Laguntasunaren beharra borrokan bizirauteko
Silvia Amunt zuzendariaren 'Las buenas compañias' filmak 1976. urtean Errenteriako mugimendu feministak egindako lana erakusten digu. Emakume horiek abortoaren eskubidearen alde lan handia egin zuten.
Abortatzeko eskubidea feminismoaren aldarrikapen historikoa izan da. Herrialde askotan eskubide horrek aurrerapen handiak izan ditu, baina AEBetan, esaterako, atzerapausoak izan ditu. Egoera horrek agerian utzi du eskubide honen aldarrikapena une oro presente izan behar dugula. Borroka feminista ezinbestekoa izan da gaur egungo egoerara iristeko, eta borroka horren pasarte bat erakusten digu Silvia Amunt zuzendariaren Las buenas compañías filmak, eta, hain zuzen, Errenteriako mugimendu feministaren lana islatu du Amuntek. Bertha Gaztelumendik eta Nuria Casalek gai hori jorratu zuten izen bereko dokumental laburrean. Lan hori Donostiako Larrotxene bideo eskolan egin zen, eta Gaztelumendiren eta Casalen irakasleak Amunteri eskaini zion gai hori fikziozko film batean jorra zezala.
70. hamarkadan, Espainian ezin zen legezko aborturik egin; Frantzian 1975.urtean legeztatu zen, eta abortuak praktikatzeko klinikak irekitzen hasi ziren. Egoera horretaz baliatuz, Errenteriako mugimendu feministako kideek muga pasatzen laguntzen zieten abortatzeko beharra zuten emakumeei. Kotxea eta emakumeen pasaporteak hartzen zituzten eta Miarritzeko klinika batera eramaten zituzten. Gaztelumendiren eta Casalen lanean bide hori egiten laguntzen zuten emakumeak agertzen dira: Errenteriako mugimendu feministako kideek emakume asko lagundu zituzten eta batzuen testigantzak jasotzen dira.
Silvia Amuntek fikzio bikaina sortu du testigantza horiek oinarri hartuta. Amodio istorio batean oinarritzen da filma, eta horren bitartez, garai hartako gatazka sozialak agerian geratzen dira. Filmak 1976.urtera eramaten gaitu: Franco diktadorearen heriotzaren ostean, trantsizio garaia hasi zen, eta garai horretan, eskubide sozialen aldeko mugimendu desberdinak kalera atera ziren beraien aldarrikapenekin. Amnistiaren aldeko mugimendua zen ezagunenetakoa, baina mugimendu feminista ere kalera atera zen emakumeen eskubideak aldarrikatzera; horien artean dibortzioa, sexu askatasuna eta abortua zeuden.
Filmeko protagonistak Bea eta Miren dira, eta Amuntek bi aktore kataluniar aukeratu ditu beren rola betetzeko: Alicia Falco eta Elena Tarrats. Falcoren lana oso ona iruditu zait. Aktore euskaldunen artean, ikono bihurtu diren bi Itziar ditugu: Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru. Loreak filmean ikusi genituen batera lehen aldiz, eta ilusio handia egin dit pantaila handian berriro batera ikusteak. Bien rolak oso desberdinak dira: Itziar Ituño Feli da eta Sagrarioren etxean lan egiten du; Itziar Aizpuru, berriz, Sagrario da, familia erlijioso eta aberatseko matriarka. Bere biloba Miren entzerratuta dago bere etxean, eta hasieran ez dakigu zergatik. Sagrarioren etxean Feliren alaba eta Sagrarioren biloba ezagutuko dira. Feliren alaba Bea da, Errenteriako mugimendu feministan parte hartzen du eta aita kartzelan dago. Bere ideiak oso argi ditu eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan parte hartzen du. Miren ezagutzen duenean maitemindu egingo da. Beak ez daki Miren haurdun dagoela, baina jakiten duenean Mireni lagundu nahiko dio eta beti errespetatuko du bere erabakia.
Klase sozialen desberdintasuna oso agerikoa da filmean. Bea eta Miren oso desberdinak dira, baina beste zapalkuntza bat jasaten dute: emakume izatea. Francoren heriotzaren ondorengo mugimendu feministaren aldarrikapenak gorpuzten ditu Beak. Abortuaren eskubidea lortzea ezinbestekoa zen garai hartan; Basauriko 11 emakumeen kasua ezaguna zen mugimendu feministan eta horien aldeko protesta bat ikusten da filmean. Basauriko 11 emakumeen kasua ez baduzue ezagutzen, Isabel Cadenas Cañonen De eso no se habla podcasteko Una placa en mi pueblo kapitulua gomendatzen dizuet. Bertan, emakume hauen egoera azaltzen da. Basauriko 11 emakumeek Espainiako mugimendu feministaren elkartasuna jaso zuten, eta abortuaren legeztapenaren borrokarako eredu izan ziren.
Filmera itzuliz, azpimarratzekoa da ñabardura asko dituela. Bearen ingurua gatazkaz beterik dago: bere aita kartzelan dago eta 1977ko Espainiako Amnistia Legearen zain dago bertatik ateratzeko. Bere ama Sagrarioren etxean lan eta lan ari da etxea aurrera atera ahal izateko. Gau batean, bere izeba etxera iristen da eta bere ohean lo egin behar du. Amak eta izebak ez diote esan nahi zer gertatzen den, baina Beak badaki bere izeba abortatzen saiatu dela, eta arriskuan dagoela. Beak bere laguntza eskaini nahi dio bere amari, baina Felik ez du ezer jakin nahi mugimendu feministaren laguntzaz. Isiltasunak hitzak baino gehiago esaten dute askotan, eta filmeko une askotan isiltasun horiek garrantzia handia dute.
Garai hartan besteen iritziak garrantzia handia zuten. Errenterian, denek elkar ezagutzen zuten, eta Bearen amaren bitartez iritzi horiek zer nolako eragina zuten ikusten dugu. Herritarrenn begiradak sotilki sumatzen dira ikus-entzunezkoan, eta Beak presio horri aurre egiten badio ere, begirada horiek presente daude. Presio horri buruz film amaieran hitz egiten dute Beak eta Felik. Felik bere alaba zoriontsu izatea nahi du, eta horretarako, herritik atera eta Bartzelonara edota Madrilera joan dadin iradokitzen dio.
Filma mugimendu feministaren genealogiaren parte da. Abortatzeko eskubidearen aldeko film gutxi daude zinemaren historian. Silvia Amunten lana ikusi ostean, Audrey Diwan zuzendariaren L’événement filmaz gogoratu naiz. Film hau Annie Ernauxren izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta Frantzian abortua legeztatu baino lehenagoko egoera islatzen du. Ernauxek bere abortuaren esperientzia kontatzen du eleberrian, eta Diwanek abortu horren bizipena kontatu zuen gordinki. Horrelako filmak ezinbestekoak dira abortu eskubidearen legeztatzearen garrantzia ulertzeko.
Las buenas compañias filmean Bea eta Mirenen maitasun istorioa ere aurkitzen dugu. Lesbiana hitza ez da erabiltzen filmean, eta homosexualitatea ez da gatazka Bearen lagunen artean. Borroka feministan lesbianak zeuden, baina beraien aldarrikapenak garatzeke zeuden oraindik. Bea eta Mirenenen harremanak beste film frantziar bat gogorarazi dit: Catherine Corsini zuzendariaren La belle saison. Film honetan, 70. hamarkadako Frantziako mugimendu feminista agertzen da, eta bertan, bi emakume maitemindu egiten dira. Feminismoak askorako balio digu, gure eskubideak aldarrikatzeko eta baita borroka horretan maitasuna sentitzeko ere.
Silvia Amunten filmak Malagako zine jaialdian Epaimahai Gaztearen saria jaso zuen eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Ikusleen Saria jaso zuen. Horretaz harago, film hau garrantzitsua dela iruditzen zait; izan ere, mugimendu feministaren borroka jasotzen duten film gutxi daude, eta ospatzekoa izaten da horrelako filmak egin izana. Borrokaren memoria mantentzeko lan oso ona egin du Amuntek. Gure aurreko belaunaldien borroka ezagutuz, etorkizun hobearen aldeko borrokan jarraitzeko grina pizten duen filma da Las buenas compañias. Ez dakigu lan honek sari gehiago lortuko ote dituen, baina filma borroka feministarako akuilu bihurtu da.
Gehiago irakurri: