara LeGardonen esaldi bat errepikatzen dugu Urdin Elektrikoan: ikusgarritasuna borrokatu beharrean, autoritatea parteka dezagun. Nor interesatzen zaizu musika-eszenan?
Ekiñe Arrasateko punk kantautorea da, feminista da, eta eszenatokian jartzeko eta abesteko modu ederra du. Aiert Alberdi, 17 urteko oñatiarra, epaimahaikide izan naizen musika lehiaketa batean deskubritu dut: bizipoza eta egia transmititzen ditu. Gustuko dut Olor, teknopunk marika egiten duena, eta baita Perlata Punk ere. Flipatzen dut ANADIE izeneko txabala baten rapeatzeko moduarekin eta egiten dituen instrumentalekin; Elvirusen bidez ezagutu nuen. Bide batez, Elvirusek estadioak bete beharko lituzke.
Gehiago irakurri: