Zaintzarako eskubide kolektiboren aldeko greba feminista
Denon Bizitzak Erdigunean greba feminista orokorrara deitu du Euskal Herrian, azaroaren 30ean, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko.
Urtebete baino gehiago igaro da Denon Bizitzak Erdigunean zaintza sistema iraultzeko asmoz prozesua martxan jarri genuenetik. Prozesu hori Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat eragile eta norbanakoren artean abiarazi genuen, eta gaur arte, bidean kide gehiago batu dira.
Bide horretan hainbat inflexio puntu izan ditugu, 2022an Gasteizen egindako zaintza sistemaren ezaugarritzearen inguruko jardunaldiak, adibidez. Jardunaldi haietan erabaki garrantzitsuak hartu genituen, tartean duela lau hilabete, martxoaren 8an, alegia, iragarri genuena: Euskal Herriko Mugimendu Feministatik GREBA FEMINISTA OROKORRERAKO deialdia luzatu genuen, zaintza sistema aldatzea, dena aldatzea delako.
Bada, badugu data: 2023ko AZAROAREN 30ean GREBA FEMINISTA OROKORRA egingo dugu!
Zaintza-sistema publiko eta komunitario baten alde aterako gara kalera, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Eta hau guztion ardura da. Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko… Eta beste hamaika aldarri jarriko ditugu erdigunean. Finean, bizitza duinen aldeko borroka da hau, bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berdinaz zaintzeko eskubidea lortzeko.
Denon bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa borrokatzera goaz eta horretarako zaintza-sistema publiko eta komunitario bat behar eta nahi dugu. Horretarako, auzo eta herrietako deialdietara batzeko deia luzatzen diogu euskal herritar orori.
Pausoz pauso, egungo zaintza-sistema iraultzera gatoz. Azaroaren 30ari begira jarri gara, ordurako prozesua asanbladetan eta kaleetan egingo dugu, batzen gaituzten aldarriak ipar, aldaketak eragitera goaz. Guztiok grebara, zaintza eskubide kolektiboaren alde.
Gora borroka feminista!
Gehiago irakurri: