Romoko ibar nagusien etxea, zahartze aktibistaren eredu

Romoko ibar nagusien etxea, zahartze aktibistaren eredu

Romon bazen espazio bat non andre-gizon zaharrek lagunduta, zainduta, ahostun eta entzunak sentitzen ziren, non beraiek diseinatzen zituzten jarduerak, beraiek banatzen espazioak eta denborak. Beraiek apaindu, beren eskuez margotu, etxea zaintzen den maitasunez zaindutako espazioa, alegia. Lorategia ikusi besterik ez zegoen, zenbat landare, zenbat horma-irudi, zenbat kolore, bizia nonahi. Abesbatzaren kantuak entzuten ziren, kaioak, kafearen inguruko elkarrizketak. Orain hori guztia orube hesitua da, amets eraitsiak azpiratu dituzten hondakinez betea.

22/03/2023

Argazkia: Ibar Nagusien Etxea

Artikulu hau lau eskuk idatzi dute, bi esku zimurtuk eta oraindik zimurrik ez duten beste bik, azken bi hilabeteak Romoko Lope de Vega 12ko eraikinak eraistearen aurka elkarrekin borrokatu diren lau eskuk. Eraikinak auzoko ondare historikoa eta kulturala ez ezik, Romoko andre-gizon zahar askoren erreferentziazko lekua ere baziren.

Zaharrak asko eta askotarikoak dira, bai, baita aro hori bizitzeko moduak ere, gure ustez. Erretiroa hartu ostean urte luzez bizi den jende piloa dago, ezaugarriz, adin-tartez zein afektu eta desiraz beteriko gorputz ezberdin ugari. Mihise ederra sortzen dute, aberastasun, indar eta aukeratan zein min eta gaixotasunetan oparoa. Unibertso oso bat, zaharrak ikusezin, bazterreko, zama sexugabe eta zaurgarri bihurtzen dituzten estereotipo negatiboez harago doana. Horregatik guztiarengatik, zaharrez, zahartzaroez, hitz egingo dugu hemen.
Jendarte liberalek hamarkadak daramatzate jendarte zahartuak azaleratzen dizkien erronkei zelan aurre egin asmatu guran, eta aurkitu dute kapitalismoa elikatzen jarraitzeko gakoa: zaharrak, zahartzaroa mozkin bihurtu eta kito (aisia, industria kosmetikoa eta farmazeutikoa, lankidetza publiko-pribatua zaintzen munduan, Silver Economy…).

Zahartzaroan pertsona askok bide berriak urratu gura izaten dituzte, irudimenez, elkartasunez, sormenez eta ekintza sozialaz jendarte trinko, uztartu eta justuagoan zahar izateko bestelako modu batzuk eraikitzeko. Baina, zer gertatzen da behetik freskura handiko proiektuak, ezarritakotik ezberdinak, sortzen direnean? Zer gertatzen da proiektu horietatik agintaritzaren aurkako kritikak pizten direnean? Zer gertatzen da autogestiotik eskubideak aldarrikatzeko plataformetara igarotzen direnean? Argi dago: ez dira komeni eta traba egiten dute. Horregatik, suntsitu egiten dituzte, Romon egin duten bezala.

Lope de Vega 12ko eraikinak eraistea: ondarea eta ametsak hondatzea

Romon, Getxoko langile-auzoan, 2023ko otsailaren 14a ez zen egun arrunta izan. Hotz egiten zuen eta egunsentiak erretina kolektiboan luzaro iltzatuta geratuko zaizkigun irudiekin harritu gintuen, ez guztiz, baina: garabiak, furgonetak eskoltaz, polizia-hedapen sinestezina auzoan, protestak, atxiloketak.

Berokiak, txanoak, eskularruak; begirada zurtuak, larritasuna, atsekabea; emozioei eusteko ahaleginak eta malkoren bat edo beste irristatzen. Isiltasun izugarria eta protesta, amorru eta ezintasun oihuak tarteka. Udalaren mehatxuak gauzatzen ari ziren. Espero eta susmatzen zena lotsagabe agertzen ari zen: hamar urtez borroka nekaezina, itxaropentsua egin arren, zergatik ez, ezta? Elkarteko bazkideen eta auzoan aurka zegoen jende askoren borroka. Piztia esnatu zen eta eraisketa aurrean genuen. Bai, eraikin enblematiko eta historikoen amaieraren hasiera zen, elizarekin eta etxe merke esaten zaienekin batera, auzoari nortasuna ematen zioten gutxietako bat. Arrazoi batzuengatik zein beste batzuengatik, auzokide askok lotura fisikoa, bisuala, emozionala zuten eraikinarekin.

2022ko abuztuan, Getxoko udalbatzak Ibar Nagusien Etxea hutsarazi zuen, han 35 urte zeramaten andre-gizon zaharren elkartea ateraz. Bingoan jokatzera, kafea hartzera, egunkaria irakurtzera, hitz egitera, gimnasia egitera, pintatzera edo, besterik gabe, begira egotera biltzen ziren hara. Bakoitza nahi zuenean joateko lekua zen, jarduera edo hitzaldi batera, egotera, partekatzera, lorategiaz gozatzera. Oso leku koloretsua, esku zimurtuek margotua, bizi-bizia. Landarez eta maitasunez beteriko lekua.

Getxoko udalbatzak (EAJ-PSE) proiektu bat baino gehiago proposatu ditu eraikin horiek ordezteko. Azkenean “belaunaldien arteko” hitzaz makilatutako proiektua fabrikatu dute, Europako funtsak eskuratzeko. Romo auzoarentzat erreferentzia-gunea zena, non pertsonek elkarbizitza eta zaintza zelan antolatu erabakitzen zuten, belaunaldien arteko elkarbizitza berezkoa zuen proiektua hondatzeko.

Berehala eraitsiko zutela jakinda, elkarteak epaitegira jo zuen, eragozten saiatzeko. Udako oporren sasoian, iazko abuztuan, eraikinak hustu ziren, eta epaile batek eraistea eteteko kautelazko neurriak ezarri zituen, epai irmorik izan arte. Urtarrilean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak neurri horiek kendu zituen eta eraisteko bidea libre utzi zuen. Elkarteak Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuen orduan. Orain, auzitegi horren ebazpenik gabe, eta auzi bat martxan egon arren, Aldundiak eraistearekin aurrera egitea erabaki zuen enpresa-azpiegiturak kudeatzen dituen Azpiegiturak enpresa publikoaren bidez, gehiago itxaron gabe. Harrigarria.

Gazteak eta zaharrak eustera atera ziren, eraiste lanetara gerturatzea eragozteko jarri zen polizia-lerroraino. Ertzaintzak indarkeriaz eta neurrigabe erantzun zuen eta egoera izugarriak sortu zituen: beltzak Manuela airean eroaten, urte luzez saihestezina saihesteko borrokatu den emakumea. Minutu gutxira, beste ertzain batek borraz jo zuen Maite izeneko emakumea, izerditako berdez jantzia. Biak hirurogeita hamarretan sartuta. Gazte batzuk arrastaka eroan zituzten, eta neska bat atxilotu.
Antzera joan ziren hurrengo egunak ere: polizia-lerroak, arrazoirik gabeko identifikazioak, hertsatzeak, mehatxuak.

Haserrea eta sumina lehertu ziren auzoko plazan eta kaleetan: gero eta jende gehiago ari zen batzen Ibar Nagusien Etxearen bazkideek duela bi urte hasi zuten gurpilera, eguerdiko 12etan, Argentinako maiatzeko plazako amen antzera; batzarrak arratsaldero, manifestazioak herriko kaleetan, salaketa-kartelak. Auzo-borroka geldiezina zen.

Ez zen eraikin huts bat, materialak bata bestearen gainean jarrita, diseinu zehatz batekoa. Eraikinetan gorputzak, bizipenak, usainak, ahotsak, zaporeak, xuxurlak izaten dira. Oroimena azalean itsasten zaie.

Udalbatzak erreparatu dio uneren batean zer sentitzen duten eraikin horri loturiko pertsonek, txikitatik han ibili direnek, beraiekin batera zahartzen ikusi dutenek, egunero, paseatzen, erosketak egiten, leihora ateratzean, askorentzat erreferentzia izan den eraikina izanik? Zergatik ez du Udaleko gobernu taldeak bere egoitza-megaproiektua Ibar Nagusi elkarteak eskainitako lekuetako batean egin? Zergatik ez dute erantzun? Garbi geratu da kasu horretan, beste askotan bezala, eraitsi/eraiki ekuazioak ematen dien mozkin ekonomikoa Romoko zaharren ametsen, desioen eta proiektuen gainetik dagoela.

Belaunaldien arteko proiektu berria, hitzen erabilpen maltzurra

Getxoko udalbatzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Belaunaldien arteko zentroa’ eraikitzeko asmoa du, II eta III graduko mendetasuna duten pertsonentzat, eta gazteentzako 40 zuzkidura-apartamentu, aldi baterako eta txandaka alokatzeko. Inolako lotsa eta ardurarik gabe, beraien botoemaileak liluratzeko, “belaunaldien arteko zentro” izendatu dute proiektu berria. Kontzeptu berriak, modakoak, manipulatzen dituzte, pandemia garaian egoitzetan agerian geratu den izugarrikeriaren ostean, Herbehereetako eredu baten kopia omen den produktu bat eskaintzeko.

Zehaztasunetara eta proiektu horren azterketa xehetura sartu barik, gure galdera da ea benetan merezi zuen auzokideen elkarzaintza ardatz zuen eta bizirik zegoen beste bat eraitsi eta zapaltzea, eskaintzen zituen harreman-sareak eta jarduerak kontutan hartuta. Espazio irisgarria eta ezinbestekoa, higadura fisikoari eta kognitiboari aurrea hartzeko, hautatu gabeko bakardadearen aurka borrokatzeko.

Argazkia: Ibar Nagusien Etxea

Konpentsatzeko, eraikinaren barruan 280m2 eskaini dute. Eraitsi duten eraikinak, ordea, azalera handia zuen: aretoak, jatetxea, kafetegia eta lorategia beheko solairuan; biblioteka, joko-aretoa, gimnasioa eeta bilera-aretoa lehen solairuan eta, gainera, oso egoera oneko apartamentuak, udaleko arduradunek itxi eta han bizi ziren pertsonak kanporatu zituen arren. Gusto txarreko txantxa dirudi.

Azken finean, eraitsi eta eraikitzeko obsesioa sumatzen da, instantzia askotatik aholkatzen dutenez, berreraikitzea delako herrien memoria iraunkorrena, merkeena eta kontserbatzaileena lortzeko bidea. Kontuan hartuta, gainera, Arkitektoen Euskal Herriko Elkargoko Ondare-batzordearen txosten batean espresuki birgaitzea gomendatzen zela eraikinak zituen ezaugarriengatik: sendotasuna, kalitate oneko materialak eta eman nahi zitzaizkion erabilpenetarako baldintza egokiak.

Erakundeen inposizioa eta tratu txarra

Inposizioz, agintekeriaz eta herritarrei ez entzunez jokatu dute gertakari honetan. Baina, batez ere, Romoko andre-gizon zaharrak erakundeek, hedabideek eta poliziak txarto tratatu dituela azpimarratuko dugu. Tratu txarrak dira ez entzutea, inposizioa, ez errespetatzea, eragile izatea ukatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru instituziok, Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, entzungor egin diete eskari, mozio eta agerraldi guztiei; EAJ-PSE gobernu-koalizioak ez du gutxiengoei entzuteko inolako ahaleginik egiten, eta bide laburreko printzipio demokratikotzat dute, ikus daitekeen bezala. Auzoa mobilizatzen ikusi dute batere enpatiarik adierazi gabe. Auzokideek herri bozketa batean baino gehiagotan aurka daudela erakutsi arren, eraikinak eraitsi dituzte, gehiengo politikoan babestuta, herriak botoa beraiei eman ziela esanez. Errespetu falta da hori, tratu txarra da hori.

Tarte horretan Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideak behin eta berriro joan dira Getxoko udalbatzaren saioetan eraisketa salatzera. Behin eta berriro aitzakiak entzun dituzte, isilarazteko saiakerak, badutela nora joan esanez. Zahartze aktiborako zinegotzi Arantza Ricak sarri erantzun du aukerak eskaini zaizkiela eta Getxoko Udala zahartze aktiboaren alde lanean ari dela. Zahartze aktibo zurruna, eraikin gris eta altuetan itxia, ordutegi zehatzetan. Ezarritako mugetatik irtengo ez den zahartze aktiboa. Kontrolpeko zahartze aktiboa. Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek behin eta berriz entzun behar izan dituzte hitz huts horiek, ametsak suntsituko zizkieten eguna gero eta gertuago zutela.

Hain da susmagarria boterea aldibakarreko erabaki totalitarioetatik baliatzeko modu hori, ahots ezberdinak entzuteko gogotik hain urrun dagoena! Neoliberalismorik anker eta gordinenaren kudeatzaileek gobernatzen gaituzte; dena da merkatu-balio, mozkin-gose. Dena zapuzten dute, auzoak, herriak, hiriak espekulazio-gai bihurtuz, barrenak, hots, historia, memoria kolektiboa erauzi behar badizkiete ere. Emaitza mingarria eta gupida bakoa da erabat: bizikidetza-espazio gatz gabeak, nortasunik eta identitaterik gabeak, denak berdinak.

Hedabideei dagokienez, borrokaldi honetan guztian batzuek gaztelaniaz “Hogar del jubilado” erabili dute eraikin horiek izendatzeko, espazioaren dibertsitatea adierazten ez duen termino anakronikoa. Oso gutxitan azaldu da eraikinen ondare-balioa, elkartearen autogestio-funtzionamendua… “Hogar del jubilado” esanez, urteetako borroka, autogestio-eredu bikaina sinpletu eta infantilizatu dituzte, eta Romoko nagusiek ez dute gura errotu diren lekutik bota ditzaten, eta ez dira gobernu taldeak eskaintzen dienarekin konformatzen. Jakina, ez dute apurrik nahi, eskaintzen zaienak hegoak ebakitzen dizkielako, sormena mugatzen, leku batean ixten eta autogestioa mozten..

Azpimarratu nahi dugu Hiruka tokiko komunikabideak gertutik jarraitu duela, eta gatazka hori nabarmendu duela azkenaldian. Eskertzekoa da zorrozki landu izana, agian horregatik ez dira polizien indarkeriatik libratu beraiek ere. Agian, horregatik, Ertzainburuak, Hirukako langileak kazetari-agiria erakutsi ostean, jo eta gertakariak grabatzen ari zen sakelakoaren pantala apurtu zion. Nabarmentzekoa da.

Agintarien erretorika zahartzarorako politiketan

Amarru erabatekoa, labetik atera berri diren ogi usain onekoak bezalako dokumentu, ekimen, lerroburu askorekin bat datorrena… zeinek ez eman amore? Hain da ederra dena: zaintza-ereduak aldatzea, gobernantza partekatua, adinekoen elkarteetan parte hartzea, proiektu pilotu aitzindari berriak… dena sinatzen dugu.

Erretorika boteretik bere errealitateak inposatzeko erabiltzen den hizkuntza bada, adituak dira. Denak dira hitz leungarriak eta itxurakeria formalak, praktika politikoan aurkakoa direnean: inposizioa eta indarkeria.

Lerro estrategiko handiak askotariko instantzietatik helduta, OMEtik zein estatuko, autonomia erkidegoko eta tokiko gobernuetatik. 60 urtetik gorako gero eta jende gehiago dago barren! Zergatik ez, orduan negozio-aukeren bidea jorratu, ortzimugan hori ageri bada? Lankidetza publiko-pribatuak azpikontratatzearen eta mesedekeriaren makineria jartzen du martxan botere politikotik enpresa-elite batzuen mozkinak elikatzeko adin-tarte horretara bideratutako gizarte-politiken diskurtsoarekin.

Erantzuna EAEn ‘Gobernantza adinekoekin partekatzeko euskal estrategia’ esaten diotena da, Agenda Nagusi bezalako plataformak sortuz, non parte hartzeaz, lankidetzaz edota entzuteaz hitz egiten den. Tokiko esparruan Getxo lagunkoia sortu dute, jada gure biztanleen herena diren 60 urtetik gorakoen osasun-, partaidetza- eta segurtasun-aukerak sustatu eta optimizatuko dituen udalerria eraiki nahi duen ekimena”. Ekimen hori adinekoekin abegikorrak diren Hirien Nazioarteko Sarean sartzen da, OMEk sustatu eta gure testuingurura Eusko Jaurlaritzak egokitu duena Euskadi Lagunkoia Sustraietatik proiektuaren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia lurralde lagunkoia adin guztiekin proiektuaren bidez. Udalerriko elkarte askorekin egindako bilera ugaritan adineko pertsonak izan ditzaketen arazoei buruzko ekimenak abian jartzen saiatu arren, ez da emaitzarik lortu aurrekonturik eta borondate politikorik ez zegoelako, argi eta garbi. Une hauetan ez du ezer egiten, baina jarraitzen du marka polit modura irauten.

Zahartze aktiboa eta zahartze aktibista

OMEk 2002an “zahartze aktiboa” kontzeptua argitaratu zuen, eta dagoeneko lelo bihurtu dute erakundeek. Geroago, hainbat herritako gobernuk Zahartzaro Osasungarriaren Hamarkada (2021-2030) sustatu zuten: gobernuak, gizarte zibila, nazioarteko erakundeak, hedabideak eta sektore pribatua hamar urteko ekintza itundu, katalizatzaile eta lankidetzazkoen inguruan batzeko aukera eskaintzen du adineko pertsonak, beren familiak eta bizi diren komunitateak hobeto bizi daitezen.

Testuinguru horretan sortu dira Zahartze Aktiborako zinegotziak. Jarduerak antolatu eta hitzaldiak eskaintzen dira, baina horrek ez du ziurtatzen zahartze aktiboa. Erakundeetatik, diru publikoarekin diseinatutako jarduera-ideia horrek, agian, gauzak egiteko, ahalduntzeko ilusioa piztu lezake, baina, aldi berean, askotan ez die parte hartze eta sormen indibidualen eta kolektiboen balioa sustatzen duten beste proiektu batzuei lekurik uzten.

Badira proiektu originalak, auzokoak, bateratzaileak eta autogestionatuak, non boterea zalantzan jartzen den eta gauzak aldatu nahi diren; non eskubideen alde borrokatzen den eta, gainera, gertuko ingurunean harreman- eta harrera-sareak eratzen diren. Ez dira otzanak.

Erakundeen ereduaren ordez, guk bestelako baten alde egiten dugu, behetik sortua, auzoetan errotua, non adinekoak izango diren eragile sozialak, proiektuak, komunitatea, elkarrekin sortuz, autoestimua sustatuz eta hautatu gabeko bakardadeari aurre eginez. Hori, guretzat, Zahartze Aktibista da.

Hori guztia eta gehiago da Romoko Ibar Nagusien Etxea. Bazkideek gura dutenez, elkarteak jarraituko du. Galdera da ea lehengo izpiriturik izango duen, espazioek baldintzatuta. Batzuk saiatzen dira Lope de Vega kaletik ez igarotzen, eraikinik gabe ez ikusteko, eta beste batzuk egunero biltzen dira 12etako gurpilean elkar ikusteko, borrokan jarraitzeko eta elkartzeaz gozatzeko. Badira eraikinak zutik dirautela amesten dutenak, eta hondakinez beteriko orubera sartzen direnak, landareren bat oraindik bizirik dagoen ikustera (ez dago batere). Martxoaren 12an Romok erritual kolektiboa ospatu zuen eraikinak agurtzeko. Auzoko gazteak eta nagusiak beltzez jantzi ziren, eta oroitzapenak idatzi zituzten orritxoetan, argazkiak eroan, poemak eta testuak irakurri zituzten… Oihu egin zuten, barre egin zuten, negar egin zuten. Ibar Nagusiko bazkide asko ilaran zain egon ziren etxe izan duten leku horren hondakinetatik banatzen dituen hesian azken hitzak uzteko. Orain berrasmatzea dagokie, zailtasunei aurre egitea, oztopoak gainditzea. Ukituta daude, baina ez hondoa jota. Ametsetan jarraitzea, eta amets horietarako bideak marrazten jarraitzea.

 


Kazetariaren oharra:“Zahar” hitza erabiliko dugu artikulu guztietan zehar, feminismotik egin diren hainbat lanei jarraiki (Mari Luz Esteban, Ana Freixas eta Irati Mogollon, besteak beste), hitzaren aldarrikapena defendatzeko. Gainera, Romoko auzo-asanbladan Ibar Nagusien Etxeko kide batzuk adierazi ziguten nahiago zutela termino hori erabiltzea.


Irakurri gehiago euskaraz:

Download PDF
Etiquetas: ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba