“Ez nago haurdun, lodi nago”
Metroan esertzea eguneroko borroka da. Erreserbatutako eserlekuak haurdun dauden pertsonei eskaintzen zaizkie askotan. Iazko udan bi aldiz eskaini zidaten eserleku bat. Haurdun nengoela pentsatu zuten bi pertsona horiek, baina ez nago haurdun; lodi nago.
Garraio publikoan mugitzea batzuetan zaila izaten da. Puntako orduetan beteta egoten dira, eta esertzeko tokia aurkitzea ia ezinezkoa da. Autobusaren eta metroaren egoerak oso desberdinak izaten dira. Autobusean jendearen batez besteko adina metrokoa baino handiagoa izaten da. Nire etxetik gertuko autobusak hartzerakoan auzoko pertsona helduenekin egiten dut topo, eta erreserbatutako eserlekuak beren artean banatzen dituzte. Batzuetan beterik iristen dira geltokira, baina beti aurkitzen dut toki duin bat.
Metroan erabiltzen dudanean, aldiz, egoera oso desberdina da. Beteta dagoenean zortea izan behar da toki on bat aurkitzeko eta ondokoaren gainera ez erortzeko. Eserleku bat lortzea zaila da, eta pertsonen adina ere aldatu egiten da: autobusean baino baxuagoa da. Egoera horrek eserlekua lortzeko zailtasunak eragiten ditu, eta askotan borroka hori oso sotila izaten da. Duela aste batzuk horrelako zerbait gertatu zitzaidan: metroko bagoia jendez beteta zegoen, eta paretaren kontra toki bat aurkitu nuen. Bat-batean, emakume bat etorri zen eta erreserbatutako eserleku batean zegoen beste emakume bati jarlekutik altxa zedila exijitu zion. Hasieran, ez nuen egoera ulertu. Sakelako telefonoarekin nengoen, eta ez nuen ulertzen hiru emakumeen artean gertatzen ari zena. Elkar ezagutzen zutela uste nuen, baina geroago, egoeraz jabetu nintzen. Eserita zegoen emakumea erreserbatutako eserleku batean zegoen. Eserleku horiek pertsona helduentzat, haurdun daudenentzat edota mugikortasun murriztua dutenentzat gordeta daude. Eserlekutik altxatzeko eskaera egin zuena ez zegoen multzo horretan, baina haurdun zegoen emakume bati tokia uzteko egin zuen mugimendu bortitz hori. Emakumea azkar batean altxa zen eserlekutik, baina haurdun zegoen emakumeak ez zuen guztiz ulertu gertatu zena, eta eseri zen bitartean bi emakumeei eskerrak ematen bazizkien ere, harridura aurpegia zuen oraindik. Agian haurdun zegoen pertsonak ez zuen eserleku hori behar, baina, minutu gutxitan, beste pertsonek erabaki zuten bere ordez.
Egoera hori ikusi ostean, iazko udan gertatu zitzaidana etorri zitzaidan burura. Udan, bero bortitza egiten du Madrilen, eta soineko nahiko fin bat jarri nuen egun batean. Lanetik atera nintzen eta lagun batekin geratuta nengoen. Metroa hartu nuen eta ez zegoen esertzeko lekurik. Zorionez, paretaren kontra jartzeko aukera izan nuen, eta lasai egon nintzen bidaia osoan. Bat-batean, begirada altxatu nuen, eta gizon batek eserleku huts bat seinalatu eta esertzeko keinua egin zidan. Nire tokian gustura nengoen, eta ez nuen esertzeko beharrik. Zortzi ordu pantaila baten aurrean eserita igaro nituen, eta zutik egoteko gogoa nuen. Gizona harritu egin zen nire erabakiarekin, eta ea seguru nengoen galdetu zidan. Bost minutu geroago, nire geltokira iritsi nintzen. Bagoitik jaisterakoan, emakume haurdun bat toki libre batean esertzen ikusi nuen. Une horretan ulertu nuen gizon horrek eskaini zidana. Nire jantziarekin nire sabel lodia nabarmendu egiten zen, eta haurdun nengoela pentsatu zuen. Nire loditasuna nahiko onartuta daukat, eta batzuetan ahaztu egiten zait besteek nola ikusten nauten eta nire gorputza nola epaitzen duten. Egun horretan gertatu zitzaidana bitxikeriatzat jo nezakeen, baina nire barnean gatazka handia sortu dit.
Uda horretan berriro ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Orduko hartan, galtza motzekin eta alkandora handi batekin nengoen. Metrora sartzerakoan gizon batek bere aulkia utzi nahi izan zidan. Bigarren egoera honetan argi nuen zer gertatzen ari zen: gizon horrek nire sabel lodia haurdun dagoen pertsona baten sabelarekin nahastu zuen. Kasu honetan ere ezetz erantzun nion bere eskaintzari, baina bion erreakzioa desberdina izan zen. Ez dakit zer aurpegi jarri nuen, baina nire erreakzioaren ondorioz, gizona bere akatsaz konturatu zen eta barkamena eskatu zidan. Guztia keinuen bitartez izan zen; horrekin nahikoa izan zen. Bera lotsatu egin zen, eta nik nahiko deseroso egin nuen bidaia.
Uda gerturatzen ari da, eta argi dut egoera horiek errepika daitezkeela. 34 urte ditut eta haurdun geratzeko adinean nago. Aspalditik argi dut ez dudala haurdun geratu nahi; beraz, niretzat oso arraroa da egoera hori, eta ez dut berriro gertatzerik nahi. Normalean, arropa zabalekin janzten naiz, nire sabela ez da hain agerian geratzen, eta egoera horiek errazago saihesten ditut beste urtaroetan. Erreserbatutako eserleku horiekin gertatzen dena ez dut guztiz ulertzen: tokia arazorik gabe uzten didate haurdun nagoela uste badute, baina tokia lortzeko zailtasunak izan ditut lesioren bat izan dudanean.
Nire sabela ispiluaren aurrean ikusi dut berriro ere. Lodi egoteagatik begirada txarrak jaso izan ditut askotan, eta medikuek askotan esan didate pisuz jaitsi behar dudala. Ez didate azaldu, ordea, nola egin behar den hori, eta lan sedentarioak kalte egiten didala aipatzen didate. Lanez aldatzeko aukerarik ez dudala esaten dudanean, barre txiki bat egin ohi dute eta kontsultatik atera ohi naiz. Nire gorputza gutxitan egon da argal, eta depresiotik gertu egon naiz hori gertatu izan zaidanetan. Nire saihets-hezurrak ikutzeko aukera izan nuen, baina ia egunero, esnatzen nintzenean, negar egiteko gogoa izaten nuen. Garai hartan, oso gutxi jaten nuen; gutxinaka, nire egoera emozionala hobetu egin zen, eta horrekin batera, nire gorputza gizendu egin zen. Orain zoriontsuago nago. Azken urteetan, nire gorputza maitatzen ikasi dut nahiz eta lodi egon. Jendeak, aldiz, hori ulertzeko zailtasun handiak ditu.
Gizarte honetan lodien aurkako mezu asko jasotzen da. Emakumeok argaldu egin behar dugu ederrak izateko. Gure gorputzak toki gutxi okupatu behar du espazio publikoan, eta egunero entzuten dugu dieta egin behar dugula. Azken boladan, lodifobiaren aurka lan egiten duten pertsonak jarraitzen ari naiz sare sozialetan. Lehen, ez nuen horretaz ezer jakin nahi. Lodia izateagatik asko sufritu izan dut, eta lodifobiaren aurka egiten duten pertsona horien testigantzek gogorarazi egiten zidaten nik sufritutakoa. Pixkanaka beraien testigantzen beharraz jabetu naiz. Pertsona horiek lodi izateagatik irainak jasan behar izan dituzte sare sozialetan. Mara Jimenez lodifobiaren aurkako aktibistak bere aurka jasotzen dituen mezuak salatu eta publiko egiten ditu. Aurreko astean, bere azken liburua aurkeztu zuen Madrilen, eta aurkezpenaren amaieran gizon batek gizentasunari eta anorexiari buruzko galdera deserosoak egin zizkion. Bere Instagrameko kontuan azaldu zuenez, lehen aldiz fisikoki erasotu dute, eta horrek oso sentsazio txarra utzi zion.
Gorputz lodiak egunero epaitzen dituzte. Lodi ez daudenek uste dute gaixo gaudela, eta dietaren bitartez sendatuko garela. Horrelako pentsaerek janariarekin dugun erlazioan eragin dezakete, eta pertsona askok antsietatea eta bestelako arazoak izateko arriskua izan dezakete. Lodifobia plazaratzeko modu asko dago: irainak eta erasoak larrienak izan daitezke, baina begirada batek asko mindu zaitzake. Lodi gaudenok ondo pentsatu behar dugu uda nola pasako dugun: hasteko, gure gorputza eroso egoteko arropa aurkitu behar dugu, eta ondoren, besteen begiradak saihesteko trikimailuak behar ditugu; hondartza edo igerilekua gustoko badugu, pentsatuko dugu bikinia eraman ala sabela ezkutatzen digun bainujantzia jarri. Dena prest dugunean, gure gorputzari animoak emango dizkiogu kalera irten baino lehen. Begiradak atearen beste aldean izango ditugu, baina ez dugu jakingo begirada horiek gure gain zer nolako eragina duten gauzatzen diren arte.
Metroa hartu behar dut gaur. Madrilen euria ari du, eta jaka handia hartuko dudala uste dut. Nire loditasuna zertxobait ezkutatu egingo da gaur, baina beroa iristear dago. Iaz gertatu zitzaidana berriz jasateko arriskua dut, eta horretarako, nire burua prestatzen ari naiz. Metroan norbaitek eserlekua eskaintzen badit, “ez nago haurdun, lodi nago” esatea pentsatu dut, baina ez dakit hori esateko indarrik izango dudan.
Gehiago irakurri: