Ez errepikatzeko bermeak… familian?

Ez errepikatzeko bermeak… familian?

Gatazka armatuen konponbideetan hain ohikoak diren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak ezinbestekoak dira haurtzaroko sexu abusuen kasuetan ere, baina posible al da hori familien barruan?

19/04/2023
Ilustradora: Carol Caicedo

Ilustrazioa: Carol Caicedo

Haurtzaroko sexu abusuei buruzko zutabe bat idazteko eskatu didate, eta ekarpenen bat nondik eginen, oharkabean etorri zait gogora Euskal Herriko Foro Sozial Iraunkorreko genero lantaldeak 2019ko Euskal Herriko Jardunaldi Feministetarako justizia feministari buruz egindako gogoeta. Euskal gatazkaren testuingurutik abiatutakoa baita, baina arlo anitzetarako balio baitu. Mugimendu feministak anitzetan egin bezala, izan ere, justizia patriarkal eta zogortzaileari egiten dio kritika, eta bertzelako alorretan jartzen du arreta: bertzeak bertze gatazka armatuen konponbideetan hain ohikoak diren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeetan.

Kontzeptuok funtsezkoak iruditzen zaizkit oro har emakumeok jasaten dugun indarkerietan, baina are gehiago —konplexutasuna ikusirik— haurtzaroan bizitako sexu abusuetan. Izan ere, halako kasu gehienetan nekez egin daiteke frogetan oinarritutako epaiketarik; ez bada, gainera, biktima behin eta berriro birbiktimizatuta —eta seguruenik emaitza errealik lortu gabe—. Nik neronek ez dut sekula judizialki salatu nire erasotzailea, ene buruan galdera hau baitago etengabe: Zertarako? Hori da nik benetan behar dudana? Eta gizarteak?

Nire kasuan zorteduna izan nintzen, lortu bainuen aitortza, eta harekin abiatu erreparazioa. Azkeneko puntua da konplikatuena beharbada, ordea; baita gehien kezkatzen nauena ere: nola lortu ez errepikatzeko bermeak? Noizbait seme-alabak izan eta horiek halako zerbait jasan dezaketela pentsatze hutsak dardara bat sortzen dit bularraldean.

Joan den azaroan Bilboko Arroka herri tailerrean Ez erran inori liburua aurkeztu nuenean haraxe eraman gintuen ia ordubeteko eztabaida mamitsuak: familian gertatzen dira haurtzaroko sexu abusuen kasurik gehienak; eta, beraz, ez errepikatzekotan, zerbait egin beharko dugu… Bai, asmatu duzue: familiarekin. Feminismoak argi erakutsi digu familia dela arazo anitzen sorburu eta oinarria. Ordea, nik ez dut soluzio argi eta sinplerik ikusten. Egitura patriarkal batean oinarrituta ez dagoen familia batek —posible balitz— bermatuko luke sexu abusurik ez gertatzea? Ez al da, hain justu, ume batek behar duen babesa eta konfiantza eraso egiteko erabiltzen den tresna bera? Nola ekidin gizonezkoek horiez abusatzea? —gizonezkoak baitira haurrei eraso egiten dietenak—. Umeen zaintzaren eta etxeko lanen banaketa parekidea eta sexu abusuak ekiditea bateragarriak dira pentsamendu eta ekintza egitura matxistak dituzten gizonezkoak dauzkagun bitartean? Eta arazoa soilik familian balego… Baina gertatzen dira kirol taldeetan ere, eskoletan… Hots, umeek babesturik behar luketen leku horietan guzietan: piztia arrotz gaiztorik ez baitago, ezpada piztiarekin bizi garela.


Gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba